Patxi Baztarrika
Euskararen Legearen 30. urtemugarekin etorri da aurten Euskararen Nazioarteko Eguna. Adostasun sozial eta politiko zabalaren fruitua da euskararentzat hain onuragarri izan den, eta den, lege hori. Eta badira 35 urte euskara batuaren aita ponteko eta euskara indarberritzeko ahaleginean bide erakusle izan zen Koldo Mitxelenak (1915-1987) idatzi zuela ondorengo pasartea.
”Ezin fida daiteke (…) dekretuaren ondorio miresgarrietan, ezta ofizialkidetasun nahiz ofizialtasunezko aitormenetan ere. Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkundea segurtatzeko behar adinako tokia. (…) diglosiaren purgatorioetatik ihesi goazela, ez gaitezela ghettoaren infernuan eror. Hizkuntza integrazioa beste ezein bezain beharrezkoa dugu”.
Erabateko gaurkotasuna darion pasarte horretan eskura ditugu, nire iritzian, euskal gizarterako hizkuntza politika zilegi eta eraginkor baten giltzarri nagusi asko.
Guztiok ez bada gehienok gara euskarari tokia egitearen “aldeko”. Zer-nolako toki, baina? Ez baitu balio nolanahiko lekuak: gure hizkuntzak “iraupena eta hazkundea segurtatzeko behar adinako tokia” behar duela dio Mitxelenak. Hor dago koska. Aldarri honek baditu gutxienez ere hiru hartzaile: batetik, gutariko bakoitza, bestetik euskalgintza zabala, eta, hirugarrenik, nola ez, herri-aginteak, euskararen hazkundea ekarriko duen tokia aurkitzeko hizkuntza politika garatu eta aukera-berdintasuna bidera dezaten. Tokiaren tamaina eta nolakotasuna erabakitzerakoan azaleratzen dira ikuspuntu ezberdinak “euskararen aldekoen” artean. Batzuek uste baitute euskarari ez dagokiola ia-ia tolerantzia hutsa besterik, ez behintzat askoz gehiagorik, eta, ondorioz, askatasun indibidualen aurkako inposiziotzat gaitzesten dituzte sustapen-politika berdintzaileak –eremu ezberdinetan euskararen erabilera aktiboki bultzatzea eta egiazki bermatzea helburu dutenak, alegia–. Diotenez, eskolari esker euskaldundu diren eta euskaldunduko diren belaunaldi gazteek naturaltasun osoz errotuko dute gure artean euskara, bere kasa ia-ia: ez legoke ezer asko gehiago eta besterik egin beharrik. 30 urteotako ibilbidean nabarmendu diren mugek agerian jartzen digutenaren eta soziolinguistikako arau arruntenen kontrako ikuspuntua da hori, ezinago urrun dago “hazkundea segurtatzetik”, baina badu indarra gure gizartearen parte batean.
Nolanahi ere, “zer” bezain garrantzitsua da “nola”, “hazkundea segurtatzeko behar adinako tokia” ezin baita edonola, edozeren gainetik eta edozein preziotan eraiki. Nola, bada? Horretaz ere ezin argiagoak dira Mitxelenaren hitzak: “handikeriazko menturarik gabe”, hots, maximalismoetan eta gehiegikeriatan erori gabe, boluntarismoaren lilurapean amildu barik eta garenaren neurriaz –txikitasunaz- jabetuta. Leteren hitzak baliatuz esango genuke: “amets eroak baztertuz bertan, sasi zikinak behingoz erreta, bide on bat aukeratzen”. Gure gizartearen parte batean, ordea, fama txarra du pragmatikotasunak, fama txarra du adostasun zabalaren mesedean norberaren zenbait posizio leundu edo sakrifikatzeak. Badira euskarari tokia egiten jarraitzeko behar den malgutasuna euskarari traizioa egitearekin eta burua makurtzearekin identifikatzen dutenak. Askotarikoen kontsentsu sendoa da, baina, nire iritzi apalean, hizkuntza politika eraginkor baten bideragarritasunerako bermerik sendoena. Eta nago, pragmatikotasunaren balioa azpimarratzeko erantsi zuela bukaerakoa Mitxelenak, hots, “diglosiaren purgatorioetatik ihesi goazela, ez gaitezela ghettoaren infernuan eror”.
Gure artean badira “dekretuaren ondorio miresgarrietan” itsu-itsuan sinesten dutenak, behar-beharrezkoa den araua –beste ertzetik, paradoxikoki, inposizioa bailitzan gogaitutako araua– bide batetik eta herritarren gogoa bestetik joan ahal balira bezala. Beharrezkoak eta lagungarriak dira aginduak eta arauak, ez ordea behar bestekoak. Herritarraren eta hiztunaren atxikimendua eta gogoa dira erabakigarriak, eta gogo horren eta herritarren ahalbideen arabera egingarria dena identifikatu, adostu eta gerorako utzi gabe egitean datza arrakasta. Hizkuntza indarberritzeko langintzan ez du balio “nahi izatea da ahal izatea” printzipioak, guztia ez baita egingarri. Progresibotasuna hizkuntza politikaren eraginkortasunaren giltzarri nagusietarikoa da.
“Hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia” (laissez faire-laissez passer baztertuz, alegia) “maximalismorik gabe” (dogmakeriak alboratuz, alegia) aurkitzea proposatu ondoren, “ghettoaren infernutik” ihesi “hizkuntza integrazioa” behar dugula izan helburu esan zigun Mitxelenak. Idatzia zuen lehenagotik honakoa:“Gure artean eta guk gauzak ongi ezagutzen ditugun garaian, ez da sekula euskara hemengoen adierazpide edo mintzabide osoa izan. Beste hizkuntzaren bat izan du beti aldamenean”. Badira bestelako proposamenak gure artean. Adibidez, elebakartasun soziala iparrorratz hartuta-edo, euskara Euskal Herriko hizkuntza ofizial “bakarra”ren aldarri zaharkitua irakurri dugu alderdi “sortu” berriaren ponentzian. Nire iritzian, euskara egoera guztietarako hizkuntza beregain bakartzat planteatzea, hots, eremu publikoko hizkuntza komun bakartzat irudikatzea, ez da erreala –gaurko belaunaldiek ez baitute halakorik sekula ezagutuko, gure erdarek iraungo dutela kontu segurua baita–, eta gainera inondik ere ez da hori Euskal Herriko herritar gehienen gogoa. Ez da, beraz, desiragarria. Euskararen aldeko jarduna ez da hizkuntza askatasunaren aurkakoa, aldekoa baizik. Kontua ez baita euskara “ala” erdara, euskara “eta” erdara baizik, nahieran. Bestelako edozer euskararentzako itogarri eta bizikidetzarako lehergarri izango litzateke.
Integrazioa da elkarbizitzaren giltzarria, eta hor aurkitu behar dugu helburua: hots, gureak ditugun bi hizkuntzen arteko bizikidetza ahalik eta berdinkideena, koexistentzia hutsetik haratago. Kohesio sozialerako lokarri izatean leukake euskarak “iraupena eta hazkundea segurtatzeko behar adinako tokia.”
Artikulu ona eta egokia Baztarrika jauna.
Erabat ados diozunarekin: maximalismo ergela, eta politikoki baldintzatua badago are gutxiago, ez da ona euskararentzat.
¿Zergaitik lortu zuen orain dela 30 urte euskarak orain bizi arazten duen arrakasta? Jende askorentzat euskal nortasuna deskubrimentua izan zelako. Beraiek ahaztutako erro batzuen ezagupena, kanta, historia eta artearekin batera zetorrena.
Euskara maila errebindikatibo huts batetara mugatzea euskara murriztea da eta gainera kausa politiko baten menpe jartzea. Okerrena da kausa politiko horrek ez duela problemak bideratzeko asmorik, alderantziz baizik, problemak etengabe luzatu nahi ditu.
Gure hizkuntza ahula eta txikia eta ez zaio komeni horrelakorik. Euskarak irabazi behar du Euskadik irabazi behar duen neurri berean: euskal nortasuna eta izaeraren konposagai baten moduan, garrantzitsua eta ezinbestekoa, baina bakarrean ezer gutxi balio duena.
Eta noski inor mindu gabe eta poliki poliki. Ez ditugu behar eta euskarak gutxiago agrabio eta agrabiatu gehiago gure lur gaztigatu honetan.
Ondo dago lantxo hau.
Lehen lehenik, errealitatearen aitortza: ezinezkoa zaio Euskalerriari herrialde elebakarra izatea beste bi hizkuntza ditugulako gure artean. Badirudi batzuk bizi direla errealitate imajinatu bat pintatuaz.
Bigarren, legeak ez du euskara salbatuko. Irakurri berri dut oraintxe Latxagaren «Naparroa euskal arrobia» liburua. Nafarroan euskararen aldeko mugimendua sortzen da gizarte barrutik eta gero instituzioetara jotzen da. Hauxe da euskalgintza guztien ezinbesteko bidea.
Hirugarren: euskara aldarrikapenaren kulturarekin lotzea oso gauza kaltegarria da. Euskara erakargarri izan behar da eta ez eztabaida eta borrroka leku bat.