Aberriberri bloga

Guevararen txalaparta

Ion Gaztañaga

Seguraski Emilio Guevarak ez du lerro hauek irakurtzeko aukerarik izango, berak elebakar izan nahi duelako edo euskara baina lehen txinera ikasteko eskubidea aldarrikatu berri duelako, El Correoko “Euskera, derecho y no deber” bere artikulu zatarrean.

Emilio Guevararen ibilbidea ere ezaguna dugu, 80ko hamarkadan Lurralde Historikoen Legean eta Garaikoetxearen gobernuaren aurrean izan zuen protagonismotik hasi eta EAJren baitan matxinadaren aldeko deia egin eta kanporatu zuten arteko bidean. Bide ezaguna ere bada azken urteotan PSEren orbitan sartu, lapsus batean Nafarroa Erkidego autonomoan sartzeko gogoa zuela esan eta bat-batean parlamentua utzi zuen arte. Jaka hainbeste aldiz aldatzeak halako lapsusak ekartzen ditu eta.

Eskertzekoa da Guevararen argitasuna: “Ya está bien de callar o de tener miedo a expresar públicamente lo que en privado muchos pensamos. El euskera es un idioma de muy difícil aprendizaje y de un escaso, por no decir nulo, valor funcional en el mundo actual de la ciencia, de la economía, de la comunicación.” Joño! Adolfo Suarez-ek antzeko zerbait adierazi zuen euskaraz fisika nuklearra ikasteko ezintasuna munduari zabaldu zioenean. Lastima Etxenikek bere teoria hankaz gora bota izana.

Baina Guevarak ez du amore ematen: “Tiene un valor evidente como bien cultural, pero también ocurre con la txalaparta y sin embargo a nadie se le ocurre -al menos por ahora- que este instrumento tenga en nuestros conservatorios un papel vehicular para aprender música superior al del piano. Es de una estupidez supina violentar las más elementales normas y recomendaciones sobre la lengua vehicular educativa, que es y será siempre la lengua materna, cuando disponemos de una lengua común que es tan propia de este pueblo como el euskera, el txistu, el txakoli o el arrastre de piedra.” Txalaparta kontserbatorioetan erakustea hain txarra ote? Perkutsioko ikasleek bateria, xilofonoa, pandereta, triangelua eta beste hainbat ikasi ondoren, txalaparta ikastea hain arraroa ote? Lastima txalapartaria bakarlari gisa hain obra gutxi egotea baina norbaitek seguru ideia hartu eta hala egingo duela.

Beraz, euskara folklore hutsa da, formoleko ontzian gorde beharrekoa, Fragaren hizpideen arabera museotako altxorra kuttuna. Hori bai, euskara asko maite duela argi uzten du Guevarak. Horrelako maiteleekin ez dugu hiltzaileen beharrik.

Guevarak bere argumentazioa borobiltzeko bere azken perla azken parraforako utzi du: “Y si deseo ser monolingüe, o aprender el chino en vez del euskera, que se respete esta decisión, porque conocer y usar el euskera es sólo un derecho y no un deber, tal y como literalmente señala nuestro Estatuto de Autonomía.”

Barkatu Guevara jauna, baina zuk ez duzu euskara ikasteko beharrik. Izan ere, ezinezkotzat jotzen duzun “castellano monolingüe” bat zara eta. Rara avis, ezta? Baina zure semeek ezin dute txinera ikasi euskararen ordez eskolan. Zure ustetan Erregimen faxista batean bizi garelako? Hala bada, ongi etorria matematika, ingelesa eta fisikaren erregimen faxista honetara, ikasle guztiek dutelako gai horiek ikasteko betebeharra. Bai, Guevara jauna, betebeharra.

Euskal gizarteak, gehiengo zabalez (PSE gobernuan zegoenean ere), ikasketa planetan euskara eta gaztelaniaren ezagutza ezarri zituen oinarrizko hezkuntzaren helburu bezala. Baita ingelesaren maila basikoa ere. Txinera nahiago badut ere ingelesa ikasi beharra dut eskolan. Akupuntura nahiago badut ere biologia ikasi behar dut. Hain da faxista gure hezkuntza sistema!

Guevara jauna, ulertzeko hain zaila al da zuk nahi duzun hizkuntzan hitz egin dezakezula eta zure eskubide hau guztiz bermatua dagoela teorian eta praktikan? Baina hain zaila al da ulertzeko, zure semeek euskaraz ez ikasteko eskubiderik ez dutela matematika ez ikasteko eskubiderik ez duten bezala?

Euskararen ordez gure hezkuntza sisteman txinera ikastea nahi baduzu, proposa ezazu parlamentuan edota joan zaitez PSE edo PPrengana beren hauteskunde programan jarri, hauteskundeak irabazi eta hezkuntza sistema alda dezaten.

Baina noski, nahiago duzu politikaren ur zikinetan ibili eta errepresio itzel baten biktima zarenarena egin Vocento taldearen laguntza duen B serieko pelikula baldar honetan. Zer egingo diogu, Foru Aldundiko izar handi izatetik bizitzak figurante lanetara behartu eta bere patua onartu ezin duen zu bezalako “talentu” bat aurrean dugunean. Hain da krudela EAJollywood…

Exit mobile version