Azala / Portada » ETAren ezinezko desagerpenari buruz (1)

ETAren ezinezko desagerpenari buruz (1)

Imanol Lizarralde

Josu Iraetak berriz ere biolentziaren antropologian sakondu nahi izan du Berriako artikulu batean (ETA desagertzean zer? Biolentziak II, 23-4). Interesgarria da lantxo hau, erakusten baitigu ENAMen barruko eztabaida errealaren berri. Bertan ere ikusi dezakegu ENAMen ideologian mamizkoa dela biolentziari buruzko kontsiderazioa.

Josu Iraetarentzat biolentzia betikoa da eta betidaniko bide baten bitartez dator gugana. Horregatik dio artikuluaren atarian:

“Biolentzia gizakion sorreran bertan dagoenez, nekez aurki daiteke biolentziarik gabeko gizarterik. Beharbada, horregatik, uka ezina da mendez mende gizakiok garatutako ezagutza eta jakinduriak ez duela biolentziaren aurpegi ezberdinak saihesteko gaitasunik bereganatu. Beraz, zer nolako planetatik lurreratu ote dira biolentzia arrotz duten euskaldunak?”.

Biolentzia beraz gizarte oro historian zehar zipristintzen duen errealitate garratza da. Eta Iraetaren ustetan bakarrik “biolentzia arrotz duten euskaldun” xalo batzuk ukatu dezakete hori. Noski biolentzia gizakia eta gizartearen baitako errealitatea dela. Arazoa, zoritxarrez, ez da hori. Arazoa da gogorkeria teoria politiko baten partaide gertatzen denean. Gogorkeriaren ohiko errealitateari gogorkeriari buruzko teoria bat gaineratzen baitiogu. Gogorkeriari buruzko teoria gogorkeri mota baten eragile bilakatzen da horrela.

Hurrengo lerroetan Iraetak gogorkeriari buruzko teoria hori definitzen saiatuko da. Teoria hori unibertsala da, lehen parrafo horretan ikusi dugun bezala. Eta Euskalerriari egokitzen zaio ere. “Euskal Herrian bizi dugun biolentziaren kausak aztertzerakoan, argi dago arazoa politikoa dela” dio Iraetak. Eta esaten du “indar abertzale guztiek” dakitela hori nahiz eta ondorio desberdinak atera horretatik.

Egia da Euskalerrian ETAk egindako biolentzia biolentzia politika dela. Baina horrek ez du egiten justuagoa, alderantziz baizik. ETAk gogorkeriari buruzko erabilpen ideologikoa egitean gogorkeriaren zabalpena eta hedatzea proposatzen digulako. Ekintza-errepresio espirala onartzean eta praktikan jartzean, ETAk gogorkeria areagotu nahi duela adierazten du. Eta estatuaren biolentzia (Iraetak “biolentzia historikoa” deritzona) erreakzio/errepresioaren bidez ETAk egindako gogorkeriaren menpeko gertatzen da, honek baitu iniziatiba momentu oro, ekintza eragile baita estatuaren erantzunaren bila.

Iraetak bitan banatzen du bitan Euskal politika. Batetik “mahaiko alde batean Madrilgo politika daukagu -«estatalismoa»- eta, bestean, indar abertzaleak”. Bestetik “alderdi abertzaleen artean bertan irizpide aurkakoak dauzkagu biolentziari buruz”. Guri azken zatiketa hau interesatzen zaigu. Iraetaren ustez biolentziaren kontrako alderdi abertzaleak bi bereizgarri dituzte: “posibilistak” dira, erreforma hutsen aldekoak gertatzen dira; eta “Madril alderdi horien jokoan” sartzen dela dio ere, bere aldera ekarriz.

Iraetak, noski, horrela zera adierazi nahi digu: zenbat eta “bakezaleagoa” eta gogorkeriaren kontrakoagoa azaldu, orduan eta Madriletik gertuago dagoela “euskal abertzale” bakezalea. Alderantziz ere esan daiteke: zenbat eta gogorkeriaren aldekoagoa, hainbat eta euskaldunagoa eta abertzaleagoa dela alderdia ala pertsona:

“Madrilek nahi duena egiten duela gurekin, itsua ez den orok ikusten du. Ez dago batere erraz, gauzak dauden bezala, nola errespetua sartu Madrili. Madril jokatzen ari den bezala, zaildu egin zaigu aurre egitea euskaldunoi -alderdi abertzale bakezaleei salbu-, ikusten baita nola Madril alderdi horien jokoan sartzen ari den, gero eta polibalenteagoak direla agertuz”.

Madrileri errespetua sartzeko gogorkeria beharrezkoa dela pentsatzen duen “euskalduna” bereizten da hemen, Iraetak “alderdi abertzale bakezale”ak Madrilgoen menpeko eginez. Lehen “euskaldun fededun” esaten zen, euskaldunari kristau fedea baizegokion bereizgarri nazional gisa. Iraetak mito historiko berri baten teoriaren zertzeladak eskaintzen dizkigu hemen. Oraingoan euskaldunaren bereizgarria ez da kristau fedea, alderantziz, biolentziarekiko atxekimendua baizik, bestela esklabuak baigara:

“Ibili, bistan da, ibil litekeela erreformaren barruan, baita eskura litekeela zenbait gauza, agian gaur eskura dugun baino gehiago. Baina zenbat? Zenbat izan liteke, gehienez ere, beraiek, beraientzat aukeratutako demokraziatik eskura genezakeen guztia?”.

Horrela haustura gertatzen da euskaldun benetakoaren zeinua. Erreformaren bideak gauzak eman ditzake baina “betiere esklabo, beti hankatik lotuta”. Iraetak gogorkeriaren teoria iraultzailea Euskalerriratzen du. Eta erreformista/iraultzailea bikote kontrajarria aplikatu egiten du gure artean. Honek guztiak puskatu egiten du euskalduna bere buruari buruz izan duen kontzientzia historikoarekin. Iraetari bost axola baitio zer pentsatu izan duen historikoki euskalduna bere buruari buruz eta zer izan den euskaldunaren ekarpena historian zehar. Euskal nortasuna, horrela, teoria iraultzaile baten faktore gehigarria gertatzen da, euskal nortasun propialaren kalterako.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

2 comentarios en «ETAren ezinezko desagerpenari buruz (1)»

  1. Txundigarria benetan sosolisto españolek eta abertzale askok duten itsumena.
    Ba klaro hemen daukagu Iraeta ba azken batean bere egia esaten, bortxakeria aspaldikoa dela, ez duela ETAk inbentatu eta klaro errealitate horrekin ohitu behar garela.
    Baina era berean pakearen goxokia eskaintzen zaigu. Lizarraldek ez du apuntatu ba Iraetaren kontradikzio hori, honek esaten duelako bortxakeria betikoa dela eta baita ere pakea lortzeko modu bakarra gatazka politiko euskaldunaren onarpenean dagoela. Baina betikoa bada gerra: pakea ez al da ilusio hutsa? Ba nik uste dut hori dela MLNVk demostratu duena ditxosozko pake prozesu hoiekin.

  2. Horiek ez dira abertzaleak, sasiespañolarrak baizik. Bestela ezin da ulertu zelan jokatzen duten; Españari lagunduz eta Euskal Nortasunari muzin eginez.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *