Iñigo Lizari
Diario Vasco-k eta Sud Ouest egunkariek egin duten akordiarekin erlazionatuta dago nire galdera hau, eurek elkarren artean aldizkako ale bat ateratzen baitute SF Sin Frontieras-Sans Frontières izenarekin. Beste egunkari batzuk, Gara edo Berria kasu, «Euskal Herria» izenburuko atalean iparraldeari buruzko berri bat edo beste ekartzen dute, baina hau al da mugaz gaindiko, eta batez ere muga gainditzeko modua?
Lotsa, eta batez ere amorrua sor arazten dit, euskal abertzale bezala, eurek, alegia, espainiar eta frantses estatuen nazionalismoa defendatzen duten hauek, gu aurreratu izana ekimen honekin. Batez ere, bi egunkari hauek duten arrakasta kontuan hartuta, «mugaz gaindiko» ekimenek horrelako bi mundu ezberdinen arteko erlazioa irudikatzen badute.
Bi egunkari hauek bi aldeko euskaldun bezala ez gaituzte inola ere ez erretratatzen, elkar topatzen duten bi nazio desberdineko jendea bezala baizik: Espainolak eta Frantsesak. Guk ordea, alde bateko eta bestean errealitate amankomuna dagoela uste dugulako, euskalduntasuna, ez dugu elkarren berririk edukitzeko beharra izaten, aldez aurretik elkarrengandik dakigunarekin aski zaigula. A zer astakeria besteek egiten dutena, eta era berean a zer astakeria guk egiten duguna!
Euskaldunak errealitate nahasi batean bizi gara, hala bizi arazi gaituztelako. Baina nahasketa existitzen dela ez onartzeak, ipar euskal herrian eta hego euskal herrian nahasketak desberdinak direla ez jabetzeak, guganako besteen jabetza areagotu egiten du.
Ipar euskal herriko jendeak zer nolako errealitate instituzional nahiz ekonomikoan bizi diren ez ezagutzeak haiengatik urrundu egiten gaitu eta haiek bere bakardadean itotzeko aukerak handitu egiten ditu. Beraiei hegoaldean ze aukerak dauzkaten ez azaltzeak guganako kidetasunik ez du sortzen. Sareak behar ditugu sortu, eta elkarren arteko erreferentziak izan daitezkeen elementuak batez ere.
Elkarren eguneroko gai sozialak, nahiz politikoak, nahiz ekonomikoak, nahiz kulturalak ukitzen dituen mugaz gaindiko prentsa abertzale plural baten beharra dugu, gaur egungo Europan euskaldun bezala bizi egiten jarraitzeko aukeren berri emateko, hego eta iparraldea elkar topatuz gure artean aberastasuna sor dezakeena.
Askotan pentsatzen dut gure muga momentu honetan mentala dela, eta beraz momentu honetan dugun muga bakarra gure borondatea dela. Eta seguruaski muga mentala muga fisikoa baina mugatzailegoa da euskal herrigintzarako.
urte asko dira, abertzaleok herri hau lideratzeko betekizuna alboratu dugula. Errealitatea gailenduko zaigu, joera aldatzen ez badugu.