Ion Gaztañaga
Azkenaldi honetan nahastuta daude bazter ekonomikoak higiezinen krisia dela eta. Subprime maileguak hemendik, eraikuntzaren sektorearen estutasunak bestetik, burtsaren ezegonkortasuna edonon eta abar luze bat. Krisi ekonomikoaren ondorio politikoak ere argi asko ikusi ditugu Rajoy eta ZP-ren arteko leian. ¿Non ote dago 80 xentimoko kafe famatu hori eta Solbesen eskupeko eskuzabal hura?
Hori gutxi bagenuen, Iñigo Urkulluk, EBBko lehendakariak, Euskadin bizi dugun krisi berri baten berri eman digu: sozialisten berankortasuna. Bai, berankortasuna: morositatea, ordaintzeko alergia. Sozialistak diruz larri dabiltza eta handik edo hemendik ordaintzeko malgutasun zabala behar dute. Malguegia beharbada. Bagenekien ekonomia globalizatu honetan, ahuntzaren gaurdiko eztulak neumonia sortu zezakeela ustekabean txokorik urrunenean, baina ez nuen uste sozialisten poltsikoan hain eragin handia izan zezakeenik.
Urkulluren ustez Espainiako gobernuarekin darabilgun mailegu politika aldatu behar omen dugu. Zer dela eta? Krisi ekonomikoa dela eta, sozialistak 90 egunetarako letren eta fondorik gabeko txekeen zale izan dira legealdi honetan. Halere nik gai honekin déjà vu sentsazioa nabari dut, ondo egiaztatuta ditugulako arazotxo hauek sozialistekin edukitako hainbat hartu-emanetan. Azken finean, 90 egun jogurtaren iraungitze epea baina luzeago dela ikusita ez dirudi oso negozio ona denik epe hain luzeko ordainketa tresnak erabiltzea.
Kezkaturik nago sozialisten egoerak sortu litzakeen egoera ezerosoekin. Sozialistak kuadrillan erronda ordaintzeko arazoak ote dituzte? Lagun eta lan afari garestietara ez joateko aitzakiak asmatzen hasiko al dira, gero etxean arrautzopil bat afaltzeko? Beharbada botea poltsikoan gordetzeko prestuago bihurtuko dira, ezagun batzuk aitortu didatenez. Umorea galduko ez dutela seguru nago, eta asmo onenarekin hurrengo erronda ordaintzeko kriston intentzio dutela ere argi utziko digutela behin eta berriro.
Urkulluk Zetaperi «Foro de la Nueva economía»-k antolatutako gosari batean zuzendu dio abisua. Gosaria nork ordaindu duen ez dute argitu oraindik, baina ziur sozialista asko egongo zirela jelkidearen komentarioa ahoa bete hortz entzuten. Baina ez gaitezen hain kritikoak izan Zetape gaixoarekin, aurrezteko sozialisten joera hau betidanik ikusi baitugu eta Zetapek bere aurreko maisuen ohitura zaharrei errespetua handia zor die. Tradizio gizona da. Eta euskaldunok zerbait badaukagu, guztien tradizioarekiko begirunea da, ezta?
Baina berri onak ere badaude: Zetape ohartu da sozialisten diru-larritasunaz eta nik uste hori dela eta eskeini duela 400 eurotako zerga itzulera eta haur-txekea. Bestela telebistan iragarritako kreditu azkarreko marrazoen menpe ibiltzeko arriskuan omen zeuden Ferrazko iturginak. Urkulluk, beraz, estrategia aldatzera behartuta ikusi du bere burua sozialisten ahazmenduak ekiditeko, sentimentalkeria eta samurkeria alde batera utzi eta egungo euskal aurrezki kutxek zine beltzetik ikasitako estrategia berbera erabiltzeko: Aurpegi serioa, ahots sakona eta esaldi efektiboa. «Hau ez da pertsonala, negozioak besterik ez».
Ez dakit abalik eskatzea nahikoa izango den gure aspaldiko lagun sozialistekin. Katalan ugari utzi omen dituzte legealdi honetan poltsiko zimurrarekin, bai ezkerrean, bai eskuinean. Azken egunotan entzun dudanez, katalanek (eta badakigu katalanak diru kontuetan maisu direla) aukera bakarra aurretik kobratzea dela ondorioztatu dute. Eta nik uste euskaldunok ondorio berberera iritsiak garela.
Sosolistoak ez dira xurrak, lapurrak dira. Botereak aukera ematen die halakoak izateko. Baina, noski, lapurrak hobe eroak baino, hobe Zetaperen begirada irisatu-katatonikoa, Rajoyren ahojario pelipetsua baino.