Jose Manuel Bujanda Arizmendi

“Euskara ahulegia da armatzat hartzeko”, Koldo Mitxelenaren hitzak dira. Hitz profetikoak alajaina. Berri itsusiak tamalez euskararen eta Korrikaren inguruan. Euskararen inguruan zubien eta zubigileen garai premian hara eta non lubakiak. Lubaki madarikatuak. Eta lubakiak eraikitzea ez da ez bide egokia zerbait hobearen bila aukeratzeko orduan, ezertan, ezta euskararen inguruan ere. Berriro diot, ezta euskararen ingurua. Errorea da. Handia. Artikulu honen izenburua erabakitzean eta “zubigintza” eta “zubigileak” hitzak idatzi bezain pronto nire aita “Inosen” datorkit burura, garunera eta bihotzera. Zeren euskaraz idaztea erraza ez zenean, 1965 inguruaz ari naiz, nire aitak garai hartako Zeruko Argia izena zuen Kaputxinoen aldizkarian idazten zuen, ni 12 urteko mutiko bat nintzen, baina gogoan daukat nola idazteko makina zahar eta handi batean aritzen zen tekleatzen eta tekleatzen, amaitu bezain laster ni bidaltzen ninduen Grosen bizi ginen etxetik, zubia pasa, eta ia ia aurrez aurre zegoen Kaputxino elizan ez dakit nori emateko. Zubia pasatzen nuen bai, harantz eta buelta. Zubia hor. Zubigilea, ni neu, ari arin sobretxoa eskutan. Urduri, mezularia bainintzen. Zubia, Zubigilea, mezularia.

Nire aita “Inosenen” horietako artikulu baten izenburua Zubigintza eta Zubigileak zen. Artikulu profetikoa hain zuzen. 1965ez ari natzaizue irakurle estimatuok, orain dela 61 luze beraz. Euskaldunon arteko zubigintza eta zubigileaz ari zen, belaunaldien arteko zubigintzaz, euskarak ere bere zubigintza eta zubigile partikularraren beharra omen zuen (batua eta euskalkien arteko, ha eta abar), abertzaleen artean zer esanik ez, eta baita abertzale eta ez abertzaleen artean ere. Zubigintzaz eta Zubigilez ari zitzaigun frankismoaren itzal erdian. Gero artikulu hori, eta beste batzuk, aurkitu nizkion bere heriotzaren ondoren eta gaurko Argiara bidali hemerotekan gordetzeko. “Zubigintza”, eta “zubigileak” noski, aitaren benetako grinak.

Euskarak zubiak eta zubigileak behar ditu, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak dioen bezala, zubiak eta zubigileak eta ez elkarrengandik urruntzen joango diren muturrak, zubiak erakundeetan, zubiak eta zubigileak kalean eta zubiak Korrikan, eta zubigileak gehitzen dut nik neuk. Eta jarraitzen du Eiderrek euskarak zubiak behar dituelako eta ez trintxerak. Horrela zioen baita Markel Olanok EAJko EBBeko buruzagiak ere, euskara liskar politikotik atera behar da, euskara guztiona da, ezin dugu onartu ez bazterkeriak ezta euskararen erabilera politikoak ere. Baita Ibone Bengoetxea ere Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta euskara eta kulturaz arduraduna horretaz ari zaigu, Korrika “topagune” gisa hartzearen aldeko apustua du Eusko Jaurlaritzak, euskararen alde egitea batzea delako, ez baztertzea. Egi borobilak eta berdaderoak.

Ez da lehenengo aldia aipatzen dudala: azpimarra eta errepika dezagun Euskal Herria hizkuntza berezi baten jabe dela. Bizirik iraun duen hizkuntza propio baten jabe gara. Inguruko hizkuntzekin ahaidetasunik nabari ez zaiona eta mendez mende lurralde honetan kokatua. Bada nor bere plazerera ametsetan egotekoa. Baina agian amets egiteko grinari ateak zabalik uztea arriskugarri ere gerta daiteke. Hobe buru hotzaren zentzuz gaiari heldu: azken hamarkadetan giharra eta kemena bereganatuta alor askotan, landu, trebatu, erabiliagoa esparru askotan, euskaldun kopuru aldetik ere igoera boteretsura iritsi arte gazteengan bereziki. Zorionez, hiritarren gehiengo zabal batek adierazi izan du euskara geure arteko komunikaziorako tresna erabilgarria izan dadin nahi duela, arnasa eta lekua hartuz beste hizkuntzen artean. Klasikoak gogoan: “Axularrek esan zigunez aspalditxo “tresnak erabiltzeaz fin-tzen dira eta orobat hizkuntzak“.

Axular gaur egun bizi balitz pentsatu zukeen etengabeko aldaketetan murgilduta dagoen euskal gizarte konplexu honetan herritarrok ditugun komunikazio premiak betetzeko tresna egoki izatera bilakatuko beharko zuela euskarak. Horixe XXI. mendeko “Euskara jaldi hadi kalera” gaurkotua. Elebitasun sozial integratzailearen ikuspegitik gaurko elebitasun desorekatua gainditzeak eskatzen du gizarte bizitzan pixkanaka murriztea bi hizkuntza ofizialen artean ematen den desoreka. EAEko Estatutuak eta Euskararen legeak euskarari eta gaztelaniari aitortzen dieten berdintasun formal edo legala gizartean ere berdintasun izatean legoke kakoa. Eta hori lortuko bada ezinbestekoa da, oraindik, euskarari lehentasunezko tratamendu positiboa ematea. Euskararen normaltasun soziala ez baita euskara hizkuntzaren behar abstraktu bat, baizik eta euskal gizartea demokratikoki egituratzeko baldintza onuragarria. Eta hau guztiona den zerbait da, guztiona, behar sozial kolektiboa.

Nire uste apalean hizkuntza gatazka uxatuz euskarak irabazi behar ditu lekuak, eremuak eta esparruak, hainbat funtzio sozialen tartea bereganatu, kultur komunikaziorako eta garapen politiko eta sozialerako ohizkotasunez erabilia den hizkuntza funtzio nagusienak dituena. Irabazita dituenak galdu gabe. Hori bidea, normalkuntzarena, urratu beharrekoa, gaur eta hemen inork ezin dezake jarri duda mudatan euskararen normalkuntzaren izaeraren legitimitate demokratikoa. Euskal gizartea eraikitzeak, Euskadi bera eraikitzeak, sozial, ekonomikoki eta politikoki ez-ezik, linguistikoki ere eraikitzea suposatzen du. Esan daiteke beraz, geure gizartearen eraikuntza euskararen normalkuntzara mugatzerik ez dagoen bezala, Euskadi osatzen duten zazpi, bai zazpi, lurraldeen nazio eraikuntza demokratikorako, gizarte integratu bakarra eraikitzeko baldintza bakarra eta nahikoa ez baina, aldi beran, beharrezkoa zaigu, zazpitan, euskararen normalkuntza soziala. Euskararen normalkuntza soziala gizartearen normalkuntzaren mesedetarako baita, gizarte-harremana hobetu besterik ez baitezake egin. Euskararen normalkuntza sozialean aurrera egiten duen heinean gizartea demokratikoagoa hezurmamituko. Herri eta gizartearen ondarea den euskara ez dadila ideologia politiko bati lotua ager, bestela zatiketa gertatuz euskara bera suertatuko kaltetua. Antzukeri hutsa. Ez lotu euskararen auzia eztabaidagarri diren ikusmoldeekin, hilgarria bihurtu daiteke eta. Alderantziz, zuhurtziaz, buru argiz eta jakitatez jardun. Euskararen bizi iraupena, horra hor obra berez ona, justua eta beronen alde lan egitea merezi duena. Badira arrazoiak helburu horren alde aritzeko. Egitekorik aski. Eta esan beharra baldin bada: esandako guztiak ez du ez beste hizkuntzen aurkako edozerekin.

Beti sinetsi izan dut euskara gatazka politikorako elementu gisa erabiltzeak kalte egiten ziola euskarari. Euskara, beste edozein hizkuntza bezala guztion ondare komuna da, abertzale izan ala ez. Unamunok esan zuen: “Euskal Herriaren arima” da. Euskara hizkuntza gutxitua, historikoki baztertua, jazarria eta baita debekatua ere izan da, eta horrek bizitza publikoan erabilera murritza ekarri dio. Adostasun sozial handia behar du beraz berreskuratu eta normalizatzeko. Adostasun hori sendo mantendu da hamarkadetako berreraikuntza instituzionalean zehar, akordio emankorrak lortuz politika publikoen munduan eta batez ere hezkuntzaren arloan, non herrialdearen berreuskalduntzearen aurrerapena arrakastatsua izan den argi eta garbi. Euskarak EAEn duen ofizialtasunaren ondorioz bultzatutako politika publikoek, ez dute kexu edo arazo handirik izan euskal gizartearentzat azken hamarkadetan. Orain eta horren ondorioz bilatzen ari den honen inguruko akordioa ez da, batzuek esan duten bezala, hizkun-tza-politikaren irizpideen aldaketa bat. Ziurtasunaren bermea da, segurtasun juridikoarena hain zuzen. Espero dezagun desadostasun hori protagonismo tentela bilatzeko estrategia bat besterik ez izatea.

Berriro, errepikatzen dut ostera, bai: Euskarak zubiak eta zubigileak behar ditu, Eider Mendozak dioen bezala, zubiak eta zubigileak eta ez elkarrengandik urrun-tzen joango diren muturrak, zubiak erakundeetan, zubiak eta zubigileak kalean eta zubiak Korrikan, eta zubigileak gehi-tzen dut nik neuk. Eta jarraitzen du euskarak zubiak behar dituelako eta ez trintxerak. Horrela zioen baita Markel Olano buruzagiak ere, euskara liskar politikotik atera behar da, euskara guztiona da, ezin dugu onartu ez bazterkeriak ezta euskararen erabilera politikoak ere. Baita Ibone Bengoetxea horretaz ari zaigu, Korrika “topagune” gisa hartzearen aldeko apustua du Eusko Jaurlaritzak, euskakararen alde egitea batzea delako, ez baztertzea. Ekin eta jarrai diezaiogun lanari asmoz eta jakitez. Ezina, ekinez egina egi bihur dezagun.

Ireki diezaiogun adostasunaren itxaropenari leiho zubigilea. Saia gaitezen akordioak lantzen, adostasunak ehuntzen, ezberdinen arteko uste eta iritziak begirunez eta errespetu osoz kontrastatzen eta lasai eztabaidatzen. Bidea ez da bidea bazterketa, legea aldatu behar bada alda dezagun, euskara blindatzen saia gaitezen, eta “agente” guztiak geureganatzen bultza euskararen onerako. Zubigintza eta zubigileak bai. Lubakiak eta trintxerak ez. Hala bedi.

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *