Imanol Lizarralde
1920an Sobiet Batasunean egoera larria zen. Gerra Komunismoaren momentu gorenak ziren. Gerra zibilaren txinpartak gaizki itzalita, nonnahi ereiten ari ziren, ehunka eta milaka, nekazarien erreboltak. Gose egoera hain zen larria Leninek garai hartako munduko erakunde humanitarioei ateak ireki zizkiela, laguntza eman ziezaioten, salbuespen bat jarriz: Ukrainia. Herrialde hau erakundeen laguntzatik kanpora gelditu zen, bertan nazionalistak eta anarkistak boltxebikeen kontra ari zirelako. Horrek gutxi gora behera 5 miloi ukrainiar gosez hil izana ekarri zuen eta goiko argazkian (Martin Amis-en «Koba Beldurgarria» liburutik ateratakoa) duzute gosetearen ordaina: giza-aragi merkatua, bizitakoak hildakoen haragia saltzen.
Ez zen hau izango komunismo historikoak erein zuen gosete bakarra eta ezta larriena ere. 30garrengo hamarkadan, kolektibizazioaren bitartez, Stalin-ek “kulak” ala jabego pribatua zuten nekazariak plangintzatik kanpora bota zituen, jabego, lanik eta estatuaren subsidio eta laguntzarik gabe. Urteetako espektakulua izan zen desgraziatu horien patua, milioika gosez hil zirelako Errusiako kale eta soroetan. Baina goseterik garrantzitsuena ez zen Errusian gertatu, Txinan baizik, 1959an, Jauzi Haundia deritzan kolektibizazioa gertatu eta gero suertatu zena. Jabego pribaturik gabeko nekazariak, baratz kolektiboetan banatuak eta sailkatuak izan ziren azienda gisa, janari krisialdi ikaragarria pairatu zuten eta 20-30 miloi txinatar hil ziren, Bodard kazetari frantsesak kontatu zuen bezala.
Katastrofe hauek, eta beste askok, ez dute guregan presentzia handirik beraietaz dokumentu grafiko gutxi gelditzen delako. Nazismoaren kasuan, gudaroste amerikarrak Alfred Hitchcock eta hainbat zinemagile bidali zituen konkistatutako Alemaniara kontzentrazio eremuen irudirik berrienak filmatu zitzaten. Horren ondorio da Auschwitz imajina, mendebaldeko garun kolektiboan txertatuta dagoena, milaka gizakien sufrimentu eta heriotz ikaragarriaren berri eman diguna.
Beraz ulertzekoa da Pragako sinatzaileek demostratzen duten ardura. Ekintzen eta erantzunkizun pertsonalen ahaztura injustizia latza izango litzateke. Gure artean, adibidez, ez da sekula, estatu espainolean, frankismoak izandako erantzunkizun historikoa aztertu ezta epaitu ere eta horrek ikaragarrizko defizita suposatzen du espainiako demokrazia mailan. Izan ere, Eugenio Raul Zaffaroni Argentinako Zuzentasun Gorte Gorenaren partaideak, Baltasar Garzon jueza espainolaren kontrako epaiketaren inguruan zera esaten zuen (El País, 14-2): “badirudi Espainiak gizadiaren kontrako krimenak ezkutatu nahi dituela”.
Gerra Zibila eta frankismoan gertatutako krimenak direla eta, argentinarrak Espainiaren egoerari buruz argi dio, “Turkian gertatzen denarekin badu antzik” “Ez dago krimen horietaz arduratu daitekeen bizitakorik, baina jokuan dago egiaren eskubidea eta giza aztarrenen berreskuraketa”. Argentinan diktadura militarraren krimenak eta arduradunak epaituak izan dira, eta horrengatik, Zaffaroniren ustetan, ulertezina da Garzon “inputatua” izatea “Franco generalaren diktadura pean egindako krimenak inbestigatzeagatik”. Gauza bera gertatuko litzateke ekialdeko herrien komunismoaren kasuan neurriak hartuko ezbalira. Egia argitu behar da, pairatzaileak ohoretu behar dira eta al den neurrian errepresalitatuen gorputzak gurera ekarri.
Ibilibide historiko honen ondoren, itzul gaitezen artikuluko hari nagusira eta ikus ditzagun Pragako adierazpenak egiten dituen hiru eskaera hauek:
“Europar guztiek ulertu behar dute bi erregimen totalitarioak, nazia eta komunista, juzkatuak izan behar direla beren xeheketa gaitasunarengatik eta terrore politika sistematikoak ezartzeagatik, eskubide zibilen eta giza askatasunen ezabaketarengatik, beren ideologien ondorioz gertatutako gerretatik hasita, nazio eta populakuntza multzo osoak deportatuak eta ezabatuak izan direla, eta horrengatik 20garren mendea iluntzen duten desastre nagusienak kontsideratuak izan behar dira”
“Komunismoaren izenean gertatutako hainbat krimenak gizakiaren kontrako krimenak deitu behar dira, datozen belaunaldientzat abisu moduan gertatu daitezen, nazien krimenak Nuremberg-eko Tribunalarengatik epaituak izan ziren bezala”.
“Ikuspegi amankomun bat formulatu behar da erregimen totalitarioekiko, erregimen komunistak barne, eta kontzientzia orokorraren esnatzea bultzatu behar da Europan komunisten krimenen inguruan, erregimen komunistek eragindako krimenen aurrean portaera bateratu bat definitzeko”.
Pragako adierazpenak kontzientzia eragitea eskatzen du naziek eta komunistek egindako krimenak ilunean gelditu ez daitezen. Kontuan izan behar da komunismoa betiro tirania burokratiko bat izan dela eta beraz, polizia eta ejerzitoa bezain garrantzitsua zela administrazio boteretsu bat, gizakiak eta hainbat ekintza agiri eta paper desagerrarazteko. Jende asko eta asko errepresaliatua eta ezabatua izan da eta ez da horren arrastorik gelditzen agirietan. Frankismoaren kasuan bezala, ikerketa sakona egon behar dugu biktima guztiek giza aurpegia eta duintasuna berreskuratu dezaten.
Hain zuzen, giza duintasuna xehetzea zen nazi eta komunisten konzentrazio eremuen helburu nagusia. Orain urtebete, Eliza Kataroaren zenbait ordezkariekin izan nintzen. Eliza hori, harrigarria bada ere (kataroak mendebaldeko Europako kontua zirela uste bainuen) Solovsky-ko konzentrazio eremuan sortu zen, borrero komunisten bizarren aurrean. Kataroek emandako liburu batean ageri zen komunista burokraten nahi nagusia ideologikoa zela, bertaratuek bizitzaren azken momenturarte erregimenaren antsia jasan beharko zutela jakin zezaten, tortura, hotz artikoa eta lan behartuekin. Halaxe milioi bat pertsona erahil zituzten monastegi izandako leku horretan.
Solovsky baino zaharragoa zen Kolymako eremuan, Martin Amis-ek “Stalin-en Auschwitz” zeritzonean, bigarren gerra mundiala bukatu eta berehala (nahiz eta Lenin-en denboretatik martxan egon) aurkikuntza bitxi bat gertatu zen:
“Hobi bat, presoen hobi komuna, harrizko hobia, 1938 hilotzez betetakoa, malkarretik behera irristaka zijoana, Kolymako sekretua agerian utzirik”.
“Palak jaso zituen milaka jelaturiko hilotz, eskeletuak ziruditenak. Ez zen usteldurarik beraiengan: esku gogortuak, hanketako behatzak izozteak eragindako besondo eta hankondo usteletara murriztuak, larru legorra arramazka odoltsuz beteak, goseak anpaturiko begiak…
Eta orduan gogoratu nintzen sasiaren su biziaz, taigaren loratze apainaz udaran, belarraren artean gizakien aktu on eta txarrak izkutatzen saiatzen zenean. Nik ahazten badut, belarrak ahaztuko du. Baina jelak eta harriek ez dute ahazten”.
Kolymako jela eta harria bezain zuhurrak izan gaitezela: ez dezagun ahaztu gurean diktadura fatxista bat jasan izan dugula eta ez dezagun ahaztu Ekialdeko Europarrek jasan behar izan dituzten diktadura komunistak. Hori da Pragako Adierazpenak eskatzen digun gauza garrantzitsuena:
“Komunismoaren milioika biktimek eta beren familiek justizia, elkartasuna, ulermena eta beren sofrikarioaren aitorpena merezi dute, nazismoaren biktimak moralki eta politikoki aitortuak izan diren bezala”.
Eta arrazoi horrengatik bakarrik merezi du Pragako adierazpenak gure sinadura.
LIZARRALDE, benetan tristea bainan egia, dena dela barkatu, gauz batez ez sera gogoratu, KATIN.
Benetan aparteko artikulua eta euskara leun eta aberatsa. Stalin, Mao, Pol Pot eta bestelako komunistek, komunista guztiek, informazioa galerazi dutelako daude Hitler baina hobekiago kontsideratuak. Stlin berak Hitlerek baina hildako gehiago probokatu zituen, eta ez ahaztu oraindik ez dakigula zer gertatu den urte guzti hauetan Txinan, Kuban, Ifar Korean… Milioika pelikula hitler-en eromenaren aurka, baina ezer gutxi sarraskilari hauen inguruan. Marxen ondo zioen bai, komunismoa mamu bat zela, XX. mendeko espektrorik beldulgarriena, dudarik gabe.
Artikulu aparta benetan. Harriduraz jaso ein dot Pragako Adierazpenak xedatzen dauena. Komunistek haien iragan iluna estaltzea lortu zutela uste nauen, Revelek «La gran mascarada» liburuan esaten duen lez. Benetan txalogarria adierazpena eta artikuluegilearen ondorixoak.
Gernikarrek ondo badakigu totalitarismoak zer suposatzen dauen, sakon dezagun komunistenn krimenetan berriro hau guztia errepika ez dadin barriro historian.