Posteado por: aberriberri | febrero 27, 2019

Herrigintzaz, gizabideak ugaritu

Joxan Rekondo

Populukeriak. Bistan da haustura haundi baten zantzuak agertzen ari direla mendebaldeko herrialdeetan. Globalizazioaren bulkadak hainbat itxaropen piztu bazituen ere, giza-garapenarentzat onuragarriak izan zitezkeen ondorioak espero genituelako, ez da jende gutxi alderantzizkoa pasa dela uste duena. Hau da, globalizatze-prozesuaren emaitzak kaltegarriak izan direla. Bereziki, gizaki askoren estatusa eta lanarentzat hondagarria gertatu dela. Burbuila globala lehertu denean, zenbait gizarte-sail egoera ziurgabe eta zaurgarrian bizi direla. Ondoren, giza-duintasunaren neurria diren balio nagusienak behea jotzen ari dira.

Ekonomian bizi izan dugunetik guztiz atera gabe, krisia sistemikoa dela diote batzuek.  Ordenamendu zaharra amaitu dela, berriaren inolako seinalerik ageri ez bada ere. Polarizazio soziala agertu da, politika demokratikoarekiko fidagaiztasuna areagotu, eta balioen esparruan ere mudantza erradikala ematen ari dela dirudi. Gizarte-asmo klasikoen gainbeherak utzitako hutsunetik, populukerien hazkundea ezagutzen ari gara. Dinamika globalekin mesfidati, jende askok bere inguru hurbileko segurtasunean gotortzea erabaki du. Gutasun itxi baten arabera bizitzeko antsia igartzen da populukerien oinarrietan.

Castells soziologoaren arabera, ez da baztertu behar anabasaren hipotesia. Nola jokatu bizitzen ari garen honen guztiaren aurrean? Ba al dago irtenbiderik? Harritzekoa al da eskala globalean bere burua babesgabe ikusita, gizakumeak irtenbide duinaren bila, etxearen aterpera itzuli nahi izatea?

Herrigintzaren muina. Kosmobisioek porrot egin dezaketenean, hurkotasunaren esanahiak iraun egiten duela, eta praktika daitekeela besteekiko harremana tokiko egunerokoan, esan ohi du Esquirol filosofoak. Giza-zentzuaren bila, jatorrena etxeko esperientzia bizitzea dela dio.

Jakina, inor ez da unibertso globalean bizi. Gehienok, etxearen inguruan egiten dugu bizitza ia osoa. Etxekoa eta etxe-ondokoa da gure bizi-esperientzia. Gauza da, ideal nagusiekiko fedea galtzen dugunean, nola ulertzen dugun etxea ardatz duen bizimodua. Esquirolen esanetan, etxeak aterpea izan behar du, eta ez gotorlekua. Esan dezakegu, beraz, horrelako egoerak ezin gaituela idealekiko sinesgabetasunera eraman, hurkoaren duintasuna ezin delako gauzatu giza-balio unibertsalen parametroetatik aparte. Barandiarango Joxemielek esango zukeen bezala, ez garelako gure baitakoak. Tokikotasunaren ulermenean ere, unibertsala den lehia ideologikoaren barruan ari garelako mugitzen.

Aspalditik bizi dugun lehia dela esan genezake. XXgarren mendeko euskalerrigile ezagunenak ere, herrigintzaren auzirik nagusiena gizakiarena zela adierazi ohi zuten. Dimentsio unibertsala duen auzia. Hara zer esan zuen Agirre lehendakariak 1942an: “Egun hautabide bat bakarra dago: askatasunaren alde edo aurka egitea. Alde batetik mundua izaki arrazoidunen aterpea bezala hartzen dugunok gaude, norbanakoaren libertate eta duintasunaren begiramenean, eta herrien arteko elkarbizitza eta lankidetzan oinarriturik; bestetik, gizakiaren ikuskera ezkorretik abiatuta, indarraren dotrinaren aparteko ezer asmatzeko gauza ez direnak”.

Egun, hautabide beraren aurrean gaudela esango nuke nik. Esan dezagun, populukeria gizakiaren ikuskera ezkorraren adierazpena dela, eta norberekeriaren sustatzailerik onena gertatzen dena. “Erria aotan eta bakoizkeria kolkoan”, Arizmendiarrietak salatu zuen modura.  Honen aurrean, herri eta gizaki burujabeen arteko elkarlana goratu zuten euskalerrigile haiek.

