Posteado por: aberriberri | marzo 9, 2010

Bakean bizi, bakean utzi?

Imanol Lizarralde

Oraingoan Josu Iraeta, HASI eta Herri Batasunako mahaikide ohia datorkigu Berriako artikulu batean (Bakean biziko gara, bakean uzten gaituztenean, 5-3) ENAMen estrategia berriaren zantzuak emanez. Artikuluaren izenburu berak badakar mamiaren oiartzuna: euskaldunok, antza denez, “bakean biziko gara” baldin eta beste batzuk “bakean” uzten bagaituzte. Gerra alderdi batetik dator iritzi honen arabera eta zehazgabeko eta aipatu gabeko “euskaldunak” dira gerra horren pairatzaileak. Gezurra ala egia, gutxi axola dio Josu Iraetari lotsagabe aurrera baitoa, sarrera horren soineko ederrez apainduta. “Gu” maiestatiko baten atzean jarrita, hara nola datorren bere lehen mezua:

“Ez baita gaurkoa Paris eta Madriletik jartzen diguten amu zitala: demokraziaren bizi gara, instituzioak inpartzialak eta demokratikoak dira. Instituzioetatik askatasuna lor dezakegu. Gure herriaren biziraupenerako gaindiezinezko muga Federalismoa da. Guk daramagun erresistentzia da bakea oztopatzen duen bakarra, eta abar”.

Idazleak ez du erretolika erabili behar demokrazia ordezkatua “benetako demokrazia” ez dela esateko baina, halaere, adierazpen honen bidez argi dio Europako Mendebaldeko demokrazi eredua ez dela bere gustokoa eta instituzioek ez dutela “askatasuna” lortzeko balio. Zerk balio du ote du orduan “askatasuna lortzeko”? Agian “gu” maiestatiko batek ezkutatzen duen duen “erresistentzia”? Zeintzuk dira, bada, Euskadiko “erresistenteak”? Bere txanbergoan erretorika antifatxistaren lumak jartzita, estatu aparailuen teoria aipatzen digu:

“Hedabideen laguntzarekin urteak daramate gerra ideologikoa sakonduz. Egia baita ideologia eta psikologia garrantzi handiko tresnak direla asimilazio prozesuan. Horretaz gogora dezagun Thomas Hobbes filosofo ingelesak zioena: «Force, and fraud, are in war the cardinal virtues» – Indarra eta iruzurra, gerra guztien bertute kardinalak dira”.

Hedabideak, polizia, ejerzitoa ala epaitegiak bezala, “estatu aparailu” omen dira sistema kapitalistaren logika gizarte barruan ekoizteko asmoz. Izan ere horren kontura ETAk jarri ditu “hedabideak” bere jopuntuan eta baita odoltsuki jo ere, hainbat kazetarien hilotzek erakusten duten bezala. Beraz deskripzioak badu, aldez aurretik, aipatu gabe uzten duen ondoriorik.

Parrafo honetan, halaere, benetan ikusgarria da estatu logikari ETAren logika bera egoztea: “indarra eta iruzurra, gerra guztien bertute kardinalak dira”. Eta zer da orduan ETAren anagraman aizkorak eta suge kiribilduak esaten dutena? “Aizkoraren indarra eta sugea bezain azkarra”, ENAMek ere, ETA erakunde amaren haritik, Iraetak estatu-logika deritzana (indarra eta iruzurraren gerra erabilera) bere egiten du eta gainera modu irekian. Eta jakin badakigu, gure herriak jasan izan behar duenez gero, “abangoardiak” ez duela lema hori alferrikan eramaten. Iraetak ordea alde bakarrean dakusa arau delako hori eta bere aldeko “gu” delakoaren indarra eta iruzurra izkutuan uzten ditu. Hauxe bai iruzurra!

Bapatean Josu Iraetak sahiesbide ezin ustezkoa hartzen du eta Woodrow Wilson lehendakari amerikarra goraipatzen du eta lehen gerrate mundialaren ostean, XXgarren mendeko haseran, autodeterminazio eskubideaz egin zuen aitorpen eta balorazio unibertsala ere. Berehala jakingo dugu zertarako balio dion Iraetari autodeterminazioaren aipamenak:

“Honek esan nahi du, jasaten dituzten-ditugun legediak, instituzioak, administrazioak, egitura politikoak, militarrak, kulturalak, sozialak, administrazioa, eta abar, deslegitimaturik daudela, autodeterminazioaren eskubidea gauzatzea debekatzen zaien-zaigun bitartean. Zergatik? Herrien autodeterminazio eskubidea demokraziaren, bakearen eta instituzio guztien hastapen eta iturri delako.

Beraz, Estatuak herriari burujabetza ukatzen dion bitartean, armada edo beste indarkeriak erabiliz, ez dago demokraziarik eta uko egiten dio bakeari”.

Autodeterminazioa bete gabeko eskubide bat da eta, beraz, Iraetaren esanez, dugun sistema politikoa, bere egitura osoarekin batera, ez du legitimitaterik. Halere edonork daki autodeterminazioa ez eduki arren Euskalerriko herriek beren borondatea erakutsi dutela hauteskundez hauteskunde, bai Erkidego Autonomoan, bai Nafarroan eta baita Iparraldean ere. Hauteskundeen soziologia ukatzea eskubide bat, autodeterminazioarena, bete ez delako bestelako iruzur bat izan daiteke, sistema bateko “egitura politikoak, militarrak, kulturalak, sozialak, administrazioa, eta abar” kolokan jartzeko iruzurra, izan ere.

Gerra, halaxe adierazten digu Iraetak, eskubide ukazioaren ondorena da. Eskubide ukazioa errealitatearen interpretazio bat izan daiteke, kasu hontan den bezala. Errealitatea interpretatzea ez indar politiko edo elektoralaren arabera, baizik eta defizita demokratiko baten arabera. Eta jakin badakigu, autodeterminazioa eskuratu arren, beste hainbat defizita edukiko dituela gure sistema politikoak. Beraz gerrak ez luke inongo bukaerarik izango. Sistema politiko-ekonomikoak inperfektoak direnez beti izango da beraietan modu bateko ala besteko eskubide ukazioa. Beraz, buelta emanda Iraetak esandakoari, esan genezake (hori da ENAMen estrategiaren betiko ikurra) eskubideen ukazioa gerra eramateko aitzakia dela. Eta instituzio zein egiturak legitimitaterik ez dutenez, beren kontrako gerrak ere badu aitzakirik. Gerra, Iraetaren deslegitimazio orokorraren arabera, erabatekoa da, fronte guztietakoa, ENAMek beti esan eta egin duen bezala.

Iraetak ez digu esaten inondik ere non dagoen bere demokrazia eredua. Ifar Korean? Castroren Kuban? Chavez-en Venezuelan? Iraetak ez du halakorik izendatzen orduan bere benetako ideologia eta egitasmoa larrubixi gertatuko bailirateke. Euskalerriak Espainia eta Frantziarekin duen kontraesan historikoa aitzaki hutsa baita Iraetarentzat konfrontazio marra bat ezartzeko eta, era berean, mendebaldean dugun demokrazia eredua kolokan jartzeko. Hauxe dugu ENAMen egitasmo historikoa: gure herri arazoa sistema arazo bilakatzea, iraultzaren profeta armatu eta baketsuek sistemari gerra egiteko aitzakia eduki dezaten. Eta aitzaki horrek balio izan die azken hogeitamar urtetan gerra eta sofrikarioa ereiteko, ez ordea gure herria pauso bat ere autodeterminazio eskubidera urbiltzeko. Zer da hemen erreala? Lortu ez den autodeterminazioa ala erein den eta ereiten ari den gerra iraunkorra?

Marxista iraultzaile bati dagokion bezala, bere ideologiari dagokion etxeko etsaia ere aipatu beharrean aurkitzen da gure Iraeta. Horrengatik, konklusio gisa, hauxe dio:

“Duela gutxi joandako mendearen bigarren hamarkadan, EAJk abertzaletasun aztarna guztiak baztertu eta Ramon de la Sota, Castro Urdialesen jaiotako eskuindar ospetsuaren oinarri politikoak besarkatu zituen. Geroztik Euskal Herriaren askatasunari amore eman eta herri honetan dauden instituzioak gobernatzeko erakunde politiko profesionala dugu, ez besterik.

Denboraren poderioz eta barruko liskar ideologikoak behartuta, Eusko Alkartasuna sortu zen. Eta duela hilabete gutxi, arrazoi berberagatik, beren burua «nacionalismo institucional» bezala definitzen dutenak, poliki bai, baina EAJra itzultzea erabaki dute”.

EAJ-ak ez zuen Iraetak esandakorik egin, PNV eta CNV bitan banatutako lehen partido abertzalearen bi adarrak bat egin baizuten Primo de Riveraren diktadura eta gero, Iraetak esan bigarren hamarkada horretan. Eta bere oinarri politikoak Sabino Arana berak jarritakoak dira: foru deuseste legeak deusestea, euskaldunok milaka urtetan izandako burujabetza berrereskuratzea. Hori izan zuen abertzaletasunak goiburu, euskaldunok gure buruaren jabe baiginen Woodrow Wilson-ek autodeterminazio eskubidea aldarrikatu baino askosaz lehenago. Iraetarentzat, halaere, Euskalerriko historioa ETAren historioarekin hasten da eta horrengatik lehenagoko guztia kutsatu eta kakaztu behar da.

Esan dezagun ere eskubitar eta abertzale izatea posible dela eta, Iraetaren ikuspegitik, Sabino Arana eta leheneko abertzale guztiak, ez bakarrik Ramon de la Sota, eskubitarrak ziren. Beraz klase ala mutur desberdinketa horrek argiro erakusten du Iratearen eta ENAMen egitasmoa ez dela benetan abertzalea, abertzaletasuna zatitu egiten duelako eta parte bat bestearen etsai bilakatu nahi duelako.

Esan dezagun, azkenik, Ramon de la Sotak bere bizitza aberriaren alde osoki jarri zuela eta Franco-ren diktadurak berak ondasunak lapurtu zizkiola, abertzale izateagatik. Ba al dago datu hau izkutatzea baino iruzur garbiagorik? Horrek ez al du benetan erakusten Josu Iraeta HASI-ko komisario ohiaren abertzaletasun faltsua eta pozointsua?

ENAMeko estrategek EArekin ezkontza ari dira prestatzen eta horretarako beharrezkoa da Josu Iraetak egindako deformazio eta gezurrez betetako gogoeta hau, espainiar hedabideek egiten dutenaren parekoa eta are okerragoa, gure herriaren askatasuna baitu aitzaki gisa.


Responses

  1. Eske klaro Iraetak egin behar ditu bi gauza, españolazoen itxikeria erabili sortalde hontan dugun demokrazia moldea demokrazia ez dela esateko (eta aldiz noski pentsatzen dute Cuba eta halako lekuetan benetako demokrazia dagoela nahiz eta hori bakarrik beren zirkulu hertsietan kontatu); eta azken akullukada PNVri eman, zeren eta noski abertzaletasunaren originala abertzaletasunaren irudikeriak jan behar du, MLNV abertzaletasun itxura besterik ez duelako, eta bere aita platonikoa hil egin nahi duelako.

  2. Ramon de la Sotak uste dut kai bat duela Bilbon, Ria de Bilbao museoaren lekuan hain zuzen, baina pertsonai honek horrelako homenai txikia izatea eta Sanchez Maza franquista Bilbon kalea izatea benetan lotsagarria da.

    Gainera Ramon de la Sotaren untziek lehen gerrate mundialean aliatuen alde jokatu zuten eta alemaniako urpekariek hainbat ontzi urperatu zizkioeten. Argi dago Iraeta ez dela Sotaren aldekoa, alemaniako totalitarismoarenekoa baizik, badakizu, nazional-SOZIALISTAK.

  3. Benetan eskandaluzkoa MLNVko hauek daukaten aurpegia gauzak beren erara moldatzeko.

    Josu Iraetarentzat Mandela eta Otegi gauza beretsua dira. Noski, Mandelak ez zuen komando batean militatu ez eta jenderik bahitu. Diferentzi txiki hori eskapo egiten dio gure gizonari.

  4. Mandelak borroka armatuaren alde egin zuela datu objetibo eta historikoa da, panpox.

    Eta otegiren azkeneko eoaiketa farsa juridikoa izan dela ere.

  5. Agian bai Prezz agian Mandela borroka armatuaren alde egongo zen baina klaro Prezz, Mandelak militatu al zuen ETAren talde batean? Mandelak gizaki bat sekuestratu zuen? Ez, ezta? Hortxe koska eta ez txantxetakoa. Eta klaro gure Otegik bi aldiz esan digu pakea zetorrela eta ez dator. Mandelak holako promesarik eta promesa hori puskatu al du noizpein? Ez, ez dut uste Otegi bezain troleroa inoiz izan denik.

  6. Mandela jaunak ez zuen bere herriko borroka armatua gaitzetsi eta “terrorista” bezala kontsideratua izan zen ONU erakundean. Arafat palestinarra OLPko buruzagia izan zen eta urte batzu geroago “nobel de la paz ” jaso zuen.
    Arnaldoren inhabilitazioa 16 urtez erabat desproportzionatua da, estatuaren mendekua edo beldurra. Arazoa audientzia nazionala da. Irakurri Xabier Arzalluzen testua “noticias” egunkarian. Bertan audientzia nazionala gogor kritikatzen du.

  7. Ene Iñaki, ezin gaitezke beti egon manzanastraigoka. Mandela berak noizpein praktikatu al zuen borroka armatua? Ez, ezta? Ez zen sekula talde terrorista baten barruane egon, ezta?
    Estatua bai oso gaiztoa da eta Otegi trolero hutsa da eta bi aldiz eman digu timazoa eta timazoekin jarraitzeko prest dago.
    Xabier Arzallus ez da batere fidagarria, Rafael Vera eta zenbait GALekoak ere oso ondo erortzen zaizkiolako. Arzallus-ek ez du koherentzia politikorik.
    Audientzia nazionala oso gaiztoa da eta Arzallus desastre hutsa da ere. Gauza batek ez du bestea kentzen.

  8. Merry, wikipediak Mandela borroka armaturako deia egin zuela eta komando batean hartu zuela parte dio.

  9. Bale, Iñakitxo, horrek ez du esan nahi Otegi Mandela denik. Baina Mandelak ez ditu porkulo hartzera bidali bi pake prozesu, Otegik egin zuen bezela eta klaro hirugarrena saldu nahi digu.

  10. Merrytxo, Imanol Muruak “Loiolako hegiak” liburua plazaratuko du aste hontan. Zuk Otegiri leporatzen dizkiozu azken pake prozesuen porrota. Nire ustez, erantzunkizuna ezin zaio Otegiri bakarrik leporatu. Otegi eta ETA ez dira gauza bera.

  11. Otegiri ezin zaizkiola erantzunkizunak leporatu esate hutsak, laguna, ez da aski. Baina nik dakidana eta klaro nik bi begiekin ikusi dut ba Otegi jaunak bitan esan zigula pakea definitiboa zela eta independentzia bi egun barru zetorrela eta klaro iñaki ba enpatxoa daukat berak emandako espektatibetaz eta klaro ez dut inon ikusten oraingoan fidagarriagoa denik.
    Noski Otegi eta ETA ez direla gauza bera baina klaro ETAk Otegiren agindu politikoak aplikatzen ditu ba arlo militarrean, Otegiren analisi politikoa ba fronte militarrera egokitzen du. Beraz ba dago harremana eta klaro koordinatuak daude. Eta bestela pentsatzea inuxente hutsa izatea da edota okerragoa ba engainu baten saltzailea.

  12. Ez dago zer esaterik, ta zertarako?
    Beti berdin, bezain bera kantua.
    Noiz arte?
    Penaz haundia ematen dit, ez duzue pakea

  13. Amerikanu, ikusten da ez duzula ulertu Iñaki eta nire arteko konbersazioa zeren eta bestela jakingo zenduken ez dagoela esaterik Otegik ez duela erantzunkizunik pake prozesuen hausturan.
    Zu bai beti berdin eta beti kopla berdinarekin eta ez argudio zipitzik ere. Noiz arte gu adarra jotzen, amerikanu?
    Pakerik ematen ez duena ETA eta bere txotxongillo taldea da.

  14. Merry, ados al zaude Urkulluren azken adierazpenekin? ” Echar a la IA, si pasa el filtro electoral es trucar la fotografía institucional”

  15. Ni MLNV parte hartzearen alde nago, Iñaki. Niregatik legalizaturik lirateke inongo prolemik gabe. Argi dago espainolek egindakoa ez duela defentsarik.


Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Salir /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios .

Categorías

A %d blogueros les gusta esto: