Igor Zulueta
Legeak herria babestu beharko luke, bere ohiturak jaso eta legeztatu beharko lituzke. Euskal usadioa horrelakoa izan da: legea ohitura zen, ohikoa zena, urteen poderioz eta ekintzaren eraginkortasunaren bitartez frogatu eta onartu egiten zena. Gure herriak iraun du gure legeak desagerraraziak izan nahi ziren arren botere zapaltzailearen aurrean bere ohitura eta bere lege-filosofia mantendu duelako etxean, kalean eta auzoan.
Gertatu liteke lege edo erakundeak batetik eta herriak bestetik joatea. Hori da gertatu dena Alardearen arazoarekin. Feminismoz mozorrotutako ezker-muturreko populismo batek, kanpoko korronte homogeneizatzaileek bultzatua, bere toki pribilejiatua egokitu du diskurtso publikoan. Irakaskuntzan, administraritzan, legean, eraginkortasuna bilatzen du diskurtso horrek. Gramsci teoriko marxistak “hegemonia” deitzen dio bilaketa horri. Zer da hegemonia azken finean? Eztabaidatu ezin daitekeen iritzia gizarteari inposatzea.
Alardearen festa arazo bilakatu da hemengo ezker-muturreko populismo bati interesatzen zaiolako gatazka hori eragitea. Ezker abertzalea izan da horren eragile eta sustatzaile. Ezker abertzalearen borroka honek korronte internazional batek sustatzen du. Horregatik bat egiten du bete betean ezker-muturreko espainolitatearekin. Hondarribia eta Irunen iritzi bat inposatu nahi du, bere “hegemonia”, herri borondatearen kontra. Horretarako genero ala lege aitzakia erabili behar bada, hala bedi.
Xabier Isasiren artikuluak, Kepa Sagastik erakutsi bezala, ez du egia esaten eta erdi-egietaz baliatzen da. Alarde Fundazioak festa bere erara egin ahal izan du eta ez du inork engainatu. Nola engainatu erakundeak, ertzaintza, goardia zibila eta beste, urtez urte kalera milaka jendeen desfilea deliberatu eta gero? Esan dezadan ere: Alarde Fundazioa herritar gehiengo baten guardasola besterik ez da. Festa bere erara ospatu nahi duen herritarren guardasola. Bere diruz, bere ahaleginez, laguntza publikorik gabe, herritarrek usadioari dioten maitasunez elikatu da Alarde Fundazioa.
Isasik “konponbidea” nahi du, dena konponduta dagoenean. Jaizkibel konpainiak desfilatu egiten du eta Usadiozko Alardeko konpainiek beste aldetik berdina egiten dute. Beraz konpainia guztien “legitimitatea” praktikan onartuta dago. Baina hau ez da Isasik eta ezker-muturreko populistek nahi duten konponbidea. Beraiek ez dute festa bere erara ospatu nahi, benetan nahi dutena zera da, besteek bere moldeetara egokitu daitezela, beren borondatea kontrakoa izan arren.
Isasiren konponbidea bere iritzia besteei inposatzea da, liskarra eraginez. Hori horrela dadin dei bat luzatzen dio Hondarribiako udaletxe ordezkapen berriari, “konponbidea” sustatu dezala. Horrek zer esan nahi du? Udaletxeko ordezkaritza Alarde Fundazioan bildutako herritarrak behartu beharko lituzkeela Jaizkibel Konpainiarekin batera desfilatzea. Herri ordezkariak herritarren kontra jarri nahiko lituzke horrela.
Nire ustez Alarde Fundazioak irakaspen handi bat eman dio Euskal Herriari: bere ohitura eta ohitura-borondateari heldu dio kanpotik datozkigun korronte politiko despertsonalizatuei aurre eginez. Ordezkaritza politikoak korronte horiei men egitean, eta hor dugu genero ideologia giza harremanak ideologiaz kutsatuz eta legea ideologiara makurtuz, Alarde Fundazioko herritarrek auto-eratu dira eta ohiturari segida eman diote. Orain Isasik legea eta herri-ordezkapena ditu aitzaki herritarrei bere iritzia inposatzeko.
Urte luzeetako borroka izan da gureari eusteko. Ez dut uste egun ere oraingo inposatzaile berriek gure ohituren lege zaharra zapuztuko dutenik. Dena den, argi ibili gaitezen, defenda dezagun herri usadioa eta ekimena bere etsaien aurrean.
«Gure herriak iraun du gure legeak desagerraraziak izan nahi ziren arren botere zapaltzailearen aurrean bere ohitura eta bere lege-filosofia mantendu duelako etxean, kalean eta auzoan.»
Horra hor burujabe jokatzearen adibidea.
Zorionak! Ezinbesteko hausnarketa, sakona, zehatza, argia eta egiazko hitzak esaten dituena.
Inposatzaile berriei aurre egin behar diegu, beste askoren begietara oker baldin bagaude ere. Politikoki zuzena den iritzia pozoina bezala sartu digute medioetatik, kutsatu gaituzte gure pentsakera manipulatu arte. Eta horri aurre egin behar diogu! Hegemonia inposatuari aurre egin!
Zuluetak dionari eutsi behar diogu!
Mila esker.