Jose Manuel Bujanda
Gaur 1975ko azaroaren 20 da. Berriro Iruñako kartzela erabat zaharkitutako nire 109 ziegatik idazten dizuet. Arratsaldeko zazpiak dira, ordubete eskas daukat beraz sirena entzun ondoren jantokira abiatzeko afaltzera. Presa bai. Afal ondoren orri hau, beti bezala, gero eta txukunago egiten dut, zeharo tolestu behar dut behin eta berriro eta berriro arropa zikinaren galtzetako baten dobladilloan sartu, ondo josi eta poltsan sartu bihar goizean bisita dudanez zuei pasatzeko asmoz eta etxean “garbitzeko” asmoz. “Txekeoak” gero eta zorrotzagoak dira arropa, janariak, liburuak, bisitetan erabilitako hizkuntzak eta ziegetako erregistrotan, baina nik lortutako abilidadea eta trebetasuna nire idatziak kartzelatik ateratzeko orduan txapeldun baten ondorio, emaitza eta produkzioa da.
Beti arriskutsua da kartzelatik idatziak ateratzea, eta sartzea, baina gaurko eguna eta bereziki gaua, oraingoz 13 ordu, ama, aita, eta Aran eta Juanra anai-arreba bihotzekoak, oso bereiziak izan dira eta dira. Azken 13 orduak, bai 13ak, oso intentsuak gertatzen ari dira, ari zaizkigu. Eta gertatuko direnak!. Dakizuenez badugu modurik kanpoko berriez jabetzeko irratitxo frantses bedeinkatu horren bidez. Gaur gauean suertatu zaion lagunari gauez irratitxoa ezkutuan edukitzea goizeko “Radio Nazional de Espainiako” seietako “partean” entzuterakoan Franco hil zela gau horretan bertan oihuka hasi zaigu patiora ematen duen barrotez jositako leihotik: “Franco hil du, Franco hil du”!! behin eta berriro, behin eta berriro bere euskara malapartatuan. Aipaturiko laguna lasai dagoenean “nor-nori-nork” ondotxo menperatzen du, klase orduan behintzat gaudenean ondo bereizten ditu euskal aditz zailen jokamolde zuzenak. Aitzitik, urduritxo dagoenean nahastu egiten ditu nor, nor-nori, nor-nork eta nor-nori-nork guztiak, eta zeresanik ez orain aldetik iraganera salto egitean.
“Franco hil du, Franco hil du” !! oihukatzen zuen, behin eta berriro, baina guztiok ongi bezain ulertu genuen, ulertu genion “DU” horren ordez “DA” zela, “Franco hil da”!!. Une hunkigarria, guztiz hunkigarria, malkoak begitan, arnas estua bularrean, azkenean, por fin, hil da diktadorea. Baina nire sentimenduek talka egin dute nire buru eta bihotzean, nire bihotz eta buruan. Alde batetik aita eta ama zuetaz gogoratu naiz, eta ziur negar malkoekin gosaldu duzuela. Benito osabaz gogoratu naiz, zure anai zaharrenaz aita, Saseta Batailoiko gudaria Peña Lemonan bere bizia eman zuena askatasuna eta Euskadiren alde. Ziur nago baita ere, Aran eta Juanra, anai-arreba guztiz maiteak, nitaz gogoratu zaretela han urruti zuen ikasketak egiten ari zareten tokitik, ziur zuek ere urduritxo gosaldu duzuela. Baina beste aldetik, nire bihotza eta burua, burua eta bihotza, Jon Paredes Manot “Txiki”ren irudiari so gelditu dira, eta orain bai malkoak lotsagabeki isuri zaizkit bi begietatik. Negar egin dut bai, ez dut inolako lotsarik zuei adierazteko negar egin dudala onartzeko. Zorte madarikatua zurea bihotzeko ”Txiki”, 54 egun diktaduraren morroiak fusilatu zintuztela Kataluniako soro batean, 54 egun. Bi hilabete bizia kendu zizula gaur gauean ohean zahar eta gaixo hil den diktadore hiltzaile kolpista eta faxistak. Hil da hiltzen. Bi hilabete. Zauden lekuan zaudela “Txiki” desio dut gaurko berria zureganaino iristea. Sentimendu kontrajarriak bai.