Bizi dugun aroan, giza-balioetan oinarritutako herrigintza behar dugu. Ugaritu diren populukeri horietatik ezin dugu irtenbiderik itxaron. Alternatibarik egokiena gizakigilea izan behar duen herrigintza praktikatzea da. Herrigintza irekia, tokikotasunean sendo errotuta egonda ere, munduaren eskalan agertu diren arazoen aurreko erantzunak hartzeko eta lankidetzan aritzeko prest dagoena. Orain lehen bezala, gizakigintza eta lankidetza baitira herrigintzaren muina.

Arizmendiarrietaren gizakigintza. Arizmendiarrietaren adibidea egokia da gizakigintza herrigileak urratu behar duen bidearen nondik norakoari tankera hartzeko. Bere idatzietan, kristauen espiritualitatea gizatiartu egin zuen, euskal sen praktikoarekin fusionatuz bezala. Euskalduna ‘bakarti-bera’ izanda ere, elkarkoia eta auzozalea ere badela dio Arrasateko apaizak, “auzo-erakundeen bidez” eta lanaren bidez elkartzen garela. Beraz, indibidualtasuna eta taldetasuna direla gure nortasunaren funtsezko ezaugarriak. Bi nerbio horiek indarrean dauden bitartean, elkartea (komunitatea) garela esan beharko dugu. Gizon-emakumeen komunitatea osatzen dugula, eta ez gizakiaren umiliagarri diratekeen kolektibitatea edo herri proletarioa.

Gizakia da jarduera guztien egilea, muina eta helburua… Gizakia nolakoa, gizartea halakoa”. Gizakigintzan aritzeko bideak ugaritu behar direla dio Arizmendiarrietak. Giza-jardueren egile, muina eta helburua denez, gizakiari berari dagokio gizakigintzarako beharrezkoak diren gizabide eta esparruak eguneroko bizitza korrientean ugaritzea. Arazo baten aurrean, norberak duen erantzukizunari uko eginez, erruduntza gizarte-egitura edo sistemei egozten diena oker dabil. Populukeriaren sustrai ustelak agerian, balirudike gizakiaren berezko nor izatea besteren pean (babespean edo manupean) egotekoa litzatekeela. Hau baino pertsonaren iritzi ezkorragorik ez dago. Horrek, gizakiak dituen ahalmenetan duen sinesmen falta besterik ez du adierazten.

Euskal gizakiaren adierazleetako bat indibidualtasuna denez, gizabanakoaren askatasun-gogoa gure jendearen artean oso errotuta dagoen balioa omen da.  Baina, “askatasun zaletasunak alkartasunera garoaz”, esaten du Arizmendiarrietak. Berezko baliabiderik gabeko herrian, bakoitzari berea eman ahal izateko elkarlanean aritu beharra izan dugu. Hortxe ikasi dugu askatasun hori ere ez delako guztiz norberaren baitakoa. Eta elkartasuna ez dela mendekotasuna, elkarganako harremana baizik. “Iñor be ez gara bakarti izateko egiñak eta orixegaitik alkartasunak elduarazo egiten gaitu, osotu, indartu, gozatu”. Azken batean, denok denon beharrean izatea delako gizakion egoera naturala.

Elkartasuna eta askatasuna, biak batera dira gizatasunaren adierazpiderik jatorrenak. Lanaren bitartez jaso dugun irakaspena. “Lana izan da gure erriaren indarra eta onurea”. Eta gizakiaren eskuarterik eraginkorrena. “Lanbideak eratu ta lanbidetatik otseintza edo morroitzak uxatzea egingo onuratsua da danontzat”. Lanak ematen du askatasuna. Horrela, lanaren jabe izatea giza-libertatearen bermerik printzipalena bihurtzen da.

Arizmendiarrietak gizakigintza eta lankidetza jarri zituen erdigunean. Lanaren antolamenduan eskuhartzerik ez duena ezin da lanaren jabe izan eta ezin zaio inolako erantzukizunik eskatu. Partehartzea eta elkarlana, askoz emankorragoa da anitzen artekoa denean. Ideia edo sorterri ezberdinetako jendearen ‘konbergentzia bideragarriak’ ekintza kooperatiboaren bizitasunaren mesederako izango zirela iragarri zuen. Helburu honekin, ‘euskaldunki’ jokatzea aholkatu zien kooperatibistei, ez zitezela taldekerian gotortu. Lanaren jabetzak, etorkiarekiko errezeloak gaindituta, izan behar zuela aniztasunaren integrazioa lortzeko bidea.

Eusko-jokabideak. Arizmendiarrietak euskal sen praktikoa goraipatzen zuen, behin eta berriz, euskal izaeraren hezur-muina bezala. Idealei uko egin gabe, aukera errealak baliatzea. “Euzko-jokabideetariko bat auxe da, lañoetara baño bera gehiago begiratu”.

Euskal asmoak gauzatzeko indarra erabiliz gero, “irabazi baño galdu seguruago” egingo zela aurreikusi zuen. Gizatasunari dagozkion jokabide eta bitartekoak erabiltzearen alde agertu zen beti. “Baketan burrukan baño geiago al izan genezake gure erriaren alde ta batez be gure erritarren onerako, aurrerapiderako”. Kontuan hartzekoa da aurreko esaldia 1969ko azaroan idatzitakoa dela, ETAren indarkeria hasi eta gutxira. Bi bide ireki ziren orduan. Indarrezkoa, populukeriarena. Gizabidearena, euskalerrigintzak aurrera egiteko erabili zuena.

Gure herria desagertze bidean zela zeritzoten ETA sortu eta babestu zutenak. ‘Beste erremediorik ezean’ legitimatu zuten 1968an hasitako borroka armatua. Arizmendiarrietaren esanetan, ordea, baziren erabilgarriak zitezkeen bestelako bideak. “Iñoren baimenik gabe egin genezakeguzan egingoak ez dira gitxi”. Aukerak ikusten zituen euskal gogoa eta arnasa gizarte esparru zabaletan berpizteko. “Bakoitzak beretik zintzo jokaturik jaso lezakezan saillak zabalak dira”. Bakoitzak beretik, baina elkartasunezko burubideetan ohitu behar ginela esaten zuen. Euskal gizartearen eremu ezberdinetako elkartegintza berrituz eta indartuz.

Azken batean, gizakigintzaren bultzadaz egindako herrigintzak, askatasunaz eta elkartasunaz baliatuta, gure herria zegoen itolarritik ateratzeaz aparte, aurrerabidean jarri zuen, inoiz ezagutu ez dugun gizarte garapena lortzeraino. Kalte bidegabea ekarri zutenen aurrean, “alkartasuna, zuzentasuna, azkatasuna ta aurrerapidea bekiguz gure gogomin”, aldarrikatu zuen Arizmendiarrietak 1969ko azaro hartan.

Gizabideak ugaritzeko deialdia. Orain ere, gizakia eta herria dira gure auzi nagusienak. Herria ahotan eta norberekeria kolkoan dihardute populukeri berriak, gizakoitasuna kamustuta eta iparrik gabeko norabidean. Talde-berekoikerien ugaritze eta hedatzetik erator daitekeena kaosa besterik ez da. Eta zentzu sakoneko gizakigintzarik gabe, ezin sortu genezake taxuzkoa den herrigintzarik. Gizakia eta herria egiteak etengabeko ekintza eskatzen duenez, Arizmendiarrietak egin zuen gizabideak ugaritzeko deialdiak egungotasun bizi-bizia duela esan beharko genuke.


Responses

  1. Oraindik tarteka marteka, asteroko ohiko lagun-afariaren ordez, taldetxo bat txikito batzuk hartzera joaten gera. Bertan era guztietako gaiak urratzen dira, azkenekoa, besteak beste, Xan lagunak jarritako galdera honen inguruan jardun ginen :” kanpotik datorkigun erasoei nola aurre egin gure barne herri bizitza kaltetu gabe?”. Ritxar, nonbait, kezkaturik jarraitzen du galderarekin, gaur oraindik iritzi eske nuen.

    Artikulu hau irakurtzea gomendatzen diot, neri ezinezkoa egiten zait artikulu honek ematen dituen argibideak baina egokiagoak ematea. Zerbait esatekotan, mundu zabalak ekarri duen Globalizazioagatik, ez ditugula ohiko “herri bideak” alboratu behar, adieraziko nioke. Herri zahar honen egintza historikotikan badago zer ikasia. Gure herrigintza historikoari esker, lortu da euskal herriaren iraupena.

  2. Gizarterik gabe ez dago gizabiderik eta horiek gabe ez dago demokraziarik. Baldintza horiek babesten ez duen Estatua ez da bidezkoa; daraman abizena daramala, euskalduna, espainola edo europarra.


Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Categorías

A %d blogueros les gusta esto: