Aberriberri bloga

Urrezko Domina eta euskara batua

Iñaki Galdos Amentzerauta blogean (2016ko azaroaren 17an Noticias de Gipuzkoan argitara emana)

Ramon Saizarbitoriak jasoko du aurtengo Gipuzkoako Urrrezko Domina, bertako Foru Aldundiak ematen duena. Berriki Imanol Lasa diputatu eta bozeramaileak jakinarazi digunez, bi alorretan egindako merezimenduak aitortu nahi zaizkio idazle donostiarrari sari honen bidez: euskal literatura modernoari egindako ekarpena eta euskara batua eredu estandar gisa gizarte bizitzaren alor guztietan finkatzeko egindako lana.

Saizarbitoria idazlearen irakurlea naiz, bere lanekin izugarri gozatzen duena. Ez naiz literaturan aditua, baina Joseba Gabilondo eta enparauek diotenari jaramon egiten badiogu, ondo merezitakoa da, zalantzarik gabe, dominaren erdia. Baina ni beste erdiak –hau ere oso merezia- ekarri nau lerro hauetara, saria emateko Foru Aldundiak erabilitako arrazoiak guztiz baliagarriak iruditzen zaizkidalako aspalditxotik bueltaka dabilzkidan kezkak azaleratzeko.

Sarituaren izena ezagutu eta hurrengo egunean egunkari honetan Juan G. Andrés kazetariak egin zion elkarrizketa interesgarrian, kezkaz haratago, beldurra aipatu zuen Saizarbitoriak gaur egun euskara batuaren inguruan gertatzen denarekin. Duela hiru urte inguru Xabier Euzkitzek ere gordin adierazi zigun egunkari honetan bertan bere ardura, Batuaren makurrak izeneko zutabean. Eta beste gauza askoren artean, EiTBk gai honen inguruan zuen jokabideak kezkatzen zuela onartu zigun, ordutik hona biziki areagotu dena, gehituko nuke nik.

Ez dakit gure irrati eta telebista publikoan euskalkiak eta azpieuskalkiak euren fonetismo bereizgarri eta guzti erabiltzeko joera hau erakundeak berak -zuzendaritzak, administrazio kontseiluak- hartutako erabaki baten ondorioa izan den edo utzikeria hutsa den, gainezka egin duena. Halaber, ez dakit Euskaltzaindiak adierazpen berririk kaleratu duen, gai honen inguruan 2004. urtean irakaskuntzan, administrazioan eta hedabideetan euskalkien erabileraz 137 araua izenekoa ezagutarazi zuenetik. Baina kontua da gero eta gehiago entzuten diegula etxe horretako hainbat esatari eta kazetariri in deu edo in ddou bezelakoak egin dugu entzun beharrean, adibide soil bat jartzearren. Jatorkeria deritzot nik horri, euskara batua gutxietsi eta euren txokoko euskara hedabide publiko eta nazionalera eramateko moda triste horri. Gaitz erdi sikiera horietako askok euren herrietako euskara ondo hitz egingo balute…

Etxe horretako hainbat esatariri buruz ari naiz oro har. Ulergarria da elkarrizketatu, gonbidatu eta entzule askok eta askok euskara batuan hitz egiteko gaitasunik ez izatea eta beraz dakitena erabiltzea. Baina hemen ere badugu zertan kezkatu. Aipatu zutabean, Euskal Filologia ikasten ari zen eta hedabideetan bere herriko euskara erabiltzen zuen kirolariaren kasua aipatu zuen Euzkitzek, “herri euskeria” goraipatu eta batua mespretxatzen sumatu zuena, bere euskalkiaren eremutik kanpo bere adierazpenak ia inork ulertzen ez zituela ohartu gabe. Gero eta gehiago dira euskara batua menderatu arren, izatez jatorkeria besterik ez den jatortasunaren izenean aipatu joerari heldu dioten kirolari (eta ez kirolari) gazteak.

Zalantzarik gabe, gogoeta sakonak egin behar dira euskara batuaren inguruan. Eztabaidak ere bai. Eta agian erabakiak hartu, hartu behar diren tokian. Ez dut gai hau gehiegi jarraitu, baina Ibon Sarasolaren Euskara Batuaren ajeak(Alberdania, 1997) eta Xabier Amurizaren Euskara Batuaren bigarren jaiotza (Lanku, 2010) liburuak dira agian azken hamarkadetan bazterrak gehien astindu dituztenak. Baita bi idazle hauek idatzi eta esandako beste hainbat gauza ere. Baina gogoeta horren beharrak ez du inolaz ere zuritzen gaur egun gertatzen ari dena, Saizarbitoriaren hitza berreskuratuz, beldurra ere sortzen duena.

Argi dezadan lehenbailehen: euskalkien maitale amorratua naiz, euskalkiak maitatzerik badago. Euskalkiak zaindu, erabili eta sustatzearen aldekoa naiz. Izugarri gustatzen zait nire Oñatiko euskara bizkaitarrean (mendebaldekoan,Koldo Zuazoren nomenklatura berria jarraitzen badugu) berba egitea. Euskalkiek euren tokia behar dute, baita eskola, hedabide eta administrazioan ere. Baina ez badaukagu garbi gure hedabide publiko eta nazionaletan zein den erabili behar den euskara eta, are gehiago, niretzat behintzat jasanezina den joera honekin jarraitzen badugu, porrot handi baten aurrean gaude.

Hau guztia utzikeriagatik gertatzen ari bada, zuzen dezatela, arren. Erabaki baten ondorio bada, azal diezagutela noiz, non, nork eta zergatik hartu duen erabakia. Agian konbentzituko naute, baina etxuat uste.

Salir de la versión móvil