José Manuel Bujanda Arizmendi
Edozein artikulu idazteko orduan idazlearen objetibotasuna ezinbestekoa da, edota gutxienez suposatzen da (zaio), eta hortxe agian nire ahuldadeetako txiki bat, ez baita oso erraza lagun on batek idatzitako liburu mamitsu eta oparo bati buruz hotzean hotz, neutraltasun lasaian, aritzea. Baina, zinez, saiatu behintzat, saiatu egingo naiz. Gera bedi argi eta garbi lehen gogoeta hau.
Patxi Baztarrika Galparsoro Ataundarrak “EUSKARAREN BIZIA” izenburua eta “Andoaingo argazki soziolinguistikoa 2016” azpititulua duen liburuaren egilea da. Liburuaren aurkezpena bi pertsonek egiten diote, Maider Laínez Alkateak eta Mikel Arregi Euskararen Normalizaziorako zinegotzi arduradunak hain zuzen, hitzaurrea Jon Sarasuaren eskutik datorkigu. Patxi Baztarrika Galparsoro Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna da 1980.urteaz gero, eta hori dela eta Andoaingo Udalak argitaratu du liburua (badu liburuak, izan ere, bere gaztelerazko bertsioa “El euskera, lengua activa, retrato sociolingüístico de Andoain 2016). Jakina da, tartean, Patxik bere bizitzan politikak izan duela bere leku propio luze eta oparoa. Hala nola Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide izan da (1989-1995), Gipuzkoako diputatu nagusiaren kabinete-buru (1999-2003), Donostiako Udalean ere zinegotzi izan da (2003-2007), zortzi urte luzez Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde izan da, Euskararen Aholku batzordeko kide eta NPLD (Hizkuntza Aniztasuna Sustapenerako Europako sarea) erakundearen presidente. Ezaguna da hizkuntza politikari buruz hainbat hedabideetan Patxik idatzitako artikulu multzo zabala. Eta nire uste apalean “BABELI GORAZARRE” (“Babel o Barbarie” gazteleraz) liburua besteak beste izan da baita ere bere lan borobilenetakoa, nire iritzi unilean pare bat aldiz irakurri dudan aipaturiko liburu hori altxor guztiz interesantea da, zaigu hobeto esan, “Bizikidetzarako hizkuntza politika zilegi eta eraginkorra”z ari denean era bikainean.
Baina goazen “EUSKARAREN BIZIA” liburuaren ikerketaren gakoaren muinaren laburpenaz aritzea; Patxi berak hitzez hitz, esaten duen bezala “Ikaragarria izan da, Andoainen ere, euskararen hazkundea hiruzpalau hamarkadotan, Andoaingo biztanleen erdia baino gehiagok badaki euskaraz hitz egiten, hamarretik zazpik ulertzen du eta erabilgune berriak irabazi ditu euskarak. Prozesua amaierara iristeko, ordea, hazkunde-etapa asko geratzen dira egiteko. Etorkizuna idazteke dago, eta oso arriskutsua litzateke euskararena, kontu batzuk gorabehera, funtsean, eginda eta bideratuta dago uste izatea. Arriskutsua, ez bakarrik biziberritze prozesuari oraindik bide luze eta malkartsua geratzen zaiolako egiteko, baizik eta hazten jarraitzea eta euskararen funtzionalitatea eta bizi-indara areagotzea delako orain arteko hazkundeari atzerapausorik gabe eusteko bide bakarra. Hain da erraza atzera egitea (…) Hiztunak eta erabiltzaileak baitira euskarak, behar benetan eta nahitaez behar dituenak”. Horra hor mezua: hiztunak eta erabiltzaileak, erabiltzaileak eta hiztunak. Tresna komunikatibo atsegin eta eraginkorra.
Liburuaren 139.orritik aurrera “AMAIERAKO APUNTEAK, BAIKORTASUN KRITIKOZ EGINAK” gogoeta guztiz interesgarriei ekiten die Patxi, hala nola, “Euskararen botila Andoainen””, Nahi izatearen eta ekinaren indarra, hazkundearen askorikotasuna eta konplexutasuna”, “Fidelizazioa, deskofinamendua eta lidergoa(k)”, “Euskararen erabilera kolokiala:giltzarrietan giltzarri”, “Erabiliz ikasi, funtzionaltasuna aberastu eta beharrezko sentitu” eta abar. Interesgarria benetan Xabier Letek bere garaian, orain dela 40 urte (40 urte bai !!) hain zuzen, (Muga aldizkarian 1981, 13. zk.) Koldo Mitxelenari egindako galderari honen erantzuna Irlanda aipatuz “…izan ere, Irlandan irlanderaren ezagutza oso zabala da, baina erabilera oso murritza…eta ez nuke nahi halakorik gertatzea gurean…” eta bere azken gogoeta “…beraz iruditzen zait behar-beharrezkoa dela tradiziozko erabilera eremuak lantzea: familiaren eremua, lagunartekoa, eguneroko hizketakoa, gertuko komunitatearena. Eta hori funtsezkoa dugula…”
Jon Sarasuak idatzitako liburuaren hitzaurre mamitsutik hartutako lerro batzuekin amaituko dut “Irakurri behar den horietako bat dela iruditzen zait eskuartean daukazu liburua. Asko dago hemen, hain zuzen ere, esaten ari garen honen ildoan, etorkizuneko galdegaiei estu itsatsita. Bere egileak aspalditik dakar analisi-gaitasuna, urteak daramatza hizkuntza biziberritzearen arrazoibidearen angelu oso bat aldentzen. Eta, bereziki liburuaren bukaeran ikusten dugunez, esperientzia hori irekitzen du kezka nahiz galdera berrietara”.
Laburbilduz hitz gutxitan, eta bihotzez, ongietorri “EUSKAKAREN BIZIA” lan oparoari, horrelako hainbat hausnarketa eta ikerketa gehiago balego hobe. Eta azken gogoeta gisa esan dezadan: ziur nago, Kike Amunarrizek dioen bezala, “liburu honetako analisiak eta eredua interesgarriak dira edonorako”. Zorionak, bihotzez, Patxi euskararen alde egindako ekarpen zorrotz eta eraginkor honengatik!! Bedi beraz.