Imanol Lizarralde
Etika eta politikaren arteko harremanaren gaia hautsak harrotuz gainera animuak asaldatu egin ditu, Imanol Galfarsoro filosofoaren artikuluak erakusten duen bezala. Horren iturburua? Jonan Fernandezek bere twitterrean egindako pare esaldi. Ikus dezagun arazoa Galfarsororen hitzetan:
Atzo (2013/08/25) txio batzuk zirkulatu zuten biktimen gaiaren inguruan. Jonan Fernandezek (@FernandezJonan ) zera galdetu zuen arratseko 8rak aldera: “Ezin da ETAren eskubideen urraketen erantzunkizunaz hitz egin beste batzuekin konpensatu gabe?” Baina 6 bat ordu lehenago Mario Zubiagak ( @zuribia ) erantzuna emana zuen jada: “Zizek y la injusticia de ETA: una disculpa sólo tiene sentido cuando el que la recibe responde: “no era necesario, yo también fui injusto“.
Fernandez-en esaldiak bakarrik zera dio, eragile politiko bakoitzak bereari begiratu behar diola, eta NAEMek berearen kontua eman behar duela, besteek beren kontua eman behar duten bezala. Zizek-en esaldiak, ordea, euskal gatazkan kokatua, intentzio bakarra dakar: aurkarien arteko gatazkaren sufrimenduan ekibalentzia morala ezartzearena. “Denok gara erantzule”, esan nahi du. Baina zehaztasunik gabe, egi orokor hau gezur partikular batetara eraman gaitzake; denak erantzule gara, bai, baina ezberdinki erantzule, ezberdinak izan baitira nor bakoitzaren ekintzak eta hauen ondorioa. Gizalegezko baieztapen horretatik ia desesperatuki ihes egin nahi dute NAEMek eta Galfarsorok.
Arazo bat, noski, aurkariak ez daudela adierazten denean dator. Bakarrik demokratak (irabazleak) eta terroristak (galtzaileak) daudela alegia. Jakina denez, Espaniako konstituzioa ardaztzat duten alderdietan mamitzen eta mimatzen den jarrera nagusia hori da. Askapen mugimendurako, kasu honetan, diskulpa eskatzeak berak ez luke ezertarako balio, sinbolikoki, politikoki… etikoki, ez bada, Zizeken adierazpenaren potentzial baikorra antzemanez, ateak gerora irekita uzten dituelako elkarrizketaren jarraitzeko.
Aurkariak egon badaude, denok onartu behar dugu, bestela gatazka ala arazorik ez legokeelako. Aurkariek modu batean eta bestean ulertzen dute beren borroka, horretan ere ez dago duda izpirik. Baina adieraztea batzuk bakarrik (demokratak eta terroristak banaketa egiten dutenak, alegia) irabazle eta galtzaile klabean pentsatzen dutela, hori egi erdia izanik gezur ustela da, NAEMek horrelaxe pentsatzen baitu bere aldetik, gero Galfarsoro berak argituko digun bezala. Esan dezagun, bada, galtzaile eta irabazlerik ez badago, aurkariak bakarrik (Galfarsorok adierazten duen bezala), hori horrela dela borroka jadanik ez delako amaitu, ezpatak airean ari direlako beren kolpeak deliberatuaz. Orduan badator galdera: nola aplikatu genezake etika, definizioz unibertsala eta oro hartzailea izan behar dena, baldin eta borrokan bagara eta, hortaz, gure ekintzak eta hitzak borroka horren menpe badira? ETAk oraingoz armak isili ditu baina borrokan jarraitzen dugu, aurkariak elkarren kontra ditugu buruz buru. Zer adostasunera iritsi gaitezke egoera horretan?
Elkarrizketaren jarraitzeko ateak izten dituztenak nor eta, hain zuzen ere, ‘erdiko’ jarrerak eta lekuneak bete nahi dituztenak dira; hau da: gatazka egon dela onartu bai, baina ‘gurekin’ ezer gutxi ikusi izan duela adierazten dituztenak… Eta hemen guztiz da zilegia galdetzea ea bakelari profesional ‘neutral’aren posizioa bete nahi duen Jonan Fernandez ez ote den kategoria horretan sartzen; batez ere Fernandezen betebehar politikoak jaurlaritza kudeatzen duten nazionalisten babespean burutzen diren neurrian.
Orain, “erdiko”jarrera horiek dira etsai nagusiak, Galfarsororen hitzetan “elkarrizketaren ateak izten dituztenak”. Ez dira PPkoak (izan ere, hainbat arazoetan, NAEMek nahiko lituzkeen interlokutoreak, beraiek baitira estatuaren ordezkariak, eta beraiek ere zuzenean NAEMi elkarrizketa ukatu diotenak); ez, EAJ eta Eusko Jaurlaritza dira. Zergatik? NAEMen ereduarekin ez direlako lerratzen. Hortaz oztopo eta traba dira, bere hizpide propioarekin segitzen dutelako. Berak dio EAJk “erdi hitza” “hegemonizatu” duela “eskuineko esanahiez”. Jakina da ezker iraultzaileko teoriko zein akolitoek askotan proiektatu egiten dituztela bere asmoak besteen asmoetan eta Galfarsoro bat dator horretan, kontrakoa proposatuko baitu, “ezkerrak” “erdi hitza” hegemonizatu dezala. Orduan bai, beretarrek hegemonizatzean, balioko duela “erdiko” jarrera.
Horrela, atzoko beste txio batean Fernandezek “Giza eskubideen urraketen datu objetiboei begiratu behar diegu” (…). Laburtuz, kulpa edo sufrimenduaren matematika moralizatzaile maltzurretan sartu orduko, datu objetiboen bidez burutzen diren planteamendu konparatzaileak zeharo dira onartezinak!
Hain zuzen, hauxe da Galfarsorok eta NAEMek errotik ekidin nahi dutena. “Datu objetiboak” eta ondoriozko “planteamendu konparatzaileak”. Gure azken urte hauetako errealitate historikoaren odol eta sufrimendu enpirikotasun gordinean ezker iraultzaileak izan duen ezin onartutako erantzukizun galanta. Nola ametituko du hau, bere burua itxuragabetu gabe? Zer bada lortu du, etorkizun ezin iritsitako baten promesa hutsala baino? Ez al da horregatik murgildu NAEMeko filosofo taldea arrazoia, etika eta errealitatea aldrebesten duen logika ingurumarietako adierazpenetan, gertatu diren ideologia, estrategia eta beren ondorio odoltsu-antzuak zuritzeko asmoz?
Euskal Herriko testuinguru zehatzean, biktimen inguruan aurrera joteko jarrera etiko zuzena biolentzia pairatu duen gizabanako bakoitzaren sufrimendua, atsekabea edo heriotz ikaragarria berez absolutoa eta konparaezina dela onartzea da. Horrek ez du esan nahi biktimen inguruko eztabaida etikoa ez dagoela lotuta giza-eragile ezberdinen asmo eta helburu politikoekin. Noski badagoela eta, ondorioz, sufrimendua bera selektiboa dela onartu egin behar da, era berean. Bai, sufrimendua selektiboa dela modu onestoan onartu behar da!
Eta etika humanitarioari burla egin eta gero (“kondeszendentzia humanitarioa” aipatzen baitu), etika humanitarioaren logika aplikatu nahi hemen, lehen aipatu helburu ezkutarazle berdinez. Noski nor bakoitzak pairatutako heriotza eta sufrimendua arazo ikaragarri eta konparaezina dela. Baina horrek ez gaitu itsutu behar subjektu kolektiboek sortutako estrategia hilgarrien aurrean; estrategiek eta ideologiek sortu baitute heriotza eta sufrimendu errealitatea. Etikak badu zeresanik hor, etikaren kontra hartu baitira heriotza eragin duten ideologia-estrategiak. Estatu arrazoia eta goi-arrazoi iraultzailea, horiek izan dira errudun, eta horregatik berdinki (beraiek sortutako egindako ekintzak eta ondorioen arabera), etikoki, epaitu behar dira. NAEMek, noski, ez du hori nahi. Baina baldin eta gure gizartean elkar bizitzak eta bakeak erroak egingo badituzte, ezinbestekoa da hori. Bestela egoera politikoaren araberako bake faltsua eraikiko baikenuke.
Bukatzeko, moralki blasfemoa izateaz gain zergatik da moderazioan eta orekan, erdikoitasunean eta erruarekiko distantzian sostengatu nahi den arestiko planteamendu nazionalista politikoki perbertsoa, modu berdinean? Bada, gainontzeko kalkulu politikoekin batera, biktimen inguruko eztabaida etikoarekin lotuta ere, moderazioaren eta orekaren alde agertzeko moduak berak asmo eta interes politiko ez-aitortua bezainbat zehatza duelako: politikaren erdiko eremua betiko betetzea.
Bai noski, eragile politikoek osatzen dute arazo honen paisaia. Eta eragile horiek guztiak, baita EAJ ere, “interesatuak” dira, beren interesak dituzte. Horrek ez du esan nahi zeresanik ez dutenik eta beren zeresana egia ez dioenik. EAJk bere erantzukizuna du arazo honetan, horregatik bere ekintzen erantzule da. Estatu arrazoiak EAJ NAEMekin lerratu izan du; eta, alderantziz, ezker iraultzaileak EAJ estatuaren pare jarri izan du. Baina, nahi ala ez, EAJk bere erantzukizun autonomoa eta bere eredu propioa du. Hau da Galfarsorok (eta NAEMek) aitortu nahi ez dioten lekua. Eta halere, Galfarsorok onartzen du, EAJk “moderazio eta erdikoitasuna”aren orekan kokatu dela. Zergatik? Ikus dezagun bere konklusioa:
Bestela esanda, ganorazko aldaketa politiko posible baten kontrako kalkulua inskribatuta dago jadanik nazionalisten predikamendu erdikoian. Justu justu alderantzizko diskurtsoa desplegatuz gauzatzen baldin bada ere (marko berri baten alde gaude…) nazionalisten estrategia konponbide integrala oztopatzean datza, marko berriaren artikulazioa berandutzean, hain zuzen ere, zer eta betiere ‘erdi’ politikoan kokatuta mantentzeko.
Beraz, ekiditu ezin daitekeen eztabaida etikoaz haratago badago beste lan politiko zehatzago bat egiteko: nazionalistak hegemonizatu duten ‘erdi’ hitzaren eskuineko esanahiez hustu eta independentziaren aldeko prozesuan ezkerreko esanahiekin bete!
EAJk “erdi” horren lekua lortu duenaren froga, Galfarsorok erakusten duen desioa da. Bat-batean goi arrazoi politikoaren indarra nagusi ageri da eta kontsiderazio etikoak bigarreneko lekura zokoratzen ditu. Arrazoi hori “marko berri baten alde” ekitea da eta “konponbide integrala” lortzea. Hemen Galfarsorok subjekturik gabeko kategoria politikoak deliberatzen dizkigu. Zer “marko berria”z ari zaigu, bada? Zer “konponbide integrala”z? NAEMek astintzen dituenetaz ari da dudarik gabe. Azken paragrafoan, bere inperatibo nagusiaren helburua planteatzen baitu: erdi politikoa ez da egon behar “eskuina”ren menpean, ezkerrenean baizik. Lehen esan bezala: borroka ez da eten, NAEMek bere kategoria iraultzaileen barruko garaipena lortu nahi du. Horretan etika eta bere ondoriozko erantzukizuna zama zaizkio, dudarik gabe, bere aurpegia itsusituko bailuke azken urteetan bizi izan dugun sufrimenduaren kontaerak. Eta hau, jakina, “marko berri”aren eta “konponbide integrala”ren etsaia da. Galfarsorok etikaz egiten duen aipamena huts hutsik instrumentala gertatzen da horrela, etsaiak ez dezan hitz polit hori bereganatu. Baina, azkenean, bere politikak etika ukatu egin du, “datu objetibo”ak eta “planteamendu konparatzaileak” ukatzen dituelako. Eta ukatu egiten ditu, egiak iragandako ekintza eta asmoen minduria dakarrelako, eta horiek NAEMen egungo asmo eta ekintzen erroa direlako.
Ideologiaz ezin kargatuago Galfarsororen aitorrak oro har, eta zehazkiago erdikoitasunaren gainekoak. Erdikotasun delakoa hustu, bete, hor kokatu edota hortik erauzia izatea posibletzat jo izanik, zera jartzen baititgu erakutsian: Galafarsorok, MLNVkoek ere ohi dutenez, errealitateari bizkar emanik plantzen eta plateatu nahi duela bere estrategia. Horretarako, lehenengo eta bat iraganari ez moralki, ez eta erru-onarpen gutxienekotik ere, nahi dio begiratu. Borrokalekutzat du jotzen iragana, norberak bere ezkutu eta erdi-ezkutuko interes neurtuak zituelarik, eta hortaz, badirudi berorren irudikoz, oraingo, edota hemendik gutxirako, baliospen moral oro lezkuz kanpo legokeela, edota emango bada, ematea lortuko duen horren gailentze estrategikoa baino ez dela izango. Horrez batean ere, erdikoitasunaren borrokolakuan dagoela lehia, diskurtsoaren lehia alegia –ez moralarena, azken hau, finean eta buruan, hau erdikoitasuna bereganatu dutenen beste estrategia bat baino ez baikeneukake (MLNVrena ez beste guztiena).
Tranpa kiratsua dario, egia aitor, planteamendu honi:
1) Bateko, erdikoitasuna ez da berenez kategoria politikoa, soziologikoa baizik. Berori populazio gehien har dezakeen pentsaera-eremutzat jo bagenezaake ere, ez da horretan soil-soil geratzen kontua, ezaugarri batzuk ditu eta .
2) Direlako ezaugarri horiek sarritsutan ez dakit noraino diren ezaugarri edota erdikoitasunaren ezinbesteko aurrebaldintzak. Horietako muinetariko bat hau da: muga dituen (erdikoitasunetik kanpo, hortaz) gainontzeko pentsaera eremuei dagokienez, mintzakide edo harremankide gehien (kuantitatiboki, nola ez, baina, baita harreman-sakontasunari dagokionez, kualitatiboki ere) beregana dezakeena dago finean delako erdikotasunean.
3) Erdikoitasuna, eremu zabala izanaz gain, bestelako eremuen mintzakide erreal edo ahalezko izanik, oso oinarrizko eta generikoak, baina aldi berean funtsezkoak, diren ikuspuntuak ditu partekatzen.
4) Nekez, hortaz, erdikoitasun hori iritsi, moraletik at, gizartean erroturik dauden balioespen eskemetatik kanpo, alegia.
5) Indendentziak, berenez, ez du zertan atea itxia izan erdikoitasunaren eremuan. Alabaina tranpatia da oso, berorretaz bere soilean hitz egitea.
6) Independentzia ere, asmo edo Nahikari gisa badago ere erdikoitasuna partekatzen duten azpi-talde batzuen (edota norbanakoen) artean, nahiz berori ez duten erdikoitaunaren peko guztiek partekatzen.
7) EAJ badago erdikoitanaren eremu barruan, dudarik ez, nahiz horrek ez duen esan nahi oso bestelako ideologiak ere ez daudenik (PSOE, bozkatzen ez duena…).
8) Geure buruari galdetu beharko hortaz, zer DEN ERDIKOITASUN DELAKOA HAIN IDEOLOGIA EZBERDINAK EGON AHAL IZAN DAITEZEN, alegia, ZER DEN PARTEKATZEN DUTEN OINARRIZKO HORI.
9) Azkenik, NOIZ HARTUKO DU INDEPENDENTZIAK ERIKOITASUN BERE OSOAN, hau da, NOIZ BILAKATUKO ERDIKOITASUNAREN ESPLIKAGAI? Ez dakit…baina, nolanhi ere den, ezinezko inoz MLNVren estrategiaren pean dagoen bitartean.
Benetan ikusgarria ezker iraultzaileko hauen gogoeta modua!
Lehenaren balorazio etikoan ez dira kontuan hartu behar datuak eta datuak ez dira konparatu behar!
Arrazoipiderik ez, gauzak balira esan eta kitto. Galfarsoro honek barruko parrokianoentzako idazten du.
Eta parrokianoek bakarrik konsignak eta aginduak ulertzen dituzte.