Azala / Portada » Joxe Azurmendiren HIZKUNTZA, NAZIOA, ESTATUA liburuaren harira

Joxe Azurmendiren HIZKUNTZA, NAZIOA, ESTATUA liburuaren harira

Igor Goitia

Joxe Azurmendik atera berri duen saiakerarenak ekarri nahi ditut hizpidera lerro hauen bidez. Elkar argitaletxearekin atera berri duen saiakerak, Hizkuntza, nazioa, estatua izenburukoak, naziogintzan euskarak bete beharreko ezinbesteko papera nahi du aintzat hartu Azumendik. Egiteko esentziala aitortuko dio euskarari euskal nazioan. Ez baina, aipatu eginkizun hori egungo egunean zinetan betetzen ari delako, ez. Izan ere, bere ikusian, euskal nazioa, egun, erdi hautsia dago; iraganean, aldiz, ez omen zen hala nonbait. Dioen horrekin bat etorri edo ez, ulergarri suerta dakiguke bere nazioaren ikuspegia kontuan hartzen badugu, nazioaren ikuspegi klasiko bat alegia, eta ezinbestez hizkuntzari nazioaren ezaugarri muinekoen deritzon nazio ikuspegia.

Luze-zabal jardun genezake balioespen honen gainean. Lehenengo eta bat, maila teoriko batean besterik ez bada ere, eta, nazioak nazio, ez dela beti hori suertatu historian esan beharrean geundeke. Izan ere, denetariko nazioak ditugu eta batzuek hinkuntza  ezinbesteko ardatz izan badute ere, ez da beti hala izan. Hizkuntzaz aparte, taldean partekatutako bestelako ezaugarriak ere izan dira naziogintzaren bultzagarriak, arrunt sarritan ere ez ezaugarri bat bakarra, eta beroiek bilakatu izan dira, edo bilakarazi, ezinbesteko talde horren baitako zerizana definitze aldera. Horrekin batera ere, naziogintzarako hau edo bestea ardatz hartuta, komunean partekaturiko bizipen, ibilbide edota garatutako auto-kontzientzia izan dira finean nahitaezkoak ernetutako edozein naziotan. Hau esanda, ez nuke beste muturrera joan nahi inondik ere. Hasieran zera nioen, nazioa maila teoriko batetik begiztatuta ari nintzela nire opinio/kritika botatzen. Geureari dagokionez, baina, geurera etorri behar, eta, geurean, nork uka euskaraz blaitua dagoela “euskal” izan asmo duen oro. Honek ez du inondik ere esan nahi euskal herritar guztiak euskal hiztunak direnik, hurrik eman ere; ez eta euskal bizipen, produkzio edota edierazpen kultural guztiak derrigor euskaraz  direnik ere. Ez eta euskara-ezjakintasunak talde-proiektu honetatik kanpo jartzen duenik ere. Gauzak ez dira horrela eta, are esentzialismo-ikuspegi batetik diharduten horiek ere, finean ondo baino hobeto dakite euskararekikoa ezin dela horren borobil, argi eta klar ebatzi. Hor dago, hein batean, tranpa. Izan ere, esentzialismo guzti-guztiak, beren gauzatu ezintasunean, tranpak, alde ilunak, are eta izkutuzko bestelako asmoak ere barnebiltzen dituzte beren baitan.

Edozienetara ere, finago aritu beharko genuke Azurmendik luzatzen dizkigun honelako  aldezpenen aurrean. Lehen esan bezala, gurean gaude eta Azurmendi jauna ez da teoria polikoko haunarketa hotz hutsa eginten ari.  Euskal Herriaz ari da, eta ez hori bakarrik, baina egungo eguneko Euskal Herriaz ere. Hortaz, adierazpenok, bere kontestu errealean kokatu behar ditugu. Halaber, kontestualizatze horretan, kontuan izan, Ezker Abertzalearen ingurukotzat jo daitekeen baten eskutik datorkigula aldezpena. Alde horretatik, lehenik eta behin gure harridura adierazi beharko genuke berehalakoan,  gure izugarrizko harridura. Izan ere, guztiz bestelako jarrera politikoa ari zaizkigu erakusten Ezker Abertzaleko lehen lerroko buruzagiak, bai eta eurekin batera ENAMen humus intelektuala ongarritzen jarduten duten pentsalariak ere. Nondik doa baina, beraz, Ezker Abertzalea?

Arnaldok EHUko ikastaroetan botatakoa ere ez omen zihoan Azurmendiren ildo beretik (ikus Iraultzaren identitate-arkitektuak ez du mugarik artikulua). Hala aitortu ere aitortzen du saiakera honi Berriak eskainitako iruzkinak; Azurmendiren saikeraren honenak argi egiten du kontra egun Ezker Abertzaleak aldezten duen independentismo anti-esentzialistarekin. Horien aldezleen artean hor  ditugu, besteak beste, Joseba Gabilondo, Unai Apaolaza, Jule Goikoetxea eta Imanol Galfarsoro. Hauek guztiek, gehi egungo gidaritzan dagoen Arnaldok, diotenak, aldezten dutenak, egiten du tupust bete-betan hizkuntzaren inguruko Azurmendiren esentzialismo honekin. Arnaldoren ikastaroetako azpimarra ezin adierazgarriagoa dugu hein horretan: independentzia dela helburua, haranzko bidea izan behar duela batzen gaituena, zeinahi ere diren horretara bultzatzen gaituzten zergatiak. Analdok Udako Ikastaroetan mahigaineratutakoa, estatu-eraikuntza hotz eta kolore gabekoaren aldeko defentsa-ildoan argi kokaturik egonda ere, nolabaiteko aurpegi atsegin batekin izan zen aurkeztua.

Beroago aritu izan da baina Unai Apaolaza “anti-esentzialismo”-aren defentsan. Aberriberrin eskaini genien garaian gure arreta Unai Apaolazarenei (ikus. Traineru bakarra artikulua). Apaolazarenak, planteamendu lasaia, edota opinioen arteko bat, izatetik guztiz urrun, muturreko jarrera batekin du zerikusia. Bere ikusian, euskal esentzialismo guzti-guztiak, honetan edo hartan ardazturik izan, egun ozotopo larriak dira estatugintzak aurrera egin dezean. Bere esanetan, “nortzuk garen” galdetzea bazter utzi beharrekoa da eta, horren trukean, “zer nahi dugun” planteatu behar da, betiere, nahi dugun “hori” Estatu bat eraikitzea dela kontuan izanik, Espainiako Estatuarekin apurtu nahi duten guztiak bilduko dituen Estatua, ez besterik.

 Hartaz, nola uler liteke elkarren aurkako bi bide hauek? Benetakoa al da elkar ez-etortze hori. ENAMekin honelako bat ez etortzeak jada oso ezagunak zaizkigu. Hortaz, lehenengo erantzuna zera izan beharko luke: Benetakoa? Noski! Ezin benetakoagoa! Baina segi-segituantxe, eta horrekin batera ere, jada ondo baino hobeto dakiguna; ez inolaz mugimenduak xede duen iraultza-prozesuaren kaltetan; guztiz bestela baizik, horren erabateko mesedetan. Dialektikoki kudeatu behar dira ustezko kotraesan horiek, agerian, eta benetan ere bai, suertatzen diren irizkidetasun-ezak lagun dezan martxan doan herri-masa zabaltze aldera.

Interesgarria da gero, dena den, zera ikustea, kategoriak, kasu honetan, “esentzialismo”/ “anti-esentzialismo”, ambibalente bilakatzen direla ENAMen galbahetik iragazita. Egia da Apaolaza eta bere irizkideen anti-esentzialismoak, eurenetik kanpo dagokeen esentzialismo baten kontra borrokatu baino gehiago, euren mugimenduaren zedarriak zabaltzea duela xede. Baina, halaz ere, horrekin batera, nazionalismo tradizionala (egun EAJ) esentzialismoan bete-betean ainguratua dagoela esateko aukera baliatzen du. Lehendabizi kanpoko mamu bat eraikitzen dute eta, ondoren, “etsaiari”, horretaz deus izan gabe, hori leporatu. Hemen ikusten dugu hortaz nola darabilten esentzialismoa (oraingoan hizkuntza delarik esentzia-ardatza) kanpora begira, hau da, “gu” eta “besteen” artekoa zedarritzeko. Baina bestetik, bateratsu,  ustez borrokatu behar zen esentzialismoa bera eurenetako hainbat azpi-mugimendu asetzeko zaiela baliagarri (Ezker Abertzaleko jarrera klasikoan kokaturikoak), eta hortaz, euren mugimendua nolabait edo beste ongarritzeko. Honen harira, Azurmendiren hizkuntzaren inguruko jarreraren harira, aukera ezin hobea dugu hautemateko “kontraesanak” era anbibalente batean direla baliatuak ENAMen, eta berdin-berdin direla probetxagarriak eurena indartzeko  eta besteena ahultzeko.

Ikusi dugu bada, beste behin ere, ENAMen aldarriak, diskurtsoak eta kontzeptuak ezin direla bere-berean hartu eta ezin garela une zehatz batean aldeztu duten diskurtso konkretu baten aurrean tematu. Honako honetan hizkuntzari dagokionean, baina, horren bidez, hizkuntza ardatz harturik, aldezten ari den diskurtso esentzialista bati dagokionean. Joxe Azurmendirenaren harrira,  ENAM diskurtso esentzialistari heltzen ari zaiola esatea oso ikusmen laburrekoa izango litzateke; baina, berdin-berdin, anti-esentzialismoa dutela bultzagarri bakar esatea, Arnaldo, Apaolaza ete beroien irizkidiek aldeztutakoari dagokionean ere. Egungo  estrategia nagusiak azkeneko hauen diskurtsoarekin bat egiten badu ere, horrek ez du esan nahi bigarren plano bateko diskurtsoak ez daudenik, beren parrokiako beste sektore batzuk asetu asmo dituzten bestelako mezuak alegia. Hortaz, esentzialismoak batzuetan besteen proiektua zeharo mespretxatzeko balio du eta bestetzutan, aldiz, beraien proiektuari indarra emateko. Horretara, ENAMen diskurtsoa baloratzen ari garenean, ezin berori era estatiko batean begiztatu, ezin diskurtso horren baitako kategoriak ere bere-berean aintzat hartu. Oso bestetera jardun behar dugu eta beren diskurtso (diskurtsoak)  beraien estrategiak irekitzen duen dinamikotasunaren arabera aztertu beharko genuke betiere.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

9 comentarios en «Joxe Azurmendiren HIZKUNTZA, NAZIOA, ESTATUA liburuaren harira»

  1. Gure nazioaren defentsa, bai,
    Estatutua Euskal Herrirako EAJaren urrezko kaiola da,apeu bat da espiritu-behartsuentzat.
    Estatutuko apurrek ez dute herri bateko subiranotasun osoa irudikatzen
    Botere faktual atzerritarrek ezin dute euskal Herriaren subiranotasuna lapurtu.
    Espoliaziorako prest dagoen alderdi politikoa traidore bat da
    Ganga meagatik aldatzen duen alderdi politikoa iruzurgile bat da , bere boto-emaileak engainatzen ditu.

  2. Ez dut uste artikulua irakurri duzunik, mezu bat errepikatu besterik ez baituzu egiten.

    Artikulugilearen argudioa zera hau da, ezker abertzalea, beti bezala, bi bandetara jokatzen duela, batetik nortasunaren txotxongiloa astintzen du eta bestetik nortasunik gabeko hausturazko independentzia bat proposatu.

    Hori bai dela engainu zekena eta korapilatsua. Ezker abertzalea deitzen den hori botere faktual atzerritarra da Euskal Herria horrela tratzen baitu, konkistatu beharreko lurralde baten moduan.

  3. Iruzurrara benetan emandakoek besteei leporatu ohi diete hain eurezkoa duten horixe bera, iruzurra. ENAmen kasuan zahar-berri, zozoak beleari…iuruzurra, diozu, animatu hori! Aurrekoan ere Aranaldo Urkulluri kontu eske, aurrekontuak zirela…Pinotxoren sudurra zela eta ez zela. Beste behin ere, puta konbertitu berria, itxuraz baino ez bada ere, lekaime-buru izan nahian; moral eskolak eman nahian, nortzuek, gure herriaren 40 urteko odol jarioaren eragile zuzen-zuzenekoek…

    ENAMi iruzurra leporatuaz ez genbiltzake oso zuzen, egia esan. Merezitako kalifikatioetan leunena litzateke-eta, azaleko samar. Honek ez du esan nahi inolaz, bere estrategia bi agenda maneiatu ez duenik. Bi agenda, eta parrokia zabaltzeko diskurtso anitz, arrunt sarritan are elkarren kontraesankorrak ere. Aritukuluak horren muestra baino ez du luzatzen.

    Parrokiak bidalitako honek sikiera irakurri izan balu…!, aginduak betetzeaz aparte.

  4. Ezker abertzalearen estatuagintza «purua» , guztia estatu independentearen alde jartzen duena, ondo adierazten du artikuluko esaldi honek: “ ‘nortzuk garen’ galdetzea bazter utzi beharrekoa da eta, horren trukean, ‘zer nahi dugun’ planteatu behar da, betiere, nahi dugun “hori” Estatu bat eraikitzea dela kontuan izanik, Espainiako Estatuarekin apurtu nahi duten guztiak bilduko dituen Estatua, ez besterik.”

    Aberria pertsonaren osagarri bezala ikusten duen abertzaletasunak, honen mesedetarako beste tresna inportante bat bezala ikusten du estatua. Aberria eraikitzea helburu duen estrategiak, erabaki demokratikoaz martxan jarri duen herrigintza babesteko erabiliko ditu estatuaren tresnak. Eskuratuak ditugunak ondo kudeatzen jarraitu behar da, osatzen ari direnak (euroerregioak) indartu egin behar dira, berriak (estatus berria) lortze arren ere lan egin behar da. Baina bere buruaren jabe izan nahi duen euskal aberriaren geroa ezin da Estatu Independente «perfektuaren» joko zelaian bakarrik jokatu, gure etxetan, eskoletan, elkarteetan, auzoetan e.a. ditugun joko zelaietan ere, subordinatu gabeko, partiduak jokatu behar dira. Orixeren poema honek ondo baino hobeto adierazten du nire/gure nahia:

    ZATOZKIDA, GOI-ARNAS.
    EIZU NEREKIN LAN,
    ERRI BATEN ARNASA.
    MAMITU DEZADAN.
    GEROAK ESAN BEZA:
    ERRI BAT IZAN ZAN;
    EDO-TA ATS EMAIOGUN.
    ONTAN IRAUN DEZAN.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *