Igor Goitia
Gure gizarte garatuan iritsitako ongizate materialak berekin badakartza albo ondorioak ere, inondik ere makalak ez diren kalte ondoioak. Herbet Marcusek ondo jabetu eta ohartarazi zigun horretaz. Gure ongizate materialak goia jo izanak hein handi batean merkatuaren logikak den-dena kolonizatu izanarekin dago hertsiki loturik. Areago ere, merkatuaren logikaren guztiz pekoa derrigor izan behar ez zuen ekoizpena bera ere haren zerbitzari eta morroi huts bilakatu da. Merkatuak errealitate guztia, erreala den guzti-guztia kolonizatu du. Bizitza bera ere merkatuaren logika itsuak kolonozitua izan da. Esaniko hori guztia gutxi ez, eta mundua eta bizitza beste moduz pentsateko balizko hipotesia bera guztiz zapuztua geratu da. “Gizaki dimentsio bakardun marcusiarra” arrazionalitate bat bakarrekoa da, eta atzera bueltarik gabe arrazionalitate instrumenalak errotik eta alderik alde bizi duen gizaki arrunt besterendu bat baino ez da:
“Arrazionalitate hau irrazional bilakatzen da, ezen, bere burua ekoizkortasunera itsu-itsu emanda, naturaren kontra ere sutsu diharduelako eta gizarte mailako merkatutik kanpoko aberastasun ez monetarizatuak oro etsaitzat dituelako zenbait eta zenbaitetan” (HINKELAMMERT,H., Racionalidad reproductiva, 283. or.)
Ongizate materialeko egoera berez ezin hobe honetan, zer eta, pardoxikoki, bizitza bera kaltetuz joaten da. Merkatuaren esaneko den ekoizkortasun logikaz eginez bestelako bizitzako helburuak logika horretara makurrarazi behar dira derrigor. Bizitza, erabilitako logikaren erdigunetik erauzia izan denez, arian-arian, kapitalismoaren goranzko bilakaera geldiezinak gero eta kaltetuago izaten da. Eta, ibili-ibilian, azkenerako, sistema gizaki guzti-guztiak, are orain artean iraun duten gizarte bizimolde alternatiboak ere, beretuz joaten da, beren balizko kritikarako gaitasuna eta beregainak izateko antzeak guztiz indargabetuz.
“Merkatua, bere inertziaz, “denon interesekoa” (“interés general”) den horren sinonimo bilakarazten da azkenerako. Prozesua hain da inertziala eta jada geure-geurea, ezen guztiz oharkabean doakigun. Hain-hainbesteraino, sarri askotan giza izaeraren eta bizitzaren kontra ageriki ari izan diren hainbat gertakari eta erabaki ozpakizunerako zergati bihurrarazten dugun. Dena merkatuaren buletan totalizaturik gelditzen da” ((HINKELAMMERT,H., Economía de la vida humana y del bien común, 14, or.)
Orain artean esandakoa zaharrak berri, egia esatera; oso polita eta aspaldidanik topiko huts-huts baino ez daukaguna, eta edonoren ahotan ibilitakoa. Eta, orain zer? eta, alde-alde, gutxi-asko, denok irizkide izatera garamatzan argazki honen aurrean zer esan? Nondik atera kasik jada irtenbiderik gabeko deritzogun ataka honetatik? Bada, ez dakit, nekez. Ezinak ezin baina, kontu honi buelta ugari eman dionik badugu. Bat arreratu dut dagoeneko lerro hauen honaikoan; hausnarbide horretan Hinkelammert dugu atore solbente den horietariko bat, nire ikusian behintzat. Beste bat ere ekarri nahi dut gaurko lerro hauetara. Bigarren hau, gure artekoa, etxekoa, oso solbentea ere bere pentsamendu eta hausnarketa teorikoetan, baina, oroz gain, eragin zuen praxiak eta ongizate sozial errealak abalatua izan dena, Jose Maria Arizmendiarrieta. Esanda moduan hortaz, Hinkelammert eta Arizmendiarrieta elkarren aurrez aurre jarriko ditut solasean bestelako balizko gizarte eredu baten gainean.
Kapitalismo itsu eta kupidagabe honen gehiegikerien aurrez aurre, Hinkelamert eta Arizmendiarrieta, zeinek bere proposamenari helduta, hein handi batean, hausnarketa-puntu askotan, irizkidetzat jo genitzake, nire ikusirako bederen. Elkarrengandik geografikoki oso urrun, guztiz bestelako errealiteek interpelaturik, baina, halarik ere, komunean hainbat eta hainbat ideia zein soluzio-proposamen nolabait-edo partekatu zuten. Zeinek bere hizkeraz, zeinek bere kategoriez, baina antzeratsu-edo aurre egin zioten kapitalismoak itxuraz luzatzen digun patu bakarrari. Oso hizkera propio dute biek ala biek, kategoria oso pertsonalez artikulatutako diskurtso errepikaezinak jorratu zituzten, baina, komunean, nik uste, kontu antzekoen berri eman ziguten.
Bizitzaren erdigunean beharko lukeen “lan erreproduktiboa” Hinkelammert-en kategoriarik aipagarrienetako bat dugu. Kapitalismoak bizitzaren kontra gero eta indartsuago diharduen honetan, “lan erreproduktiboa” hausnarketa-ekuaziotik erauzi da, eta hori izan da prozesu guztizko (“total”) horretarako aurre-baldintza ezinbestekoa. Bestetik, “espiritu kooperatibo” eta horren praxi proiekzioak dira gailen Arizmendiarrietaren pentsamenduan. Lanak merkatuak ebazten duenaz bestelako zentzua izan beharko luke, gizakia eta komunitatea erdigunean izango duen zentzu beregaina, esango digu Arizmendiarrietak. Ideia horiek arin-arin aurreratu ostean, noan,hurren, segidako lerro hauetan, zein bakoitzak zer dioskun hona ekartzera.
Hasteko eta behin, biek dute giza duintasuna, justizia soziala eta bizitza erdigunean egoteko kezka beren pentsamenduaren abiagune. Bizitzak izan beharko lukeen “edigunetasuna” modu batez edo bestez bien pentsamenduaren oinarria da. Gizartea garatzeko ezinbesteko irizpide deritzote bi-biek.
“Demokrazia garaikideak zer-nola garatzen diren hausnargai izan zuen Hinkelamertek. Demokrazia, ekonomia eta giza bizitzaren “erreprodukzioa” nola elkar-lotzen diren izan zituen kezkagai. Euren arteko lotura konprenitze aldera, lan kontzeptuari, bateko, eta erreprodukzioarenari, besteko, eskainiko die propio arreta ekonomia teoria klasiko eta neoklasikoak aztertu zituenean eta, erakutsian jarriko du noraino ailegatzen ari den edo ez baliabideen banaketa optimora” (HINKELAMMERT, F., Racionalidad reproductiva, 232. or.).
Hinkelammertek bizitzaren eta giza-harremanen oinarri-oinarri den “lan erreproduktiboaren” garrantzia azpimarratzen du atergabe bere obra guztian zehar.
Arizmendiarreta, bere bide propioa urratuaz, begirada kooperatiboari helduko dio beti, honek giza beharrei, eta ez kapitalarenei, erantzun ahal izango diela uste eta sinetsita.
“Egia esatera, Arizmendiarretaren ikusian kooperatibismoa ez da ez abiagune, ez abiaburu. Arizmendiarreta kooperatibista bainoago, edota hori baino lehenago, pertsonalista da. Pertsonaren gainean duen ikuspuntu filosofikoa gailentzen zaie bere enpresa teoria guztiei, hurrenkera kronologikoari dagokionean ez ezik, oinarriztapenari dagokioenean ere bai. Bere enpresa-ereduagatik itzal handiko deritzogu Arizmendiarrieta, baina hau oinarritzat hartu zuen pertsonaren filosofiaren ondorio zuzena baino ez dugu. “Filosofia hori gabe berandu baino lehen molde enpresarial horrenak egingo luke” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 37. or).
“Arizmendiarrieta bestelako gizarte eredu baten bila aritu zen, gizakia erdi-erdigunean izango duen eredu berri baten bila. Industriarako baliagarria izango den eredu kooperatiboan aurkitu uste zuen soluziobidea. Egi-egia esatera, eredu berri hori ez da guztiz koperatibismotik iritsiko, ez da soil-soilik horretara mugatzen, nahiz-eta asko-askotan Arizmendiarrietak hori pentsatzeko joera izan zuen” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 171. or).
Bizitza dute erdigunean biek, eta horren zerbitzura izango den ekonomia molde baten alde egiten zuten. Kapitalismoa gogor kritikatzen dute biek, besteetan beste, lana deshumanizatzeagatik eta kapital pilaketa lehenesteagatik giza beharrizanen kaltetan.
Kapitalismoak lan erreproduktiboa gutxietsi eta ikusezin bilakarazten du, Hinkelammerten esanetan. Arizmendiarrietak, aldiz, bizitzaz ari dela, berehalakoan, gertukotik egingo du, jada mutur aurrean dugun enpresetatik alegia. Hortaz, Arizmendiarretak, kapitalismoaren alternatibez ari zela, segi-segituan enpresa kapitalistaren alternatiba izango den enpresa eredu baten gainean aritu zen. Norbere eta komunitatearen errealizazioari bide emango dion enpresa eredu bat bilatu zuen Arizmendiarrietak: enpresa-eredu bat non lana, bere fisikotasunaz aparte, humanizatzailea izango den eta betiere gizarte eta komunitatearen interesen zerbitzurako (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, cfr. 228. or).