Jakin ezazu famili maitea, goizeko sirena entzun bezain laster ziegako ateak irekitzen dizkigutela eta ate aurrean “firmes” moduan “rekuentoa” dugula, zenbatzen gaituzte ea goizean guztiok gauden (nola ez gara guztiok egongo ba!!) ea gaueko pertsona beraiek gauden. Ziegatik atera gara bai, “firmes” moduan bai, irribarrez ere, hunkituta, keinuka eta gure ahotan une horretarako ondo gordeta genuen “Farias” eder bat piztuta erretzen, kea dariola, tabako usain sarkorra. Emozioa gainezka, gure “galeriako” pasilloko lerro oso luzea kea dariola. Ama eta aita, Aran eta Juanra, jakin ezazue une horretan hortzak estutu behar izan ditudala oso gogor eta oso irmo bihotzak eskatzen zidana ez egiteko, hau da “Gora Euskadi Askatuta” !! oihukatu. Baina, egia esan, funtzionario batzuen begirada guztiz zorrotza, gorrotoz bustita zeuden haiek ikusita ez dut aurrera egin. Beldurra ematen zuten begi haiek izutu naute. Nire oihuak, probokazio bezala hartua, eta horren aurrean auskalo nola erantzungo zuten, auskalo.
Begiradak bai, jarrerak baita ere. Nik eta lagunok ados gaude, funtzionarioen artean hiru jarrera ezberdin nabaritu ditugu gaur egunean zehar. Adibidez telebista ikusteko areto handian ginenean eta Arias Navarro negartia azaldu zenean “Españoles Franco ha muerto” totelka hasi denean gure artean txaloka eta “gora”ka elkar besarkatu dugu estu, luze, sakon, pozez gainezka, bizkarrak kolpatuz indartsu. Agian nire bizitza osoko besarkadarik zintzoenetakoak izan dira gaurkoak. Ba esaten nizuen bezala orduantxe ohartu gara hiru jarrera ezberdinez. Zaharrenen artean batzuen batzuk negarrari ekin zioten, bai bai, penaz eta tristuraz. Agian hauek, Nafarrak zeuden tartean, Lizarra eta Iruña ingurukoak, funtzionario gisa “entxufatuak” izan ziren sari gisa gerra zibila amaitu ondoren “nazionalekin” ibili ondoren. Gazteen artean bi jarrera ezberdin gurekiko. Bi jarrera erabat desberdinak eta kontrajarriak. Batzuen begirada gorrotoz beteak garbi adierazten zuen, ahal izango balute, zer egingo luketen gurekin. Eta bazeuden gazte horien artea “kolegi” jarrera hartu dutenak gurekiko, hurbildu zaizkigu, hizketan hasi begirune handiz, irriabartsu batzuen batzuk, “a ver qué pasa ahora, pronto saldreís, ya os queda poco, veremos, animo eta abar…” Azken hauetako batzuen batzuk bazkaltzeko orduan ardo gehixeago hartzeko baimena eman digute “tazitoki” eta “ezikusiarena” egiten. Jantokitik ateratzean eta patiora abiatzean horietako batek bizkarrean kolpetxo amultsu bat eman dit ezker begiaren keinu adierazkorra eginez. Esango nuke beraien artean haserreren bat gerta zitekeela.
Ama, aita, Aran eta Juanra utzi behar zaituztet sirena jotzen ari da. Afaltzera goaz. Ea oraingoan ere ardotxo gehixeago hartzeko aukera dugun. Nolabait ospatu beharrean gaude eta. Agian ez dago ondoegi norbaiten heriotza ospatzea, baina inor ez da perfektua, ezta ni neu ere. Gezurra zirudiena gertatu da aita. Franco hila ikusteko aukera izan duzu, bai aita. Ea zer datorkigun hemendik aurrera. Gaurkoak ordu intentsuak izan badira, nago etorkizuna alor eta esparru guztietan apasionantea eta liluragarria izango dela edota izan daitekeela. Nago laster elkar besarkatuko garela. Nago laster etxerako bidean ikusiko dugula geure burua. Nago euskal lurra laster ukituko dugula geure eskuekin, “gauak goiz-alba duela ondoko” egia izango dela, askatasunaren eguzkia laster azalduko dela Euskal Herriko mendi guztietan, haize berriak datozkigula, itxaropentsu egoteko orduak direla oraingoak, leiho eta ate berriak irekiko direla demokraziaren magalean, eta Euskadiren biharko egunean. Nago erronka berriak begi bistan daudela eta ditugula. “Eusko Gudaria” abestia bihotzean eta ezpainetan, ezpainetan eta bihotzean. Nago gure esker ona eman behar zaiela betiko gudariei, bereziki beraien bizitza dohainik eman zuten guztiei. Zure anaia eta ezagutu ez nuen nire osaba Benito, bihotzean aita. Laster arte beraz, animo asko eta lehen, gaur goizean, “firmes” moduan, “rekuentoan”, nire ahotan, barruan, irten gabe, bota ezinik beldurrez, geratu den oihuarekin estuki besarkatzen zaituztet, Gora Euskadi askatuta !