Azala / Portada » Kanon digitala, iraganaren purrustada

Kanon digitala, iraganaren purrustada

Ion Gaztañaga

Orain dela egun batzuk, Leire Corrales jelkideak kanon digitalaren inguruan artikulu bat argitaratu zuen El Correon «Canon digital: equilibrio entre artista y consumidor» izenburupean. Behintzat ohizko gai errepikakorretik aldentzen den gai bat dugu eztabaidagai abertzaleen artean eta hau ez da, ikusten den panorama ikusita, ahuntzaren gauerdiko eztula.

Artkuluan agertzen den bezala 2006an onartutako jabeko intelektualaren legeak «artista, sortzaile eta industriaren defentsan» indar gehiegi jarri omen zuen. Eta horren ondorio, kontsumitzaileen interesen hain aldeko ez zen legea atera omen zen. Ez da aitorpen makala, EAJ-PNVren izenean hitz egiten duen jelkide batek hala idazten badu.

Leirek dioenez, eta legearen eztabaidan EAJk esan bezala, «Aldeen arteko oreka guztiz beharrezkoa da. Momentu hartan ez zen beharrezko oreka bermatu eta zauria ez da behar bezala itxi. (…) Zentzu horretan eztabaida berriro plazaratu behar dugula pentsatzen dugu. Askotan, sortzaileen eta artisten defentsa horrek ez dute beraiengan eraginik, beharrezkoak diren baina kontrolatuagoak egon beharko liratekeen kudeaketa elkarteak gizentzeko besterik balio ez duelako.»

Izan ere, Leire, hortxe dago koxka. Piratería beste alorretan ere pairatzen dugu (itsaslapurretaz gain, azkenaldian hori izan baitugu medioetan). Hainbat jantzi enpresek pairatzen dute pirateria, baita jostailu, erloju, lurrin, eta beste edozein industriek. Baina industria horietan ez da kanon baten beharrik ikusten. Zer dela eta? Musika, bideo, zine eta beste pirateriek, ezberdintasun garrantzitsu bat dute: Pirateatzen dena ez da gauza fisiko bat, nahiz eta euskarri batean eskaini (DVD edo CD-a). Pirateatzen dena kopiatzeko erraza eta aproposa den informazioa delako. Informazio hori musika, irudiak edo bestelako software-a izan daiteke.

Momentutxo bat. Ez al da software-a pirateriaren negoziorik errentagarrienetakoa? Jatorrizko software-a duten zenbat Windows makina daude munduan? Zenbat pertsonek erosi dute jatorrizko Office suitea? Kanon bat kobratzen al dugu pirata hauen sortutako galerak «artistei» (hau da software-a garatzen duten enpresak) konpentsatzeko? Agian Teddy Bautista eta bere lagunei ahaztu egin zitzaien hau ere kanoneko eztabaidan sartzea.

Ezberdintasuna, software enpresak honi aurre egiteko izan duten jarrera izan da. Lehenik, babesteko forma berriak, lizentzien bidez. Bestalde software negozioko hainbat enpresa software-a oparitzen hasi dira, beren diru sarrera mantenimendu edo euskarri lanei atxikituz: kontsultoretza, mantenimendua, aholkua edo software-a enpresara birmoldatzea eta egokitzea.

Zuk aipatu bezala ikusentzunezko munduan ere egon dira mugimendi batzuk eta zenbait taldek eta musikariek (Prince, Bowie, Radiohead…) hainbat ekimen ausart egin dituzte. Baina batez ere, kopia errazeko mundu honetako aurkitu diren hainbat artistek kopiatu ezin diren beste eskaintza batzuk egin beharko dituzte. Kopia errazeko mundu honek musika inoiz baina eskuragarri bihurtu du eta kontzertuetako publikoak gora egin du. Kontzertu batera joatea ezin da kopiatu. Ezta antzerki saio batera joatea ere. Telebista serie bat ezin da aldez aurretik guztiz kopiatu pelikula baten antzera, kapitulu berriak oraindik grabatu ez direlako.

Ekintza orijinal hauetaz gain, eta politikagintza eta abertzaletasunari lotuta, egungo kanon digitalak herriaren (eta nire ustez artista, musikari, eta beste langileren) mesedearen ordez kudeaketa elkarteen dirutza bultzatzen duela argi dago. Eta dirutza hori nola banatzen den ere ezin dugu kontrolatu nahiz eta zerga baten bidez bildu. Kalkulu horretan Estatuko artistengana doa dirua nahiz eta gehienok estatutik ateko artisten diskak eta pelikulak kopiatu edo deskargatzen ditugun (bai, nik ere bai).

Pozten nahiz EAJk arazo honen aurrean kanona aldatzea beharrezkoa dela ikustea. Ez dezagun pentsa erabiltzailearen askatasunaren eta artistaren ordainsari egokiaren arteko oreka honen bilaketa eraikuntza nazionalaren atal mesprezagarria denik. Hortan ere abertzaletasunak bere bidea jorratu behar duelako.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

4 comentarios en «Kanon digitala, iraganaren purrustada»

  1. Nire ustez arazorik larriena da Gaztañagak aipatzen duena, alegia, Egileen Elkarteak ez diola kobratutako diruarengatik ezer eskaintzen bezeroari, ez dago ikutu-ikusi dezakegun ordainik. Beraz kanon delakoaren ez-arrazoia ikaragarria da, ezin baidaiteke zerga inposatu printzipio bati erantzunez, printzipioaren jasotzailea erakunde pribatu bat baldin bada. Honek guztiak monopolio usai txar osoa du. Gauzarik txarrena da politikoak bertan sartzea. Eta guri dagokigunez gainera espainiar kantoreak potoltzeko. Ez diet sekulan diskarik erosi baina zergen bitartez subentzionatu beharko ditut. Horrek ez du ankarik ez bururik.

  2. Panpox, honi ere alde positiboa ikusi behar zaio. Kontzertuek, antzerkiek eta bestelako ekitaldiek indarra hartzen badute, euskal kultura eta musikarentzat onuragarria litzateke, gertutasuna dela eta.

    Noski, honek euskal kultura munduak bizi duen batasunizazioari buruzko eztabaida sakona ere beharko luke, egungo panorama oso atsegina ez delako.

  3. Ez, argi dago orain arte diskografikek egin duten dirutza gauza ikaragarria izan dela. Eta azken batean gertaera artistikoa ez da hain medio ohikoen menpn egongo.

    Egia da diozuna, alegia, batasundarrek nolaz itoarazten ari diren euskal kultura. Egunen batean idatzi beharko zenduke bertsolarien egoeraz. Niri pena ematen dit. Ezagutu izan dut Mattin eta Uztapide eta Basarriren garaia eta oraingoa irudi zait benetan momentu makala.

    Bertsolaritzak egiazkotasun guztia galdu du ezker radikalekoek montatzen dituzten antzespen usteletan. Eta zenbait bertsolarik zirkuitotik alde egin behar izan dute politikoki zuzenak ez direlako. Bertsolariek peaje ideologikoa pagatzen dute plazan kantatu al izateko. Hau ez da sekula gertatu, gaur bakarrik, Amuritza ditxosozkoak bertsolartiza asperrarazi zuenetik.

    Ni zaharra naiz eta gogoan ditut beste garaiak, bertsolaritza benetan tradizio baten ispilu zenean, eta anaitasun iturri. Badakit gauza guztietan berrikuntza egon behar dela. Baina bertsolaritzak eman duen berrikuntza zoritxarrez ezker-ijito horretakoek eraman dute, gure gaitzerako. Hoiek ikutzen duten gauza bakoitza kakazten dute.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *