Azala / Portada » Iñaki Errazkinen zintzotasuna (eta 2)

Imanol Lizarralde

Esan bezala bi ildo nagusi jarraitzen ditu Iñaki Errazkin ANVko Azpeitiko alkate ohiaren elkarrizketa (klikatu irakurtzeko): batetik, Inaxio Agirre erahildakoaren pertsona ahalik eta gehien ezkutatzea eta bere hilketa eufemismoz eta ingurumariz estaltzea. Bestetik, hilketa horren ondoren etorritako erreakzio politikoa «ezker abertzalea» eta zehazkiago bere buruaren kontrako goitik orkestratu eta etorritako kanpaina politiko gisa aurkeztea.

Errazkinek dio «goitik» etorritako mandatuaz gertatu dela Azpeitiko EAren boto aldaketa. Eta iragarpen estrategiko bat zuzentzen dio Eusko Alkartasunari:

«EAren aldetik eta beste batzuen aldetik, «polo soberanista» eta independentiston aldeko mugimendu hori indartzeari begira lan egin behar dela hitz egiten denean, Azpeitian gertatu denak presio mediatiko handiak sortu ditu, bai, baina pentsatzen badugu bide horretan urratsak ematen diren heinean presio hori txikiagoa izango dela, jai daukagu. Bide hori, benetan eraginkorra, martxan jartzen badugu ez dezatela pentsa inondik inora presio hori txikiagoa izango denik. Beraz, oinarri sendo batzuk jartzen ditugu bide hori egiteko eta presioaren aurrean beti elkarlan hori eta printzipio horiek babesteko, edo bestela edozein gertaeraren aurrean erori egiten da».

Sinestekoa da Iñaki Errazkinen kezka. «Polo soberanista» hori ibiltzen hasi dadinean gertatuko baitira ETAko atentatuak eta ondorioz «presio mediatikoak». Hurrengorako akordioak, beraz, hala iragarri digu Iñaki Errazkinek, hori guztia lotua eduki beharko luke «gertaeraren aurrean» (berriz ere hilketa desitxuratu egiten digu gure Errazkin «zintzoak») ez dadin erori elkarlana eta elkarbidea. Ez dakigu itxurakeriaz ala konbikzioz baina Errazkinek konfiantza erakusten du EArekin batera joate horretan. Eta gainera iragartzen die EAkoei aurrerantzean gaitzespen eta presio mediatikoen gaineko akordioa lortu behar dela. Halako zapoa irenstearen alde izango ote dira EAko mandatariak?

Iñaki Errazkinek Inaxio Uriaren hilketaren ondorengo iskanbila erabili du bere kudeaketaren publizitatea egiteko. Eta, noski, PNVk ordurarte Azpeitian izandako kudeaketaren aurrean, Errazkinek desberdintasun ildoak erakutsi nahi izan ditu. MLNVko eredua ez omen da berdina:

«Kontuan hartu behar da Udal baten erabakiguneak Alkatetza, Batzordeak eta Udalbatza direla. Hor, herritarrek parte hartzea oso zaila da. Eta guk tarte horretan sartu dugun elementua zera izan da, arloz arloko mahaiak; udaletxeko pertsonak, taldeak, eragileak eta norbanakoek hartzen dute bertan parte. Eta hor adosten dira aurrera begirako arloz arloko estrategia nagusiak, baita inbertsioak ere, eta non inbertitu behar diren. Nik uste dut, momentu honetan, Azpeitian eta udaletxean, erreferentzia nagusiak ez direla Udalbatza, Batzordeak edo Alkatetza, baizik eta mahai horiek. Horiek dira herriaren etorkizunerako nukleoak eta erabakigune nagusienak; eta hor herritarrak dira protagonista».

Hemen argiro dakusagu «demokrazia partehartzaile» eta «ordezkaritza demokrazia»ren arteko aldea. Baina «parte hartzea» ez da egiten hutsean ala ezerezean, baizik eta aldez aurretik mamitutako baldintzetan. Eta herrietan zinegotzi lanetan ibili garenok argi dakigu zer esan nahi duen MLNVrentzat «parte hartzeak»: beren elkarte klonikoak eta beren demagogo eta saboteadore profesionalek oinarritik dagioten presioa eta fiskalizazioa, beren kontrako iritziak mehatxua eta irainaren bitartez baztertu nahiez. Gauza jakina da hiritarrari askatasuna murriztu egiten zaiola batzar horietan eta aldez aurreko beldurra dagoela iritzia adierazteko, MLNV-ek mehatxuaren hazia bota eta erein baitu, baita Azpeitian ere.

Iñaki Errazkinen «zintzotasuna», bere «demokrazia» eta giza-biziaren balorazio bitxia bezala (ETAk hil egiten duenean «gertaera» gertatzen baita Errazkinentzat, eta ez hilketa) bereziak dira, MLNVk sortutako ereduaren ondorio direlako. Iñaki Errazkinen diskurtsoak ez du ñabar pertsonalik batere, dena egina dago hilketa baten aurrean bere burua ederresteko eta biktimaren paperean jartzeko, halaxe delako MLNVren jokamolde teknika: zenduari egindakoa izkutatzea, beraiek biktimaren paperan jartzen diren bitartean. ETAren hilketak beta eman dio Errazkini bere burua eta bere alternatibaren publizitatea egiteko. Horretarako hoztasun animiko berezia behar da eta, hein horretan, Iñaki Errazkinek ez du tatxarik.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

2 comentarios en «Iñaki Errazkinen zintzotasuna (eta 2)»

  1. Iñaki Errazkinek gure herrian dauden hainbat pertsonen jokabidea baina ez du errepikatzen. Hor dugu Erauskin anderea atentatuen ondoren pena aurpegia jartzen «gatazka» gainditzeko «guztion» pausoak eskatzen. Arrasateko kasuan bezala opilari buelta emateko asmoa dute eta Arrasaten lortu ondoren, gogo gehiagorekin gainera.

    Gauza kuriosoa da MLNVrena: ETA «ezin» dute gaitzestu ez duelako ezertarako balio baina Atotxako atentatua laster baina lasterrago gaitzestu zuten. Ez al ziren ba gaitzespenak hutsaren hurrena?

    Gaitzespenak ez, baina tipo hauen pena aurpegia bada bai hutsaren hurrena.

  2. Gogoratu zein azkar gaitzesten dituzten presoen sakabanaketa, ustezko ETAkideen atxiloketak, tortura salaketak, egunkari eta irratiak ixtea, alderdien ilegalizazioa, Azpeitian eta Arrasaten gertatutakoak (beraiei gertatutakoa, noski, ze herri honetan hilketak berez gertatzen dira, beti testuinguru batean, baina beraien kontrako «erasoak» erantzule zehatzak dituzte), AHTk egingo dituen sarraski ekologikoak, PNV eta PSEren arteko ustezko itunak, Israelen jarrera Palestinarekiko, Irakeko eta Afganistaneko gerrak, Kubaren blokeoa, kapitalismoaren bidegabekeriak, baleen ehiza…

    Nire galdera EHren ustezko «askatzaile» horiei: Gauza horiek guztiak gaitzesteak zertarako balio du? Ez al dute ETAren aurkako gaitzespenen balio bera? Zer eskubide daukazue gaitzespen horiek egiteko, zeuon herrikideak erailtzen dituztenean beste alde batera begiratu eta biktimarena egiten duzuenok?

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *