Joxan Rekondo
KULTURA
Auzolanaz hitz egiten dugunean euskal sen komunitarioaren adierazpiderik ezagunenaz ari gara. Auzo-komunitatearen definizioan, Arizmendiarrietarekin segitzen badugu, ezaugarri nagusiena da kidetza edo pertenentziaren sendotasuna: “talde bateko kideen arteko lotura naturala eta sakona, elkar ezagutu gabe eta giza estimulu maitagarrien jokorik gabe gertatu ezin dena”.
Auzotasun partekatuan oinarritzen ziren elkarri laguntzeko usu eta ohitura sozial askotarikoak. Bonifacio Etxegaraik honela ikusten zituen: “formas de cooperación nacida y prestada libre de toda traba legal; esto es, sin sujeción a ordenamiento alguno escrito, ni a ningún molde impuesto por un régimen orgánico preestablecido; algo que se muestra como fruto de la propia voluntad de los que se comprometen a prestarse ayuda mutua en un círculo minúsculo”.
Etxegaraik auzo-prestazioen morfologia azpimarratzen du lehenik. Lankidetza modu ezberdinak osatuko lukete ‘auzolanaren kultura’ izenburuarekin ezagutu daitekeen gizarte-dinamiken sorta. Lege-ezarpenen gainetik, gizartearen ohiturek eta ekiteko gaitasunak markatzen dute auzolanaren kultura tradizionala. Legeak gauza bat esan dezake, eta ohiturak bestea bultzatu. ‘Ezjakintasunak ez du legea betetzetik salbuesten’, zuzenbide latinoaren oinarri ezagunetako bat da. Foru-tradizioak alderantziz jarriko luke esamolde hori: ‘ez dira legeak, baizik eta herriak ezagutzen eta berresten eta betetzen dituenak’ (Joaquín Costa).
Auzokideek beren borondate librearen bitartez elkarri laguntzeko, behar komunei erantzuteko, sortu duten instituzioetako bat da auzolana. Instituzio komunitarioa, auzo-komunitatearen elkarketa zaintzen zuena izanik ere, auzolanaren subjektua auzokide bakoitza zen, bere esku hartzearen ardurari ukorik egiten ez ziona. Subjektu autoaskia bezala jardun nahi zuen, bere potentzialitateak inorenganatzerik nahi ez zuena.
Auzolanaren kultura aztertzen ari garenean, garai bateko praktikatzeko moduak baino gehiago interesatzen zaizkigu betetzen zituen funtzioak eta, batez ere, auzolanaren esperientziak komunitatearentzat hartzen zuen zentzua. Gure ustez, aro modernoan, zentzu hori komunitatearen beste dimentsio batzuetara transmititu da. Beraz, auzolanaren kulturaz gaur hitz egiten dugunean ez diogu bakarrik begiratzen auzolanaren antolaera historikoei eta gizarte tradizionaletan bete zezakeen funtzioari. Auzolanaren zentzuak Etxegaraik mugatutako ‘zirkulu txikitxo’ hori gainditu egin du. Esate baterako, euskal kooperatibagintzaren sorreran arrasto argia utzi zuen kultura honek. Orduan, tradizioaren berrikuntza egingarria zela frogatu zen.
Funtsean, auzolanak ezinbestekoak dituen baldintza gisa hauek aipa ditzakegu: komunitatean elkarkide bezala jokatzeko espiritua lantzea, elkarrekiko zor eta ardurez jabetuta eta elkarrekin lan eginez guztien ongia bilatzea. Guztien ongia behar den bezala ulertu behar bada, kontuan hartu ez dela bidezkoa ongi hori belaunaldi jakin batek bere nahierara xahutzea. Gure aurrekoek inguru bizigarria utzi diguten bezala, ondorengoei guk ere baldintza bizigarriagoetan (hartutakoa hobetuta) uztea zor diegula.
Komunitate kooperatiboen elikagarri gerta zitezkeen balio inplizituen espresio bezala, Arizmendiarrietak ‘auzo’ eta ‘lan’ termino tradizionaletara jo nahi izan zuen.
Bere iritziz, auzolanaren aipamen hutsak «oihartzun sakona du gure herrian” eta errealitate sozioekonomikoan eragiteko oso baliagarria zen. Etorkizunean ere, ez zeukan inolako zalantzarik beharrezkoa izango zela euskal herrigintzaren erreferentzia modura. ‘Auzo’ hitza «libertatea, elkartasuna, komunitatea eta indarra» esanahiekin lotzen du. Logika honen ikuspegitik, elkartasuna eta komunitatea ezin daitezke egiaztatu lan librearen indarrez baino. Horregatik, euskaratik aukeratzen duen beste terminoa ‘Lan’ da, eta azken honi ematen dizkion zentzuak beste hainbat dira: «lana, ekintza, eraldaketa-faktorea eta naturaren bilakaera«. Hau da, lana ez da produkzio-prozesuan, edo merkatuari begira, egindako ahalegin profesionala soilik. Natura, pertsona bera eta gizartea eraldatu eta hobetze bidean jartzeko, arduraz egiten den guztia da lana.
Auzotasunak gizarte dinamika autoeratua eta bizia eskatzen zuen, arazo eta beharrizan nagusienak elkarrekiko eta komunitatearekiko konpromisoaren bidez konpontzea bilatzen zen, eta irtenbide indibidual hutsak eta ardurak besterentzeak ez zituzten batere gustuko. Ez zen ondo ikusten bakoizkeriarik, ezta menpekokeriarik ere. Norbere askatasunaren zaletasunetik erator zitekeen soilki auzo-elkartasuna: “askatasun-zaletasunetik alkartasunera garoaz”. Arizmendiarrietaren esaldi horrekin borobildu daiteke kontzepzio honen baitako zirkulu bertutetsua.
Auzokide burujabea da zirkulu hori eragin dezakeen bakarra. Ondorioz, horren lana onuratsua gertatzen da auzo-elkarbizitzarako, ‘gu’ komunitarioaren sendotasunerako mesedegarria, eta horregatik, ‘gutasun’ horren kidegokoa den gizaki bakoitzarentzat ere onuragarria. Beraz, denentzat eta bakoitzarentzat ongarria. Zentzu zabalenetik hartuta, hor dago auzolanaren muina.