Jose Manuel Bujanda Arizmendi
Uztailak 23. Laster, ostera, beste hauteskundeak. Beti izan ohi dugu, ohiturak agintzen du, hauteskundeak historikoak direla. Zirt ala zart-ekoak direla. Zuria ala beltza. Bai ala ez. Etorkizuna ala iragana. Iraun ala ez. Baina egia diotsuet irakurle guztiz estimatuak, oraingo hauek, Uztaila 23koak izua eta kezka sortzen didate. Beldur politikoa daukat barneratua, eta ezin ihes egin amets txar horri. Ezina zait aurre ikustea Feijooren eta Abascalen, PP eta VOXen, eskuina eta eskuin muturraren, arteko osatutako gobernuak ze ondorio izan ditzakeen euskaldunontzat, ze ondorio izan ditzakeen Euskadirentzat, Euskal Herriarentzat, edota geure autogobernu edo burujabe izateko grina eta helburuarentzat. Kezka nagusi. Baina begirada luzea izan dezagun, so egin dezagun geure historiari, jarri ditzagun geure begia, eta gogoratu, geure hainbat gertakizun eta pasadizo. Ez ditugu errazak izan hainbat egoera politikoak. Aspalditik gatoz. Ez gara oraingoak. “Uztaila 23” asko ezagutu ditu Euskadik eta “Zazpiak Bat” bezala ezagutzen dugunok. Abertzaleak gara. Historiari buruzko hausnarketa labur bati ekin diezaiodan.
Hausnarketa bai: badaude denboraltasunaren markoak edota anekdota puntualarenak gainditzen dituzten gogoetak. Ez da lehen aldia horretaz hausnartu eta nire pertzepzioak zuri-beltzean jartzen ditudala. Badakit nire inpresio pertsonalak direla eta idazten dituenaren erlatibitate eta subjektibotasunaren menpe daudela. Baina uste dut aldian-aldian, edo noizean behin behintzat, ez dagoela batere gaizki beste hainbat gorabeheraren gainetik berriro komentatzea. Egunerokoak irensten gaitu normalean eta horiei jartzen diegun arretak batzuetan anekdota kategorizazio iheskorra bihurtzen du.
Gutxiengo nazionalen eta haiei dagozkien erabaki-eremuen gaia gatazkatsua da, beti izan da horrela, denboraren eta kontinenteen joan-etorria gainditzen duena hain zuzen. Indarraren arrazoiaren eta arrazoiaren indarraren, eta zilegitasunaren arteko auzia da. Frantziako Iraultza baino lehen, lurralde batean hainbat hizkuntza hitz egiten ziren eta hainbat ohitura juridiko pribatu elkarbizitzen ez zen «arriskutsuegitzat» jotzen. Kultura batek besteekiko prestigioagatik edo eskualde batek beste batengan zuen eraginagatik asimilazio juridikoa eta linguistikoa modu “naturalean” betetzen ziren. Asimilazio-prozesua nahiko ebolutiboa izan zen eta oso gutxitan erabiltzen zen indarkeria fisiko zuzena. Baina Frantziako Iraultzaren ostean, Estatuaren boterearen aurretik edo gainetik ez zegoen “herritarra” baino. Horrelaxe hasiera eman zitzaion nukleo zentraletik urrutira zeuden herri ezberdinen gainean indarkeria asimilazionistari. Bai, datu objektiboa da.
Baina Frantziako Iraultzaren printzipio uniformistek, edo hobeto esanda uniformizatzaileak, hainbat erreakzio eragin zituen, eta horien artean, besteak beste, “erromantizismoa” deritzona nabarmendu behar da. «Erromantizismoak», mugimendu gisa iragana behin betiko ezabatzeko planaren aurka egin zuen, benetan zegoen gizakiari zentzua, estiloa eta eraginkortasuna itzuli nahi izan zion, berreskuratu nahian edo. Erromantizismoari esker, Erdi Aroko kulturak berragertu ziren, bertako hizkuntzak, eta Berpizkundeak eta Iraultzak hildakotzat jotzen zituzten herri horien kulturak, aktibatuz. Eragin erromantikoaren eraginez ere, nazioaren ideia sortu zen -edo berpiztu zen- eta hortik nazio bakoitzari zegozkion eskubideen aldarrikapenari buruz hausnarketak hasi ziren. Injustizia historikoaren pertzepzioa eta sentimendua barneratu zen. Nortasuna zuten herri eta nazioen eskubideak errespetatzen ez zuen estatus soziopolitiko-ekonomikoa salagarri bilakatu zen hizkuntza-kultura esklusibo bat inposatzen zelarik.
Herri txiki bat gara, eta izaten jarraitu nahi dugun borondatearen eta nortasunaren defentsa aktibo historikoan, adimena, maltzurkeria, jakinduria, ituna eta negoziazioa behar izan ditugu. Europako herrien multzoan nortasun propioa duen Herria gara, ondare historiko, sozial eta kultural berezi baten gordailua, geografikoki, gaur egun, bi estatutan kokatutako hiru esparru juridiko-politiko ezberdinetan artikulatutako zazpi lurraldetan oinarritzen dena. Izaten jarraitzeko gogoa duen Herria hain zuzen. Irmoki sinesten dut gure aberria den Euskadik baduela bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea, orain dela 33 urte, 1990eko otsailaren 15ean hain zuzen Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoz onartutakoaren arabera, eta baita nazioartean aitortutako herrien autodeterminazio eskubidearen arabera ere besteak beste. Eta baita Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunaren arabera ere. Nazio bat gara. Erabakitzeko eskubidea duen Herria.
Eta gaur erabaki horrek akordio berri bat, etapa berri bat, jauzi kualitatiboa dakarkie Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari dagozkion eskumen juridiko-politiko-legegileen alorrean. Estatus juridiko-politiko berri bat, “Burujabetzara” hurbiltzen gaituena, agintari juridikoekin eta goi-esparru politikoekin negoziatu eta adostuko litzatekeena. Lehenik «hemen» atxikimendu askean akordio politiko indartsu eta zabal bat lortuz eta gero «han» akordioa lortuz. Erabakitzeko eskubidean, negoziatzeko dugun gaitasun adimentsuan, adosteko beharrean eta integratzeko abilezian sinesten dut. Eta jarrera hau klaudikazioaren eta sumisioaren aurkakoa da, argi eta garbi. Eta horregatik, gaur eta hemen, 2023ko Euskadi eta Europan, ezin dugu utzi nahasten errealitatea eta ideala dena. Ziur nago euskal gizartearen barneko ituna -zeharkakoa eta lehen bildutakoen gainetik- eta ondorengo Espainiarekiko ituna direla gaur egun burujabetzara hurbiltzeko bide politiko posibleak, Euskadi gero eta nazioagoa izan dadin. Gara. Eta izango. Ziur.
Aldebikotasun eraginkorrean, bermeetan, leialtasun-baldintzetan eta gure nortasunaren errespetua suposatzen duten negoziazioetan sinesten dut. Akordioa, lankidetza eta elkar aitortzea eskatzen duen itun batean sinesten dut. Baliteke, bada, ez gaituztela utziko eta ezinezkoa izango dela uste dutenak. Baina, nik nire aldetik pentsatzen dut, batere erraza izango ez den arren, lortuko dugula. Gure asaba zaharrek eta arbasoek izugarri zailagoa izan zuten luzaroan baina lortu zuten. “Asmoz eta Jakitez”, “Ekin eta Jarrai”, ideien irmotasun eta argitasun eta printzipioekin, oinak lurrean, txikiaren adimenarekin eta beharrezko abileziarekin lortuko dugulakoan nago. Euskadin dauden sentsibilitate desberdinak txertatu behar dituen adostasun printzipioa da aro berri bat ahalbidetzen duen gakoa. Gara eta izaten jarraitzen dugu. Kontraesanean jarri nahi nituzke bai 1839ko urriaren 25etik aurrera «Eusko eta Nafarroako Probintzien pribilegioak berresten direla Espainiako Monarkiaren Batasun Konstituzionalaren kalterik gabe» baieztatu zutenak, bai 1876ko uztailaren 21etik aurrera, data horretan Madrilgo Gorteek foruak deuseztatu zituztenak. Oker, oso kontsideratu zuten euskal auzia deritzona historiaren erruleta gurpilean agoniaz galduko zela bere arrabolaren azpian desagertu arte. Oker bai. Hainbaten tentaldia horixe izan arren geuk geureari, eutsiko diogu goiari.
Amaitzera noa hasi naizen erara. Laster beste hauteskundeak, bai, uztailak 23an hain zuzen. Zalaparta ugari sortu ditu Espainiako Gobernuko Presidenteak eta PSOEko idazkari Nagusiak Pedro Sanchez jaunak, data arraroa, zaila, udara, zubia, mahaien osaketak eta bidaiak, eta erreserbak eta kezkak. Eta politikoki erabaki eztabaidatsua, erabaki zuzena al okerra, ze irizpide multzoak bultzatu du erabaki hori hartzera? Ze emaitzak aterako dira 23 gauean? Ze ondorio izango ditu euskal politikagintzan? Autogobernua kaltetua izango al da? Zenbat? PP eta VOXek gobernua osatu balute ze ondorioak ezagutuko ditugu? Ze neurriraino ezagutuko dugu atzerapausoa geure bizitzako alor eta esparrutan? Edota PSOEk, eta beste hainbaten laguntzaz eutsiko al dio goiari eta gobernuari? Eta abar. Eta horregatik burura datorkit, horregatik gogoratu, ahanzturatik erreskatatu eta berreskuratu Muñagorri notario bakegilea eta paktista, eta bere “Bakea eta Foruak” leloa. Gertatutakoak gertatu, dena dela, beti, abertzaletasunean aurrera, ekinaz, jakitez, irmoki geure bidetik. Uztailak 23, hauteskundeak, bai. Euskadi.
Kezkak garunean, bihotzean eta azalean. U-23, eta halaz ere, izan eta jarrai. Bedi bada.