Azala / Portada » Begiradak

Jexux Artetxe

Ezin dezakegu uka iraganeko gerra zikinek utzitako sufrimendu bidegabeak zamatzen duela gure egungo eta etorkizuneko bizikidetza. Auzo bereko biztanle izan gaitezke elkarren ondoan erroldatuta egonik, baina elkarri bizkar emanda bizi, gutako bakoitzak bere lubakitik ateratzeko biderik topatu ezinik.

Oroitzapena dela geroa abestu zuen Xabier Letek Xalbadorren omenez konposatu zuen eresi hunkigarrian. Memoria izan behar baita gaur geroztik eraikitzeko dugun bizikidetzaren funts ezinbestekoa. Amesten dugun elkarbizitza ahanzturan zimendatuko balitzateke, zoru sendorik gabea gerta dakiguke.  Nola sustraitu eta partekatu, datorren denbora horri begira, bilatzen ditugun oinarri sendo horiek?

Gai honen inguruan jardun ginen lehengo astean Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldeak antolatutako hitzaldian. Hiru biktima eta hiru historialariek, oroimen partekatuaren xerka, egindako ‘Begiradak’ dokumentua izan genuen hizketa eta aztergai. Sei haietatik, Josu Elespe lasartearra eta Eider Landaberea historia irakaslea etorri ziren gurekin solastera.

Saio hartatik, bost ondorio azpimarratuko nituzke nik. Aurrenekoa, garaiaren gaineko gogorapen askotarikoak gorde badaitezke ere, memoria bat nagusituko dela. Bigarrena, indarkeria eragin edo justifikatu duten guztien autokritika nahitaezkoa dela. Hirugarrena, iraganean gertatu dena ere giza eskubideei egin zaizkien kalteetatik epaitu behar dugula. Laugarrena, biktimei eguneroko elkarbizitzan gizarteratzea lagundu behar diegula. Eta bosgarrena, komeni zaigula indarkeriaren garaia ulertzea, baina inolako justifikaziotan erori gabe.

Bukatzeko, esan dezaket joan den asteko bileran argi asko nabarmendu zela Bizikidetza Taldeak orain arte bete duen eginbidea eta ‘Begiradak’ agiriak markatzen dituen ideien arteko bat etortzea.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Un comentario en «Begiradak»

  1. komeni zaigula indarkeriaren garaia ulertzea, baina inolako justifikaziotan erori gabe.

    Nola ulertu gertatutako guzia?
    Lehen explikazio bat argitu beharko lukete indarkeri hori sortu, antolatu, aurrera eraman eta babesa eman diotenak.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *