Azala / Portada » Traineru bakarra?

Igor Goitia

Nire honako artikulu honek zeraren gainean nahi du hausnarketa egin, Unai Apaolazaren “Traineru bakarra” izenburupeko artikuluaren gainean, (*) iragan Apirilak 7 Berrian argitaratutakoa. U. Apaolazarenak ezagunak zaizkigu aspaldiskoan hemen, egia aitor, irakur bedi bestela Aberriberriko “El sujeto revolucionario de nuestros días» (Imanol Lizarralde eta biona, 2011ko abuztuak 15) non orduko hartan Gara-n  ondo asko aurreratzen zigun jada  Apaolazak honako honetango ideia bertsua.

Independentzia nahi digu erakutsi Euskal Herriaren abiapuntu gisa, esanez, besteak beste, independentzia helburu izatetik tresna izatera behar duela pasa. Hasteko eta behin, ederra gero, botatakoa! Independentziarainoko biderik tartean ez bailegon, alegia, ordurartekoa, antza, lan eta eraikitze-bide gutxi-asko luzea ez balego egitear aurrez. Inozo ez, dena den, Apaolaza, ondo asko baitaki berak zerengatik diosku dioskuna; goazen, dena den, pixkana pixkana ideia horren atzean dagoen guztia ikusten, eta, horretarako dakargun lehenengo eta bat bere artikuloaren sarrera-paragrafoa, oso ezin adierazkorragoa dugu eta.

Abertzaletasunak, beste edozein diskurtso nazionalistak bezala, subjektu politiko bat zedarritzea du xede; nazioa. Diskurtso nazionalistak, naziokoa nor den eta nor ez den esango digu, hortaz. Nazioa definitzea helburu politiko konkretu bat(zuk) lortzeko estrategia politikoa da, helburu politiko bat(zu)en aldeko subjektua mugatzen ari baita. Ñabardurak ñabardura, abertzaletasunaren kasuan, helburu politiko hori independentzia izan da. Hortaz, euskal nazioaren diskurtso bat egokia izango da definizio horrek barnebiltzen duen jende multzoak helburu politiko horrekin bat egin eta multzo hori zabaltzen laguntzen badu. Laburtuz, diskurtso abertzale bat ona izango da subjektu independentista indartsua egituratzeko gaitasuna badu”.

Lehen-lehenik eta deus baino lehen, zera galdegin beharko genioke: ea zer errealitatetik zaigun mintzo, ea nondik ikusten duen delako nazionalismo temosoa, nor eta nor ez mugarritze alderako temarekin ahaleginak eta bi egiten omen diharduena, alegia. Nik, egungo egunetan, ez dut nazionalismoaren baitan horrelakorik ikusten. Aurreikus dezakegu, dena den, ez zaigula, delirioz edo, noraezaturik mintzo Apaolaza, ondo baititu oinak lurrean eta orain oso errealista batean.  Zertara, hortaz, dioskuna? Bada, gaur ez den errealitate bat artifizialki eraikitzeko hain justu: inongo debaterik tarteko ez duen errealitatea, alegia, den-denok elkarrekin isilean egin beharreko bidea prestatzeko hain zuzen ere. Nor eta nor ez den delako debaterik egun bere-berean existitzen ez bada ere, izatez nazionalismo oro, edo nazio-zaletasuna oro (gurea barne, nola ez), garen zer bereizi batetik da jaio (ez garen beste zer baten aurrean, ezin uka); baina delako zedarritzea, gurean, egun, izatezko errealitate bizitua da eta ez inolaz hizpidera eramandako eztabaidagai bat. Hori esanda eta aurreraxeago eginez, segidako galdera honakoxea datorkigu: zergatik orduan independentziarainoko bidea ixilean egin? Zein absolutu-suertek (independentzia kasu) eskatu behar du ordurarteko bidea begi itxirik egin behar izatea?

Deigarria, hein horretantxe, subjektu independentistari ematen zaion azpimarra eta independentzia ideiari buruzko gogoetaren falta Apaolazaren aldetik: zer-nolako independentziaz mintzo da Apaolaza? Abertzaletasun jeltzaleak planteatu duen herriaren buru jabetzaren araberako independentziaz?, ala ENAMen klase independentziaz, non independentzia haustura politiko-ekonomikoaren ikurra den munduko beste nazio-subjektu iraultzaile-marxistekin bat egiteko? Egileak gero emango dizkigu honako hauetaz zenbait arrastu. Baina noski baina noskiago, Apaolazak independentzia horren bi moldetako izaera ez du aipatu nahi izan, “traineru bakarra” (subjektu bakarra) nahi duelako eta bakar horri mesede egin nahi diolako, ENAMen bestezko askapen nazionalaren bestelako proiektuak bazterturik. Bere gogoeta bazterketa-ezeztapena lana da gehienbat, independentziaren ideia eta subjektu positiboa ukatu egiten dituena. Euskal instituzioak baitira eraikitze lan positiboa, eta abertzaletasun jeltzalea baita eraikuntza horren subjektu eramailea. Bide hori ez aipatze soila ukaziotzat jo dezakegu, Apaolazaren independentziarako bidea ez baita hortik pasatzen.

Baina, beno, darraigun bere artikuluaren edukiarekin. Bere esanetan, “Abertzaletasunak, bere sorreratik, independentziaren subjektua egituratzeko modu diferenteak izan ditu, naziotasuna modu diferentean mugatu izan du…”. Bistan da eta ezin ukatu, baina askoz harago zihoalako kontua izan zuen eta du euskal nazionalismoak etorkizun onik; zer sinestarazi nahi digu Apaolazak, definizio delakoak ez dituela erroak errealitate soziologiko-kultural bizitu ezin ukatuzko batean? Definizioa, nazionalismoaren hastapenetan eman zen, hala da, herri kontzientziaren esnatzeak bere buruaren definizio diskurtsibo bat eskatzen zuen ezinbestez; bestela, zertan ariko ginateke euskal nazioaz, soberaniaz edota independentziaz? Baina, segi-segituantxe, zeraxe esan behar da azkar batean: delako auto-definitzeak erroak egin bazituen, gero onik izan bazuen, errealitate soziologiko oso benetako batetik eta berorren kontzientziatik jaio zelako da; eta, egun, taldeko izatearen gaineko errealitate diskurtsiboa baino gehiago, errealitate izatezko eta zinez bizitu-sentitua da. Susmagarriak hortaz berriro ere bere aitorrak.

Bere ustetan ere, “Subjektu independentista egituratzeko diskurtsoak, sarriegi, elkar ezabatzen zuten eta duten diskurtsoak izan dira eta dira; naziotasuna modu absolutuan planteatzen baitute eta diskurtso ezberdinak bateraezin egiten baitituzte”; horrez batean aurreraxeago dakarkigu berorren bigarren parte osagarria: “zer gara?» galderari erantzuten saiatu beharrean «Zer nahi dugu?» galderari erantzun beharko liokete. Subjektu politikoa baldintza objektiboekin zedarritu beharrean, baldintza subjektiboekin (nahi politikoarekin) mugatu beharko lukete alegia…” noski baino noskiago, urak, baina, ez doaz berak nahi duen aldera. Hasteko eta behin, nahi dugun zer hori, garen zer horretatik da ernetzen; edota, bestela esanda, zer da nazionalismoa garelako izan nahi izate bat baino?. Pentsa al liteke nahi izate bat garen izate indartsu eta errotu batetik ez bada. Nolanahi ere, beste behin ere diskurtso erdipurdikako hau susmagarritxo dagerkigu, zer da independentzia eta haranzko biderako subjektuaren gaineko delako diskurtsopean ezkutatzen zaiguna? Inork pentsa al lezake independentzia hain termino absolutuetan?, horretarainoko elkarren bidaide gor-mutu bilakarazi gintzakeena, alegia.

Apaolazaren esanetan, argi gelditzen da objektu-subjektu igarobide horretan, independentzia faktore objektiboetatik subjektiboetara pasa behar horretan, eta hein horretantxe borondateari ematen zaion garrantzian, politika berarentzat dela subjektibitate desberdinen kudeaketa modu bat non  subjektibitate horiek guztiek haustura-ideia baten mendean egon behar duten. “Euskal Herrian eskari politiko diferenteak artikulatzeko gaitasuna duen helburu politikoa independentziarena da (…) Horrela, eskari politiko partikular bakoitzak, independentzian ikusiko luke bere helburuak lortzeko bide egokiena. Subjektu independentista modu horretan egituratzeak bakoitzak bere txalupatxoan eta elkarren lehian arraunean aritzetik denok traineru berean (bloke historikoan) arraun egitera eramango gintuzke. Arraunlari diferente asko dituen traineru bakarra da behar duguna, hortaz”.

Hor “bloke historikoaren” hitzarekin ageri du Apaolazak bere independentzia nahi horren edukia, eduki iraultzaile-marxista. “Bloke historikoa” delakoak klase eta sektore desberdinen subjektu bakar anitza irudikatzen duelako. Helburua denok “traineru berean” joatea da, traineru bakarreko abia bezala ikusten baitu Apaolazak (ENAMek bezala) independentziarako bidea. Eta independentzia dakusa gizarte borrokatxo eta gatazkatxo guztien bilgune eta gidatzaile gisa. Hau ez da noski abertzaletasunak independentziaz izan duen ideia. Ez ideia ber hori halako ala bestelako faktoreetan oinarritu duelako, baizik eta abertzaletasunak euskal nortasun eta herritasuna  biziraunaraztea izan duelako beti xede eta, horretarako,  independentzian ikusi duelako ahalbide garrantzizko bat. ENAMek, aldiz,  independentzia haustura bezala dakusa eta hamaika haustura txikien konbergentzi gune bezala.

Independentzia kontzeptupean ez genukeela helburu bat ikusi beharko tresnatzat baizik jo beharko genukeela diosku Apaolazak. Bat ni berarekin, baina oso bestelako arrazoiengatik. Nazionalistok, ez independentzia, ez ezeingo bestelako lurralde-forma, dugu inoiz absolututzat; hemen, xede eta jomuga beti ere garen nazio hau geroan izaten jarraitzea da; independentzia horren neurgailu adierazkor bat izango da beti, baina hartarako bidean ere, luze zein labur, askotxo ere dugu egiteko, egunez egun eta egunero izan gaitezkeelako gehiago edo gutxiago garen hau. Eta horrekin guztiarekin ere, zera behar dugu beti oso presente eduki: independentzia legala ez dela nazionalismoaren estadio bat baino, nazioa eraikitzen jarraitzeko pausu inportante bat, baina inolaz ere ez zero puntu bat, inolaz ere ez  handik aurrerako bat ahalbidetuko digun zero-puntu bat. Jada garelako nahi dugu garen hau izaten jarraitzea bermatuko diguna. Hor datza, nik uste, Apaolaza jaunak hain tematuki salatzen duen diskurtsoen arteko adostezinak eta elkarren arteko talken zergatikoa; ez al dugu uste independentziaren aldarrikapena bera nazionalismoaz guztiz bestelako proiektuetatik ere izan daitekeela gutiziagarri? Zertara, hortaz ixilik, egon behar izate hori gaur? Ez al gara bada ja gaur? Ni bai, behintzat. Eta independentista banaiz, aurrez nazionalista naizelako da. Ez dut uste Apaolaza jaunak gauza bera esan dezakeenik.

(*) Traineru bakarra, (Unai Apaolaza Amenabar), lehen parrafoa:

Abertzaletasunak, beste edozein diskurtso nazionalistak bezala, subjektu politiko bat zedarritzea du xede; nazioa. Diskurtso nazionalistak, naziokoa nor den eta nor ez den esango digu, hortaz. Nazioa definitzea helburu politiko konkretu bat(zuk) lortzeko estrategia politikoa da, helburu politiko bat(zu)en aldeko subjektua mugatzen ari baita. Ñabardurak ñabardura, abertzaletasunaren kasuan, helburu politiko hori independentzia izan da. Hortaz, euskal nazioaren diskurtso bat egokia izango da definizio horrek barnebiltzen duen jende multzoak helburu politiko horrekin bat egin eta multzo hori zabaltzen laguntzen badu. Laburtuz, diskurtso abertzale bat ona izango da subjektu independentista indartsua egituratzeko gaitasuna badu.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

2 comentarios en «Traineru bakarra?»

  1. Artikulu hauek gero eta argiago uzten digute ze urrun gauden abertzaleok abertzale-iraultzaileetatik eta zer handia den eraiki nahi duten gezur sasi-abertzalea. Pena da guk Apaolaza eta abarrek dauzkaten bozgorailuak ez eukitea, borroka polita bailitzateke.

  2. Eskertzekoak dira horrelako artikuluak. Zoritxarrez euskal mundua Apaolaza eta bere aldekoen hitz jarioz kutsatua dago. Argi gelditzen da hemen abertzaletasunaren itxuraz eta independentziaren aitzakiaz gizarte modu eta ekintza modu konkretu bat dagoela inposatu nahi dena eta gutxitan eta erdipurdika azaltzen dena, gainera.

    Horrelako teoriak salatu egin behar dira ez baidute euskal nortasunarekin harremanik, alderantziz, euskal nortasuna dute soineko nazioartean hedaturik dagoen iraultza modu iruzurti hori bultzatzeko asmoz. Hemen, adibidez, euskal independentzia eta bere sujeto bakarraren solasarekin ENAMeko erakunde eta borroka anitzeko moldea bultzatu nahi da, orain dagoen euskal nortasuna eta orain artean egindako aberri lana bazterturikan.

    Txalo bat, beraz, Goitia jaunari horrelako tipoak egun argi pean jartzeko egiten duen esfortzuagatik. Merezi du zeren eta kontraste eta debatearen argira engainua desegiten baita eta begibistan gelditzen da egia: ENAM eta bere alegin teorizatzailea euskal aberriaren etsairik gogorrena dela, barrundikan pitzatu eta indargabetu nahi baitu euskal nortasuna eta historia.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *