Jexux Artetxe
Bizi izango balitz, aurten Arizmendiarrietak 110 beteko zituen. Hitz bihurtu ezin daitekeen ideia ez dela ideia ona eta ekintza bihurtzen ez den hitza baliogabea dela esan ohi zuen. Euskotarron sen praktikoa aipatzen bazuen ere, horrekin ez zion garrantzirik ukatu nahi gogoeta egiteari. Bizipenak ideien aurretik zetozela aitortzen zuen. Beraz, ez zen beharrizan errealetatik aparteko ideia abstrakturen zalea, baino berak ez zuen ezta ere iparrik gabeko ekintzailetzarik sustatu nahi.
Errealitatearen azterketa eta jokabidearen aurreko oldozketa arrazionala egitea aholkatzen zuen apaiz markinarrak, euskotar eta herrizale ‘mediokrea’ ez izateko. Baina, balioen transmisioa ere ezinbestekotzat jotzen zuen.
“Eusko espirituz eta arnasa barriz biziarazo dagigun inguruan daukagun guztia”. Aztoramena nagusitu den mundu honetan, euskal herrigintzaren alde gaudenok pentsatu egin behar dugu nola eutsi kontserbatu nahi dugunari. Halaber, gizartearen arlo ezberdinetan aldakuntza sakonaren beharra ikusten duenak ezin lasai egon berrikuntzaren hausnarketa egin gabe.
Geroari begirako burubide egokien bilaketa etengabean aritzea dagokigu, baina bertakotasunean sustraitutako prozesu batean. Jokabide berrien alde eginez, baina antzinako zentzu onari muzinik egin gabe.
Apartatu gaitezen teoria sistematiko, global eta perfektuen menpekotasunetik, dena goitik-behera atontzen duten horietatik. Erantzun unibertsalek ez dute tokietarako balio. Gogoratu besterik ez dugu, iragan mendeko 60ko urteez geroztik iraultza globala euskal auziaren zainetan txertatu nahi izanarekin batera, zer-nolako zatiketa eta tragedia erakarri diren gurera. Egoera lakatz horren erdian, Arizmendiarrietak bertan errotutako ikuspegia mantendu zuen, etxeko nahiz kanpoko materialak erabili bazituen ere. Eta bere inguruan bildutako jendeak sortutako lankidetza esparru hori da goraipa daitekeen herri-ekinbiderik bidezkoenetakoa.