Gerogintzaren asmotan

Gerogintzaren asmotan

Andoni Eizagirre eta Ion Muñoa (*)

Eraldaketa handien sasoia da gurea. Mundu osoan eta aldi berean ari dira gertatzen aldaketak. Sustraikoak dira transformazioak, eta disrupzio teknologikoaren arrastoak gure bizitzako eremu ezberdinetan igar daitezke; ekonomian, sozializazioan, elkarrekin bizitzeko moduetan. Aldaketa soziala eta kulturala bizkortzearen eraginez lana ulertzeko moduak edota belaunaldien arteko harreman eta ardurak ere bestelakotu dira. Bizi-tzaren zentzuari loturiko `nor naiz´, `zer nahi dut´, `nortzuk gara´ galderentzat aukerako unea da.

Hori dela eta, guztiok ari gara etorkizuna aurreikusi nahian bezala. Izan ere, ziurgabetasuna orduan eta handiagoa, gure geroa aurreikusi eta kontrolatzeko premia ere hazi egiten dira. Baina sarri askotan orainaldiko kontuekin gehitxo estutzeagatik buruhauste eta egonezinak gainezka egiten digu, eta bakartzeko joera indartu; larritasunak, presak, nahasmenak burua janez, eta azalekoarekin geratuz, herri erakundeetan bezalaxe enpresetan eta herrigintzako beste eremuetan.

Begirada historikoak zera irakasten digu: gure bizitzeko ohituretan, giza harremanak ulertzeko eta lana egiteko moduetan lehenago ere makina bat aldiz eraldaketak bizitakoak garela euskaldunok. Iragan hurbilean eraldaketa izpiritualak, ekonomikoak, politikoak ezagutuak gara, eta trauma eta trantze txar askoak pasatuak. Baina asmoz eta egitez jakin izan dugu gure kultura herrigileari eta nortasun instituzionalari kosta ahala kosta atxikitzen. Esate baterako, 1960. hamarkadan nekazal eremutik herrira jaitsi zirenek astindu handia bizi izan zuten, biziera urbanoa ere modu azeleratuan eraldatzen ari zen unean gainera. Belaunaldi harixe zor diogu 1980. hamarkadan gurean hasitako transformazio sozio-ekonomikoa; herri-erakundeen bitartekotzarekin eta gizarte zibileko erakundeekin lankidetzan aritzearen bidetik kasu gehientsuenetan.

Gure aurrekoei arreta ipiniz gero, badira ikasgai on askoak, gurea bezalako ziurgabetasun giroan gizatasunez nola jokatu erakusten digutenak. Nondik gatozen eta zein garen ondo ulertu, eta giro zail eta tirabira-tsuetan, pertsonen duintasuna eta askatasuna ipar hartuta etorkizunera begira jarri ziren, gizabideak zabaltzeko gogoarekin. 1930. hamarkadan baserri giroan etxean transmititu eta ulerturikoa aise igar liteke Euzko Pizkundean, edota geroxeago Agirreren idazlanetan edota Arizmendiarrietaren testuetan. “Eusko-espirituz ta arnasa berriz biziarazi dezagun inguruan daukagun guztia” esaten zuen Arizmendiarrietak. Beste horrenbeste XIX. mendearen bukaeran abertzaletasunak herri-gogoa berpizteko haziak erein zituenean. Guztiak ere etorkizunari begira aritu ziren, pertsona errealen bizierak hobetzeko asmo eta egitearekin, baina haien lan, gogoeta eta predikuetan ikaragarriak dira dentsitate eta dimentsio historikoa; tradizioan eta honen interpretazioan topatu zituzten gizabidea eta ondasunekiko, aurrekoekiko, ondorengoekiko zordun garen biziera, sentiera, pentsaera eta antolaerei buruzko argialdia.

XXI. mendeak ez luke zertan ezberdina izan. Gaur egunean ere hurbilketa konparatzaileak berresten digu oparotasun handieneko eskualde eta herrialdeetan pertsonaren balioak, araubideak eta portaerazko jarraibideak zeinen garrantzitsuak diren berrikuntza, ongizatea eta kohesioa herribidera-tzeko. Alde horretatik, etorkizunean ere erantzukizuneko jokabidez guztion onaren mesedetan aritu gaitezen gure aurrekoei entzun, ulertu eta gaurkotzeko kulturak arreta gehixeago merezi du.

Izan ere, aldiro eta arloz arlo berritzeko esfortzu franko egin izan dugu, gure aurrekoen ohituretatik ikasita: ohituren berri jasotzean, haiei zentzua ematean, eta etorkizuneko premia berrietara egokitu eta berritzen jakitean datza ziurrenik euskaldunon izanbidea. Bertute herrigile horretantxe datza euskal balioen esanahia, garrantzia eta gaurkotasun estrategikoa. Euskal balioak izenda genitzake besteekiko zorra aitortzea, pertsona bakoitza bere burubide eta jokabideen jabe izaten ahalegintzea, erantzukizuneko portaeraz guztion ona bilatzea; auzi lurtarretan zentzu praktiko, esploratzaile eta bideragarria hobestea iradokitzen digun sentimendu morala: “lainoetara baino lurrera gehiago begiratuz”.

Kultura horri emaniko jarraitutasunak eta une oro ikasteko eta berritzeko gaitasunak esplikatzen dute azken hamarkadetako ekimen herrigileek gurean izan duten emankortasuna. Berrikitan ere beharrizanak egon dira gure erakundeen jatorrian eta gizarte-bizitzako alor ugaritan, eta beharrizan horiei aterabidea emateko kultura burujabe eta auzolanekoak garrantzi aparta izan dute, esate baterako, jarduera industrialaren birsortzean, askotariko pertsonak laneratzeko enpresa jardueretan, arrisku kapitaleko elkartearen eta tokiko finantza erakundeen sorreran, gazteen formakuntzarako eta prestakuntza teknikorako bailaretako lankidetzazko ekimenetan, hezkuntzaren eta kulturaren alorretan euskara sustatzeko egitasmo, azpiegitura eta elkartegintzan, edota zaintza boluntarioko esperientzietan. Pertsona eta taldearen erantzukizuna eta lankidetza Kontzertuaren araubidean ere islatzen dira, eta 1981eko une ekonomiko kritikoan kupo-sistemaren arrisku unilaterala gure gain hartzeko ausardiak ezer baino hobeto laburbiltzen du euskaldunek beren esku-buruetan zuten itxaropena; ekimenak zentzua duela ziur ikustea, alegia. Sasoi historiko zein arlo ezberdinetako katebegi herrigileak sustraiko tradizio edo kate beraren adierazpen gisara interpretatu genitzake; “beti berria den ura, betiko iturri zaharretik”.

Euskaldunok besteei entzuteko eta besteetatik ikasteko bokazioa izan dugu, bai eta gurea ulertu eta berritzekoa ere. Aurrekoei entzun, zentzua eman eta gaurkotzeko gogo-aldarte gizatiarrak ekarri gaitu honaino. Hitzaren azalekoa baino geratu ez dadin, pertsonen sentieran, pentsaeran eta jokabide etikoan sustraitu behar du, ordea. Ez dira ikasgai makalak. Gerogintzaren asmotan, esperientziaren zentzutik asko ikas genezake, ostera ere etorkizuneko galdera, erronka eta zeregin berrien aurrean gure burubide eta jokabideek gizabidez eta eskuzabaltasunez arituta guztiontzat erantzunak bilatzen jarraitu dezaten.l

(*) Mondragon Unibertsitateko irakaslea; Deustuko Unibertsitateko irakaslea. “Burujabetzaren bidetik: bakoitzak urraturik berea, denon artean geurea” liburuaren koordinatzaileak (Oreki, 2021).

Leave a Reply

Previous post Arizmendiarreta en el “volcán ideológico de los 60-70”
Next post Derechos y responsabilidades

Harpidetu blogera / Suscríbete al blog

Azken iruzkinak / Comentarios recientes

  1. Pero el Estado favorito del partido pre-nacionalista (esto es, fuerista) es el español, no? Salvo error por mis partes, nunca…

Harremanetan jarri / Contactar

Laguntzaileen artikuluak / Artículos por colaborador

Agiritegia / Archivo

StatCounter

wordpress visitor counter
2022(e)ko maiatza
A A A O O L I
 1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031  

Contact us

%d bloggers like this: