José Manuel Bujanda Arizmendi
Hasiera ematen diot gogoeta honi Juan Carlos Tedesco, UNESCOko Bureau de L´Education bulegoko Zuzendari ohiaren hitzokin: “Beti hitz egin izan da hezkuntzako krisiari buruz, baina oraingoa berezia da: ez dakigu zer irakatsi, ez nork irakatsi behar duen, ez zertarako”. Eta bide batez nireak egiten ditut bide batez Irailaren 25ean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua den Cristina Uriartek esandakoak Hezkuntzaren aldeko Akordioaz aritu zenean: “Datozen urteetarako, gure hezkuntzaren etorkizuna adosteko aukera dugu. Esku artean dugun aukera honi ezin diogu ihes egiten utzi. Gertatzen ari den paradigma aldaketaren aurrean egoki kokatuko gaituen akordio bat; eta gainera, etorkizuneko eta goragoko helburuak lortzeko oinarri moduan balioko digun akordio bat. Arduraz jokatu behar dugu, eta seguru nago, horrela arituko garela, Hezkuntza Saila, eragileak eta gizartea orokorrean”. Cristina Uriarteren hitz zuhur hauek bide zuzena ematen didate hausnarketarako.
XVIII. mendearen amaieran, lurrun-makinak, industria-iraultza bultzatuz, munduaren ikuspegia aldatu zuen: kapitalismoa zabaldu zen, langile-klasea azaldu, sozialismoa sortu, kolonialismoa hedatu e.a. Hala ere, makina horrek egin zuen gauza bakarra giharra ordeztea izan zen. Ordenagailuak, aldiz, burmuina ordeztu nahi du, eta aldaketa izugarriak eragin ditu gure inguruan. Jendeak argi ikusten du guztia aldatzen dabilela: testuinguru ekonomikoa, datu politikoak, ekologia-parametroak, gizarte-balioak, kultura-irizpideak eta jarrera indibidualak, baita hezkuntza ere, eremu guztietan. Informazio- eta komunikazio-teknologiek, baita iraultza digitalak ere, beste aro batera eraman gaituzte, eta aro honen ezaugarri nagusia da datu materiagabeak berehala garraiatzen direla eta esteka eta sare elektronikoak ugaritu egin direla. Internet dugu abian den aldaketa handi honen bihotza, bidegurutzea eta sintesia. Informazio-autobideek trenbideek industria-aroan izan zuten esanahia dute gaur egun: hartu-emanak bultzatu eta biziagotzeko faktore handiak dira.
Urte askotan izan naiz bigarren hezkuntzako irakaslea. Beraz, uste dut ondotxo ezagutzen ditudala sistemaren mugak, eta badakidala garai honetan, jendeak zituen ziurtasunak galdu eta oraindik beste batzuekin ordeztu ez dituen garai honetan, nahasketa dela nagusi batzuetan. Pedagogia-teoria kontraesankorren zurrunbiloa jasan izan dut, moda psikologikoen desfileak ikusi ditut, eta hezkuntza-teorien karruselean ibili naiz. Ilustrazioak esan zuen eskola askatzaile handia zela; pentsamendu sasi-aurrerakoi batek eskolaren kontra egin zuen ideologia menderatzailea “kopiatzen» zuelako; ondoren moda tekno-ekonomikoa etorri zen, eta eskulan gaitu eta eraginkorra egiteko zeregina eman zion hezkuntza-sistemari. Gurasook, estututa, eskolak seme-alaben lan-etorkizuna bermatzea nahi dute −dugu−. Ez dute seme-alaba buru-jantzirik nahi (?), langabezian egongo ez diren seme-alabak nahi dituzte. Baina, zer irakatsi behar diegu ikasleei? Batzuek diote −besteak beste José Antonio Marina pentsalari eta filosofoak− adimenaren ikuskera berri batean oinarritu behar dugula: zoriontasuna lortzeko baldintzak lortzeko tresna izan behar duela adimenak, ez jakintza-biltzaile huts.
Bizi dugun garaia ez da informazioaren gizartearena, baizik eta “ikaskuntzaren gizartearena”. Ikaskuntza etengabea, amaiezina, etenik gabekoa, hezkuntza-sistemak gizarte aurreratu eta aberats bateko oinarrizko egitura bihurtzen dituena. Ez gara ari digresio filosofikoei buruz, baizik eta bizitza-maila desiragarria diseinatu eta lortzeari buruz. Guztiok gaude bizitza-mailarengatik arduratuta.
Hezkuntzak bizitza-maila hobetzen lagundu behar du. Bizitza-maila onak, halaber, zoriontasun pertsonala eta bizikidetza duina izateko aukera handiagoak ematen dizkie herritarrei. Gure ekintza-eremua zabaltzen duen oro, gure trebetasun, jakintza, gaitasun, ohitura sortzaile, energia eta indarrak zabaltzen dituen oro, aberastasun pertsonal ordezkaezina da. Ikasleen baliabide intelektual, afektibo eta kritikoak handitzea beharrezkoa da, zoriontsu eta onak izateko aukerak izan ditzaten. Horrek, nola ez, lan-munduan sartu ahal izateko aukera ere hartzen du. Aukerak dituen pertsona, duintasuna duten herritarrak, eta ziurtasun ekonomikoa duen langilea. Horixe da hezkuntzaren hiru adarreko helburua. Gure gizartea paradigma aldatzen dabil orain. Luzaroan defendatu izan da adimenaren zeregin nagusia ezagutzea zela. Orain, agian ikasi dugu adimenaren zeregin nagusia portaera bideratzea dela bizi dugun egoeratik onik ateratzeko. Konpetentzien inguruko gogoeta eta proposamenak ez dira, ez, txantxetako zakurraren gaueko zaunkak.
Nortasuna garatzea da helburua, eta ez enplegu duina eta mantenua lortzeko borrokarako gaitasun erabilgarrien alde bakar bakarrik. Hezkuntzaren helburu bakarra ez litzateke izango pertsona merkatu-ekonomiak ezartzen dituen beharrizanen arabera egokitzea; aldiz, beste ororen gainetik, inguruan duen mundua ezagutzen lagunduko eta autonomia pertsonalaren oinarri den multzoen adimena berritzen ere lagunduko du, horren bitartez, gainera, aberastasunaren sorkuntzan eta banaketan parte hartzen ere lagunduko duena. Azken gogoeta, errotik saiatu behar gizarte-ezberdintasunen aurka haurrak bizitzaren hasieratik bereizten baitira ekonomikoki hoberen eta ahulenen artean. Zaila hau dena? Jakina. Baina inork ez zuen esan erraza zenik. Zorte ona honetan gabiltzanoi. Paktua eta Legea beraz.