Jexux Artetxe
Indarkeria bukatu denetik, badirudi nolabaiteko baketzea lortu dugula. Hala ere, iruditzen zait lan franko egin beharko dugula urteetako eraso bortitzek elkarbizitzan utzitako zauriak sendatzeko.
Ez dakit baina, egiteko horrek duen berebiziko garrantziaz jabetzen ote garen. Jaurlaritzak aurkeztutako planaren edukia biribila dela deritzot. Batik bat, kalitateko bizikidetzak zoru etiko sendoa behar duela finkatzen duenean. Baina, inolako akatsik leporatzekotan badu bat funtsezkoa dena, ez duela gizarteratzerik lortu. Ezin baita elkarbizitzaren alorrean gehiegi aurreratu, gizartearen parte-hartze eraginkorrik gabe.
Dudarik gabe, egoera asko alda dakiguke lekuko erakundeek jarrera aktiboagoa hartuz gero. Elkarbizitza behetik gora eraldatu eta hobetzen baita, herriko jendea eta udal agintarien esku-hartzearekin. Parlamentuan adostu den abiapuntu etikoari ‘zorua’ deitu ohi zaio.
Ezinbestekoa zaigu hitz horren bi adierez ohartzea. Bat, elkarbizitzak minimo partekatua behar duela adierazten duena. Bi, herritarrek eguneroko harremanak garatzen dituzten lurzoruan errotu behar den kode etikoa ere badela erakusten duena. Herriko kale-auzoetako lurzoruan, hain zuzen. Baita denda eta tabernetan, lan edo txolarte aldietan ere,… Urteetan izua edo mendekua zabaldu eta erein den toki berberetan, beraz, sustraitu behar da zoru etikoa, jarrera hondagarri haiek erabat ezabatu arte.
Askok esaten dute lan isilaren bitartez aurreratuko dugula konponbidean. Nire ustez alderantziz da; hobe egiten dena agerian egitea. Bortxa edo mehatxua erabiltzearen alde daudenek eraman beharko dute, horrela, auzo-lotsaren orbana.
Batzuek eginkizun horretan hasiak gara dagoeneko. Eta elkarbizitzaren zorua auzolanean errotzeko prest gaude.
Konforme. Orain arte, lan isila ala isileko jarduna izan da gogorkeri zaleek beren buruak zuritzeko zuten modua. Zenbat aldiz ikusi ditugu ezker sasiabertzalearen buruek gauza bat isilean esanez eta bestea agerian.Gogoan dut Pako Aristi idazleak gomendio hori egin ziola Rekarte ETAko preso ohiari Amets Arzallusen bertso-afari errefusa zela eta, biok elkarrekin biltzea eta afari goxoa egitea beren esan beharrekoak isilean esanda. Iritsi zaigu ba gauzak agerian esateko momentua. Hori izan baidaiteke elkar bitzitzaren oinarrietarikoa, askatasuna benetan edukitzea, eta ez zenbaitzu gogorkeri zaleen amorruaren beldurrez beti egotea.
Indarkeria era formal batean bukatu da. Baina erabat deslegitimatzen ez dugun bitartean ezin dugu esan bakean bizi garenik, desaktibatu gabeko giza-bonba asko ditugu gure artean.
Indarkeria guztiak dira arbuiagarriak esaten dugu. Baina guztiak deslegitimazio bera al dute?.
Frankismoaren eta faxismoaren indarkeria teorizatuz defendituko duen gizon-emakume kabailik ba al dago gure artean?
Gauza bera gertatzen al da ETAren indarkeriarekin? Hemen ez al dago iragan hori goraipatzen jarraitzen duen organizatutako jendea?
Benetako bakeak egiari eta ulermenari ezin dio uko egin, ulertzen ez den bakea gezurrezkoa da. ETAren indarkeria ez da ulertzen. ETA gure herrian gezurra da , mila interpretazio, mila arduradun.. . Nola egin justizia errudun material edo ideologikoak izendatzerakoan erratzen bada.? Zer izan da eta zer da ETA?
—
Konforme artikuluarekin, hasi gaitezen behetik gora guztion artean egian eta ulermenean oinarritutako bakea egiten.!