Azala / Portada » Herrigintzaren ubide zentralaz (eta 4)

Herrigintzaren ubide zentralaz (eta 4)

Joxan Rekondo

5. AUZOLANKIDETZA. Guztion ongia lortzeko, auzolanean aritzera deitzen digu Eusko Jaurlaritzak. Erakunde eta gizartearen indar biziak elkarrekin aritzeko deia bezala har genezake. Baina, guztionaren ongia dena ez dugu lortu ahal izango banakoen arteko elkarlan hutsaren bitartez. Hori izan daiteke edozein elkarte merkantiletako ideia nagusia. Indibiduoen arteko elkarlan horrek baino, soilik elkarlankide direnen interesentzat ongia litzatekeena bilatzen du. Auzolanaren muina aldiz, askoz edukitsuagoa da. Muin hori atxiki ahal izateko, auzo-komunitateko kidetza bizi egin behar da, giro berdingile batean bizi ere. Halako egoera batean, ez dago dudarik guztiona den ongiaren bilaketarekin gustora engaiatuko garela denok. Jakina, horrek ezinbestez auzoarekiko dagozkigun ardurak hartzea eskatzen digu guztioi.

Euskal tradizioan, ekonomiak eta gobernantzak oso lotura trinkoa zuten auzoarekin, eta auzolankidetzaren ideia eta ariketa ez zaie arrotza gertatzen. Denboraren denboraz, gizarte bizitzaren hiru dimentsio horiek gero eta bereiziago egin badira ere, oinarria zoru komunitario berekoa dutenez, auzoaz esan izan dugun gauza bera esan genezake lantegien barruko jarduteaz edo erakunde politikoetan aritzeko moduez.

Ekonomian eta enpresagintzan, gure lantegi askok, lurraldean sustraitzeari berebiziko garrantzia eman ohi diote, eta lehiakortasunari muzin egin gabe, kultura partehartzaile-kooperatiboa bultzatu dute. Lanari dagokion garrantzia aitortzen bazaio, hortik erator daiteke gure enpresen errotze sakonagoa, langileen esku hartze arduratsuagoa eta aberastasunaren birbanaketa justuagoa. Baina, teknologiaren sarrera eta desberdintasunen hazkundea protagonista diren aroan, lanaren duintasunari desafio garratzak atera zaizkio. Asko da enplegu bila dabilen jende gaztea, lortzen duenean jornal kaxkarraren truke egin behar duena. Bada, bestalde, lanaren ekonomia bukatzen ari dela esaten duenik ere. Arizmendiarrietaren ustez, ordea, “duintasunez bizitzeko, lana besarkatu beharra dago«. Gizakia lanaren bidez duintzen denez, lana gizatiartzeko ahaleginari gogotik eutsi behar diogu. Etorkizunari begira eta ekonomiaren oraingo funtzionamendua ikusita, ez dago egiteko gutxi lanaren inguruan mugitzen ari den guztia gizabidearen erroilatik eramateko.

Gure auzo-komunitateetan, bestalde, bizilagun izan gara eta auzolanetan elkartu. Krisiak gizarte sektore ahulenen zaintza zerbitzuetako ezintasunak azalarazi ditu. Elkarren arteko zaintzan oinarritzen den gizartea eratu beharra agertu da. Zaintzaren gizartea nahi dugula esaten dugunean, ohartu beharko ginateke erroko eztabaida zein den. Gehien bat, botere publikoei egiten zaio apelazio hori. Ahaztuta dauzkagu auzoko usuak. ‘Lehen auzoari’ zegozkien bere hurkoekiko erantzukizun ‘primarioak’, beste inori egotzi ezin zitzaizkienak. Bakoitzak hartutako arduraren inguruan berreraiki daiteke auzo-komunitatea, eta birsortu daitezke auzokide guztien arteko elkarrekikotasun praktikak, auzoaren arazo gehienei auzotik bertatik erantzuna emateko, administrazioari edo merkatuari besterendu gabe. Gogoratu beharrik ez dago bizikidetza sozialaren sendotasunaren neurria gizartekide diren guztiek -gizon naiz emakume- euren artean partekatzen dituzten konpromisuen araberakoa dela. Etxeko eta auzoko zaintzetatik hasita. Hortxe kokatzen baita gizarte erresilentziaren azken babestokia.

Gobernantza politikoaren arloan, azkenik, gizarteko indarrekin elkarlangile den agintaritzaren alde egiteko behar haundia dugu, politikagintza ‘klase’ politiko batek bereganatu dezakeen barruti itxia ez izateko. Eztabaida horretan sartuta, badakigu errezena dela erakundegintzan ari direnei kritikatzea inolako konpromisurik hartu gabe. Giza libertatea arduratzea da, ongi komunaren bilaketarekin konprometitzea. Horrek pertsonen inplikazioa eskatzen du, eta horrekin batera gizakiaren gizagarritzeko prozesuan urrats bat aurrera ematea. Elkarte zibikoek gobernantzan esku hartu ezkero, gizartearen eragiletza politikoa erruz potentziatuko litzateke. Indar sozialen bultzadak politika eta politikagintzan dabiltzanen dinamikotasuna areagotzea ekarriko luke, eta giza kapitalaren kalitatea hobetzea. Auzolankidetza horren eraginez, gainera, indar bizi horiek erakunde publikoekin batera sor dezaketen gobernantza esperientzia gure ondare politiko komuna aberastu egingo dute.

6. GEROAREN ERAIKUNTZARI BEGIRA. Gizakia subjektu librea denean, bere ekintzailetasun eta elkartegiletzarik haundiena adieraz dezake. Halaber, gizartearekiko konpromisuen betetzaile arduratsu bezala, bere buruaren jabetza ekintzetan gauzatu nahi du. Bere garaipenik nagusiena, urteetako ahaleginen emaitza, euskal komunitatea egituratzen lagundu duen erdiguneko ubidea. Auzolankidetzaren alde jardun zirenek ez zuten dena bere alde izan, gauza jakina da makina bat eragozpen gainditu beharrean arkitu zirela. Aberriaren egunean, hemen bertan, Larburuk eta Arrizabalagak ondo esan zuten bezala, erdigune hori ‘auzolanean’ eraikitzen ari zirenek diktaduraren hatzaparretatik nola libratu etengabe bilatzen ari zirenean, ‘matxinada’ zaleen itsukeria ere errefusatu beharrean arkitu ziren. Bi galbide horietatik jareinik, ‘ubide zentrala’ auzolanaren materialez egindako obra da. Arizmendiarrietaren hitzez, “estua dena zabaltzeko, lur-zoruak zabaltzeko, bizikidetza haunditu”. Horrela garaitu zaio ubidegintza lubakigintzari.

Geroaren eraikuntzari begira, giza bizitzaren lehia nagusia betikoa dela esan genezake. Zertatik eta zertarako bizi nahi dugun, eta elkarrekin bizitzea nola eratu behar dugun. Gero eta gehiago, auzi horien guztien soluzioa politika publikoei eskatzen diegu. Hau da, jokatzen dugu publikoa ez dena desagertu egin balitz bezala erdiguneko ubideak biltzen duen fluxu herrigiletik. Oker gabiltza, ordea, uste badugu azoka librearen edo gizarte zibilaren esparruetan, edo lagunarteko harremanetan, herrigintzak (edo guztiona den ongiak) ez daukala ezer jokoan.

Euskal erdigunea ezaugarritu duten baliorik ezagunenak oraindik eragingarriak dira: autogobernurako prestaera, lana eta ekimena, elkarrekikotasuna, belaun berriekiko erantzukizuna,… Balio horien elikaduraz, badago gizartea bizigarritzea, beti ere sustrai sozialetatik hasten bagara. Zertatik bizi eta nola elkarbizi behar dugun erabakitzeko tokietan, ez dugu ahaztu behar gure bizitzaren zertarakoa. Horrexegatik, aipatu balore guztiak, etxe eta auzoetatik hasita, enpresagintza eta gizarte-elkartegintzaren maila guztiak suspertu ditzatekeen balioak dira. Gizarte gihartsuago baten bulkadaz, gobernantza publikoa askoz zindoagoa eta osasuntsuagoa edukiko dugu. Horren guztiaren bila abia gaitezke, balio horien inguruan eraikitako erdigune sozialaren zimentazioa segurtatzen badugu. Auzolankidetzan egin beharreko lana da, libertateaz eta arduraz jokatuz. Ekinbide gogorra, seguruenik gizarte energia ugari askatu behar duena. Baina, erne ibili beharko dugu sortutako giza-energia horren apurrik ere ez dadin gal gutxi batzuk nahi duten gatazka hutsalei su emateko.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Un comentario en «Herrigintzaren ubide zentralaz (eta 4)»

  1. Si tenemos en cuenta que Bilbao en 1820 andaba por los 15,000 habitantes y San Sebastián bastantes menos no termino de entender esa pasión por aglomerar a la gente en barrios con o sin comisario político de turno. ¿Es así como se pretende conseguir la homogeneidad y el conformismo? Me temo que no va a funcionar y esto se nota en la calle y en los flujos migratorios no perceptibles. Los que no dejan huella en los Padrones municipales.
    Este mismo fenómeno es el que impulsa el globalismo imperial y las agendas totalitarias que impulsa.

    Esta no puede ser la vocación profunda de nadie salvo si nace con alma de esclavo cautivo. Es, lamentablemente, la misma cultura que Lenin y Stalin implantaron en sus ciudades.
    Y no es lo que la gente desea porque resulta en la fuga de los mejores. El que puede volar, vuela. Y queda lo de siempre, una tierra de emigración e inmigración como tantas otras de España. Volver a tomar un beltza y ver a los amigos que no se rebelaron. Es lógico porque si ves que los Jauntxos te van a controlar la vida y puedes, te largas.
    Al final no hay relato cultural que resista porque nace con un pecado original que deja marca indeleble.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *