José Manuel Bujanda Arizmendi
Hezkuntzaren edo, oro har, irakaskuntzaren fenomenoa landu ahal izateko, gaia oso poliedrikoa denez, gaiari zein muturretatik heldu nahi diogun hautatu behar dugu aldez aurretik. Horri horrela, lerro hauek hezkuntza-fenomenora hurbiltzerakoan hautatu ditzakegun hainbat aukeretatik bat dute xedetzat. Zuen baimenarekin beraz, hona hemen hezkuntzari buruz era orokorrean nigan irmo dirauten hainbat gogoeta pertsonal.
Agian, derrigorrezko hezkuntza sustatzen dutenen asmoetan, eta ilusioetan, konbikzio etiko bat antzemango litzateke: jakintzaren eta ezagutzaren zabalkunde kolektiboarekin desberdintasun sozialak desagertu egingo liratekeela pixkanaka. Baina utopia hori oso urrun geratzen zaigu oraindik. Eta, nire iritziz, helburu osatugabe hori nahikoa izango litzake guztiok hezkuntza gisa ulertzen dugunari eta hezkuntzatik espero dugunari buruzko hausnarketa orokor bat planteatzeko. Errendimendu ekonomikoaren eskakizunen tiraniatik at dagoen gizakiari zuzendutako hezkuntza-sistema bat imajinatzen dut eta horrela pertsona bat irudikatzen, hurkoa arerio bilakatzera iristen den norgehiagoka sozialaren presiopetik ihes egin duen pertsona bat hain zuzen. Gizartearen predestinazioaren gainetik hezten duen pertsona baten profila trazatzen dut eta guztiok gizarte solidarioago bateranzko aldaketan parte hartzea ahalbidetu dezakeen hezkuntza-sare baten beharrean pentsatzen. Horregatik, nire ustez, hezkuntza da hiritarrari bere bizitzaren konplexutasunari aurre egiteko behar dituen tresnak eman beharko lizkiokeen giltza. Izan gaitezen errealistak, eska dezagun ezinezkoa.
Nik marrazten dudan hezkuntza-sistemak pertsonaren garapena bultzatzen du, eta ez lana eta bizigaia bilatzeko borroka bortitzean baliagarriak izan daitezkeen gaitasunen garapena bakarrik. Hezkuntza-sistema horren helburua ez da merkatuko ekonomiak agintzen dituen behar apelaezinetara bakarrik zuzentzen; izan ere, hezkuntza-sistema horrek, ororen gainetik, inguruan duen mundua ulertzen laguntzen die pertsonei, pertsonaren autonomian funtsezko izatera iristen den multzoen adimen hori lantzen laguntzen die eta horrela, aberastasunaren sorkuntzan eta banaketan parte hartzen laguntzen. Ekonomikoki indar handia dutenak ahulenetatik bereizten dituzten desberdintasun ekonomiko eta oztopo soziokultural izugarri horiei errotik aurre egiten dien hezkuntza konpentsatorio batez ari naiz hitz egiten, benetan konpentsatorioa den hezkuntza batez.
Posizio sozialen arabera, kolektibitate berean elkarbizi diren bi lengoaiei buruz, hots, kode landuari eta kode murriztuari buruz teorizatu zuen Bernstein datorkit burura. Kode murriztuan, pertsona batek duen benetako aukera-askatasuna murriztua da, burutzapen-funtzioak garatzeko prest dago lehendik, eta ekimena ez da batere ohikoa. Aginduak hartzera egokitutako komunikazio-sistema bat, jarduerak koordinatzeko mugatua. Aitzitik, kode landuak arazoak ebazteko, harremanak izateko, multzoko nozioak atzemateko eta ekimenak izateko trebatuko lituzke aberatsenen seme-alabak. Gure gizarte honek, bereziki ordenagailuen eta informatikaren arloan eman diren aurrerapen bizkorrei esker, pertsonak funtzio materialetatik askatzerantz jotzen du, baina, aldi berean, aldaketa horietara guztietara egokitzeko logika, zehaztasun eta adimen-bizkortasun handiagoa eskatzen die. Hortaz, kode murriztua duten pertsonen handicapa geroz eta larriagoa eta sakonagoa da.
Pazientzia handiz lerro hauetara arte iristea lortu duen orok pentsatuko du hemen azaldutako guztiaren zati handi bat ez dela zenbait ideia politen zerrenda bat besterik, oinarri errealik gabeko zerrenda bat, egungo gizartean babesik ez dutenak. Egia izan daiteke. Indibiduoak gizartean duen harreman dialektikoa, hezkuntzak gizartean duen rola eta horien arteko elkarrekintzak oso gai trinkoak dira, eta elkarrekiko mendekotasuna dute, eta, horregatik, bakoitzak kalkulatu behar du hemen desiratzen den utopiaren eta errealitatearen arteko aldea zenbaterainokoa den.
Baina gaur eta hemen, zenbait alde garrantzitsu errealitate bilakatu ditzakegu:
1-Gure ikasgelak betetzen dituen aniztasunaren erronkari eutsiz erabakitasunez eta aurre eginez baliabide egokiekin aurkitzen ditugun errealitate berri eta zailei.
2-Behar bezala egituratuta ez dauden familietatik datozen gazteei, nahastuta eta erreferentziarik gabe daudenei, hezkuntza-premia bereziak dituztenei, gizarte-maila kaltetuenetatik datozen eta portaera-arazoak dituztenei erantzun egokiak emanez.
3-Datorkigunari aurre egiteko prest egon behar dugu eta horrela biztanleria immigranteak datorkigun erronkaren hasiera besterik ez dela erakusten digu, eta horien eskolatze eraginkor eta errealerako ahalegina egitera bultzatuz.
5-Nire iritziz, etorkizunerako hezteak pertsonak etengabeko aldaketarako eta transformaziorako prestatzeak esan nahi du. Eta hori ez da lortzen hezkuntza-sisteman aurrerapen zientifiko eta teknologiko berrienak hartuz soil soilik. Horrela behar handienak dituenarekiko elkartasunaren balioak sustatu beharko dira eta ikasleen eskubideen eta, baita ere, betebeharren diskurtsoa sendotuz.
6-Ikasleari bere burua sendotzeko, etengabeko autoikaskuntzarako eta bere ongizate propioa sortu ahal izateko, ezagutzak eta gaitasunak lortzeko, eta beharrezkoa den autonomia erdiesteko tresna egokiak eskaini behar zaizkio.
7-Datozkigun erronka berrien aurrean, euskal gizartearen berezko hezkuntza komun bat lortu behar dugu euskal nortasunaren oinarrizko elementu konpartitu batzuk eskainiko dizkiguna, errealitate eleanitza eta kulturanitza aitortuko duena kanpotik datozenen ohiturak eta kulturak errespetatuz (betiere Giza Eskubideekin bateragarriak direnean).
8-Gizarte ekintza, gazteria, enplegua, etengabeko prestakuntzaren arteko e.arren koordinazioa indartuz.
Euskal hiritarren eta hainbeste poz eta nahigabe ematen dizkigun gure bihotzeko Herri honen etorkizunak merezi du ahalegina