Azala / Portada » Gizakia eta gatazka ideologikoa

Joxan Rekondo Pyrenaeus-eko talaian

anatomia_da_vinciHumanismoa modan? Gaur egun, pertsonaren aipamenak hartu du komunikazio publikoaren erdigunea. Pertsonaren ideia nagusitu da politika, ekonomia eta kulturaren oinarriko erreferente gisa, baina baita gizarte ekimen edota merkataritza ekitaldietako esparruetan ere. Jabetu den ideia horren arabera, gizakia arlo guzti horietako jardueren jomuga bihurtuta, gehienen ustea da gizakumeen gizarte-integraziorik eta berauen buruaren garatzerik egokiena erator daitekeela.

Baina, tamalez, hori ez da gizakiaren aipu hutsaren ondorena. Aurrena, bizi dugun garaian, nork ez daki komunikazioa eta kontzientzia bi gauza direla? Itxura (gorputza) eta izaera (arima) bezala. Bi gai beraz, jendaurrean batera (uztardura koherente batean) edo kontrajarrita ager daitezkeenak. Azken hau ohikoa bihurtu da. Komunikazioaren aroan bizitzeak politikoki zuzena denaren nagusigoaren azpian (itxurakeriaren menpe) aritzea ekarri baitigu.

Gizakia ardatz eta xede hartzen duen humanismo jator baten eragina, haatik, etika pribatua zein publikoa berritzeko laguntza ezin hobea litzateke. Maizegi gertatzen da, ordea, pertsonaren aipamenaren ugaritze hori modako ‘azaleko’ joera horren ispilua besterik ez dela, funtseko esanahitik erabat hustuta dagoena.

Gertatzen da baita ere, gizakumea helburu bezala hartzen duten askok, berorri ez diotela aitortzen bere buruaz arduratzeko, eta bere arazoei (bere kabuz edo elkarlanean) aurre egiteko ahalmen edo heldutasunik.  Azken hauentzat, badirudi gizakiaren berezko nor izatea besteren pean (babespean edo manupean) egotekoa litzatekeela. Hau baino pertsonaren iritzi ezkorragorik ez dago, halare. Hara, horrelako ikusmolde negatiboari egokitzen den izaki humanoa, Arizmendiarrietak ondo asko irudiztatu zuen modura: “Inork emotekoari edo egindakoari begira dagona iñoren mende dago, naiz erri edo gizon soil”.

Gatazka ideologikoa. Gizakiaren gaineko ikuspuntu pesimista horretxen aurkako borrokan kokatu zuen Agirre lehendakariak gatazka ideologiko nagusia: “Egun hautabide bat bakarra dago: askatasunaren alde edo aurka egitea. Alde batetik mundua izaki arrazoidunen aterpea bezala hartzen dugunok gaude, norbanakoaren libertate eta duintasunaren begiramenean, eta herrien arteko elkarbizitza eta lankidetzan oinarriturik; bestetik, gizakiaren ikuskera ezkorretik abiatuta, indarraren dotrinaren aparteko ezer asmatzeko gauza ez direnak”. Gizakiaren auziaren ondoan, beronetik eratorriak, beste bi: gizarte arazoa eta herri arazoa. Hiruei erantzun beharra ikusten du Agirrek, gizakiaren aldeko ikuspuntutik. Horregatik, bere hautamen tinkoa: “ni gizakiaren garaipenarekin fidatzen denetakoa naiz”.

Indarkeria nagusi den garaietan argi marrazturik agertzen dira gatazka ideologikoaren bi alde horiek. Indarkeriarik gabeko egoeretan aldiz gatazka beraren irudikapena, agian lerro itzaliagoekin egina badago ere, lehendakariak ipinitako oinarri beretsuen (norbanakoaren hautamena eta duintasuna, herrien arteko bizikidetza eta elkar-lana) arabera ikus daiteke.

Izatasun humanoaren ikusmoldeen arteko borroka ez da horregatik eten. Badira, oraindik ere, gizakia borondatez aldakor, izaki gatibu eta kateatuta, beldurti eta besterendua eta, ondorioz, erabat ezgaitua bizi dela baieztatzen dutenak. Eta, babesa edo segurtasuna eskain liezaiokeen edonoren menpe erortzeko gertu dagoela, beraz.

Agirrerentzat, gizakumearen garaitza ez da baikortasun hutsaren emaitza. Itxaropen ekintzaile batena, baizik, “alperrik [bait] da ekintzarik gabeko esperantza”. Banakako eta taldekako eginbeharrak betetzearekin lotuta dagoena. Horrela, bere adiskide Maritainen hitzetan, esperantza “optimismoa edo pesimismoari era absolutu batean jarraitzea baina zentzuzkoagoa”. Ekintzarekin elkar lotuta, “indar eta arma espirituala ere bada, benetako eraldaketa eta garaipenaren eragile dinamikoa”.

Euskal pertsonalista ezagunenak bat datoz gizaki libre eta duinaren heldutasuna azaltzerakoan, helduaroa gizarteratzean konplitzen dela aitortzerakoan. Bat datoz orobat esperantza ekintzailearen garrantzia aldarrikatzeko orduan.

Pertsona (gizabanako zein gizataldekide bezala) abiaburu, eta pertsona helburu. Irakur bestela Arizmendiarrietak dioena: “Barrenetik bultzatzen gaituen motorra ilusioa den bezala, itxaropena da gizakiek behar dugun bizi-eremua” eta, balio horiek lagunduta, “gizakia hazten da, bere ekintzak hazten diren bezala,… hausnartzen gainontzeko gizakiek zoriontsu egiteko asmoz, hori ondasunak sortzea delako”.

Esperantza ekintzailea. Pertsona, gizakia edo gizakumea dela hizpide nagusia euskal eragile gehienen azalpenetan bistan dagoen gauza da. Hala ere, egunero entzuten ditugun adierazpenen erdigunean gizakia azaltzen bada ere, gauza da jakitea noraino onartzen den gizakiak berak baduela nahikoa heldutasunik eguneroko horren baitako (bakar-laneko eta auzo-laneko) egintzetan (guztietan ez bada bere eskura daudenetan, behinik behin) bere arduraz aritzeko.

Adibidez, ez dute bat ere erreza krisi ekonomikoari aurre egiteko guztion ekarpena (“aldatzeko itxaropena dugun gure arteko gauzetan lan egitea”, eskatzen zuen Arizmendiarrietak) eskatzen dutenek, erantzukizun hori hartzea krisiaren atzeko erruduntasuna jende ororena egitea dela esaten dutenen ahots ozenaren azpian geratzen delako deialdi hura. Kulpadun diren eliteek egingo dutenaren zain geratzea, baina, elite hauek egin edo desegin dezaketenaren menpe egotea da. Esperoan egotea gauza bat da, eta pertsonalistek zabaldu nahi zuten ‘esperantza ekintzailea’ beste bat zeharo ezberdina dena.

Gizakia, konfrontaziorako lanabesa. Beste adibide bat. Indarkeria utzietsi beharrean egon direnek, borroka armatuaren ordez borroka ideologikoaren bandera altxa dute «EAJrekiko indar harremana» aldatu eta gizarte hegemonia lortzeko tresna bezala. Beraien gaurko diskurtsoetan, pertsonen aipaldiak ugariak dira. Ez da denbora asko igaro gizaki(ar)en duintasuna Euskadi Ta Askatasunaren erabakien azpian jartzen zutenetik.

Egoera honek NAEMen ideologian hartzen zuen oinarria: “en ningún caso, la apuesta por una sociedad justa e igualitaria puede ser puesta en cuestión por una demagógica, y puede que también perversa, razón de respeto a las ideologías personales… No es un problema de personas, sino… de actitudes de beligerancia antagónica…” (Gorka Martínez zenak, Egin)

Pertsonen gainetik dagoen beligerantzia hori ETAren munduko ideologiaren kategoria izanda, orain arteko ideologiaren jarraitzetik ezin espero genezake gizakiaren gailentasuna aldarrikatzen duen borroka ideologikoa. Agirre lehendakariak berritu zuen abertzaletasunak duen ikuspegiaren aurka, herri eta gizarte arazoa pertsonaren gainetik jartzen dira. Ezker abertzalearen ideologia ez dela aldatu berretsi izan dute oraingo zuzendariek. Mudatu den bakarra estrategia izan dela, momentuko beharretara egokituz.

Esan liteke, horren lekuko, Sorturen ponentzietan ezin dela ‘giza eskubideen’ aipurik inondik ere aurkitu. Beligerantzia antagonikoaren arrastorik ere ez badago, agerikoa da estrategia berriaren ardatz nagusia (erdigunea) haren eufemismoa den konfrontazio politikoa dela. Eta konfrontazioa biziagoa (antagonikoagoa) egiteko egin nahi duten borroka ideologikoaren erdian, gizakiari ostu egiten zaio subjektutasun guztia, konfrontaziorako lanabes soila bilakatuz.

Gizaki burujabearen garaipena. Egun, izaki humanoa dugu denok hizketagai. Itxuraz jauzi erraldoia dirudi, atzean utzi dugun mendean nagusitzera iritsi ziren erregimen antihumanoak ikusita. Denek ez dute ametitzen, ordea, gizakiak eginbehar eta erantzukizunen jabe izateko gai direla.

Baina, Agirre lehendakariak aurreratutako gatazka ideologikoa ez da amaitu. Izatasun humanoari buruzko kontzepzioen arteko borroka baten erdian bizi gara. Pertsona izaki arrazional bezala, bere buruaren jabe izateko gai den edo besteren (abangoardien, eliteen, burokraziaren,.. Leviatan baten) tutoretza (gogor nahiz bigun) baten azpian bizitzera beharturik dagoen.

Gu berriz harekin, Agirrerekin. Gizaki burujabearen garaipenaz fidatuta, nonahi esperantza ekintzailea pizteko gogoarekin.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

2 comentarios en «Gizakia eta gatazka ideologikoa»

  1. Artikulu ona.

    Gizakia aipatzea eta bere duintasuna aldarrikatzea beti dago gizakiaz dugun irudiaren menpe.

    Garai bateko euskaldunontzat, gizakiak derriorrez hartu behar zuen ekintza sozial baten aldeko hautua: baina gizakia askea izan behar zen, hautu horren barruan ala hautua egiteko momentuan.

    NAEMek noski gizakia bere subjektu kolektiboaren baitan ikusten du. Gizakiak balioa du bere mandatuak betetzen baditu. Bestela, Juan Ortiz-en kasua eredu, taldetik kanporatua da.

    Gizakiak balio instrumentala eduki dezake, «hi etxerako» esaten zen garai batean baserrietan. Baina etxea gizakientzako zen modu berdinean.

  2. Me ha impresionado el acto celebrado por el Ayuntamiento de Errenteria sobre el dolor de las víctimas y difundido por la radio pública vasca ayer noche en la Ganbara y en el Boulevard que magistralmente conduce Dani Alvarez.

    Entre tanta basura mediática que nos inunda en los media, se agradece que personas que ha sufrido la violencia terrorista y la violencia parapolicial o estatal nos transmitan sus sentimientos, sus impresiones mas intimas, especialmente e estos días de tórrido solano, de bochorno -ese que nos retumba en la cabeza y nos baja las presiones. Son los famosos días de viento Sur-magistralmente narrados por Kepa Aulestia, esos días en los que reflexionar se hace mas difícil.

    Personas que lo han perdido todo, como la hija de Zamarreño o personas torturadas por los cuerpos parapoliciales. Es bueno que se escuchen todos estos testimonios en las escuelas, y se debata y se transmita en los medios a la sociedad.

    Va a costar mucho tiempo poder normalizar y reconciliar a una sociedad que ha sufrido durante 40 años la violencia terrorista de ETA y la violencia estatal producto de los abusos policiales y del terrorismo de Estado. Por eso estos actos son necesarios y esperanzadores en un proceso de reconciliación y normalización de la sociedad vasca.

    Y creo que es fundamental que este proceso de reconocimiento del daño causado llegue a la izquierda abertzale. Solo cuando la izquierda abertzale reconozca el daño causado por ETA e interiorice que la violencia como herramienta política, como instrumento de hacer política ha sido mala y es mala podrá ser tenida en cuenta como socio en los acuerdos políticos.

    Falta mucho camino para poder considerar a la izquierda abertzale como un partido democrático. Sus ideas sobre el modo de hacer política y sus planteamientos revolucionarios impiden desagraciadamente tenerla en cuenta como un compañero de viaje en Euskadi. Ojala que los días de viento sur se lleven estas rámoras del pasado, pero me temo que va a ser muy difícil.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *