Posteado por: aberriberri | abril 4, 2021

Aberri-berrigintzaren alde: Auzolana piztu, Matxinada errefusatu

Joxe Fermin Larburu, Imanol Arrizabalaga, Orixe Taldearen izenean

euzkadik_bear_zaitu1. 2021ko Aberri-egunak osasun-krisiaren erdian harrapatu gaitu. Osasunari ezezik, giza-bizieraren atal guztiei lazki eragin die delako krisiak. Globala izaki, gainera, tokiko ikuspegi itxi batetik erantzun nahi izatearen ezintasuna agerian geratzen ari da. Elkarren mendekoak garela ohartu ote gara? Alabaina, ziurgabetasunaren erdian arkitzen garenean, gure burua estalperik gabe sentitzen dugunean, etxeko goxotasunera itzultzeko joera izaten dugula ikusi dugu. Itzulera, beraz, laztan artean hartuko gaituen etxera, auzora, herrira, aberrira. Euskal aberrigintzaren etorkizunaz gogoetatzen ari garenean beraz, ezin dugu bistatik galdu joera kontraesangarri hauen eraginpean aritu beharrean gaudela.

2. Indarkeriaren aro mingotsa atzean utzita, azken gizaldietako barealdi atsedentsuenean bizi ginela gaineratu zitzaigun izurritea. Orain, ataka gogorretik nolabait ateratzea antsiatzen dugu. Askok lehengo onera, euskal oasiaren eztialdi geldora, itzultzea amesten dute. Alabaina, bizitza ez da egonkorra, prozesu gatazkatsu eta egongaitza baizik, gure burua ere eraldatzen duena. Ezin izango gara, horrexegatik, lehenera bueltatu.

Hori egia da. Terrorismoaren trajedia amaituta, aro egonkor luze baten hasiera bizitzen ari ginenaren ustea, ustel gertatu da. Birusak lasaialdi hura zeharo aldatu du, eta bizitzaren alor guztietan hondamendia utzi digu. Esango genuke errealitateaz ez garela guztiz jabetu. Bizitza esperantza da, baina ez erregalua. Aurre egin eta irabazi egin behar ditugun ezbai, gatazka edota desastreen artean bizi gara. Garai aldagarriak bizi ditugu, iheskorrak. Ez dira beraz egonean egoteko denborak, beraiekin dakartzaten auzi garratzei aurre egin beharrean jartzen gaituztenak baizik.

Historiaren garabideari serio begiratzen dionari ere, berehala nabarmentzen zaio gure herri-aiurriaren ezaugarri nagusia etenik gabeko ekintzailetza izan dela.  Horrekin batera, garai bakoitzak berarekin ekarri dizkigun zeregin berriei erantzuteko behar izan diren berrikuntzak egiteko gauza izan garela ere bai. Jokamolde horrekin iritsi gara honaino. Dena dela, oso kaltegarria gertatuko litzaiguke egin dugunaren begirada konplazientearekin konformatuko bagina. Oraingo denbora aldagarrientzat, dudarik gabe, behar ditugun berrikuntzez ere jabetu behar dugu.

3. Asko da zerotik abiatuz sortu daitekeena, baina hutsetik ezin da ezer berritu. Berrikuntzak bere aurrekoa den zaharrari egiten dio erreferentzia. Zaharra gabe ez dago zer berritzerik giza-prozesuetan. Gizakia/gizartea ez direlako inprobisazio baten emaitza. Bere kanta ezagun batean, Jon Sarasuak adierazten duen bezala: “Zaharra ez da izandakoa, luzaroan dena baizik”. Giza-esperientzia, mendeetan pilatu eta zabaldutako jakinduria morala, ekimen berritzaileak ezin du albora utzi. Hala eta guztiz ere, gure gizartearen berrikuntzaz ari garenean, ulertu behar dugu ezin dela iragan fosilizatu bat gure arora ekarri. Halaber, tamaina bereko akatsa litzateke betiko iturri zaharretik darion emari berritzailea alferrik galtzen uztea. Etorkizunaren aldeko jarduera, gure herriaren izaerari begira eratu behar zela aholkatzen zuen Arizmendiarrietak, ‘gizatsu jokatu ahal izateko’ (1975 Maiatza).

Hori guztia azaltzeko, baliagarria da Ibarretxe lehendakariak erabili ohi duen metafora ederra. Gizakien garapenean, Erroak eta Hegalak beharrezkoak zaizkigu. Lehenengoak segurtatuta ditugunean, bigarrenekin arriskatu gaitezke. Denboran (garaian eta historian) eta espazioan (etxean, aberrian eta munduan) sustraitutako Erro sendoekin, baina Hegalak zabalik, lurralde eta esperientzia berriak ezagutu eta probatzeko gertu gaude.

4. Sustrai/tradizio bizigarriekin batera, euskal baratzan ere ez dira falta urteetan hazi izan diren sasitza eta belar txarrak. Azken aldi hori ederki jasoa dago euskotarron oroimenean. Aberriaren izenean, bi eredu kontrajarriak aritu dira azken mende erdian. Bat, ‘euskal indar’ bizien bat etortze pakezalea oinarri hartuta, gizarte-mugimendu autoeratzaileaz baliatu izan zena eta, bestea, indarkeria iraultzailea erabili nahi zuena. Auzolana eta Matxinada izenekin bereizi genitzake. EH Bilduren azken ponentzia politikoan esaten da bi ‘tradizio’ horiek uztartuta salbatu dutela Euskal Herria heriotzetik, batera ‘hauspotutako susperraldiari esker’. Bien arteko elkar-ekintzak ‘zirkulu birtutetsu’ bat eragin izan balu bezala. ‘Batzuek arbolak astindu eta besteek intxaurrak bildu’, espainiar inteligentziaren lelo zaharra bere eginez. Hori da ezker abertzalearen kontaera berria. Ba, euskal etorkizungintzan jardun nahi duenak jakin behar du EHBren baiespen hori gezur borobila dela. Matxinadaren aldekoek ‘zaharren’ kultura eta iruditeriarekin apurtzeko ideiarekin hasi ziren, eta inguru militante itxi batean sostengatu izan dute bukaeraino beren egitasmo dogmatikoa. Orain badakigu, frakasatu egin dute; baina, huts hori ‘aitortu’ egin aurretik ikaragarriko kaltea eginez.

Aitzitik, Arizmendiarrietak argi zeukan indarkeria giroan hasitako ‘matxinadaz lortu ohi denaz herririk ez dela tinkotzen’ (Lankide Aurrezkia, 1973 Memoria), berak aldezten zuenarekin elkarrezinezkoa zela. Markinarraren taldeak, inor baztertu gabeko ekinbide-esparruak ireki nahi izan zituen. Ideia edo sorterri ezberdinetako jendearen ‘konbergentzia bideragarriak’ ekintza kooperatiboaren bizitasunaren mesederako izango zirela iragarri zuen.

Lana izan behar zen konbergentzia horien ardatza. Ikuspegi pertsonalistaren gida moralaren arabera, Arizmendiarrietak marraztu zuen ondoena Auzolanaren paradigma hori. Frogatu zuen elkar-kidetza oinarri hartuta, elkarrekiko obligazioak beteaz eta elkarrekin lan eginez badagoela lortzea guztiontzat ongia dena. Etxe eta lantegietatik hasita, euskal gizartearen beste zenbait alorretan (ikastolak,…) ere berdintsu egin zen, armarik hartu gabe egin zitekeen guztia erakutsiz. Ekinbide konbergenteen bitartez, dogmakeria eta indarkeriaren hatzaparretatik salbu.  Auzolanaren tradizio bateratzaile horretan aurki daiteke, eta ez noski Matxinadaren tradizio zatitzaile eta desegilean, diktaduraren azken urteetan gertatu zen euskal aberriaren berpizkundearen gakoa.

5. Orainaldian, beste zirkunstantzia batzuren eraginpean bizi gara. Lehenengo eta behin, indarkeria garaitua izan da, ETAren desegitearekin batera. Ezin da ukatu Sortuko atal ideologikoaren arduradunek ‘euskal matxinada’ deitutakoaren irudikapen epikoa zabaltzeko berealdiko ahaleginak egiten ari direla. Halere, nahiko luketen baino oihartzun gutxiagorekin, indarkeriaren bueltan sortutako haustura politikoaren arrastoak atzean geratzen ari baitira.

Kiribil horretatik aterata, Matxinadaren ur zikinak Auzolanaren ur garbien korronte indartsuan disolbatzeko okasio paregabearen aurrean gaude. Euskal ‘zoru etikoak’ bi esperientzia horiek azaldu beharko ditu, bakoitzaren balantzea eta bien kontrastea euskal memoria kolektiboan ondo txertatuta gera daitezen. ‘Iraganari begira, gerogintzaren asmotan’, esaten zuen Pako Garmendiak. Oroimena ezin dugu alboratu, Aberriaren Pizkunde berrirako inspirazio moralaren zimendua jarri nahi dugunean, Auzolanaren paradigmaren potentzia biderkatzailearen alde egin behar dugu, Matxinada bidegabearen ondorio hondatzaileak ondo ezagututa.

6. Komunitatea berregiteko aukera baten aurrean jarri digu bizi izan dugun krisialdi honek. Behin eta berriz, hurkoekin elkartzen gaituena berritzeko behar dugunaz galdezka ari gara, aspaldi ez geneukan grinarekin. Behar honek, bertatik pentsatu eta ekiteko aukera eredugarria ireki diezaguke.

Pizkunderako abian jarri beharreko ‘gintzetarako’ ez dago instrukzio-libururik, ezta erreminta teknologikorik ere. Baina, ETAren jarduera hiltzailea hasi zen garai berean, Arizmendiarrietak ‘Eusko jokabideak’ (1969ko azaroan) izeneko artikulutxo batean zenbait aholku zertzelatu zituen gure garairako ere abiaburu baliagarriak izan daitezkeenak. Orientabide nagusi gisa, sen kolektiboaren bilaketa eta hedapena: ‘eusko-espirituz ta arnasa berriz biziarazi dezagun inguruan daukagun guztia’. Ikuspegi estatista eta estatikoarekin murriztailea gertatzen da Arizmendiarrietaren mezua ulertzeko. ‘Inguruan daukagun guztia’ horretan, politikaz gain, herrigintzaren adierazpen oro bil daitezke. Baina, ‘lainoetara baino lurrera gehiago begiratuz’. Zeregin indibidualetik hasita: ‘bakoitzak beretik zintzo jokaturik jaso litzakeen sailak zabalak direla’. Ausartu gaitezen, bakoizka eta taldeka: ‘inoren baimenik gabe egin genitzakeen egingoak ez dira gutxi’. Euskal-arimaren distiraren argiaz gidatuta, ameskeriarik gabe, errealismoaz jokatuz; bakoitzaren konpromisoa zintzo aportatuz; tutoretzarik gabe landu daitezkeen esparru guztietan, sartuz eta lan eginez. Eta, azken batean, gure lanarekin eraikitakoa autogobernatuz.

Lehen esan bezala, aberria osotasun bat da. Estatu auzia, ekonomia eta enpresagintza, eta gizarte erakundeen bizitasuna hartu behar ditugu kontuan aberriaren geroa prestatze lanean ari garenok. Eta aberria ez soilik dimentsio publikoa duten eginkizunetara murrizten. Arizmendiarrietaren ‘eusko espirituz biziarazi inguru guztia’ ez da mugatzen plaza edo kaleetan egin daitezken festa-adierazpen edo manifestaldietara. Euskal aberriak gure etxeetan oinarririk ez badu, gureak egin du. Abertzaletasuna publikoan adierazi ezin izan dugunean ere, etxean bizitzea izan dugu. Gure historiako ziklorik latzenetan, sasipeko tunelean ginenean, aberria etxera ekarri behar izan dugu, eta bertan sostengatu. XXIgarren mendeko euskal Pizkundearen funtsa, beraz, euskal etxea da. Handik hasten dira gure aberriarekiko egin beharreko betekizunak: auzokidetza indartzea, elkartegintza zibikoa sendotzea, lankidetzazko-ekonomia zabaltzea, agintaritza politikoa herrikoitzea… helburu dutenak.

7. Bukatzeko, Aberriberrin idazten dugunei deia. Ohiko gaietatik aparte, gogoetatu, irudikatu eta idatzi dezagun gure herriak, Pizkunde berri bat eduki dezan, bizi dituen dimentsio nagusietan bultzatu beharko lituzkeen dinamikez. Gure aldetik, abertzale erreferenteen irakaspenak egunera ekartzen saiatuko gara, gaur Arizmendiarrietarekin egin dugun bezala.


Responses

  1. JELen agur

    Muchas felicidades y un bonito dia a todos los compatriotas

  2. “aberria etxera ekarri behar izan dugu, eta bertan sostengatu. XXIgarren mendeko euskal Pizkundearen funtsa, beraz, euskal etxea da. “
    Etxetik aberrira, aberritik etxera hori da euskal bidea. Eraiki dezagun etxea, etxekalteen gainetik, eraiki euskotar guztion ABERRIA.

  3. Bitartean, EITBk Aberri Egunaren egunerako beren aldekoak / aldekoak jomugan zituzten alderdien izaera nahasten jarraitzen du.
    Komunika bide horrek EAJ-PNV eta Ezker Abertzalea alderdi “nacionalista” gisa izendatzen zituen.

    Noiz arte?

  4. Auzolana eta matxinada osagarriak balira bezala aurkeztea iruzur bat besterik ez da. Planteamentu hori iraultzaileentzat baliagarria izango da beraien helburuak lortzeko bitarteko gisan erabiltzen duen bitartean.

    Hori saihesteko, artikuluak ondo adierazten duen bezela, ezinbestekoa zaigu bi konzeptu horien arteko bereiztasunak argi eta garbi eduki eta azaltzea. Ez da lan makala.

    Esango nuke, auzolana desberdinen arteko elkar lana dela, behetik gora eraikita , inoren aurka egin gabe denon artean finkatutako helburu eta onurak bilatzen duen ekimena. Adibide adierazgarrienetako bat Arizmendiarrietak sortutako sistema kooperatiboa da.

    Matxinada, alderantziz, antagonismoan oinarritutako ekintza bat da eta goitik behera antolatuta; ez da baterazalea, ezta edonori irekita dagoena ere, baizik eta sistemaren aurka bideratutako ekintzetan parte hartuko dutenentzat soilik.

    Auzolanak batzen gaitu eta matxinadak banatu.

  5. JELen agur

    Coincido plenamente con Irala y con Arantza.

    Esta claro. La vecindad une y solidariza en libertad.
    La revolución es confrontación sectaria destrucción del otro e inevitablemente edulcorado y escondido tras una farsa.


Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios .

Categorías

A %d blogueros les gusta esto: