José Manuel Bujanda Arizmendi

Errealitatean mitoa presente aurkitzen da alde orotan eta sartua dago, txertatua, osorik geure eguneroko bizitzan. Mito pertsonala ere agertzen da inkontziente kolektiboaren eremuan. Mito pertsonala presente egiten da guztiaren aurretik gain egite honetan: indibiduo guztiak eta bakoitzak pentsatu egiten du naturaz bera dela “munduko zilborra”. Eta hortik jaiotzen da indibiduo baten agintzeko nahia. Mito pertsonala Sokrates eta Goetheren gogoetan. Zer neurritan Sokrates  eramana gertatu zen bere mito pertsonalaren eraginez? “Niri bidalia izan zait Jainkoa, sekula nekatzen ez den eztenaren pare bata bestearen ondotik esna zaitezen, konbentzi zaituztedan eta errieta egin dizuedan”. “Misio” sentipen horrek bultzatu zuen Sokrates epaileei erronka egitera modurik latzenean. Sokrates izan zen lehena gizona kokatzen munduko irudiaren erdigunean. “Toki ezberdinetan aldiz Jainkoaren mintzo bezalako batek hitz egiten zidalarik. Holakoetan ahots horrek galarazten dit egiteko asmo dudana egitetik, baina sekula ez nau bultzatzen ezer egitera”.

Problema honi buruzko adiskidetasun handiagoa lortzeko, fenomeno honen ibilia Goetherengan jarraituko dugu orain. Goetheren baitan guztiz nabaria izan baita mito pertsonalaren existentzia. Berak esatera, bere burua ikusten baitu eramana bezala, kasi ez dioelarik uzten espontaneoki jardutea. “Ikusiezineko zerbaitek gidatzen nau, erakusten dit, nahi dudala ez dudala”.  Adibide horietatik nabarmen ikusten da mitoa dela etorkizunaren itxaropena bezala, fenomeno unibertsala eta batera…eternoa giza bizitzan. Platon mito kreatzaile handi bat izan zen besteak beste. Gaitasun harrigarria izan zuen mitoak sortzeko. Atlantida izan zen bere asmaketa, Atlantidaren mitoa Timeo eta Kritiasen arteko elkarrizketa famatuan agertzen delarik. Dena dela Platonek ez zuen noski pentsatzen haren ibilia hain luzea izango zenik, izan ere Platonek 550 urte Kristo aurretik agertu zen. Zientzia kontuaren jabea egin zen eta horrela ipuin filosofikoa historiako errealitate arkeologikoa bihurtu egin zen. Jaiotzez mito bat besterik ez zenak mundua aldatu egin zuen. Gaur egun arazoa ez da Atlantida inoiz izan ote den, baizik eta non izan den. Mitoak alde egin du bere oinarritik eta orain agertzen da zibilizazioaren iturriei buruzko hausnarketa handi baten gisan.

Jean Pierre Vernant jakintsu eta idazleak, bere aldetik, ondo irakatsi zuen, eta oso era egoki eta zuzenean gainera, nolatan mitoek ezagutarazten zuten garai hartako Greziako gizartearen egitura sakonena. Eta garbi adierazi zuen hain zuzen inoiz ez dela mitoak mitoa izateagatik iraun izan duela, baizik eta eraketa sozialaren oinarrietako bat zelako. Jean Pierre Vernanten obraren bihotzean aurkitu daitezke Greziako hiri garrantzitsuenak hala nola diren Atenas, baina baita Esparta edo Kreta-ko munduak ere. Esklaboak ere hortxe daude, bere lekua betetzen garaiko gizartean. Eta gainera jakintsu honek ondo irakurria zuen bereziki Atlantidari buruz bost mendeetan zehar idatzitako guztia, Platon bera, noski, besteak beste.

Mitoa zaharra da. Baina, zergatik behar ditugu mitoak? Zergatik bere beharra? Mitoari, bereziki bizi garen garai hauetan, errealitatearen kontra jartze zientifikoari dagokio eta ez da nahasi behar, beraz, zein den mitoaren tokia eta zein logosaren lekua kulturaren diseinuan. Bakoitzari berea. Logosa eginekin lotzen baita zuzenki, errealitatearekin, eta  guztiz egokia da horregatik ikerketak, zientziak eta fenomeno guztiak lantzeko. Mitoa, alderantziz, ez da arrazionala eta ez dagokio bere kontaeren frogaketa ematea, gizakien inkontziente sailekoa da erabat. Mitoa beti saiatu izan da bizitzaren misterio existentzialak argitzen eta erantzunak ematen jendeari oreka eta lasaitasuna eskaintzeko. Eta horrela izanik guztiz eraginkorra gertatu izan da antzinako zibilizazioetan bizi zen gizakientzat.

Ordukoek aparteko jakituria garatu zuten mitoen bitartez sakonki landuz kultura beraien bizimoduetan, mitoan aurkitu zuten mendez mende eta belaunaldi anitzez zegokien lurraldetan mardul eta sendo aritzeko…eta harro eta ziur iraun ahal izateko. Logosak muga larri eta estuak ditu, zeren askotan ez da gauza gizakiaren adimenari bururatzen zaizkion galderak erantzun ahal izateko. Freudek esan zuenez, ez gara osoki zentzudunak baizik eta subkontzientearen indar irrazionalen giza izaki mendeko soilak. Gure jakitea, gure irudikapen orokorrak mitoetatik datozkigu. Okerra sortzen da ordea mitoaren zentzu zuzena galtzen denean, edo beste modura esanda, mitoa bera hartzean denean (dugunean) egiazko historia bakarra bezala. Baina mitoa ez da inoiz ere errealitatearen argazki soil bat baizik, informazio sinbolikoa, transhistoria edo intrahistoria gisakoa. Eginak kontutan edukitzekoak dira amaieran, mitoak aurrez, sentimenduak sortzekoak bilakatzen dira.

Zer izango litzateke haur bat, edota baita munduko gizonik jakintsuena, bat batean bere arimatik desagertzen badira mito eragile guztiak?  Mitoa irudi fantastiko hori, barruko funtzio bat da eta hori gabe bizitza psikoa geldirik geratuko litzateke. Mitoa hormona psikikoa da. Herri bakoitza -dio Schelling filosofo erromantikoak- existitzen da herri bezala bakarrik bere mitologia erabaki eta finkatzen duen une berberetik, eta mitologia horren arabera moldatzen eta osatzen dira mantso eta geldo bere hizkuntza propioaren era, modu eta ezaugarriak. Herkulesen eta Ulisesen irudiak beti izango dira eskoletarako aproposak. Inoiz zimelduko eta ilunduko ez den distira txinpartsua darie irudi horiei. Agian, zenbait pedagogok arbuiatuko ditu mito hauek, eta irudion ordez ahaleginean saiatuko dira haurren gogoetan gauzen ideia zorrotzak ereiten. Agian. Baina eginak heziketa amaierako utzi behar dira. Hasteko mitoak. Eginek ez dituzte sentimenduak sorrarazten eta.

Mitoa fantasiako irudi noblea da, barruko jarduera baliotsua, bera gabe elbarri geratuko litzateke bizi psikoa. Mitoak, noski, ez du hornitzen errealitateaz jabetzeko trebetasun puntakorik. Baina horren faltaz sentimenduen korronteak suspertzen ditu, pultsu bitala indartzen du, bizi lehia bistan mantentzen eta baita sen biologikoen tentsioa tinkatzen ere.

Politika aldera pasatuz, esan beharra dago zenbait mitoen lana eta zeregina funtsezkoa dela mugimendu eta erreforma politikoetan. Mitoak eta pentsamendu mitikoak adierazpen sinbolikoaren fruituak dira eta sinboloek zeregin garrantzitsua jokatzen dute bizitza politikoan. Botere politikoaren oinarrian sartzen dira beste eragileen artean. Horra hor mito politikoak…zeinek eginkizun nabarmena jokatzen duten bizikidetasunean. Mitoak dira esperientzia sozialaren objetibazioak. Historian zehar heroi mitikoak edo mitifikatuak dira askotan behintzat hirien fundatzaileak: Teseo, Romulo, Remo, e.a. Bada ere fundazio politikoaren mitoa: Kontratu Soziala adibidez, mitoen mitoa hain zuzen. Mugimendu politikoen barruan ere eragileak dira mitoak: proletalgo komunistaren klase gabeko diktaduraren mitoa, aberatsen sozietate klase gabeko mitoa, krisi gabeko mitoa, burujabetza nazionalen mitoa e.a.

 

 

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *