Azala / Portada » XXI. mendeko abertzaletasunaren ihardunaldia

XXI. mendeko abertzaletasunaren ihardunaldia

Imanol Lizarraldek Aberriberriko partaide gisa EHUren Euskal Nazionalismoa XXI. mendean ihardunaldietan emandako hitzaldiaren muina.

I.

Eskerrik asko honera etortzeko gonbidapenarengatik. Aberriberri blogaren partaide bezala gonbidatu nauzuenez, Aberriberri alderdi desberdinetan genbiltzan zenbait abertzaleen ekarpena dela esan behar dut. Gure helburua eztabaida eta gogoeta piztea izan da, unean uneko alderdiek dituzten behar elektoral eta kudeatzaileen gainetik, nahiz eta momentuko politikaz iritziak eman ere. Bagenekusan alderdi eta erakundeen gainetik bazegoela abertzale tradizio bat, abertzale eredu berezi bat. Gure eredua, izan ere, Jose Antonio Agirreren ildotik datorrena da, berak batzen gaitu eta bere hariari heldu nahi diogu, iraganaz, urrun ala gertuaz, eta bai eguneko gogoetaz hausnartuz.

Iragan urruna bi mailatan banatu genezake: euskal historia eta bere instituzio zein estilo politikoari dagokiona; eta joan den mendeko gerra zibila eta frankismoa bereganatzen duen iragana. Iragan gertua, transizio demokratikoa deitzen den azken aldi hau dugu. Aipatu eredu horren baitan, orainaldia ulertzeko modu egokiena hiru kate-maila horiek gogoetari jarraipen ematea zela uste izan dugu. Koherentzia hori etorkizunerako oinarri gertatzea nahiko genduke.

Guk Aberria berritu nahi dugu, ez aberri “berri” bat sortu. Guretzat, Euskadi ala Euskalerria jadanik existentzia duen errealitatea da, gure aurretik datorrena. Dugun eta etorri zaigun herria eta aberria maitatu gabe nekez egin dezaiokegu onik berari. Aberria “eraiki” konzeptua, beraz, bi zentzutan ulertzen dugu, aipatu eredu horri jarraituz: gure herriko nortasuna iraunbizitzearena; eta gure aberri politikoa eraikitzerena, ditugun oinarriak abiapuntu hartuta. Gure ustez euskal estilo soziopolitiko oso bat badago eta hori klase askotako instituzio, erakunde zein mugimendutan islatu daiteke. Horrengatik uste dugu aberriaren aurretik herria dagoela. Herriaren elkar bizitza zapuztuta eta herritarren borondateari uko eginez, “aberriaren eraikuntza” beste gauza erabat desberdina izango litzateke, euskal nortasuna eta tradizioaz kanpokoa.

II

Ni ez naiz Aberriberriko guztien iritzien ordezkaria. Gure helburua, gainera, gogoeta indibiduala suspertzea da, non eta pertsona bakoitzak bere abertzale ikuspegia erakutsi dezakeen alderdien disziplinari eta momentuko politikari men egin beharrik gabe. Herritar bakoitzak aberriari eta herriari buruz izan dezakeen ikuspegia azaldu behar dela uste dugu, aniztasun hori aberastasun iturri gertatu daitekeelakoan. Niri dagokionez, nire gogoeta aukera esplikatzeko modurik onena nire esperientziaren zenbait zertzelada ematea argigarri gertatu daiteke eta horretan saiatuko naiz laburki. Nire esperientzia pertsonal horrek bultzatu bainau herri izaerei buruzko gatazkak ulertu nahi izatea.

III

Neu ere doktoradutzako Tesia idaztea bukatu berri duen ikaslea naiz eta tesiaren galderetako bat hain zuzen zera zen: gizartegintza eta herrigintza, klase borroka eta nazio gatazka, elkarrekin nola ulertu, uztartu eta kudeatzen ote diren zenbait planteamentutan.

Geure buruak –kasu horretan geuk maite dugun herri hontakoak- ikergai ditugunean etsaienak ikertzen ditugunean bezain zorrotzak eta zientifikoak izaten saiatu behar dugu. Esatea erraza da, baina erdiestea ez dut uste hain xamurra denik. Neuk egindako bidean lagungarri izan zaizkidanak, laburbildu nahi ditut:

Galdera berdinen galbaetik iragazi behar direla uste dut herri edo aberri asmo ezberdinen paradigmak. Horrek eskatzen du, galdera irekiak izan behar dutela. Adibidez:

  1. Nortzuk osatzen dute herri edo aberri edo nazio asmo jakin bakoitzaren sujetua edo nor eraikitzailea
  2. Zeintzuk kontsideratzen dira sujetu horren herri edo nazio edo baerri garapenerako oinarrizko faktoreak
  3. Zeintzuk dira onartze, hobesten eta gaitzesten diren bitartean (non daude eta nork erabakitzen ditu iharduera politikoaren mugak)

Horrelako edo antzeko galderei erantzuterakoan paradigma bakoitzaren eratzaile, antolatazaile edo egituratzaile gertatu diren buruzagien jatorrizko dokumentuak zuzenean ikasi eta aztertu behar dira, beren baitako barne logika ulertzen saiatuz. Esfortzu hau oso inportantea da,  edozein ideologiaren tentazioa delako, gainerako beste ideologia guztien edukia bere komenientzira koloretzekoa. Tentazio hau handia da, batez ere, geure buruak “ilustratuagoak” kontsideratzen ditugunon artean.

Gizarteko joanetorriak ez dira dokumentuetan erabakitzen. Baina gizarteko indar kontrajarrien elkarrekiko antolakuntza ulertu nahi bada, horien buruzagi direnen ideien, asmoen, helburuen eta metodoen berri jakin behar da. Horretarako dira garrantzizkoak, buruzagi horien dokumentu orijinalak ikertzea. Neuri asko lagundu dit.

Adibidez, gure euskal herrigintzari eta aberrigintzari dagozkionetan eragin nabarmena dute paradigma ideologiko jakin batzuk:

  1. Adibidez, Euskal herriari berezko nor izate politikoa ukatzen dion espainiar nazionalismoa, Canovas del Castillo-rengan gorputz hartu zuena, gaur egun ere Fundacion Cánovas del Castillo da, Aznarren eskutik, tradizio horren eguneratzen ari dena. Hobe da, Cánovas bera irakurtzetik hastea.
  2. Arana Goiri eta Agirre Lehendakaria erabakitzaile gertatu diren bezala euskal herrigintzaren bide abertzalea ebakitzen hasteko. Horienak era zuzenean irakurtzetik hastea hobe da.
  3. Beste horrenbeste esan daiteke ETA-ren sorrerako dokumentu garrantzikoetaz, Documentos-Y bilduman jasoak direnetaz, eta ondorengo produkzio intelektualaz.

Tesia egiteko bidean ikasi dudana da, hiru paradigma horiek berariz ikasi beharrekoak direla, ikuspuntu batetik beste gainerakoak estali gabe. Honenebestez argi dago, Eusko lurraldetan burutzen den herrigintza, herri eta aberri asmo ezberdinen arteko gatazka era konpetitiboan burutzen dela.

IV

Nire tesi lanak horietako paradigma bat aztertzera bultzatu nau, ENAMen ingurukoa. Hau ezin daiteke beste paradigmetatik berezi eta beraiekin konpetentzian dago. Esan dezakegu, Patxo Unzuetak hala esaten du eta arrazoizkoa da horrela pentsatzea, ETA benetan sortu egin zela bere V.  asanbladan, teoria eta praktika batu egiten zituen horretan. V. asanbladan ETAk ENAM bezala definitzen du bere burua –hau da askapen mugimendu bezala-, “abertzaletasun iraultzailea”ren konzeptua onartzen du, Gerra Herrikoia planteatzen du bere metodologia gisa eta ekintza-errepresio-ekintza espirala onarturik, berehala jartzen du martxan Manzanas komisarioaren hilketaren bitartez.

Hiru paradigma horien elkarren arteko konpetentzia gogorkeri politikoak martxan jarritako gurpilak harrapatzen ditu. Espiral horrek berezitasun berriak jasoko ditu transizio haserako garaietan, demokrazia egonkortzeko une horietan, eta geroago 1987, beste modu batean planteatuko da, ekintzarekin batera negoziazioa jarriz, hau da ekintza-errepresio-negoziazio eskema moldatuko da. Eta 90. hamarkadaren haseran, kale borrokari lotutako gogorkeri politiko-sozial forma beriak jarriko dira martxan. Hau guztia espiralaren paradigmaren barruan kontsideratu genezake, erantzun bat espero baita estatua eta agente politikoen artean gogorkeria eta politikaren arteko erabilpen horren aurrean. Ekintza-erantzun gurpila kudeatzea da ENAMen arazoa aldi bakoitzean. Eta hau guztia “kontraesanen azelerazioa”ren ildotik doa.

Printzipio hau berriki planteatu du René Girard antropologo frantsesak Clausewitz-i buruzko bere gogoetan. Berak dio Iraultza frantsesak sortutako gerra iraultzaileak, Napoleon enpereadorean bere gailurra aurkiturik, “muturren eskalada” suposatzen duela, hau da, elkarri kontra ari direnen gero eta goragoko gatazka. Dueloa da, horrela, gerra modernoa eta gerra eredu modernoen irudia, non eta duelista batek bestea akabatu behar duen. Horrelaxe deskribatzen du Clausewitz-ek gerra modernoaren izaera. Eta egungo terrorismo islamistak erakutsi du zenbateko indarra duen ekintza-erantzuna paradigma horrek maila globalean, iraileko 11ko erasoak eta Irak eta Afganistan-go gerrak kontuan hartuta.

Destrukzio modu erabatekoak dituen mundu batean bizi gara non eta potentzia ala bloke desberdinen arteko kontraesanek kataklismo unibertsal batetara eraman gaitzaketen. Lehengoan entzun nion Iñaki Gil de San Vicenteri Marx-en manifestua zitatuz, esanez gertatu behar den zapaldu eta zapaltzaileen arteko borroka globalean, bat aterako dela garaile edota klaseak desegin daitezkeela. Beraz argi dago gatazka planetarioak planeta txikitu dezakeela bere azken muturreraino eramanez gero.

Ikaragarria da gogorkeriaren indarra eta hori ondo dakite espirala matxan jarri dutenek eta horrengatik zaie hain garrantzitsua gogorkeri iraultzailearen printzipioa defendatzea, gogorkeria honoko fase hontan isildu badaere. Printzipio hori da gatazka deitutakoaren eragilea, kontraesan erreal baten gainean jarritako eragilea, baina eragile eta ekimen-egile. Hori da Patuaren Sumendiaren labazko ibaietara bota behar den potere-eraztuna, baldin eta pakean eta pakezko bidetan bizi nahi badugu.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

7 comentarios en «XXI. mendeko abertzaletasunaren ihardunaldia»

  1. Artikulu aparta Imanol, asko gustatu zaizkit planteatu dituzun hiru galderak:

    1) Nortzuk osatzen dute herri edo aberri edo nazio asmo jakin bakoitzaren sujetua edo nor eraikitzailea.

    2) Zeintzuk kontsideratzen dira sujetu horren herri edo nazio edo baerri garapenerako oinarrizko faktoreak

    3) Zeintzuk dira onartze, hobesten eta gaitzesten diren bitartean (non daude eta nork erabakitzen ditu iharduera politikoaren mugak)

    Argi dago galdera bakoitzaren erantzunak oso ezberdinak direla abertzaletasun historikoa, ENAM eta espainolismoaren artean. Eta diferentzia puntu bakar batean (bitartekoak edo indarkerian) ikusten dutenei, esan beharko zaie beste bietan ere badagoela diferentzia handia.

  2. Barkatu ahopean, baina guk, abertzaletasun historikoan, argi al dugu nortzuk osatzen dute gure herria edo/eta aberria?

    Oinarrizko galdera hau ez ditugu planteatu ere egiten, eta hortxe dago gure arazoaren koxka nagusietako bat. Nortzuk gara/osatzen dugu «Euskal Herria», «Euskadi», «Vasconia», etb? Oraintxe bertan burukide hainbati galdera egiten badiogu, erantzun xelebreak jasoko genituzke. Gauzak argi ez ditugularen seinale, ezta?

  3. Imanolen lana apartekoa da. Abertzale guztiok buruz jakin beharko genukeen textua da. Hau argi euki ezkero, ENAM-en engainuak ez luke lekurik izango.

  4. Lan ederra jarri diguzu Imanol. Alde batetik gaia bera eta bestetik, neri dagokionez, euskera-erdera-euskera itzulpena.
    ETA-MLNV ikuspuntutik saiatuko naiz erantzuten.
    HERRIA.- Une bakoitzean lagunak-etsaiak osatzen duten kontradizioko lagunak.
    OINARRIZKO FAKTOREAK.- Ekonomikoak, propiedade publikoa.
    BALIABIDEAK.- Balio duten guztiak, berezkoak eta buruzkoak.
    Belarriko tiroiak onartzen ditut. Ea beste norbait animatzen de,

  5. XXI. Mendeko abertzaletasuna orain jaiotzen ari dena da. Herritik abiatutako mugimendu bat, oztopo guztien gainetik Euskal Herri independiente bat lortzeko helburuarekin. Hau da, BILDU.

    Lehenago edo beranduago EAJ eta «beste abertzaletasuna»-k bat egingo dute, alkar ulertuko gara.
    Gora Euskadi Askatuta!!

  6. XXI mendeko abertzaletasuna borondate askean oinarritutako abertzaletasuna izan beharko luke jadanik, baino ez omen da gustiontzat.

    Nafarroa Euskadi da eta kitto diote batzuk, eta Euskadi Euskal Herriarengatik ordezkatu nahi izan duten hauek Euskal Herri osoa sujeto polítiko bat izan behar duela halanola diote ere.

    Idei garbiak eta lan aparta Imanol, eta ez zara Frikie bat, lasai.

  7. Basoila, abertzaletasuna eta abertzaletasun irauiltzalea ez konfundidu. Oskar Matute abertzale ote da?

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *