Iñaki Azkoaga bere blogean
Euskal eremuaren izena finkatu beharrean gaudela diogunean, zerbait serioa esaten ari garela sinesten dugunontzat, Europako Balkanetatik datorkigun Mazedonia izenaren auziak bere garrantzia hartzen du.
Izenaren auziak Greziarren betoa ekarri die Mazedonia estatukoei NATO eta Europar Batasunean sartzeko, lehen 1993an Nazio Batuen Erakundean izan zuten moduan. Orduan izena aldatu beharrean egon ziren eta onartu deitura ofizial modura Antzinako Jugoslaviako Mazedonia Errepublika. Errealitatean izen luze hau kanporako erabiltzen dute, eta barrurako Mazedonia Errepublika soilik.
Aurreko hauteskundeetan alderdi sozialdemokrata europeistak irabazi zuen eta biztanleriaren % 80a Europar Batasunean eta NATOn sartzearen alde omen dago. Testuinguru honetan sukalde lanak egiten hasi ziren eta Davosen adostu zuten Mazedoniako hiriburu den Skopjeko aireportuari eta autopista nagusiari Alejandro Magno izena kendu eta beste bat jarriko zietela.
Gaur Mazedonia izena bi esparruk erabiltzen dute. Greziak, Tesalonika hiriburu duen bere iparraldeko lurralderentzako eta bestetik, Jugoslaviatik Mazedonia izenarekin independizatu zen estatuak.
Aspaldiko Mazedonia Erreinua izan zen, Filipo eta bere seme Alejandro Handiaren jaiolekua, Aristotelesena izan zen moduan. Eurak jaio ziren eremu fisikoa Greziako partean dago eta gaurko Mazedonia estatua ez ei dator bat lehengo Filiporen Mazedoniarekin. Greziar batzuk diote Mazedonia bakarra dagoela eta grekoa dela.
Bestalde, Jugoslavia zatitu zenean, Serbia (Kosovo barne), Kroazia, Bosnia-Herzegovina, Eslovenia, Montenegro eta Mazedonia sortu ziren. Mazedonia hau hasieratik estatu independente modura aldarrikatu zuten inongo arazo militarrik gabe.
Mazedonia honetako biztanle gehienak esloveniar jatorrikoak dira, VI gizaldian ekialdetik jasandako esloveniera hizkuntzadun herrien inbasioen fruitu, bertan bizi ziren traziar, lirio eta grekoei gaina hartuaz. Historian zehar eremu hau Bulgaria ere izan da, eta XIV.etik aurrerako bost gizalditan otomanoen menpean egondakoa da, Rumelia probintzia izenarekin. Badu ere gutxiengo albaniar oso indartsua, gehienak musulmanak, nahiz eta, Skopjeko minoria albaniar katolikokoa izan bertan jaio zen, Kalkutako Ama Teresa.
Mazedoniak bere hartu zuen greziarrek erabiltzen zuten banderaren izarra, Greziak aldatzera behartu zuena eta gaur aldatuta darabiltena. Hala ere, bere identitate bila, Skopjeko plaza nagusian Filipo eta Alejandro Handiaren bi eskultura erraldoi jaso dituzte.
Gauzak horrela, eta hogeitaka urteetako ezadostasuna gainditzeko asmoz, ONUk bitartekari bat bidali zien, Matthew Nimetz. Ordain materialik jaso gabe lana egin duen judu- iparramerikarra da, legegizona , lehenago Carter eta Clintonen administrazioetan ere lan egindako goi mailako funtzionarioa. Honek lau izen proposatu zien: Goi/Ipar/ Berria / Vardarska Mazedonia (Vardarska Skopjetik pasatzen den errekaren izena da).
Azkenean, Greziako eta Mazedoniako kanpo ministroek lortu zuten akordioa, izen berria finkatuaz “Ipar Mazedonia”. Horrela, lehen mandatari biek, Greziako Alexis Tsipras eta Mazedoniako Zoran Zaevek onartu zuten eta adostutakoa sinatu.
Hurrengo fasea parlamentu biek onartzea da, eta bietan daude zailtasunak. Grezian gobernuko koalizioko parte den Greziar Independenteak (ANIEL) alderdia aurka jarri da, gainera, Tesalonikan izugarrizko manifestazioak egon dira beste aldeari Mazedonia hitza eragoztearen alde.
Mazedoniako parlamentuan nagusitasun sinplearekin onartu dute, baina bere Presidenteak ez duenez sinatu, Konstituzioak eskatzen die hurrengo bozketan bi herenen aldeko botoa. Presidentearena izandako partidua, VMRO-DPMNE, aurka dagoenez, oso gaitza ikusten da gainditzea. Lehen Ministroa dimisioa aurkeztu ala ez dudatan omen dago, zeren dimititzen badu, biztanleriaren gehienak nahi duen Europarako bidea eragotzi egingo lukeela dio. Udazkenean egingo omen dute bozketa berria Parlamentuan. Gero, erreferendumean onartu beharko dute.
Ekainaren 26an, Bulgariaren esku dagoen europar presidentziak komunikatu duenez, Europar Batasunean sartzeko Albania eta Mazedoniarekin elkarrizketa ofizialak 2019ko ekainean hastea onartu da. Izenarena adostu eta, bat-batean, Europar Batasuneko ateak zabaldu.
Bitartean, kanpotik ikusita, ez dirudi hain konplikatua denik izenaren arazoa eta emaniko irtenbidea nahiko logikoa dela, konpondu nahi badute, onartzeko modukoa. Baina aspaldiko arazoa izanik, bertakoen sentimendu eta identitateak ukitzen dituenez, haserre gabe gainditzen nahikoa zaila ematen du adostasuna eskatzen duen arazo honek.
Euskaldunok errazago daukagula dirudi. Barruko kontsentsua da lehenengo urratsa. Adostasuna eta kontsentsua lortu, eta etorkizuna argitu.