Patxi Baztarrika, Lorea Bilbao, Eneko Oregi (Euskararen Aholku Batzordeko kideak dira)
Euskararen erabileraren normalizazioaren ibilbidean zenbait mugarri eta bihurgune aurkitu izan dugu egun hauetan, egindako bideari atzera-minik gabe erreparatzeko eta datozen erronkei konfiantzaz begiratzeko aukera ematen digutenak.
Lehendabizi, 1982ko Euskara Legearen 30. urteurrena ospatzen dugu egunotan. Gure hizkuntzaren historia luzean nekez aurkituko dugu hori bezain mugarri garrantzitsurik: lehen aldiz onartu zuen gure herriak, Autonomia Erkidego hau osatzen duen gure herriaren zati esanguratsuenak, euskara geroratzeko eta indarberritzeko lege-mailako tresna bat. Eta ikuspegi, jatorri eta ideologia desberdinetako herritarren ordezkariek onartu zuten, adostasun- eta elkarretaratze-giroan.
Lege horrek oinarritu eta babestu du mendebaldeko Euskal Herri honetan harrezkero planifikatu eta gauzatu den hizkuntza-politika osoa: euskarazko heziketa, euskalduntze-alfabetatzea, hedabideak, kulturgintza, administrazioa, eta abar.
Egun hauetan iritsi dugun bigarren mugarria Euskal Herriko V. Inkesta Soziolinguistikoa izan da. Bost urterik behin egiten den azterketa soziologiko hau ezinbesteko tresna dugu euskararen ezagupen eta erabilerari eta euskararekiko jarrerei buruz euskararen lurraldeetako herritarren bilakaeraren jarraipena egiteko eta hizkuntza-politiken emaitzak ebaluatzeko. Horren ondoan izan dugu, halaber, euskararen kale-erabileraren neurketa, azterketa osagarria zalantzarik gabe.
Hirugarren mugarria, Euskararen Aholku Batzordeak (aurrerantzean EAB) uztailaren 18ko egun seinalatuan eta Jaurlaritzak uztailaren 24ko bileran onartu duten Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (aurrerantzean ESEP) izan da, datozen hamar urteetarako euskararen normalizazio-politikaren gidalerro nagusiak jasotzen dituen dokumentua, alegia.
ESEP, jakina denez, Jaurlaritzaren bultzadaz, EABk landu du, Euskara 21 Batzorde-atalak zehazkiago. 1982az geroztik euskararen normalizazio kontuetan sekula izan den partaidetzarik zabalenarekin eta adostasun-borondate sendoarekin joan den legealdian, 2007tik 2009ko otsaila bitartean, orduko Jaurlaritzaren bultzadaz EABk burutu zuen Euskara 21 prozesuan dago oraingo Planaren abiapuntua. Euskara 21 prozesu hartako ondorioen agiri gisa EABk landu eta aho batez onarturik utzi zuen “Itun berritu baterantz” dokumentuaren bultzadari zor zaio ESEP, eta hamabi urtez indarrean egon den EBPN eguneratu eta osatzera dator.
EABk lan handia –eta aitortu beharrekoa- egin du, Jaurlaritzak finkatu dituen arloetako bakoitzerako ekintzak, ekintza-lerroak eta ekinbideak proposatuz eta adostuz. 340 ekintzatik gora, 90 neurri nagusitan antolatuta, guztira. Badute Euskararen Aholku Batzordeak eta Jaurlaritzak pozteko arrazoirik.
Egia da zehaztasun-maila oso desberdineko ekintzak direla, arlo batetik bestera eta arlo bakoitzaren baitan, jasotzen direnak, eta lanak emango dituela horiek zehazteak. Baina, oro har, datozen urteetan administrazioak eta bestelako eragileek plan marko horretan aurkituko dute zeri ekin eta nora jo.
ESEP planak baditu, ordea, ahuleziak ere. Bi dira nabarmenak eta aipagarrienak: diagnostikoa eta ebaluazioa.
ESEP dokumentuan egiten den euskararen egoeraren eta bilakabidearen diagnostikoa ahula, eskasa eta motza gertatzen da.
Ez dugu uste, adibidez, Administrazioaren arloari dagokionez, diagnostiko zuzen batek aipamen hutsean utzi ditzakeenik Ertzaintzaren edota Osakidetzaren egoera, non Jaurlaritzak legealdi honetan neurri konkretuak hartu dituen, zentzu jakinean hartu ere –eta ez beti zentzu eragingarri eta norabide aurreragarrian, hain zuzen ere-, edota Justizia Administrazioaren egoera, edo Estatukoarenarena. Ezta ere ez dugu uste hedabideen gaineko diagnostikoak ezikusiarena egin dezakeenik irrati eta toki-telebistei lizentziak emateko Jaurlaritzak onartu duen araubidearen aurrean, hori gainera orain artekoarekiko atzerakada nabarmena denean. Edo, beste adibide bat jartzeagatik, ez da ulertzen euskalduntze-alfabetatzearen sektorearen diagnostikorik egin daitekeenik, laburra izanda ere, euskarazko ikasketen aintzatespena aipatu ere egin gabe. Adibide batzuk baino ez dira.
Eta diagnostikoaren ahulezia bi gauzagatik da arriskutsu. Lehendabizi, diagnostikoa aztertu, landu eta adosteko ahalegina egin ez izana aurrekari kezkagarria delako eta hizkuntza-politikarako beti eskatu dugun kontsentsurako aukera paregabea galdu delako. Eta bigarrenik, diagnostiko partekaturik ezak etorkizunean hartu beharreko neurriak adostea ere zaildu dezakeelako. Eta diagnostiko-proposamen bat aurkezteko ardura eta erantzukizuna, ez dezagun ahaztu, Jaurlaritzari dagokio.
Bigarren ahulezia, gure iritziz, ebaluazioarekin lotutakoa da. Aitortu beharrekoa da politika publikoen ebaluazioa ez dela gai erraza eta gure artean ez dagoela gehiegi hedatuta ebaluazioaren kultura, gure inguruko gizarte aurreratu demokratikoetan dagoen heinean, behintzat.
Ebaluazioa, izan, modu askotakoa izan daiteke eta metodologia zenbaiten arabera egin daiteke, kuantitatiboak zein kualitatiboak. Denek eskatzen dute, ordea, neurtzea. Eta neurtzeko, hiru gauza beharko ditugu: adierazleak aukeratzea, helburuak aldez aurretik finkatzea eta epeak zehaztea.
ESEPek hainbat adierazle aurreikusi du, ehundik gora. Baina, bat bateko presaren presaz, ez Batzorde-atalean ez lantaldean ez dugunez aukerarik izan adierazleak gutxieneko patxadarekin aztertzeko, gaur gaurkoz seriotan ezin jakin alor eta esparru bakoitzeko euskararen bilakaerari buruzko informazioa emateko baliagarriak eta egokiak behar besteko neurrian izango ote diren.
Esandako guztiagatik, gure iritziz ESEP datorren legealdiko euskara-politikaren zutabeetako bat izan daiteke, garrantzi beteko zutabea gainera, baina horretarako aipatu ditugun hutsuneak bete eta gabeziak osatu beharko dira.
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak bezala, ESEPek ere ahalik eta adostasun handiena lortzea du xede, eta borondate horri datozen urteetan eustea eta nahi hori iraunaraztea eta indarberritzea izango al dira epealdi guzti horretan gure hizkuntza-politikaren ardura izango dutenen kezkarik lehena eta egitekorik garrantzitsuena.