Imanol Lizarralde

Lurraldetasunaren kontzeptua ideia erabat jakobinoa da eta horregatik gaitzesgarria, euskal herrialdeek elkarrekin ibiltzeko zeukaten izpiritu eta nortasuna ukatzen duelako. MLNVk «lurraldetasun» kontzeptua haustura asmoetarako erabili izan du behin eta berriz eta UPNk nafartasunarekin eraiki duen dotrina gisa berekoa da. Harreman on eta anaitasunezkoak zeuzkaten herrialdeen arteko haustura gauzatu nahi izan baitu.

Baina badira egungotasunaren ikuspegi interesatuak nekez egokituko dituen arazoak. Adibidez Loiolako Inazio eta Jatsuko Xabierren arteko adiskidetasuna. Oñaztarren leinuburuen semea, Gaztelako gortesau gorena, zen Inazio, batetik; eta bestetik, Agramunt-Ganboarren leinukoa, Xabier, errepresaliatu politikoen sendi nafarrekoa. Euskaldun batek, eta euskal abertzale batek, ulertu dezake hobekien topaketa honek suposatu zuen ironia.

Inaziok ez du ospe onik zenbait abertzale sasiletratuen artean. Beragan dakusate Gaztelako lehen olde bateratzailean ekin zuen soldadua, anai nafarren kontra borrokatu zena. Ikuspegi honek ez du alderdirik garrantzitsuena ikusten uzten. Iruñako harresietan anka puskatu zion kañoi-bolak sinbolikoki hil egin zuen Inazio -Nazgularen ezpatak sinbolikoki Frodo hil egin zuen modu berean-; eta Nafarroan bertan sortu zen Inazio berria, Iñigotik Inaziorako jauzia egin zuena.

Kañoi balak jo egin eta gero Inazio bestelako gizaki batean bilakatzen da, berriz ere jaiotzen da, lehengo gizakia erabat gaitzesten du eta giza-gaitza eta banitatearen adierazgarritzat izango ditu bere antzinako pausoak gortesau eta soldadu gisa. Beraz gure sainduak bere mamizko izanari heltzen dio Oñaztar leinuburu izateari ukatzen dion hein berean. Arantzazuko Amaren magalean utziko ditu zalduneriazko ezpata eta burni tapakiak.

Inaziok mesede baikorragoa egin zion Euskalerriari bere lehen konpainiakideen artean Xabier nafarra hartuta. Gauza hunkigarria da ikustea arazo politikoek ez zutela inongo pisurik izan bien artean. Eta Inaziok Xabierrengan sortu zuen kristau-sua kristaua zen huts-hutsik, politika espianiarrarekin loturarik gabea, Xabierrek ez baizuen sekula bere nafar izatea ukatu eta Portugaleko misioetan abiatu baizen Filipina eta Japonia aldera, Gaztelako Koroarentzat legez kanpoko sendi baten kidea izanik.

Bizi hontatik Xabierrek egindako iraganbide leunak urrats sakona utzi zuen ekialdeko lurretan eta berari esker han dugu Filipina Asiako herrialde kristau bakarra. Miloika pertsonek bizi dute bere lanaren ondorioa. Gauza bera gertatu da Inazio eta bere Konpainiarekin. Kopainiak ebangelioa hainbat herri txiki eta haundien neurrira moldatu nahi izan zuen eta horrela guaraniak, sioux-ak, euskaldunak, txinarrak, hezteko aukera izan zuen, herri horien kultura eta historian bortxakeririk gabe txertatuz.

Hau al da, akaso, Inazioren arrastua Konpainian? Gauza zehatzagoa aipatu behar dut eta hauxe da, Xabier eta Inazioren arteko besarkada eta laguntasuna euskaldunak bategiten gaituela eta prezeskiago Gipuzkoa eta Nafarroa bateratzen ditu momentuko politikak ezin ukatuko duen indarrez. Eta hor dugu jesuitak Euskalerrian bateratzen dituen probintzia, «Loiolako Probintzia». Han bertan dira Pirinio alde hontako euskaldunak, Inazio eta Xabierrek izandako laguntasunaren lurraldetasun izpirituala, areagotzen eta indartzen saiatu behar duguna.

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

5 comentarios en «Inazio eta Xabier»

  1. Honek gure jarraitzaile sutsu Plorentzio de Aoiz-ek orain dela zenbait urte Boltxe-n utzi zuen kakatxoa dakarkit burura:

    http://www.boltxe.info/berria/?p=8378

    Inazio, gure patroi handia?

    San Inazioren mitoa, esaterako, oso interesgarria da, erlijioak herri baten historia eta nortasuna nola usteltzen ahal dituen argitaratzeko argibide ugari eskaintzen digu eta.

    Loiolako Inazio mertzenarioa izan zen, armak diru eta ohoreak eskuratzeko erabiltzen zituen horietarikoa. Lapurreta eta sarraskietan luzaro ibilitako familia baten partaidea zen, gaztelau erregeen zerbitzuan gogotik aritua. Iruñean zegoen gerora saindu eginen zutena 1521ean, nafarrak espainiar konkistatzaileen aurka matxinatu zirelarik. Are makurrago: gotorlekua herritarren erasotik zaintzen zuenetako bat zen. Han zauritu zuten, baina propagandak besterik esan arren, bere jokaera aski epela izan zen. Espainiarrek Iruñea berrartu zutenean erruak eta onurak az- tertu zituzten, eta Loiolako soldadua ez zuten aipatu ere egin. Gerora etorriko zen bere balentriaren mitoa, behin Jesusen konpainia sortuta, bere irudia hobetsi nahi zutelako. Horrela, Inazio frantziarren aurkako Espainiaren defendatzaile sutsu bilakatu zen, eta errazago sal zitekeen Kristoren gudagizonaren ideia.

    Nafar erresumaren kontrako erasoan jardun zuen gure patroi honek ez zuen honekin aski izan, berriz. Kanoi balak egindako zauriak argia ikusarazi zion, eta Kristoren armada antolatzea erabaki zuen. Anitzen ustearen araberako euskaldun unibertsalenak talde kristau militantea jarri zuen indarrean, egitura militarren antzera, nonbait. Hau opari ederra, Euskal Herriak munduari egindakoa!

    Euskaldunok nahikoa xelebreak gara. Gure nortasuna eta gure historiaren jabe garela diogu aho handiaz, baina independente izan gineneko azken arrastoaren galera ospatzen dugu larritu gabe. Alardeak egiten ditugu frantsesak ez ziren frantsesen aurka espainiarrak ez ziren espainiarrek lortutako garaipena oroitarazteko, eta atzerritar zapaltzaileekin batera jardundako mertzenario baten oroipena ere goraipatzen dugu: gure patroi handia.

    Plorentzio de Aoiz

    2002 / 02 / 03

  2. Eskerrik asko, Igomendi laguna, Floren Aoizen lantxo hori honera ekartzeagatik.

    Floren Inazioren mitoaz dihardu baina mitoaz dioen gauza bakarra da Inazioren balorea Iruñeko harresietan gerora egindako propaganda hutsa zela. Nonbait ez zaio aski iruditzen gipuzkoarraren ausardia, kañoi batek anka urratu arren. Ez dakigu eta ez dugu seguru jakingo ere Floren-ek nola juzkatzen duen ETAko militanteen ausardia, baina agian oso motza irudituko zaio, Inazio, anka bat hautsi arren, doilorra iruditzen zaion bezala.

    Gero, noski, erlijio kristaua, Eliza Katolikoa, eta euskaldunok bertan izan dugun papera, hori guztia zaborretara botatzea gure buruari harria botatzea besterik ez da, gure historia ukatzeaz aparte. Erakunde Katolikoak gauza txar asko egin izan ditu bere kondairan zehar baina Euskalerriari hain juxtu oso onuragarria gertatu zaio, Eliza Katolikorik gabe ez bailitzateke euskal kulturaz hitzegin ahalgo, ez litzateke euskal literaturarik, ez litzateke euskal abertzaletasunik (noski, ETA sortu aurreko abertzaletasunaz ari naiz), ez litzateke euskal paganismorik (Barandiaran apaizak gorde eta erakutsi ziguna). Eta, gainera, Inazioren kasuan, Nafarroak ez luke patroirik izango, Xabier-ko Frantzisko gurea.

    Horretaz ez dio ezer gure Florentziok, Nafarroan errazago baita Inazio giputza iraintzea bertako Xabier agramuntarrarekin horrela hastea baino. Xabierrek, gainera, Nafar Burujabetzaren agiri guztiak ditu.

    Inazorik gabe ez litzateke Xabierrik izango eta Inazio erasotzen duena Xabier erasotzen du era berean. Joan dadila gure Floren Nafarroako eskualdeetatik Xabierren memoria zikintzea, berak Inaziori ukatzen dion ausardia hori erakutsita. Hasi dadila Nafarroa beratik euskal historia «desmitifikatuz».

  3. Kuriosa iruditu izan zait beti bai alde batekoek zein bestekoek bi pertsonai hauei buruz egin duten mitifikazioa eta erabilpen politikoa.

    Azken finean, biak ziren kristauak, eta beren buruak kristautzat izango zituzten segur asko, beste edozein ezaugarriren gainetik -nortasun nazionala, klase soziala …

    Hori bai, biak euskaldunak ziren.

    Gustatu zait artikulua, Imanol.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *