Joxan Rekondo Pyrenaeus-eko Talaian

LOMCE-INSUMISION1. Erasoa. Wert legeak hautsak ederki harrotu ditu Euskalerrian. Hezkuntza arduradunen esanetan, gure ereduaren aurka inoiz egin den eraso bortitzenaren aurrean geundeke.  Euskal erakundeen erabakimenekoa den barrutian Madrilekoen esku-sartzea normaltzeaz gainera, hankaz gora jarriko omen ditu bertan egin eta irmotu den urteetako lana eta hezkuntza eragile guztien artean partekatutako sistemaren oinarriak.

Datorrena datorrela, legearen ezarpen esparrua mugarritu egin behar dela adosten badute ere, etxeko erakunde eta eragileek bi jokamolde azaltzen ari dira. Erakundeentzat, gure ereduari elkarrekin bat eginez eustea litzateke erronka nagusia. Beste zenbait taldeek, ordea, legearen aurreko desobedientzia jokabide bati ‘denak lotzea’ ere (lege ‘eragozle’ agiriak zabalduz) bilatu beharko litzatekeela diote. Euskal sistema zaitzeko baino, ireki den gatazka biderkatu, ateerarik gabeko kiribil batean sartu, eta larriagoa egiteko baliagarriagoa litzaiguke talde hauek hautatu duten borroka bidea.

Azken joera honen aldekoak mugitzen hasiak dira, dagoeneko. Joandako asteburuan izan zuten bilera Agurainen. Deia lau haizetara iragarriz, desobeditzearen deiadarraren oihartzun mediatiko ozen eta zabalena lortzea bilatu nahi zutela adieraziz. Orobat, bide bera horretatik abia daitezen eskatu die euskal herrietako bi gobernuei. Hala eta guztiz, Jaurlaritzako sailburuaren erantzuna ere jasoa dute honezkero: “Oso erraza da ‘intsumisioa’ esatea haiek [eragileak] dauden puntutik”.

2. Erresilientzia. Gure historian zehar, Wert jaunak bultzatutakoa baino oldarraldi askoz latzagoak ere ezagutu izan ditugu. Eta, hala ere, herri bezala bizirik irautea lortu dugula konta genezake. Mendeetako eskarmentua dela bide, historia luzean egiaztatutako eskubide politikoak irabazi ez ezik, irakaspen larri eta berealdikoak ere barneratu ahal izan ditugu. Txikiek zuhurtasunez jokatu beharrean garela erakusten digu Aulestiarren armarriaren lemak: “Bekoak goikoa ezkondu leidi, ta txikiak handia benzi leidi, asmoz eta jakitez”. Hortxe beraz, gure buruzagi direnek oso gogoan eduki behar duten ikasgai aberatsa.

Hari beretik doa Agirreazkuenaga historialariak derizkiona, gure herri burujabetza ‘erresilientea’ izan dela esaten duenean. Une gogor eta larrienetan apurtu gabe, guk gureari eusteko gaitasuna –asmo eta jakitearen bitartez, gehienetan- azaldu dugula dio, tokian tokiko sare anitzetara bildurik. Hau da, auzo, herri eta lurralde mailako elkarlana eta erakundetzea garatuz: sare guztiak aldi berean hondatzea ezinezkoa da eta. Erresilientzia hitz modernoegia badirudi, euskalerritarrok aintzinatik erabili ohi dugun sen praktikoaren adierazgarri zehatza ere badela esan daiteke.

Hala ere, erresilientzia ez da desobedientzia. Jokaera erresilienteak ez du intsumisioaren nabarmenkeriarik behar. Lehenengoaren malgutasunaren aurrean, berriz, bigarrenaren izaera zurrunak kontrakotasun joera setati bat indartu lezake. Orduan, arazoaren irteera (gure arteko zatiketarik gabe) bilatu ordez, desobeditzeko estrategia hori gatazka berri baten biderkagarria bilaka dakiguke; hezkuntza eredua berarentzat babesgarria gerta beharrean, zeharo kaltegarria bihurtuz.

Agian, orain erresilientzia bezala ezagutzen den horrek antza gehiago du foru baimenaren ohiturarekin. Lege zaharraren aurkako errege erabakien aurrean, gure arbasoek “obeditu bai, baina bete gabe” goiburuaren arabera jokatzen omen zuten. Halako neurriak elkarpen giro bat pizten zuten herriaren baitan. Bide hori bera orain ibil daitekeen galdetzea egokia litzateke.

3. Ikastolak. Gaur ere badago legea formalki obeditzerik, zuzena ez dena bete gabe. Egunero ikus daitezkeen adibide asko jar genitzake. Baina, ez noa horretara. LOMCEren bidezkotasun formala borrokatu behar bada, lege antolamenduaren bideak jarraitu beharko dira. Delako lege horren xedapen eta neurriak gure ikastetxeetan bete behar diren bestelako kontua da. Hala ere, hasieran aipatutako eragileen estrategia zalapartatsua ez dela eragingarria frogatzeko badugu bertako historia garaikidean esperientzia nahikoa.

Begira diezaiogun lehengo mendeko 60ko hamarkadari. Gure herria, garai haietako  kontaerari so egiten badiogu, oinarritik antolatua, bere arazoei (auto)erantzuteko gaitua eta nortasun ekimentsuarekin azaltzen zen ikastolak sortzerakoan. Pentsa daitezkeen inguruabar gogorrenetan, berebiziko ekimen erraldoia abiatzeko gauza izan zirela ezin dezake inork ukatu.

Etxe eta kokagune partikularretatik hasi ziren, legez kanpoko egoera batean murgilduta, ikasketak balioztatzeko arazoekin, batere sosik gabe,…  «Isilean eramaten saiatu ginen; interesa zutenek baino enteratu ez zitezen», esaten dute sortzaileetako batzuk. Jakina da diktaduraren ordezkariekin buruhauste bat baino gehiago izan zituztela, nahiz eta lehen ikastoletako sustatzaileen jokamolde zuhur hura erabakigarria izan zen sortutako auzien konponbiderako. Garai haietan izandako susperraldi horren inguruan gizarte ia osoa pilatu zen, geroztik ezagutu ez dugun bat etortze zabalena gorpuztuz.

4. Txikiak haundia bentzi leidi. Oraingo arazoei aurre egiteko jarraibide interesgarria. Haien lan isil eta zuhurra, oihartzun mediatikoaren bila prestatzen ari den egitasmo desobedientea baino eraginkorragoa dela bistakoa da. Haiek lortutako elkarpen giroa, gatazkarako (konfrontazioa areagotzeko) deiak ekarriko digun zatiketa baino desiragarriagoa dela kalean bertan egiazta daiteke.

Asmoz eta jakitez jokatuz gero, ‘txikiak haundia bentzi leidi’. Hau da, eskarmentu ederrarekin ikasi dugun guztia gure oraingo asmoen alde jartzea legokiguke. Hori eginez gero, erakunde eta gizarte-sareak, ekintza eta elkarlanerako gertu izanez gero, estatuari desafioka aritu gabe eta zuhurtziaz jokatuta, nahikoa bermatuta egongo litzateke datozen belaunaldietako oinarriko hezkuntza. Orduan, Madrilgo hezkuntza legeak xedatzen duena erabat indargabetuta legoke gure herrian.

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

8 comentarios en «Wert legea»

  1. Gustura hartzen da maila honetako artikuluak euskaraz irakurtzeko aukera izatea. Artikulu honetako ikasgai baliagarria suertatuko zaigu «iraultzaile» eta «konstituzionalista jakobinoak» foro honetan egiten ari diren erasoei erantzuteko ere.

    Desobedientziaren bidea proposatzea LOMCEren neurriak ez ezartzeko?. Hori, hartutako erabakiei zilegitasun neurri bat ematea da .

    Gurekin ez doazela agertzeko modu egokiena lehengo bideari jarraitzea da. Guretzat ez da ezer pasa, hartutako erabakiak ez doaz gurekin. Jarrera hau elkar onartutako itunei errespetoa agertzea besterik ez da.

  2. Mezua argi dago, ezker abertzaleak eramandako joerak beti deliberatu gaitu frustrazio eta etekin ezara, borrokaren aitzakiaz. Borroka baita ezker abertzaleak eskaini dezakena, baina lorpenak? Kontuan izanda hezkuntzak duen garrantzi ikaragarria, gai hontan estatuarekin talka-eremu berri bat irekitzea astakeria litzateke, hori ezbaita hezkuntza sistema legezko baten funtzioa. Eta horrek hezkuntza eremua pozoinduko lukeelako, gainera.
    Legearen bitartez LoMCEk dakarzkien malurak ekiditea eta gure bidetik joatea, euskal usadioari jarraituz, hori da egin behar dena, artikulugileak ondo dion bezala.

  3. Bat nator zuekin. EEen eskutik gutxi edo deus da lortuko genuke gure herrirako, beti bezala!
    Beraz jarrai dezagun geure bidetik! Geure nazioaren buruajebatusana iparra bakarra!
    JELen

  4. XX gizaldiko 50kadaren bukaeran, etxeko sukaldeko alkarrizketetatik haruntzago joan nahian edo, hasi ginan nerabe batzuk euskeraren gramatika ikasten Getaria kaleko soto ospel batean. Dana ixilpean eta giro klandestino batean. Hartan, lau bat urteetan jardun ginan oraindik tarteka mokadutxo bat jatera biltzen geran laurak. Oso oroitzapen gozoak gordetzen ditut garai haietatik.

    Hura zen bai konpromisua. Konpromisu eraikitzailea. Iragan egingarria. Orain, berriz, desegitera deitzea moda bihurtu da. Estaduari desobeditu beharrean, geronek aberriari obeditzearen deia jasotzen ari ginan, Jose Antonio lehendakariaren ahotik.

    Kultura aldaketa ikaragarria gertatu da geroztik. Goiko artikuluaren egileak ondo dio, ‘txikiak haundia’ irabaztea badago, gauzak beste modu batera egin behar dira.

    Gaur bertan, Berria izparringian Guraso talde baten artikulua irakurri ahal izan det. Hara zer esaten duen:

    «LOMCEren kontrako borrokari lehentasuna ematea erabaki zuen, beronen kontrako gizarte-eragozpena indartuz, eta oraingoz aparkatu, ahaztu gabe, hezkuntza-sistema propioari buruzko eztabaida»

    Harrigarria. Legearen kontrako eragozpen mugimendua sortzea omen da lehenetsi behar dana. Eta, gure eredua eraikitzea, aparkatu behar dela diote. Justu, 50-60ko hamarkada haietan egin zanaren aurkakoa.

    Gazteleraz esan ohi da: ¡Y así nos luce el pelo!

  5. Gure bordatxotik:

    Auxen da poza hartzen dudana horrelako gauzak irakurrita , euskal sena bizirik dirau eta badu idazlea. Joxan du izena, Rekondo abizena.

    Mila esker, eta mila urteko bizia opa dizut laguna.

  6. Me dirijo al autor de este articulo, el lider en intervenciiones en este foro, con su nombre y apellido, un euskaldun normal puede deducir que es vd, el que mantiene este foro, o llama o fuego o bazofia, en este tema no opino sera una cosa para unos y otra muy distinta para otros, aparte de las intervenciones que Vd tendra con otros niks ficticios, me supondo, porque a Vd le gusta opinar sino es embarrullar para algunos o sentar catedra para otros.

    Primero le voy a a lanzar una pregunta, cuantas visitas y cuantas intervenciones tiene este foro, me lo periodofica por años, por temas o por semanas, como vd lo quiera, por favor.

    Cuando me conteste si le place le hare otra, o tal vez si no contesta se la haré.

    Dandole las gracias por anticipado, saludos.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *