Jose Manuel Bujanda Arizmendi
Gaur egunean pil-pilean dagoen zerbait da Amnistia Legea. Katalunia. Procées. 155 artikulua. Politikaren frakasoa eta porrota, politikaren judizializazio makurra, antzu eta probokatzailea. Elkarrizketa itotzea bortxaren eskutik (“a por ellos” beldurgarria hainbat aho eta bihotzetan). Preso, ihesle eta atxilotuak, “justiziarekin” kezkatuak eta “justizia” horren mehatxupean milaka hiritar. Atzera so egiten dut. Garbi dut errudun politikoak zein siglak dituen, nork, zeinek eta zergatik lokaztu zuen Kataluniako giro politikoa: PP da, Alderdi Popularra, harrokeriaz soberan, politikaz trauskil, arlote, fardel, dorpe eta kamutsa. Beraiek izan ziren Kataluniako herri borondatearen kontra egin zutenak, Legebiltzarraren aurka ere (bere % 90ren kontra), baita erreferemdunaren emaitzen aurka. Baietzaren aurka. Hasiera hasieratik izan ziren, PPkoak, Kataluniako Estatutuaren berriztatzailearen prozeduraren aurka. Aurka aritu ziren, Kataluniaren nahien aurka. Kontra. Gaur egun arte. Gogoratzea komenigarria da batzuetan, ia beti.
Begiratzen dut atzera bai, Amnistia Legea nire bizitzak izan duen erabakietan erabakigarrienetakoa izan zen eta. Atzera so egiten dut ez nostalgiaz, edo bai, ez dakit, baina bereziki, hori bai, irmotasunez osaturiko begirada gardenaz. Euri asko. Malko gehiago. Garai politiko zailak ziren haiek, 1977 inguruko urtean ziren, oso zailak, baita katramilatsuak ere guztiz. Zalantzak eta beldurrak azalean. Baita garai itxaropentsuak ere, irrikan garai berriak. Francisco Franko hiltzaile kolpista odol-isurzalea bi urte eskas hila zela, preso politiko ugari kartzeletan, ugari. Kartzelak demokrataz eta euskal abertzaleez borbor. Diktadura, frankismoa eta berari zuzenean zegokion amets gaizto malapartatua amets huts txar bat izateko une erabakigarriak. Trantsizio politiko garaiak. Estatisten garaiak. Politiko osatuen garai. “Kuajoa” eta gihar mardula guztiz duten horietakoa. Horien artean garai haietan EAJko presidentea zen Xabier Arzalluz. 1977ko urriaren 15ean, oraintsu dela 46 urte luze. 46 urte bai. Ia ia mende erdia alajaina. Espainiako Kongresuan eztabaida sutsua Amnistiaren inguru eztabaida hain zuzen. Hitzaldi bikaina, guztiz bikaina Xabier Arzalluzena hain zuzen. Entzun nahi duenak entzun beza, eta ulertu nahi duenak, ulertu dezakeenak, uler beza. bezate. Ni neu garai haietan kartzela nengoen, ninduten, espetxeratua Madrileko Carabancheleko kartzela zaharrean, alajaina, preso, eta sententziaren arabera urte askotarako gainera. Amnistia legea izan zen preso politiko euskaldun, eta ez euskaldun, asko eta askoren. Derrigorrezko neurria izan zen garai politiko berriei ateak eta leihoak , leihoak eta atek ireki ahal izateko. Derrigorrezko Legea. Ezinbesteko erabaki zuhurra. Bai. Aurrera begiratu beharra zegoen. Aurrera. Atzekoa atzean utziz, atzeari bizkarra ematea zegokion.
Garai zail haietan, arriskuz eta itxaropenez osaturiko egun horietan non eta Madrileko Espainiako Gorteetan honelako hitz ausartak bota zituen, besteren artean, orduko EAJko EBBko presidentea zen Xabier Arzalluz guztiz karismatikoa. Guztiek onartzen dute historikoa izan zela esan zituenaren edukiak. Hitz sendoak eta zindoak. Hitz argi eta garbiak. Egi borobilak eta berdaderoak guztiak.
Hitz Mardulak, tenkorrak, finko gotor eta gordinak: «”Lehendakari jauna, diputatu jaun-andreok. Gu hauteskunde orokorretara joan ginen, baita gure herriko sektore batzuen iritziaren aurka ere, benetan uste baikenuen demokrazia ezartzeko aukera eskaintzen zutela. Gure hauteskunde-kanpaina osoan eta aurreko oposizio-urteetan, eta publikoki esan genuenez, Amnistia zen egoera demokratiko batera iristeko aldez aurreko ezinbesteko urratsa. Guretzat Amnistia ez da politikagintzari dagokion ekintza bat, egoera zail baten konponbideari dagokiona, non nolabait ebaki egin behar den gordiar korapilo bat. Ahanztura besterik ez da, gure legearen atarikoak zioen bezala, guztion amnistia denontzat, guztion ahanztura denontzat. Izan ere, gogoratu behar da, azken aldiz bada ere, hemen bildu garela eremu ezberdinetan militatu dugun pertsonak, elkar gorrotatu eta elkarren aurka borrokatu garenak. Eta hemiziklo honetan gertatzen dena, urte luzez kartzelan eta erbestean egon diren pertsonak sentitzen diren hemiziklo honetan, atzerri edo kartzela horiek eragin zituzten gobernu- eta gobernu-erantzukizunak partekatu dituzten beste batzuekin batera, gure gizartearen errealitatearen irudia da. Gizarte horren ordezkari eta bide bagara, gizarte horren eredu ere izan behar dugu, elkar ahaztuta. Une honetan ez du balio odolezko egitateak aipatzeak, zeren odolezko egitateak izan baitira bi aldeetan, baita boterearen aldetik ere, eta batzuk ongi tristeak, ongi azpikoak. Amnistia adiskidetzeko bidea da, baina baita sinesgarritasun demokratikorako eta jardunbideak aldatzeko bidea ere. Espainiako Estatuko herriak banan-banan eskatzen ari dira beren bizitza propiorako eskubidea, produkzio- eta partaidetza-egiturak aldatzea, ekoizpen horretan eta beren onuretan, eta pixkanaka bigarren eta hirugarren mailako herritarrak desagertzen joatea. Hau lan gogorra izango da, luzea, baina gure zeregina, funtsean, Amnistia osatzea da, hau eta beste gauza batzuk gizarte demokratiko bat sortzen joatea da “». Bikain Xabier!
Espainiako eskuina eta ultraeuskina, Espainiako patriotak omen, PP eta VOX, VOX eta PP, amorru bizian, beraiek omen dira zerutik jasotako eskubideaz agintean egon beharko luketenak, Espainia bat, handia eta librea omen. “Resistiré” abestia espainetan lotsagabeki. Espainia espainetan. Espainetan Espainia. Milaka eta milaka Bartzelonan (50.000 ote? edota gehiago…). Espainia salbu dago, ez da salmentan, inoiz ez. Santiago Abascal eta Alberto Núñez Feijóo jaun eta liderrak besteren artean, halaber, halaber bai eta noski, Cuca Gamarra eta Isabel Diaz Ayuso andereak beste askoren artean, benetako espainiarrak beraiek omen. Euskaditik talde polita hantxe, Laura Garrido, Raquel González, Iñaki Oyarzábal, Murial Larrea,Beatriz Fanjul eta Javier de Andrés jaun andreak. Benetako espainiarrak baita ere. Omen. Beraiek. Bene benetakoak, noski. Patriotak bai. Ahaztuta erabat José Maria Aznarrek esan, eta egin, zituenak bere garaitan ETAri buruz garai guztiz odoltsuetan. Batzelonan Espainiar banderak non nahi, baita pankartaren bat ere Felipe VIren oso aurka, konplizetzat salatua hain zuzen. Puigdemonten aurkako oihu bortitzak eta irudiak Hitlerren bibotetxoarekin ere, Pedro Sanchezen aurka lez. Gogoan daukat, gogoan, 1.977 urteko urriaren 15ean hartan ere garai hartako APk (PPen gurasoak hain zuzen) Amnistiaren Legearen aurka bozkatu zuela (”zaharra berri ernagarri”)….han esandakoak eta entzundakoak, eta gaur entzun eta esandakoak antzekoak, parekoak, berdinak (“zozoak beleari” bezalakoak). Espaina sakratua beti hausten ari. Beraien betikoa. Omen. Beti.
Nik neuk nire aldetik, pentsatu, sentitu esan eta aldarrikatzen dut harro, harrotasunez eta ez harrokeriaz euskalduntzat daukadala nire burua eta garuna, euskalduna soil soilik, abertzalea, Jeltzale eta Jelkidea beraz, EAJkoa beraz bai. Europa begi bistan, bere zailtasun eta korapilo guztiekin bai, baina Europa begi tartean; eta ez naiz, ez, ez bihotzez, ez garunez ezta sentimenduz ere Espainarra beraz; baina tristuraz eta errespetu osoz diot, bai tristuraz eta sentimenduz: gajoa Espainia horrelako harrokeriaz osatutako eskuin malapartatuarekin, zein zori txarra zurea Espainia!
Baina bakoitzari berea irakurle estimatua, eutsi diezaiogun idazlan honen izenburuari zuzenean: Xabier Arzalluz 1977ko urriaren 15hartan ondo aritu zen, bikain, igarle eta antzemaile. Eta igarle. Espero dut, desio dut, irrika daukat, laster batean, ahalik eta era bizkorrenean Espainiak duen bere lurraldeekiko arazo potzoloaren kutxa, orain arte erabat itxia hamar mila sarrailekin hain zuzen, irekitzen hastea, arduraz eta begirada luzeaz nik neuk ikustea, eta dastatzea demokratikoki. Euskadi nazioa. Nire aberria, bakarra. Laburbilduz irakurle estimatua: Amnistiari bai. Eta bai. Aurre egin diezaiogun aurrean ditugun erronkei. Ez gara jaio berriak. Lortuko dugu bai. Aurrera. Beti. Berriro diot: Bai Amnistia Legeari. Eta bai. Adiskide irakurlea: Bedi bada.