Berrikuntza eta erresilientzia, auzolanaren kulturatik begiratuta (2)

Joxan Rekondo

LOKALA/GLOBALA: ‘EMAN ETA ZABAL ZAZU’.

Larrialdi globalen aurreko erantzunak, globalekoak izateko ere, tokian tokiko eraketa izan behar dute, jakina. Baina, ‘pentsatu modu globalean, eta ekin modu lokalean’ esatea ez da egokia. Inor ez baita unibertso globalean bizi. Eta gauza jakina da bizipenetatik eratortzen dela pentsamendua. Bizitza non-noizko parametroetan kokatu beharra dago. Tokatu zaigun garai honetan ere, gehienok herriaren inguruan egiten dugu bizitza ia osoa. Etxekoa eta etxe-ondokoa (auzoa, kalea, eskola, lantegia, lagunartea…) da gure bizi-esperientzia.  Hortik eratzen da gure mundu ikuskera. Izan ere, etxeko leihoetatik ikusten dugu mundua. Beraz, bertako inguruabarrek markatzen dute, neurri handi batean, gure ikuspuntua.

Erronka globalez jarduten garenean ere, orduan, tokian hartu beharreko erabakiak ezin dute estrategia mundialaren espresio hutsa izan, beren funtzioa estrategia hori exekutatze lanera mugatuko balitz bezala. Manuel Castellsek Ruptura’ liburuan dioenez,  gizartearen zorutik sor daitezkeen dinamiketan jarri behar dugu esperantza: “Humanos practicando como humanos… reconstruyendo de abajo arriba el tejido de nuestras vidas, en lo personal y lo social”.

Labur esanda, arazo globalei tokian tokiko erantzunik sendoena ematekotan, inguruko giza-garapen berariazkoaren bilaketari eman beharko genioke nagusitasuna. Solidaritate abstraktuetatik alde eginaz, elkarren arteko loturak sortuz. Ezin adierazi gabe utzi gaztelerazko ‘solidaridad’ eta euskerazko ‘elkartasuna’ ez direla guztiz baliokideak. Solidaritateak ez du zertan elkarrekiko harreman gisa azaldu. Horretara obligatu behar gintuzkete ‘auzolaneko kulturaren’ bidetik sor genitzakeen aukera eta erantzunak.

Etxea izan da, gure tradizioan, komunitatearen paradigma behinena, eta euskal ikuspegi komunitarioaren oinarria. Etxearen figura hori baliagarria zaigu gizaki modernoaren bizitzarentzat ere tokiko harremanek hartzen duten garrantzia goraipatzeko. Gure etxe eta etxaldeek aterpea izan behar dute, noski, eta ez gotorlekua. Horrek eman diezaioke gure (edozein) komunitateen barne-energiari sendotasuna, baita irekitasuna ere globaleko desafioen aurrean.

Hori horrela egingo balitz, seguru Gernikako haritzak bete lezakeela Iparragirrek aspaldi egin zuen igarpen hura: ‘Eman da zabal zazu munduan frutua’. Izan ere, euskal tokikoak globalari aporta diezaiokeen horretan aurki dezakegu ‘glokala’ izan daitekeenaren zentzurik txukunena.

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *