Ion Gaztañaga
Krisi garaian izaten ditugu gur erakunde-arkitekturari buruzko eztabaidak, aurrezteko beharrek bultzatuta. Oraingoan badirudi diputazioak direla eztabaidagai: Jose Blanco ministroak diputazioen existentzia birplanteatu behar dela esan digu, UPD alderdi jakobinoak planteatzen zuen bezala. Gainera euskal Aldundiek dituzten eskumen zabalak kontuan hartzen baditugu, ez da harritzekoa UPyDk bere helburua foru erakundeetan jarri izana.
Patxi Lopez euskal erkidegoko lurralde historikoen legea aldatu nahian dabil, efizientziaren izenean eta udalen adin nagusitzearen aitzakiapean. Eskumen bikoiztuak omen ditugu, funtzionario gehiegi, politikari profesionalak barra-barra eta hainbat parlamentu, komisio, aholkulari… Krisia krisi, badirudi orain dela gure erakundeen orekari so egiteko momentua eta horretarako ardatz nagusiak zeintzuk liratekeen hausnartu beharko dugu.
Bai Lopez eta UPyDren eredua, beharbada erro jakobino berbera partekatzen dutelako edo, udaletxe eta botere zentral indartsuetan oinarrituta dago. Udaletxeek azken urteotan izan duten gastu erraldoia kontuan izanda (hor dugu, kasu, Donostiako udalean dagoen zuloa, zer esanik ez Madrilen), ez da makala udaletxeak indartzeko jarrera. Udaletxeak hiritarrengandik gertuago daude, eta hori guztiz positiboa den heinean, egia da ere, kontrol eta gardentasun aldetik, askoz konplikatuagoak direla, batez ere, lurzoruaren diktaduran ikusi dugun bezala.
Boterea eta erantzunkizuna bateratzeko intentzio berberean, bakoitzaren eskumenak eta gastuak kontrolatzeko xedea dago, bai eta eredu ekonomiko jasangarri bati heltzea. Ezin dugu ez ikusiarena egin, beste instituzioek egin duten bezala, baina agian areago, udal askok bizi izan izan duten gastu-kontentzioaren erantzunkizun ezaren aurrean. Botere zentral (Jaurlaritza, batzuentzat gobernu zentralera ere eraman beharrekoa) eta udal botere honen artean zerbait falta da, eta hori eredu anglosaxoniarrean oinarrizkoa den botere eta kontrabotereen arteko oreka da.
Eusko Jaurlaritza gutxiengo alderdi batek kontrolatzen duen bitartean, kanpotik beste alderdi are txikiago baten laguntzaz, ikusi dugu nola gure sistemaren exekutiboaren oreka eusko jaurlaritza eta foru aldundien artean dagoen. Guda-politikoaz gain, kontrabotere horiek politikariak akordioetara behartu ditu. Foru aldundiak eta eusko jaurlaritza hauteskunde ezberdinetan aukeratzen dira, eredu amerikarrean bezala kongresua eta senatua, eta presidentea hauteskunde ezberdinetan aukeratzen diren bezala (eta senatariak ere, bi momentu ezberdinetan).
Espainiako ereduan, blog honetan hainbat forolarik aipatu bezala, ez dago botere banaketarik, botere bakarra dagoelako, botere exekutiboa, beste biak kontrolatzen dituena. Kongresuan, gobernuko alderdiak gobernuak dioena egiten du, honek aukeratzen ditu epaileak, eta eredu hori inportatzen ari dira gure euskalerrira. Eta boetere exekutibo hori gainera, beste botere exekutiboekin akordiotara iristera behartuta ez badago, orduan are okerrago. Hori da Espainiako kultura politikoa, oinarrizko legeen bidez eskumen autonomikoak ere behin eta berriro urratzen dituena. Kuriosoa efizientzia aldetik urri dabilen herriak Alemaniako Lander egitura federal eta eraginkorra baina gutxiago dena desagertarazteko praktikak egitea.
Inork ez du dudarik izan behar gure eredu instituzionala optimizatu beharrean gaudela, batzar nagusiak, parlamentua, aholkulariak, funtzionarioak, gehiegizkoak direlaren irudi orokorra dagoelako gizartean eta baliteke (edo agian ez, horretarako ikerketa sakona beharko litzateke) egia izatea. Baina arazo horren aurrean bi jarrera daude, lehena botere bakarreko konzentrazioa, alderdi garaileak (edo garaitu ez baina ilegalizazioei esker boterean dagoenak) dena kontrolatu dezan, gizartearen beste erdiaren (edo erdia baina gehiago) nahiaren gainetik.
Bigarrena, bikoiztutako konpetentziak (zer dute udaletxeek egiteko hezkuntzan edo osasun zerbitzuetan?) aztertu eta kentzea, eta hiritarrari lehiatila bakarra egokitzea. Hainbat administrazioen sistemak bateratzea, sinergiak aprobetxatzea, baita funtzionarioak partekatzea ere. Baina beti ere, botere eta kontrabotere exekutiboen arteko oreka mantentzea, espainiako kultura politikoak bultzatutako botere judiziala eta legislatiboa exekutiboaren menpe dauden honetan. Eta botere judizial eta legislatiboen arteko orekarako eskumena dugunean, honi ere heltzea.
Hainbatek diote aurrezteko garaian, logikoena ez litzatekela udaletxeak indartzea, baizik eta hauen konpetentziak komunean jartzea, bai Think Gaur-eko ondorioek zioten bezala udaletxe kopuruak murrituz edota hainbat eskumen (demagun, hondakinen kudeaketa) foru aldundietara eramanez (eskumena izan gabe gai honetan lidergoa baitu praktikan), probintzia bakoitzaren biztaleria mundu mailako hiri ertain batena izanik. Aldiz planteamentu hau mugaz haratako eramateak ez luke herria eta instituzioen arteko distantzia gehiegi handituko? Hortxe gakoa, oreka puntua aurkitzea.
Botere eta kontrabotereen oreka ere ikuskapenetan oinarritzen denez, ez dezagun utzi alde batera, gai sensibleetan, lurzoruaren eskumenetan eta plan estrategikoetan, herri eta foru aldundien arteko elkar ikuskapen ahalmena, gaitasuna eta kontrolaren arteko independentzia bultzatuz. Pentsamendu eta botere bakarren ondorio latzak bizi izan ditugulako hainbat herritako plangintzetan eta zer esanik ez botere exekutibo eta ekonomikoan kutxen bidez bizi dugun kontrol urria, horrek eakarri dituen hainbat ezustekoekin.
Esan dezagun garbi: bi modu kontrajarri daude krisiaren aurrean aurrezteko. Lehena, desoreka handituko duen botere konzentrazioa bultzatzea, espainiako eredu kaxkarraren itzalak dakartzana. Bestea, oreka mantendu eta bultzatuko duena, bikoiztutako konpetentzia eta errekurtsoak kendu baina kontrolerako mekanismoak ezarriko dituena. Azken honek instituzioak akordiora bideratu edo guda politiko eta blokeora eramateko arriskua duenez, politikarien zuhurtzian eta herritarron erantzunkizunean du oinarria. Horra zailtasuna, hortxe euskaldunon ezberdintasun positibo praktikoa adierazteko esparru zabala, gure “fet diferencial” preziatuena izan litekeena.
Oso artikulu interesgarria.
Badaramazkigu hainbat urte egitura modu honekin eta uste dut balantze txiki bat egin genezakeela. Ikusi dugu nahiz eta EAJ izan bai Jaurlaritzan eta bai Aldundietan erakunde bakoitzak ikuspegi desberdina dakarrela, diferentzi politikoen gainetik. Hori ezinbestez aberasgarri gertatu da.
Aberasgarri da ere instituzio bakoitzean indar korrelazio desberdina izanda politikoak behartuak izatea akordioak egitera. Gaztañagak ondo aipatzen du puntu hau.
Azkenik, aldundiek Euskalerriko eskualdetasuna adierazten dute, erro historiko sakonak dauzkana. Euskalerria hirutan banatuta dago eta beraz eskualdetasuna errealitate aurreko eta presente baten isla da.
Gauzak konkretatu nahian edo, Gaztañaga, zein izango litzateke zure irtenbidea «erakunde-arkitektura» hori sinplifikatzeako? Zein izan beharko litzateke jeltzaleen erantzuna zergak koodinatzeko orduan? Oraingo eskema nahikoa al da? Gogoan izan gainera Foru Aldundien ahalmenak kolokan daudela tribunal konstituzionalaren dugun arau fiskalen inguruko aldaketengatik.
Gainera, kontuan izan EJ, aldundia eta udaletxea alderdi berdinaren gidaritzapean badaude, orduan «kontrola» ez dela hain gardena. Eta horixe gertatu da hainbat urtetan gure herrian. Horren aurrean zer?
hartueman, nik proposamen zehatzik ez dut baina urteen poderioz foru aldundien garrantziaz nabaritu naiz, bai historikoki gure erakundeak izan direlako (eta «eskubide historikoak» ere lurralde historikoetan daude finkatuta) eta baita euskotar sentitzeaz aparte, gipuzkoar, bizkaitar, etb. sentitzen garelako.
Gainera, probintzia bakoitzak milioi bat biztanle baina gutxiago ditu eta hori egun hiri txikia da. Pentsatzen dut eskumenak argitu behar direla, eta baita eskumenak defendatzeko ahalmena ere, ez delala aldundiak legebiltzarreren eskumena urratu, baina alderantziz ere ez.
Udaletxean inguruan nik uste dut hor arrazionalizazio prozesu bat bideratu behar dela, Think Gaur-ean zioten bezala, eta benetan udal eskumenak direnak finkatu, ez orain bezala, inork ez dakiela zein eskumen dituen ez eta nola ordainduko dituen. Beno, hauexek nire ideia xumeak.
Grazia eiten dit Españolistak eskatzen dutenak. Gastuak murrizteko, gastu militarrak edo «monarkikoak» kentzeko gomendagarriagoa da, Foru Aldundiak ezabatzea baino. Gainera, funtzionaren aldetik, birplanteatu behar dena Andaluzia edo Extremaduraren kopurua da. Zelango lotsabako españolista honik!