Aberriberri bloga

Usurbil Atez Ate: ezkutuka, manipulazioa eta iruzurra

Read Time:1 Minute, 54 Second

Luis Mari Ormaetxea

Berrian, irailaren 15ean, Xabier Lekuona jaunak idatzitako iritzia aitzaki harturik Usurbilen inposatu den atez ateko zabor bilketa sistemaren beste ikuspegi bat azaldu nahi dut.

Lehenik eta behin azaldu Lekuona jaunak informazio pribilegiatua erabiliz prestatu duela bere gogoeta; San Marcos mankomunitatearen komunikazio aholkularia izanik bere eskuetan duen informazioa erabiliz.

Usurbilgo udal gobernua ezkutuka dabil. Informazioa ezkutatzen du, bere eskuetatik bazkatzen dutenek bakarrik jasotzen dute. Beste guztiek, atez atekoaren sistemarekin kritikoak diren zinegotziek adibidez, nahiz eta etengabe datoak eskatu, ez dituzte jasotzen. Herritarren ordezkari demokratikoak desinformaturik mantentzen dira, eta beren etsipenerako eta ordezkatzen dituzten herritarren etsipenerako, zerbait adierazten denean, nahiz erdi-egia izan, komunikabideen bidez jakin behar, propaganda kanpaina bidez jakin behar.

Atez atekoaren inguruan manipulazioa da nagusi. Herritarrak, makilaturik dauden zenbakiak irentsi arazten diete makinaria propagandistiko bortitz baten bidez; Lekuona jaunak zuzendutako kanpaina desinformatiboaren bidez. Ez dago nola jakinik, adibidez, zenbatekoa izan den, atez atekoaren sistema indarrean dagoenetik, sei hilabete, zabor produkzioa. Portzentaiak gora, portzentaiak behera. Baina tonak ezin jakin. Zenbat tona beira, zenbat tona organiko… Manipulatzen da Atez atekoaren sorrera kamuflatuz. Sasi prozesu partehartzaile bat izan omen zela-eta – txantxa eginez, gehienez ere erabiltzen diren baldeak ze koloretakoak izan behar ziren eztabaidatzen zena – ondorengo erabaki guztiak justifikatuak daude; “herriak erabaki zuen” da esaldi majikoa. Dena justifikatzen duena.

Atez atekoa iruzurra da. Iruzur ekonomikoa: Usurbilgo udala bankarrota bidean jarri dute. Iruzur politikoa: sinetsi arazi nahi gaituzte atez atekoaren bidez errausketaren prozesu finalista ezabatuko dutela, eta gainera, zabortegirik ere beharrezkoa ez dela izango zeren atez atekoaren bidez %100 birziklatuko dela; esan berri duen bezela Usurbilgo alkateak komunikabide batean. Eta azkenik, iruzur soziala: 800 usurbildarrek sinatu zuten idatzi bat herri galdeketa eskatuz sistema jarri aurretik. Lehen erantzuna, ez zuela lehentasunik, zeren aurrena sistema frogatu behar zuten herritarrek “con conocimiento de causa” bozka zezaten; ondoren, Udal gobernua (ANV), Aralar eta PSOE ados jartzen dira herri-galdeketa tranpa bat onartuz; eta azkenik, hurrengo egunetan, datorren astean oker ez banago, inkesta telefoniko bat martxan jarriko da Atez atekoaren inguruan adostasun maila ezagutzeko. Egin behingoz herri kontsulta!

Atez atekoa frakasoa da. Herritarrei galdetzeko beldurra dago. Esperimentu esperpentiko bat bezela geratzeko beldurra dago; desesperaturik inguruko beste herrien inplikazioa bilatzen da. Ekonomikoki jasangaitza da.

Lekuona jaunak Sisiforen kondaira du aitzaki bere diskurtsorako. Aukera ona kondairak aukeratzea ipui bat kontatzeko; Usurbilgo Atez ateko zabor bilketa sistemaren ipuia kontatzeko.

Salir de la versión móvil