Jexux Artetxe
Euskal esaldi zaharra erabat desitxuratuz, askok esan ohi dute izenak sortzen duela izana. Horrekin, esan nahi dena da hizkuntzaren esparruan egiten denarekin eraikitzen eta aldatzen dela errealitatea. Gauzak irauli nahi dituzten horiek, esan beharrik ez dago, lengoaiaren eremu osoa (hizkera, idazkera,…) hartu izan dutela aurreneko borroka-toki bezala. Gu gazte ginela, euskal tradizioan sendotutako ‘buruaren jabe izan’ esamoldea herrigintzarako erabiltzen genuenean, orduko iraultzaileek zentzurik gabeko hitza zela erantzuten zuten, borroka bizkortzeko baliorik ez zuena. Burujabetza hitza zokoratuta zeukaten garai hartan. Matxinada-zale ez ginenokin identifikatzen zen, gainera.
Gatazka, lehen lehenik, hizkuntzaren baitan piztu behar zen orduan, eta hitzek aurkariarentzat gaindiezin litzatekeen mugarria argi markatu behar zuten. Baina, ez da egia izenak izana egiten duenik. Izena, izanaren itzala besterik ez da. Deitura jartzeagatik ere, hutsa dena ezin baita ezertan gauzatu.
Hala eta guztiz, indarberrituta omen dator berriro burujabetza. Lehen baztertuta eduki zutenen eskutik badator ere, guztiz poztekoa. Boladan jarri den hitza ote? Nonbait, orain denak behar du burujabea izan. Herria burujabea, elikadura burujabea, energia burujabea, merkataritza burujabea… Baina, horiek guztiek ez daukate bururik, beraz nekez jabetu edo arduratu daitezke beren buruaren gorabeherez. Edozein alorretan burujabetzaz jokatu ahal izateko ezinbestekoa baita bere buruaren jabe izateko gai den subjektu bakarra, gizakia, sail horietan burujabeki aritzea. Horregatik, euskal seneko tradiziotik begiratuta, ez dago herri burujaberik herritar burujaberik gabe.