Imanol Lizarralde
(Eduardo Chillidaren «Gure Aitaren Etxea» eskultura, Gernikako Europako Herrien parkean)
Gabriel Arestiren poemarik famatuena akaso ez da bere egilearen ideologiaren eredurik egokiena. Hein horretan, bere ikuspegitik, Eduardo Uriartek arrazoi puska bat bazuen poema hori irakurtzeagatik Patxi Lopezi kritika egitean, sozialista eta eskubitar espainiarrek hedatu nahi duten “hiritarra”ren nortasun politikoaren kontrakoa delako Arestiren poema. Baita Aresti beraren ikuspegi iraultzailearen kontrakoa ere, beraz: zergaitik idatzi zuen Arestik poema hori?
Gure bilbotar poeta hasera batean abertzale sabindarra izan zen eta gero komunista bilakatu, nahi eta Arestiri ETAren sorrera eskuz kanpo gertatu zitzaion: ez zuen zuzenean bizi ETAk moldatu zuen abertzaletasun eta komunismoaren arteko batuketa, “abertzaletasun iraultzailea” deitu zitzaiona. Baina Arestik komunismo ortodoxoaren hirugarren internazionalaren abertzaletasuna eta iraultza komunistaren arteko ezkontza onartzen zuen, nahiz eta, bere ustetan, alderdi komunista espainiar baten barruan izan behar hori.
Eta jakin badakigu, Alain Badiou filosofo maoistak gogorazten digun bezala “Mendea” deritzan liburuan, komunismoak hiru gauza akabatu nahi dituela: estatu-nazioa, jabego pribatua eta familia, hirurek, beren maila desberdinetan, gizarte kapitalista eta ohiko gizartea irudikatzen dutelako. Arestiren poemak, maila horretan, familiaren aldarrikapen lotsagabea aldarrikapen “patriarkala” dirudienez, ez da harritzekoa Teo Uriarteren muturrak muzin keinua egitea halako manifestu baten aurrean. Eta halakoxeko keinua egingo lukete oraingo hainbat ETAkidek poemaren edukinaz jabetuz gero.
Arestiren poema “Harri eta Herri” liburuan agertu zen 1964an, Arestik komunismo ortodoxoaren ideietara bere biraje ideologiko osoa eman zuen garaian. Politikoki kontra egon arren, hainbat poema eta lanetan azaldu bezala biografikoki eta hein batean emozionalki sabindarra izaten jarraitzen zuen. Jon Juaristi berak, garai bateko Arestiren oinordekoa zenak, argi dio poeta bilbotarraren obra guztien atarian, Arestik zenbateko miria eta mirespena zion ohiko abertzaletasunaren estetika eta baita politikari.
Arestik egitasmo bat zuen, politiko zein estetikoa, eta abertzaletasun sabindarrarekin zeukan lotura emozionala bere nortasunaren maila bezala kontsideratzen zuen, nahiz eta orduko EAJren hegemoniaren kontra zerabilen abertzaletasuna komunismo ortodoxoan integratu nahian. Goaz, bada, poemara. Betiereko hitz hauekin hasten da:
“Nire aitaren etxea
Defendituko dut”.
Zer etxeri buruz mintzo da Aresti? Joxe Azurmendik dio etxe literal bati buruz mintzo dela, Arestitarren baserriaz eta maiorazkuaz, hor nonbait kokatua, aita delakoaren etxea, aita propioarena. Azurmendik dionez, Arestiren imajinazioa konkretua da, azalpen orokor bati objetu konkretu bat ematen baitio. Kasu honetan, “Nire aitaren etxea”, Arestiren aitaren etxea, leinu etxea, familiko etxea da, aita bilboko kalean jaioa baitzen. Euskaldun guztiek omen dugun arbasoen baserriaz eta era berean Arestitarren etxeaz, hortaz mintzo da.
Etxea da euskaldunen lehen instituzioa, baserria da euskaldunen lehen subjektu kolektiboa. Eta Arestik, hau guztia oso ondo ulertzen zuen. Etxean ezin baizitezkeen ez lege ez elizgizonak sartu bertako nagusiaren baimenik gabe, legea hala zioelako. Etxea, baserria, jurisdikzio unibertsala zen, bere buruaren jabea, “estatuak” eta elizak ez zuten bertan aginterik, bertakoaren akordiorik gabe. Hauxe dio Arestik Iparragirreri egindako bertso kastillanoetan:
“En esta tierra no podía
Ningún ejecutor de la justicia
Quebrantar los derechos de la casa
Del hombre”.
Hortan dugu burujabetzaren gakoetarikoa: behetik datorren instituzioak harremanak sortzen ditu goikoarekin, edota beheko instituzioek, baserri elkarteek, elizaurreek, instituzio orokorrak sortzen dituzte. Eta hauek instituzio are orokorragoak.
Baserria pertsonalizaturik dago sendi ala leinu jakin batean. Horrengatik da “aitaren etxea”. Gizakien jarraipen batengatik ezaguna dugu etxe hori, instituzio bizia baita, gizakiez beterik. Eta gizaki horiek baserriaren deitura daramate famili izen gisa. Arestik bere aitaren abizena eramaten zuen bezala, jakinda izen hori etxe bati itsatsirik zegoela, nahiz eta akaso ez ezagutu eta ez bertan jaio. Eta etxea hor zuen, deituran, eta horrengatik ere, nortasunean.
Har dezagun bigarren esaldia: “defendituko dut”. Etxea defenditu behar da, hori da bertakoen zeregina. Ez ofentsiba egitea, ez milenioa sortzea. Aitaren etxea ez da gerra makina bat, baizik eta gizakien zorion eta babeserako kanpotik eta barrutik datozen eraso-etsaien kontra (otsoak, sikatea, lukurreria, justizia, Arestik ondoren dakarkigun zerrendaren arabera) defendatu behar dena.
Defentsa horretarako zer galduko denaren zerrenda ere aurkezten du: aziendak, soloak, pinudiak, korrituak, errentak eta interesak galduko baititu aitaren etxearen defentsan. Gauza horiek guztiak, garrantzitsuak eta beharrezkoak izan arren, ez dira etxea bezain garrantzitsuak, etxea bera baita horiek guztiak, xehetuak balira, berriz ere eraikitzeko aukera baldintza.
Puntu honetan sumatzekoa da Arestik plano erreal-literala bertan behera uzten duela, eta zerrenda horiek eman dioten errealitate irudikatuaren bitartez beste errealitate bat sortzen duela. Etxearen ingurune eta marko materiala utzirik, lehen pertsona hartzen baitu, bera baita, Aresti bera, aitaren etxearen defendatzailea. Eta etsaia ez da nolanahikoa: armak, eskuak, besoak, sorbalda eta bularra kendu dezaiokeen etsaia.
Gizakiak, (deituraren eramaileak, Aresti berak) etxea defendatu behar du bere baliabideen bitartez eta bere baliabideen gainetik, arima eta askazia lan horren menpe jarririk. Baserriaren logika huraxe baita, baserriko guztien bizitza horren zerbitzuan eta horren azpian jartzea, etxea baita gizakiak eta gizaki taldeak sortzeko aukerarako baldintza. Zutik irauten duen bitartean bertan bizi eta sortu daitezke berriz aziendak eta pinudiak.
Baserri-etxe literalaren defentsa aipatzean, honek irudikatzen duen mundua, euskal mundua, konjuratu nahi du Arestik, etxea gizakiaren gaineko duintasunaren seinale gisa jarririk. Era berean, gizakiaren neurrian egina dagoen eraikuntza da, gizakirik bertan bizi gabe zentzurik ez duena. Oteitza haundiak zioen euskal kromlech-a txikia zela Britainiakoen aldean, unibertsoaren giltzaren zerrailak txikia behar duelako izan, gizakiaren neurriaren araberakoa. Arestik euskaldunok hainbestetan bizi izan dugun paradoxa adierazten du poema zoragarri honetan: giza bizia ez dela gauza haundiengatik ematen, baizik eta gauza txiki batengatik. Baina gauza txiki hori aitaren eta seme-alaben etxea da, deituran daramaguna, neolitikotik honera etorritakoa, guk luza-arazi behar duguna, gure bizia eta aberastasunen galmendiaz bada ere, zutik iraun dezan.