Jexux Artetxe
Pertsonok daukagun libertate antsia onbideratu beharraz ohartarazi gintuen Lourdes Iriondok. Kanta berean, guretzat nahi dugun askatasunaren jabe izaten ba ote dakigun kezkatuta agertu zen. Bat gatozke kantariarekin agertzen duenean inolako mugarik gabeko askatasun gosea ase nahi izatea dela erabakirik errazena, baina horretatik ezin letorkigukeela guztiontzat zor den ongia.
Zerbaitenganako antsia zentzugabeko desioa da, gose instintiboa, elkarren arteko bizikidetzari inolako begiramenik egiten ez diona. Bakarka bizi izan bagina bezala jokatzea litzateke, gizaki bakoitza bere-berean gotorturik. Baina, gizartean bizi gara elkarren mendeko garelako. Eta bakarkeriazko egoera batean isolaturik bizi nahi duenak ez du hartu nahi besterenganako obligaziorik. Horrela jokatzen duenak, jakina, ezin espero dezake beretzat nahi dituen libertate eta eskubideekin besteek ere arduratuta sentitzea.
Libertatea, ordea, ez da lotura guztietatik askatzea. Zertarako behar den askatasuna galdetzen duenean, lagun hurkoa leialki maitatzeko behar dela aldarrikatzen du Iriondok. Leialtasuna ardura, konpromisua, obligazioa da. Beraz, harreman loteslea. Libertatearen jabe izateak ondokoekin lotu egiten gaitu. Edo, beste modu batera esanik, haurridegoak sortzen dituen loturak askatzaileak lirateke. Gizakiari legozkiokeen eskubideak, bete beharreko obligazioen antzera, bakarrik gizataldean gauza baitaitezke.
Lourdesen abestia 1968koa da. Ez dugu garaia ahaztu behar. Orduan igaro zuen ETAk gizabidearen marra gorria, eta heriotzaren zabaltzaile amorratua bihurtu zan, ordutik aurrera berebiziko tragedia utziz. Herriaren askatasunaren izenean, bere bozemaileek esan ohi zutenez. Iriondok, orduan, ozen kantatzen zuenak bidezkotasun osoa ukatzen zion jarduera armatu horri. “Libertatea ez da herrien jostailu… Askatasuna bakerako, ez bengantzako, ez hiltzeko, askatasuna maitatzeko, gizaki guztien onerako”. Memoriaren egunean, azaroaren 11an, horixe abestuko dugu, ostera.
Oso artikulu ederra.
Gizabanakoaren interesa ezin daiteke gizartearen interesen aurretik jarri, bestela gizakiarenak egin du. Gizarte kumeak gara, maitasuna, zaintza behar dugu, eta hori barik ez gara ezer. Eta gizartea elkar kidetza da.
Askatasuna zertarako?, galdera ona.
Askatasuna ez da katerik gabe bizitzea eta nahi duguna egitea bakarrik. Askatasun burujabea bere buruaren onaz bakarrik ez du arduratu behar, etxea eta auzoaren ongiaz ere arduratzea eskatzen du.
Jexux Oso gustura irakurtzen ditugu horrelako artikuluak, jarraitu bide hori.