Imanol Lizarralde
A ze hotsak eta karraskak sorrarazi zituen Herri Batasunaren sorrerak aspaldiko garai haietan. Ezker erradikala egun baino zabalagoa zen eta bere eragina askosaz nabarmenagoa gure herriarengan, PNV eta PSOEren botoemaileen beraien artean ere. Orduan oraindik ezker erradikalak gure herriarekin halako batasun sentimentala gordetzen zuen. Eta Herri Batasuna sentimentu horren gauzapena gertatu zen askorentzat.
Orain, noski, apenas inor konturatzen da sentimentu horietaz. Politika epikatik eguneroko prosara irauli da. Eta Herri Batasunak ezker erradikaleko zuzendariek pasa-arazi dizkioten itxuraldaketa ugariak direla medio ez du garai heroiko horien karismarik apenas gordetzen. Euskal Herritarrok, Batasuna, ANV… izendapen desberdin hauek kamusketa joari baten adierazgarri dira. Baina goazen galdera nagusira: Zer zen Herri Batasuna? Zergatik sortu zituen halako itxaropenak?
Euskal ezker iraultzailearen istorioa gauza konplikatua da eta konplikazio horren barruan koka dezakegu Herri Batasunaren sorrera. Ezker iraultzailearen orduko erakundeak (LAIA, EHAS-HASI, LAB, LAK, ETApm…) KAS koordinadoran bilduta ziren, ETAk V. batzarren adierazitako egitasmoa gauzatzeko asmoz. Hiru erpin berezietako triangelua mamitzea zen helburu; lehenik erakunde armatua (ETA, garai horretan bitan banatua); bigarrenik, alderdi politiko komunista zuzendaria (gerora EIA izango zena, eta gero HASI, eta gero KAS koordinadora osoki); eta azkenik “herrikoi batasuna”, gazteleraz “unidad popular” deritzona.
Zer da “herrikoi batasun” bat? Ba alderdi eta klase sozial anitzez ostatutako kartel elektorala eta ezker nukleoaz kanpoko joera politikoekin joku egiteko eremua. Orduko adierazpen loriotsuetan deitzen zitzaion “euskal herri klaseen arteko batasun historikoa”. Horrek esan nahi zuen iraultza sozialistaren helburura begira (eta kontu izan dezagun Herri Batasuna Gerra Hotza puri purian zegoenean sortu zela), maila sozial desberdinak eta alderdi politiko desberdinak batasun politiko batean mamitu behar zirela. Hau guztia, noski, paradigma jakin batean, ETAk V. batzarrean egindakoan, paradigma marxista-leninista eta prezeskiago maoistan. Maok baitzioen erakunde armatua, alderdi politiko komunista eta herri batasuna zirela iraultza irabazteko hiru arma magikoak.
Hiritar arruntari ez zitzaion hori guztia esplikatu. Eta asko eta askok pentsatu zuten politika egiteko modu freskoagoa eta herrikoiagoa irudikatzen zuela 1979ko Herri Batasunaren hauteskunde kartelak. 1977an porrota jasandako alderdi txikiek, auzo eta herrietan mugitzen ari zen kultur eta sozial arazoetaz kezkaturiko oinarriko jendea, euskal kulturaren militanteak eta abar bildu ziren aukera honen arrimura, askatasun milenioa gertatuko zelakoan.
Ez zen hala izan, oso alderantziz baizik. 1979ko hauteskundeetan emaitza ezinhobeak eduki eta gero, KASek goitik deliberatutako garbiketa gauzatu zen Herri Batasunaren barruan; ESB-ANV alderdien fusioa torpedeatua izan zen infiltratuen mugimenduaren bitartez, AEK eta Euskal Herrian Euskaraz (Txillardegik bere oroipen liburuan izan bezala) «purgatuak” izan ziren… 80garren hamarkadaren erdira HASI bilakatzen da MLNVren “alderdi zuzendaria” (gero KAS koordinadora izango dena) eta aniztasun haizeen itxurapena ezabatzen joango da gero eta gehiago.
Nolabaiteko kapital sinbolikoa mantentzea lortuko du Herri Batasunak 80garrengo hamarkadan, estatuaren errepresioari esker, eta espainiar eta munduko ezkerrak garai horietan izandako itxaropenei esker. Berlingo Harresiaren erorierak garaipenaren zalditik botako ditu komunismoaren aldeko mendebal militanteak, eta Herri Batasuna ez da gutxiago izango. 90. hamarkada eremu desberdinetako krisialdiarekin hasiko da MLNVrentzat; nola lotu iraultzari egoera berri batean? (Ekialdeko herrien laguntza morala eta materialik gabe, “neoliberalismoa”ren garaiotan, estatu espainiarrean “erreforma” erabat mamiturik dagoenean…). Galdera horren erantzuna “sufrimentuaren sozializazioa”ren ideia eta Oldartzen txostenarekin etorriko da.
Gogorkeria zabaldu eta gizarteari adierazi inor ezin daitekeela “gatazkatik” kanpora ibili, hiritargoa inplikatzea gogorkeria berarengatik gertu sentitu-araziz fisikoki eta mezu pertsonalizatuen bidez. Horra ere ditugu objetibo militarren zabaltzea, kale borroka taldeen eraketa sistematikoa… Herri Batasuna izan ohi zen MLNVren aurpegi sinpatikoa. Aurpegi horrek sineskortasun osoa galdu zuen 90ean. Inork ez daki hila dagoenik. Ez, ez dago hila: sortu zela sinistarazi ziguten mago berdinek itxuraldatu dute bere itxura, itxura besterik ez baitzen, zuzendaritza ezkutu eta odoltsu baten txotxongiloa izan zedin.. Eta inork ez du malkorik botatzen espejismo bat gehiago airean desagertu delako.
Imanol:
Asko ikasi dut artikulo au irakurriz.
Diozunez, Maoren arabera «erakunde armatua, alderdi politiko komunista eta erri batasuna zirela iraultza irabazteko iru arma magikoak» eta euskal ezker iraultzailearen iru arma oiek zeiñak ziren eta diren aipatu dituzu:
– erakunde armatua (ETA)
– alderdi politiko komunista zuzendaria (EIA, HASI, KAS, … ta gaur egun zuzendaritza ezkutu eta odoltsu bat)
-“errikoi batasuna” edo «alderdi eta klase sozial anitzez osatutako kartel elektorala eta ezker nukleoaz kanpoko joera politikoekin joku egiteko eremua» (HB bere garaitetan; ta ez dakit egunotan nor izango den paper ori betetzen duena, ezta antolaturik dagoenik edo antolatzen saiatzen ari diren, edo antolaketa difusoa duen zerbait den «inguru edo entorno» orretan mugitzen diren ainbat «mugimendu sozialez» osaturikoa)
Baña Nafarroari begira, zuk aipatu duzun «iru erpin berezietako triangelua» ageri agerian agertzen zaigu
– erakunde armatua ETA dugu, ez baitu desagertzeko iñolako borondaderik. Guztiz kontrakoa ETAk jarraitzen du eta jarraituko du bere indar armatua sentiarazten gizartearengan.
– alderdi politiko komunista zuzendaria nortzuk osatzen duten ezkutatuta baldin badago ere, egon ba dago, eta baliteke ANV bere «ageriko itxura» edo «txontxongillo» izatea.
– ¿Non dago ba irugarren erpina? ¿Leen aipatutako «antolaketa difusoa duen zerbait inguru edo entorno orretan mugitzen diren ainbat mugimendu sozialez osaturiko zerbait» al da? ¿Ala beste zerbait antolatuagoa eta eremu politikoan aritzekoa baliogarria dena?
Ene uste apalean, Nafarroan, irugarren erpin ori Na-baik betetzen du (eta EEAn EH-baik beteko lukeela)
¿Zergatik diot ori? Beitu zeinen ongi Na-Baik betetzen dituen «erriko batasuna»ren papera eta eginbearrak:
Ez al da, ba, Na-baik «alderdi eta klase sozial anitzez ostatutako kartel elektorala eta ezker nukleoaz kanpoko joera politikoekin joku egiteko eremua»‘
Ez al da, ba, Na-baik «nafar euskaltzale ezberdinen arteko batasun istorikoa”?
Ez al da, ba, Na-baik «maila sozial desberdinak eta alderdi politiko desberdinak batasun politiko batean mamitu bearreko ondorioa»?
Galdera auen erantzuna baietz izateak ez du, berez, esan nai Na-baik «irugarren erpin» izan bear duela. Beste zerbait aztertu bearko dugu au ziurtatzeko.
Aztertu bear duguna zera da: ze jarrerak, ze erabakiak, ze portaera duen Na-baik bere eginkizun politikoan. Eta azterketa onen ondorioz ikusi bearko dugu ze norabidea jarraitzen duen Na-baik, noruntz doa, zer bilatzen duen, … Baita nortzuk osatzen duten Na-bairen zuzendaritza, zein «pisua» duen bakoitzak, eta azkenean, nortzuk erabakitzen duten.
Et ez dugu aaztu bear ze asmoekin, ze elburuekin bultzatu eta sortu zuten batzuk Na-bai. Zer nai zuten onekin lortu: «Ezker abertzalea berpiztea» -Aralarren hitzetan- «eta orretarako Nafarroan abertzale guztien batasuna bearrezkoa da».
Begibistakoak dira azken urteotan ETA eta bere «ingurua»ri buruzko gaietan Na-baik artu dituen jarrerak zenbait udaletxetan.
Beste gauza da, zuk ere esan duzu bezala, «iritar arruntari ez zitzaion hori guztia esplikatu», «eta asko eta askok pentsatu zuten politika egiteko modu freskoagoa eta herrikoiagoa irudikatzen duela» Na-baik, eta «auzo eta errietan mugitzen ari zen kultur eta sozial arazoetaz kezkaturiko oinarriko jendea, euskal kulturaren militanteak eta abar bildu ziren aukera onen arrimura».
Baliteke ere, 1979.tik aurrera HBen gertatutakoa Na-bain ere gertatzea. Eta uste baino laisterrago asiko da gertatzen.
Mandura laguna:
NaBai-k formalki hainbat berezitasun betetzen ditu «herrikoi batasuna» osatzeko, kondizio printzipala kenduta: MLNVren zuzendaritza ezkutuaren menpe egotearena. Kondizio hori partzialki betetzen da, Aralar NaBai-ko partaidea denez gero. Baina hau ere erlatibizaturik gelditzen da NaBai-k alternatiba politiko berezia duelako eta gainera gogorkeriarekiko postura zurruna. Egia da hainbat udaletxeetan NaBai ezker erradikalaren jokura makurtu egin dela ANVri zinegotziak emanez eta abar. Baina hauek politika nagusi baten ñabarrak dira. Abertzaletasunak bere kontraesanak gainditu beharko ditu ezker erradikaletik datozen mehatxu eta lillura-hotsei muzin egiteko.
NaBairen kasua konsideratu daiteke ere «herrikoi batasuna»ren antiparadigma bezala, egia baita diozuna, hau da, garai batean ezker erradikaletik gertu ibilitako euskaltzale eta kultur-maitale asko NaBai-en aurkitu duela etxe berria. Eta ere egia da Aralar-ek «ezker abertzalea» berpiztea duela helburu eta horretarako beraiek diote «Nafarroan abertzale guztien batasuna beharrezkoa» dela.
Baina «ezker abertzalea» berpiztu baino, ehortzi egin du NaBai-k, MLNV ordezkaritza formalki abertzalearen katakunbetara eramanez bere botoen ehuneko bostarekin. Eta sortu du erreferente politiko berri bat, Uxue Barkos, ezker-iraultzailearekin zeikusirik ez duena, eta NaBairen ingurura jende asko bildu da, bertako alderdi politikoen hesien gainetik artikulazio politiko berria sortuz, non eta Aralarrek ez duen esku-sartzerik. Bestalde, Aralar berak agian garatu dezake nortasun politiko berezia, Batasuna-ANVtik datozkion hostikeriak, mehatxuak eta erasoak direla medio.
Eta ostera ditugu ezker erradikalak botatako iritziak. GARA irakurri besterik ez dago ikusteko zenbaterainoko beldur latza sortu duen NaBai-ko ereduak MLNVkoen artean. Edota nola ETAk sistematikoki lerratzen duen NaBai, PSOE eta PNVkin. Itziar Aizpurua berak esan zuen Durango-ko HBren urteurreneko ekitaldian, bi bide direla, lehena beraien bidea eta bigarrena «PSOEk gidatutako eta PNVk eta NaBai-k jarraitutako» bidea.
Kontuan izan behar da orain dela gutxi Nafar gobernua ia osatu zela PSOE eta NaBai-ren artean. Horrelako batasun batek hondamena besterik ez dakarkio MLNVri. Eta horrengatik ziren ETAkoak hain prest Nafarroan ekiteko hori gertatu izan balitza.
Dena dela, hirugarren erpina badago, Nazio Eztabaidagunea-k irudikatzen du, Batasunak EA eta beste hainbatzuk engainatzeko sortu duen erakundea. Eta «herrikoi batasun» bat suposatu dezakeen eremu difuso hori badago, baina bertan ezkerreko zenbait elementu eta ekologistak ikusten ditut bereziki, eta ez NaBai.
Ez dut esango Aralar-ek NaBai edozein momentutan dinamitatu ez dezakeenik, baina oraingoz NaBai-k erakutsitako bidea oso txarra da MLNVrentzat. Etorkizuneko bidearen adierazgarri izan baidaiteke, hau da, euskal arazoa gogorkeriaren nahasturetatik aldendu eta autonomia propioa bilatu duenaren bidea.
Zure gogoeta benetan eragingarria izan da eta estimatzen dut horrengatik. Agur bero bat.
Dena dela Nafarroa Bairen papera ere eztabaidagarria da. Leku euskaltzale askotan Nafarroa Bairen botuek behera egin dute, eta aldiz Nafarroa Baik goruntz egin du erribera aldean. Abertzaletasun demokratikoak eta Aralarrek osatutako Nafarroa Bai ez da jende abertzale askoren gustoko, EAEn koalizio handia egitea gustoko ez duten bezala. Badakit Nafarroan abertzaletasunaren eta euskararen egoera guztiz ezberdina dela eta horrek indar metatzeak bultza ditzakeela baina Nafarroa Bairen etorkizuna ez dut oso emankorra izango dela ikusten.
Nafarroa Bairen ustezko «progresismo» hori ez da nafar abertzale edo euskaltzale askoren gustoko. Nire ustez, Nafarroa Baik abertzaletasunaren alde bat betetzen du baina nik uste Nafarroan zentro edo eskuin-erdiko alderdi nafarzale eta euskaltzale (agian abertzale ere ez dena) bat ez litzateke txarra izango batez ere UPNri min egiteko. NaBai PSOEri, Batasunari eta IUri kendu diezazkioke botuak baina ez dut uste UPN kezkaturik dagoenik.