Iban Ugarte, Donosti Zaharreko EAko afiliatua
Hauteskunde ondorengo ardura garaian murgilduta gauden honetan beharrezko suertatzen dira benetako hausnarketa ahalbidetzen dituzten foroak. Batzuk jarraituko dute –jarraitzen dute- zeruari begira, arrazoiak ezin ikusi, beste batzuk benetako arrazoiak lurrean daudela konturatu diren bitartean. Aldiz, ez gaitezen konfunditu. Lurrean egoteak ez du esan nahi topatzen errazak izango zaizkigunik. Eta ziurrenik, topatzen zailtasun handiak aurkituko ditugunez, hainbaten iritzi ezberdinak entzuteak kalterik egingo ez digula uste dut.
Horregatik, gure alderdiko –EAko- Gipuzkoako Lurralde Batzordeak hausnarketa politikorako jardunaldi batzuk antolatzean, jasotako kolpearen arrazoiak lurrean daudela jabetzeaz gain, berauek topatzearen aldeko apostu irmoa egiten du.
Jakina, batzuei ez die grazia izpirik egingo. Jakina, batzuek ez dituzte beharrezkotzat joko. Jakina, batzuek kritika besterik ez dute egingo jardunaldiak antolatu izanagatik. Horiek, kritika egingo lukete jardunaldiak antolatu izan ez balira. Kritika eta kritika, baina autokritikarik bat ere ez.
Aldiz, beste batzuk garai berri honi ilusioz ekin behar diogula uste dugu. Beste batzuk jakinminaz hartzen ditugu jardunaldi hauek. Beste batzuk gauzak egiten ari garenaren harrotasunaz heltzen diogu bide honi eta oraindik egiteke asko dagoenaren umiltasunarekin ikusten dugu itsasertza.
Hausnarketa beharrezkoa dela esatean guztiok egongo gara ados. Baina hausnarketa zertarako? Hausnarketa hutsak balio al du zerbait irauli ahal izateko? Bada, ez. Hausnarketa horrek, derrigor izan behar du aldaketarako asmoa, hausnarketa horren fruitua aldaketaren beharra bada, batipat. Eta horrek ardura dakar. Errespontsabilitatea. Euskal Abertzaletasun Demokratikoak, sekula uko egin ez duen errespontsabilitate hori, hain zuzen ere.
Agian, jardunaldi hauekin ez dugu asko aurreratuko. Agian ez zaigu ezer berririk esango. Baina bidea egiten ari garela ezingo digu inorrek ukatu. Lurrera begira zeruari begira egon beharrean.
Bizi garen momentua kontutan harturik, honelako jardunaldi batzuk prestatzeak benetako ausardia eskatzen du. Honelako ausardia erakustaldiek aldiz, harro sentiarazten naute kolektibo horretako kide izateaz.
Garaiak ez dira gutxiagorako. Eusko Alkartasunaren etorkizuna benetan kolokan dakusat, abertzaletasuna orohar jasaten ari den krisialdiaren ondorioz. Beharrezkoa da, Iban Ugartek esan bezala, gogoeta sakona egitea. Eta gogoetak ekintzaren eragile izan behar du.
Noticias de Gipuzkoak dioenez,
http://www.noticiasdegipuzkoa.com/ediciones/2008/04/18/politica/euskadi/d18eus23.999197.php
sei ponentzia izango dira. Hizlariak Gurutz Jauregui, Javier Elzo, Paco Garmendia, Martin Auzmendi, Aingeru Epalza y Mikel Aizpuru izango dira. Ez da plantel makala. Ea guk EAJ noiz antolatzen dugun halakorik.
Zorionak eta ea ideia berriak ateratzen diren ekintza hauen ondoren.