Jose Manuel Bujanda
Euskal Herria Batera ekimenak Aberri Egunaren testuinguruan apirilak 11ean ikuskizun hunkigarria antolatu zuen Donostiako Kursaalen. Aberri Eguna bateratuaren ospakizuna. Ez jendetsuena, bai garrantzitsu eta sinbolikoa. Geure herri honek behar duena askoren ustez. Instituzioak, Udala eta Batzar Nagusiak, Legebiltzarra, Unibertsitateko oraingo eta izandako erretoreak, hainbat komunikabideen ordezkariak, kazetariak, eragile desberdinak, sindikatu abertzaleak, kultur ordezkariak, elkarteak, fundazioak, herrigintzan dihardutenak, hiritar anonimoak, baita diasporakoak ere, eta bi alderdi politiko abertzale ordezkaritza oso zabal batekin EAJ eta EH Bilduren eskutik hain zuzen. Soka dantza. Etxean sentitu nintzen. Hemen bada herri bat, askotariko ezberdintasunak dituena, bere nortasunarekiko eta bere etorkizunarekiko konpromisoa azaldu nahi duena, bagara eta izan nahi dugu. Azal diezaiogun munduari heldutasun eta gaitasun nahikoa dugula gure etorkizuna eraikitzeko eta erabakimen osoa geureganatzeko. Euskal Herriaren giharra osatzen duten esparru eta pertsonen arteko harremana elikatzea funtsezkoa dela gogoeta guztion ezpainetan. Batera ezberdinen artean. Batera lurraldeen artean. Batera herri gisa etorkizuneko erronkei aurre egiten, garena ospatuz, eta izan nahi duguna aldarrikatuz. Aberri Eguna denona da, euskal gizartearena da. Ospatzekoa. Nago egokia litzatekeela baldintzak sor daitezen ospakizuna zabaltzeko eta batera ospatzeko.
Norbanako asko baina taldea, taldekide sentitu nuen burua eta nortasuna. Nire abertzaletasunean pozik, alai eta soseguz. Bateratasunaren eta euskal aberri pluralaren aldeko aldarriek hartu zuten lekua, bagara, badugu zer egin. Triku Herria gara, asko egin dugu, eta asko dugu egiteke. Kantua, hitza eta dantza aldarrian. Aberria, maitasuna, trikua, mundua, lekua, mapa eta euskara. Kartografia. Hizkuntza eta mapa. Hizkuntza da lekua eta ardatza. Hizkuntza hegemonikoak. Hizkuntza ziutatea. Lekua. Hiria. Euskara aberria. Euskaraz harilkatzen den unibertsoa zaigu aberria. Nazioa. Burujabetza. Hizkuntzak ez dira naturalki desagertzen, armaz, pozoiz ala urkaturik hiltzen dira, dituzte. Jadanik 5.000 dira akabatutakoak, 5000 herri, 5000 mundu. Amaiur berria. Betiko Amaiur.
Nago Aberri Eguna ospatzea ezinbestekoa dela, nazio baten parte izatearen harrotasuna eta ospakizuna azaldu eta ospatuz. Gintza guztiak bat: hizkuntzagintza, herrigintza, kulturgintza, zubigintza. Zubiak eta trikuak. Aberria triku bat da. Trikua ibilian dabil, bidea egiten, baina ez daki bidea, bila dabil, jakin nahi du nondik norakoa. Euzkitze, Mireia. Nazio bat gara. Lorea, Manex. Oier eta Martxel. Idoia, Maialen eta Jon, Kattalin, Oihan eta Teresa, Maia, Julen eta beste Maia. Lourdes Iriondo, Sarrionandia, Dut, Berri txarrak, Gabriel Aresti eta Maialen Lujanbio e.a. Musikariak, kantariak, dantzariak, argiztatzaileak, soinu teknikariak. Txaloak. Aberria, nazioa. Bandera eta haizea. Trapua hatsik gabe. Atahualpa Yupanqui, Ximun, Ibai, Elinor, Mikel eta Garazi e.a. Eskerrik asko guztiei. Txalo beroak zuei, denei.
Araba, Bizkai, Baxenafarra, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Xiberoako seme-alabak, gazte-ez hain gazteak, emakume-gizonak, neska-mutilak. Euskal hiritarrak. Denak euskal. Aberria. Nazioa. Burujabetasuna. Zazpiak Bat. Askotarikoak abiapuntuz eta sentiberatasunez. Jende ugari, hemengo-haratagoa. Adiskideak, ezagunak, lagunak, agurrak, konplizitateak, keinuak, oroitzapenak, etxe bereko-bestekoak, ideologiak ideologia, alderdiak alderdi, ikuspuntuak ikuspuntu, motxilak motxila. Politikak politika. Egunorotasunak egunorotasun. Ezberdintasunak ezberdintasun. Saioak saio. Euskal nazioa munduan. Europan.
Burujabetza. Maitasuna lekua da, euskara lekua, munduan lekua, hizkuntza mapa da. Bagara nor eta badugu munduan lekua. Aberriak, herriak, lurralde honetan bizi diren, gurutzatzen diren, ukitzen edo errefusatzen diren gorputz sare batean hartzen dute arnas. Hemen gaude, dago, gure etxe bakarra. Herri eta gorputz hau gara. Euskara, eskuara, euskerie, üska, iraultza neolitikotik honaino biziraun duen basa oihana da. Euskaraz bizitzea hautu kontzientea da eta sekula baino gehiago hala izango. Baina nola iraun eta indartu? Nola arraio egin zuten gure zaharrek? Hil arte bizi, odol eta malkoz iritsi da gureraino. Sena, auto-eraketa, sarea, kudeaketa. Ez dugu euskara salbatzeko borroka egiten, baizik eta euskarak salba gaitzan.
Bandera trapu bat da haizerik ez badabil. Gutariko bakoitza horren haize, ufada eta hatsa. Trapua ez. Bandera bai. Ikurrina. Gorria, zuria eta berdea. Indarra, energia. Guri dagokigu aberria, nazioa, gure osagaiez bete eta jostea. Nahi duguna izateko. Norbanako baina talde. Ongietorria zuri: euskaldun zahar eta berri, eskolagabe, alfabetatu, euskara orain jakin gabe baina horri lotzeko beharra duena, euskaldunak eta basko erresistenteak. Bertakoak, diasporakoak, atzerritik etorriak ala atzerriratuak, hemen eskolatuak, barnealde-kostaldeko, baserritar-kalekume, inongo etiketara mugatzen ez den maitale denen irudimen eta izerditik bizi garen euskararen herrian, den-denen zilegitasun, konfiantza eta eskumenetik bizi dugu euskararen herria. Herriaren euskara.
Nire aberria triku bat da, sagarroi, kirikino, kirikolatz, arantzak kanporantz itzuliak dituena. Sagarrak bizkarrean ezpatatuak. Sagarroi, aizkorak aldean. Trikuak badaki besarkatzen: autodefentsan bezainbat daki maite maite egiten. Badaki azala trikuarazten. Trikua, lagunak, adiskideak, bizilagunak, maitaleak, senideak, etsaiak, beste animali eta piztia guztiak. Trikuak gizatasunaren aldeko borroka arantza dauka. Ez zaio errepidea arrotz eta aspalditik ezagutzen ditu autoaren argiak. Lorea Agirre eta Manex Fuchs e.a. Trikuak begirada zabala du, baina marra gorriak ditu. Trikuak sustraiak ditu baina jabetzarik ez. Trikua litezkeen utopia guztien arragoa. Poeta, metaforak lanabes, herria eraikitzen. Gure lurra. Euskaldunak gara, Euskal Herriko seme-alabak, gora gora Euskal Herria, zein polita data. Basoa gara, zuhaitza, zura. Moldagarriak baina sendo. Haizea irakurtzen, sustraiak lurrean, desiraz, pozez eta ahalmenez, zozoen elean a,e,i, o,u berri bat sortzeko gai. Hainbeste senide dauzkagu ezin ditugula konta. Geu ere izan gara munduan iheslari, zorte bizigarri baten menturan errari eta bide beretik heldu zaizkigu milaka errefuxiatu, batzuentzat etorkin, besteentzat emigrante. Esna dadila piztia, dio poetak batek, eta trikua esnatu. Aberria esnatu. Nazioa esnatu. Bandera, haizea, ufada, hatsa. Ez, ez da trapua, haizea badabil eta. Gu.
Alabaina hegemoniak hegemonia du maite. Hegemoniak legez inposatu digu odolaren ala zoruaren eskubidea: nortasun agiri nazionala, baita berezko eskubide zibil-soziala, leinua ala sorlekuaren arabera baldintzatu. Horra aberri euskaldunaren erronka: alde dezagun baldintza, aplika dezagun mintzairaren eskubidea. Ez al dakigu euskara dela euskaldun egiten gaituena? Herritartasuna izan dezala euskararen patuaz ardura duen orok.Herri eta gorputz zauritu hau gara, eta aldiro sendo. Herria Amaiur da, euskararen Amaiur. Asmatuko dugu mundu ireki-zabalean abertzale izaten. Globalizazioa, bizitza, bilakaera, aldaketa, arreta, begirada. Entzumena zorroztu. Errealitate berriak, aurrez-aurre begiratu. Eltzun-ikusi. Mundua. Burujabetza. Nazioa. Ez gaitu izutzen erronkak, hoberenak emateko prest. Zalantzarik ez. Abertzaletasunaren eskutik erakundetu dugu Herria alor-esparrutan. Nago, zubigintzan, talde gisa, jardunean eta politikaren zentzurik onenean, sozial behar orotan bizkor-trebe arituko garela nazioa altxa-eraikitzen. Esku denak beharrezkoak, gureak eta besteenak. Nago ulertzen zaidala. Eraikitzen jarraituko dugu nazioa. Euskaldungoa eraiki. Euskara eta euskal kultura, eta bere transmisioa. Ez gara orain jaioak. Euskal nazio justu eta solidarioa dugu helburu-konpromisoa.
Zazpiak eta euskararen lurrak bat. Euskadi, Euskal Herria beraz, helburu politikoa. Askatasuna jomuga eta burujabetza irrika. Ez gara perfektuak, baina saiatuak. Beti hobetze lanetan. Elkarrekin bat ekinaz, zubigintzan. Nazioa eta Taldea. Inor baztertu gabe. Herri ekimen plurala. Herri saiakera. Besoak zabalik, eskuak luzatuz oro-denoi. Guztien begitara so. Gora zubiak. Zinez pozgarria estatu mailako alderdiak ere bidelagun balira, bagenitu, eta naturaltasunez ikusi eta onartuko nazio hau ez doala ezer-inoren aurka, sentimendu, irrika eta borondate guztiak zilegi baitira. Katea ez da eten, jaioko dira kimu berriak. Bedi ba. Aberria trikuarazten.
2025ko maiatzaren 22a, osteguna
19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
Sabino Arana Fundazioa
Sabino Arana Fundazioak antolatu duen “Aurrera doan Herria. EAJ-PNV-REN 130. urteurrena” izeneko hitzaldi-zikloaren barruan, maiatzaren 22an, ostegunarekin, arratsaldeko 7etatik aurrera, Fundazioaren egoitzan, UPV-EHUko Historia Garaikideko katedradun Mikel Aizpuruk jardungo du ondoko gaiaren inguruan: «Euskal abertzaletasuna Bigarren Errepublikan: alderdiak, egiturak, mugimenduak». Zikloaren bigarren hitzaldia da. Lehenengoan, «Euskal abertzaletasunaren sorrera» aletu zen.
Mikel Aizpuruk azaldu duenez, «Espainiako Bigarren Errepublika aldi laburra eta bizia izan zen. Europako herrialde gehienetan gertatu bezala, aldatzeko proposamen ugari egin ziren politika-, ekonomia-, gizarte- edo kultura-esparruetan. Euskadin ere antzera gertatu zen».
Aizpururen arabera, «euskal abertzaletasunak urrezko garaitzat ditu urte haiek, nahiz eta Gerra Zibilak amaiera eman zion sasoiari. Autonomiaren aldeko borrokak, euskal kultura biziberritzeko ahaleginak, mugimendua antolatzeko aukeratu ziren ereduek eta gizarte-arazoei berezko erantzuna emateko saiakerek, aurrenekoz, lehen indar politiko bihurtu zuten euskal abertzaletasuna Euskadin. Bilakaera horrek, ordea, mugimenduaren aniztasuna agerian jarri zuen eta barruko tirabirak ugaritu egin ziren, batez ere, 1935etik aurrera».
Mikel Aizpuru Historia Garaikideko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Honako ikerketa-ildo hauek jorratzen ditu: erbestea eta herritartasuna, Gerra Zibila, nazionalismoak eta euskal historiografia garaikidea.
Era berean, hainbat ikerlan burutu eta liburuak idatzi ditu, besteak beste, Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila, Félix Luengo katedradunarekin batera.
Idatzi interesgarria :
«Harrera herria»
«Nago, eremu politikoan, denbora are luzeagoa ematen dugula polemika antzuak pizten, elikatzen eta denboran irauten, datorrena aurreikusten eta datorrenari ganoraz erantzuten baino. Sasi-leloen altzoan, onkeria eta arinkeria nabari dira, bai eta oportunismoa ere, protagonismoa, ez besterik, bilatzen duten ba-tzuen aldetik eta, halako polemikak era artifizialean puzten dira, hurrengoak aurrekoa ezabatu bitartean. Burutapen hori datorkit lehendakariak egin dituen adierazpenak aintzat hartuta, horrek eragin duen erreakzio-soka irakurri ondoren. Gure herria harrera-herria izan, izaten ari eta izango da etorkizunean. Beste kontu bat da gertakari hori nola kudeatuko dugun, datorrenari edozelan erantzuten segituko dugun ala era ordenatu, arautu eta seguruan kudeatuko dugun.
Euskadiko herri-erakundeek bideratu dituzten harrera politikek ez daukate zer ikusirik eskuineko alderdiek barreiatzen dituzten mezuekin, migratzaileak delinkuentziarekin, zerbitzu publikoak zama-tzearekin edota dirulaguntzen erabilera okerrarekin lotzeko asmoz egiten direnak, hau da, migratzaileak kriminalizatu asmoz egiten direnak. Hala berean, Euskadiko erakunde publikoen aldarriek ez daukate zer ikusirik Espainiako Gobernuaren inprobisazioarekin eta eskuarteko erronka hau kudeatzeko darabilen erarekin, ikuspegi faltarekin. Horren barruan dela, Gasteizen ireki nahi duen makrozentroa, migratzaileak pilatzea ez besterik helburu duena eta gure herri-erakundeen politikekin bat ez datorrena.
Gaur eta hemen politika integrala hezurmamitzea ezinbestekoa da eta, horretarako, herri erakundeei aitorturiko eskumen murritzak zabaltzea eta are baliabide gehiago bideratzea ere garrantzi handiko kontua da, hil ala bizikoa. Horrek, besteak beste, errealitatera egokitutako politika propioak indartzeko, hobeto asmatzeko aukerak eskainiko dituelako. Espainiako Gobernuak, bere ordezkariek zein aldezleek etengabe iskin egiten diote kontu horri, baina horixe da autu honetan funtsezkoa dena.
Eskuartean dauzkagun aurreikuspenen arabera, datozen hamarkadetan, miloi erdi inguru lagun hurreratzea litekeen kontua da. Lehenago ere izan ditugu tamaina horretako olatuak… Orain, ordea, ondo kudeatzeko aukera daukagu, datozenei zerbitzuak eskainiz, integratzeko eta bizi-proiektua gara dezaten, lan egiteko aukera izan dezaten, prestakuntza emanez eta abar. Inguruabar horretan, badira migratzaileen eskubideak besterik gabe azpimarratzen dituztenak, nago, gizartean, denok dauzkagula eskubideak… Bai eta betebeharrak ere, gure komunitate-izaera indartzen dituztenak, elkarren ondoan hazten laguntzen digutenak. Bi-biak behar ditugu aldeztu eta azpimarratu, gizartea ilbantzen eta egitura-tzen saiatuko bagara. Bestela, ondorioak lazgarriak izan daitezke.»
Erramun Osa.