José Manuel Bujanda Arizmendi
Euskal mitologiak historiaurreko garaietan ditu bere sustraiak. Euskal atsotitz ezagunak honela dio: “Izena duen guztia omen da”. Gure mitologian pertsonaia harrigarrien izenak agertzen zaizkigu: Lur, Eguzki, Ilargi, Urtzi, Mari, Mikelats, Atarabi, Basajaun, Akerbeltz ea. Antzinako mintzaira da mitologia. Indoeuroparren eta kristautasunaren aurreko funtsa du eta honek kultura interes berezia ematen dio. Hau da euskal mitologiaren gauzarik positiboena: ez dela jainko aita duten mitologiaren taldekoa. Ama lurraren irudia Mari da, jainkosa ama. Hasieratik, garbi da, euskal matriarkatua agertzen zaigu inolako zalantzarik gabe. Animismoa dugu mitologia tradizionalaren lehen postulatua.
Euskal mitologiaren kasuan argi dagoenez, lurra unibertsoaren gorputz materiala da eta gorputz horretan Mari jainkosa bizi da, gorputz unibertso horren arima hain zuzen. Munduaren ikuskera animista osotasunaren ikuskera da. Gauza guztiak daude elkarren artean lotuta eta gauza guztiek dute zerikusia batak bestearekin, adurra deituriko lotura magikoak zeharkatzen duelako osotasunaren zati diren elementu guztiak. Lurra jainkosa ama da, Ama Lurra. Horregatik lurreko elementuak sakratuak dira eta dohain sendagarriak dituzte, batez ere erramuak, haritzak, gatzak eta beste zenbait harri eta mineralek. Lurra ama-jainkosa edo jainko matriziala da, femeninoa eta ez maskulinoa. Lurra, emea da. Ama Lurraren eme izaera hori indartu egiten da, kontuan hartuz bere umeen artean Eguzkia eta Ilargia daudela. Baina biok femeninoak dira, alabak dira eta horregatik bata bestearen ahizpak. Euskal mitologiaren alderdi espezifikoa da, beste mitologietan eguzkiak genero maskulinoa baitu.
Euskal mitologiaren gakoa Mari da, irudimen kolektiboko irudi nagusia. Horregatik Jainko gorenekotzat joa izan da. Ederki kokaturiko harpe, mendi, leize eta zuloetan finkatzen da Mari: Aralarko Mari, Anbotoko Dama, Leizeko Santa, Muinoko Anderea, Lizarragako Andereñoa ea. Baita ere “Damea” izena hartzen duena, andrea, sorgina, gaiztoa, haitzuloko Mari, edertasun handiko emakumea bera, suaz inguraturik dagoena batzuetan, eta burrunba itzelak eta leherketa gaitzak sortzen dituena bere ezkuta zuloetan sartzen den bakoitzean. Putre baten itxurapean ere agertu izan dena eta beste zenbait alditan ikatz puska bat urre bihurtzen duena.
Mito ezagunetariko bat Akerren irudia dugu. Mari jainkosaren eta bere sorginen zerbitzura dagoen sexualitate maskulinoa azaltzen duen irudi garrantzitsua hauxe, eta Mariren kontrapuntua denez berarekin harreman osagarria lortzen duena hain zuzen. Sorgina Mariren segizioko pertsonaia femeninoa da. Eta honek ordezkari, apaiz emakume edo azti lana egiten du, sorginkerietan, igarkizunetan, sendabelarretan eta ur magikoetan aparteko sorgina delarik. Kixminen elezaharrak kristauen aurreko jentilak aipatzen ditu, hauek, naturarekin harreman estuan bizi zirela adierazten duelarik. Euskal mitologian “mairu” deitzen zaio jentilari. Olentzero, Onenzaro hitzetik omen dator. “Aro ona” izan daiteke bere esanahia, Gabonak aipatzen dituela, gabon gaua. Olentzero mendian bizi den ikazkina da eta urtean behin mendi tontorretik jaitsi eta opariak ekartzera etortzen den pertsonaia da. Olentzero aro bat da.
Euskal Herrian zehar badira hainbat leize, hainbat aldiz ikusi ahal izan diren zenbait animalia eta munstroen bizileku direnak. Euskal elezaharretako lurpean munstro ezagunena Iraunsuge edo Herensugea izenekoa da, zazpi buru ditu ele zahar batzuetan, bakarra beste batzuetan.
Beste bat Etumetako Basajauna da, izaki mitiko espiritu bat edukiaz gainera, humano itxurakoa, giza itxurakoa hain zuzen. Gizartetik at bizi den gizaki misteriotsua, ez ona, ezta gaiztoa ere, baina bai beldurgarria dena. Bistakoa da beraz, existitu, ondo eta sakon existitzen dela mendeetan zehar sineste errotu bat, zein eta izaki mitikoak egon badirela, eta ugariak gainera, uste eta aurreikusten dituena. Nekazaritzak ere, izan, badu, nola ez ba, bere mitologiaren zatitxo “propioa” gure Euskal Herrian. Badirudi, garirik hemen ez zenean, ezta ezagutu ere, San Martin Txiki izena zuen Ataundarra izan zela lehenengoz garia ekarria zuena inguru haietara. Ataundik mendi aldera abiatuz.
Aralar ondoko jentilek ba omen zuten gari soro ederrik hango zelai oparotan…baina, ataundarrei zirkinik eman nahi ez ziena. San Martin Txikik bizkorrak jentilak engainatu omen zituen. Nola? Ba apustu galdu baten bidez: jentilen gari pila handia salto batean alde batetik bestera pasa baietz erronka eta apustua eginez, jentilek beraien aldetik ezetz, noski. Salto egin omen zuen ba San Martin Txikik… baina gari pilaren erdian, garitan beraz, sartuta geratu omen zen, ezin atereaz handik. Apustua galdu zuen San Martin Txikik. Eta nola hala gari pilo hartatik irtetea lortu zuenean, lotsaz bezala, burua makurtuta alde egin zuen, jentilen algara artean Ataun aldera…baina bere oinetakoak gari alez beterik zituela. Horrela, oinekoetan eramandako gari ale pilatxoa nahikoa izan omen zen harrezkero Ataunen garia ereiteko eta ondoren uzta oparoak lortu ahal izateko. Ataunen garia horrela azaldu omen zen.
Mitoak lehen eta orain. Xedea alda daiteke, hori nork ukatuko du?. Baina barruko mentalitatea, desira eta gogoa berdina ez bada, gutxienez antzekoa bai. Jomugaz ez dago mudantzarik. Gaurko egunean ere mitozaleak gara. Duela milaka urte, antzinako denbora haietan fantasia gehiago zegoen noski, bereziki Greziako mitologian: amets indartsu gehiago, animalia arraroak izkina bakoitzean, munstroak zeru nahiz lurrekoak. Gaur egun aldiz jomuga onuragarriagoetara jotzen dugu gehienbat, probetxuak bilatzen ditugu zuzen zuzen mitoen barruan ere, hala nola, ibilgailu harrigarriak, izarretarainoko bidaiak, galaxietarako abiadurak. Zientziak argi eta garbi aurreratu zaizkigu azken mendeetan, bizimodua trukatzeraino batzuetan. Ez ordea neurririk gabe, ez ordea alor eta sail guztietan…ozeanoen sakonetan zer gertatzen den ez dakigu, ez dakigu oraindik zein arrain eta izaki motak bizi diren leize eta abismo ilun horietan. Ikasteko.
Giza bizitzaren betiko zirika. Beldurra eta izuaren gainetik, ametsa eta itxaropena bilatzen duen beharra eta eskubidea ere. Heroien ekintza miresgarriak eta egiazko gertaerak humanitatearen tradizio bihurtzeraino.