Imanol Lizarralde
Zelik-ek elkarri talka eginez ikusten ditu diskurtso identitario eta post-identitarioa bere eleberrian, Alex protagonista eta Zubieta ETAren buruzagiaren arteko solasaldietan. Eta halaere, idazle alemaniarrak aberri nortasunari buruz duen iritzi negatiboa kontuan izanda (baztertzailea kontsideratzen baitu), Alex eta Zubietaren tirabira ideologikoak bigarren mailakotzat dauzka. Elkartu egiten dituen interesa, kapitalaren asimilazioaren kontra egotea, lehen mailakoa gertatzen da azkenean.
Joxe Manuel Odriozola euskara irakasleak zenbait objezio jarri nahi ditu nortasunari buruz Zelik-ek esandakoei. Zelik-en ideia nagusiari (“ez gara, geure burua egiten dugu”) zera erantzuten dio:
“Euskaldun modernorik ez dago izandako euskal izaeraren soka eteten baldin bada. Izan beharra dago identitate modernoa eraikitzeko. Ez dago izanik gabeko eginkizunik. Gure arbasoek sortu zuten euskal izaerari zor diogu orain euskaltasunaren identitate moderno bat sortzeko aukera. Identitatea ez da sortzen ezerezetik”.
Arbasoek guri emandako horri, aldez aurretik egiten gaituenari, Odriozolak “tradizioa” deitzen dio. Zertan gauzatzen da tradizioa Odriozolarentzat? Arbasoetaz mintzatu arren ez da argi antzematen bere adierazpenetan zer den arbasoek “sortu zuten euskal izaera” hori. Eta Euskalerriaren existentziaz, bere iritzia Zelik-ena baino erredikalagoa irudi du:
“Jakizu, bide batez, zer irizten dioten ideologia abertzaleek auzi honi: euskal herri kulturala egon badagoela, eta Euskal Herri politikoa falta zaigula. Zelik jauna, hona nire iritzia, jakin nahi baldin baduzu: lehenengoa ez da egia -euskal kulturazko herririk daukagunik-, eta ezer izatekotan, gezurra da. Bigarrenak -independentzia politikoa-, berriz, ez du zentzurik lehenengoaren funtzioan eraikitzen ez bada”.
Berak dionez ez dago ez Euskalerri kulturala ez eta politikorik. Beraz, praktikan, Odriozola Zelik-ekin ados dago: nortasunak eraiki behar dira eta euskal nortasuna eraikitzeko dago oraindik. Euskalerria ez da existitzen –ez baitago Odriozolaren araberako euskal kulturazko herririk eta horren ondorioz ez dagoelako aberri politikorik.
Odriozola arbasoez, tradizioaz eta iraganaz egiten duen aldarrikapena txit kaskarra gertatzen da horrela. Arbasoek guregana ekarritako objetua –euskara, Odriozolarentzat Euskalerria “euskararen herria” denez- gauza mehar eta ahula da, gure herria herri egiteko balio ez duena. Eta gainera erdi eta kasik existitzen ez den horixe “estatu” boteretsuek erasotu egiten dute. Zelik-ek herri-nortasunak baztertzaileak direla uste du. Honi hauxe erantzuten dio Odriozolak:
“Hizkuntzazko eta kulturazko etnozidio hori ez dute munduko herriek eragiten, estatu etnozidak dira horren erantzule bakarrak. Estatu mota horietan babespean goxo bizi diren herritar ustez demokratikoak ere konplize zuzenak dira noski. Horregatik, Zelik jauna, ez zintuzke batere harritu behar zure artikulu batzuk Alemanian argitaratu nahi ez izanak”.
“Estatuak” omen dira “herri”en kontra direnak. Odriozolak hemen ENAMen ideologia ofizialak planteatzen duen “estatu” eta “herri”en arteko kontraesana adierazten du. Funtsean ez du Zelik-en baieztapena ukatzen, osatzen baizik, bazterketaren salaketa estatuen gainean jarririk. Odriozolak euskararen egoera darabil “tabula rasa”ren kontzeptua adierazi al izateko. Pentsamolde honek badu paradoxazko logikarik, esaten baitu: ez dago ezer, dena lortzen dugun arte. Ez dago euskal kulturazko herririk estatu independenterik lortu arte. Testuinguru hontan, tradizioa gako bat besterik ez da, faktore huts bat, present dagoen errealitate baten salaketa gisa agertu dadin.
Halaere, Andoni Olariaga eta Jon Jimenez filosofoek arriskurik dakusate Odriozolak arbasoetaz egiten duen aipu esterilizatuan:
“Odriozolak dio ez daukagula etorkizunerako eskubiderik tradiziorako eskubiderik eduki ezean. Ikuspegi politiko batetik, orduan, euskalduna tradiziotik datorren eskubide historiko batzuen mende bizi da, Gernikako Estatutuan eta Foru Hobekuntzan argi azaltzen den bezala. Afera beste hau baita orain: tradizioa nork interpretatzen duen araberakoa. Eta hori boterea duenak egin dezake soilik eta, de facto, hala egiten du, gu eskubide historikoekin kateatuz nazio zatikatu eta menpeko bezala. Ondorioz, ikuspegi politiko batetik, tradizioaren eskubidearen aldarriak gure alde egiten du, gure kontra egin dezakeen bezala”.
Odriozolak ez du eskubide historikorik aipatu. Baina Olariaga eta Jimeneztarrek badakusate tradizioaren kontzeptu honek arriskurik baduela, alegia, “Gernikako Estatua eta Foru Hobekuntza”rekin identifikatzearena. Olariaga eta Jimeneztarrek ez dute nahi “boterea”k interpretatzen duen tradiziorik ez eskubide historikorik. Beren baloratzeko gakoa hauxe da: boterea zein den eta zein den boterea borrokatzen duena bereiztea. Ikuspegi honetatik, euskal aberria ona da “nazio zatikatu eta menpeko” delako. Horren arabera tajutu eta sailkatu behar dira bere berezitasunak.
Olariaga eta Jimeneztarrek tradizioari emandako esanahia adierazgarri xamarra gertatzen da, tradizioa konpartitutako iragan baten azalpen amankomuna delako bere zentzurik zehatzenean. Gure filosofoek bat hori bitan banatu dute, eta esan digute badagoela “boterearen” tradizioa eta aipatu eta zehaztu gabeko boterearen kontrakoen “tradizioa” (“tradizioa”k “gure”/beren alde egin baitezake ere).
Zein da filosofo hauetxek aipatzen ez duten tradizio hori? Inferentzia hutsez epaitu dezakegu beren egitasmoa. Eman digute jadanik zantzu bat: eskubide historikoak, foruak, ez daude beraientzat baliagarri litekeen tradizio horren baitan. Eta areago doaz:
“Kontua sinplifikatuz: tradizio aipagarririk izan edo ez, historia loriatsurik izan edo ez, zer axola dio? Hau da, «euskaldunek sekula Nafarroako erregerik, eta forurik, eta demokraziarik, eta Gernikako arbolarik, eta karlismorik izan ez balute, zer? Eta Nafarroako Erresuma eta foruak eta demokrazia eta beste hainbat gauza izan balute ere, zer?”.
Zer bada? Karlismorik, forurik, Gernikako arbolarik eta Nafarroako erresumik gabe euskaldunak ez ginateke euskaldun izango, ez oraingo euskaldun hezur-mamizkoak, bestelako gizaki ala izaki batzuk baizik. Herri baten nortasuna herri horren historiaren ondorio baita ezinbestez. Egungo euskaldunak garai bateko euskaldunen fruitua baigara, eta ez planeta arraro batean sortutako aita-amarik gabeko kreatura autogeneratuak. Egungo euskaldunak hainbat sendi arbolen azken ardaskak gara. Eta horrengatik gizakien errenkada historiko batetan erroturik dugu gure izatea. Hori ukatzea arnasten dugun haize bera ukatzea litzateke.
Euskara ez du filologo koadrilla batek asmatu, historian zehar mende luzeetan ibilitako gizaki multzo batek baizik. Euskal historia ukatzea euskara bera ukatzea da, euskara euskal estiloaren hizkuntzazko adierazpena baita. Eta adierazpen hori ez dago isolaturik, euskaldunok hizkuntza bat izan baitugu eta lege bat izan baitugu ere, instituzio batzuk, gure burua gobernatzeko filosofia politiko propioa… euskara euskal gizonaren azalpena da, beste gauza askorekin batera. Harremanetan dagoen kontestu hori ukatzea, historia bera barne, euskara ukatzea da, euskara murriztea eta txikitzea, alternatiba politiko koiuntural baten otamotxeko beharren mesedetan.
Ez dugu pentsatuko, noski, gure filosofoek hau ez dakitenik. Gure filosofoei, ordea, euskal nortasuna interesatzen zaie Euskalerria “herri minorizatu” den heinean. Horrengatik parte bat hartu eta bestea ukatu egiten dute. Horrela ez dago oiloa eta arrautzaren arteko lehentasunaren eztabaidarik, (“nortasuna” eraiki egiten den ala “den”), arrautza puskatzean edota oiloa erdibitzean objetu horiek bere izaera galdu egiten baidute. Halaxe gertatzen da, izan ere, ENAMek euskal nortasunaz egiten duen maneiuarekin: bata bitan banatzean, euskal nortasuna desegiten dela, parte bat ukatu egiten delako. “Euskal nortasuna”k existitzeari uzten dio horrela.