Julen Gartzia
Ixaka Lopez Mendizabal jakintsu jeltzaleak, aspaldian egindako kondaira liburu xume batean, hauxe zioen (gutxi gorabehera): badira bi herri klase, batzuk beste herriak konkistatzeaz harro dira; beste batzuk, sekula konkistatuak ez izateaz. Argi dago parabola honen atzeko alegoria: tipologia honen bitartez bereizita ageri dira Espainia inperiala eta Asterix eta Obelix-en antzeko Euskal Herria.
Lopez Mendizabal historia militantea egiten ari zen, noski. Bereak ez du balio handirik errealitate historikoaren kontaera gisa, baina bai errealitate historiko baten adierazpen gisa. Besteak beste, esaterako, Gerra Zibila aurreko abertzaletasunaren kontzientzia eta pentsakeraren berri edukitzeko. Bere «mitoa» subjektu baten ideologiaren eredu baita.
Era berean, mitoak herri edo kolektiboen psikologia desberdinak azaltzen ditu eta horrexegatik ideologia desberdinak. Aipatutako Lehenengo ereduarekin jarraitzeagatik, Espainiaren mito konkistatzaile-inperialak Franco-ren diktadura izan du ondorio. Euskal Herri ez-konkistatu eta jatorriz buru jabea den herriaren mitoak, berriz, jeltzaleen kristau demokrazia eta gure artean ditugun foru-autonomi erakundeak. Historiaren ikuspuntutik, mitoak ez dira mespretxatu behar. Mito baten arrakasta gizarte baten psikologiaren isla baita eta horrek garai hartako gizartearen informazio garrantzitsua ematen digu.
Iban Zaldua euskal idazleak jarrera militantea du mitoaren kontra. Bere ustez, historialariak «mitoen kritikatzaile eta, are, beharrezkoa denean, suntsitzailea» izan beharko lirateke, «mito-ekoizpenean parte hartzeko edozein gonbidapen, are borondate onenarekin egindakoak, arbuiatuz». Alabaina, asmo ustez higieniko honek badu kontraesanik.
Historiaren modu sinbolikoak eta kontzentratuak mitoa du emaitza. Eugene Delacroix-en koadroan, Mariannek, emakume despetxugatuak, Errepublikaren banderari eusten dio eta Iraultza Frantsesa adelzten du era berean. Eskubian proletario bat du eta ezkerrean burges bat. Bere iraultzaren bi indar sozialen eredu dira horiek.
Zer dira ETAren anagrama, sugea eta aizkora bere baitan dituelarik, eta honi lotutako esaera: «Aizkoraren indarra, sugea bezain azkarra»? Maquiaveloren printze politikoaren gaurkotze bat, asmoarekin batera historia daramana bere baitan. “Bietan jarrai» bere lemak zera adierazi eta aldezten du, borroka politiko-militarraren ezkontza estrategikoa. Mitoa, ukatu baino gehiago, esplikatu behar da.
Historialariak dira eta izan baitira, gehienbat, mito historikoen eraikitzaileak. Historiagile profesionalek, batzuetan, mitoak sortu baitituzte, gerora herrira igaro direnak (hala nola, Tubalismoaren mitoa Euskal Herrian, Saxoi legearen mitoa, Inglaterran…). Beste batzuetan, historialariak akademian kokatuak izan dira mito historikoak profesionalki sustatu ditzaten. Edota uste dugu unibertsitatea eta akademia ez direla ideologia erreproduzitzeko bitartekoak?
Eta hala ere, Zalduak egia dio esatean historialariak «objektibotasunerako jitea izan behar» duela, «dokumentazioak ezartzen dizkion mugak onartuz, bere hipotesiekin bat ez datozen datuak aintzat hartuz». Hein honetan, Zalduak «egia» badela sinesten du. Alegia, gertuko eredu bat aukeratu arren, eta «egia» badela demostratu arren, Gernika ez zuten Asturiasko dinamiteroek suntsitu, baizik eta, Molaren agindu pean zegoen Condor Legioak. Garai bateko «egia» ofizialaren kontra, historiagile akademikoen funtzioa aurreko hori egiaztatzea da, egia ofizialak hedatu nahi zuen gezur asmoarekin aurka.
Zalduak inpresioa du Euskal Herrian «mito nazionalak sortzeko edo biziberritzeko ahalmen miresgarria» dagoela. Horrelako epaiak egin baino lehen, herri bakoitzean mito bakoitzak betetzen duen funtzioa kontatu eta esplikatu beharko genukeela iruditzen zait. Ez ote da gaur bertan Espainiako Inperioa eztabaidagai historialarien liburuetan? Roca Barearen lanak, eta beren hedapena, ez ditu Zalduak ezagutzen? Edota FAES fundazioak frankismoaren alde egin duen ahalegina? Eta Foronda Fundazio estatalaren itzala, Zalduak berak lan egiten duen Unibertsitate berean? Ez du Espainiako erregeak Bolibarren Ezpatari egindako desplantearen berririk?
Eta Frantziari begiratuko bagenio, zer da bada «laizismoa», zer da bada «errepublika»? Estatu baten jainkotze lotsagabearen itxurarik ez al du horrek guztiak? Frantziar estatuaren hizkuntza praktikari begiratuta, Iraultzaren mitoaren arauak (hizkuntza txikiak atzerakoiak direla!) zabaltzen ari dira orain ere. Eta bertan Napoleon erasotzaile absolutoa heroia da.
Mito bakoitzaren funtzioa bereiztea, beraz, ezinbestekoa zaigu hura juzgatzeko. Churchillek zibilizazio kristaua eta demokraziak eta Hitlerren arraza-nagusitasunaren mitoa elkarren aurkakotzat jo zituen. Jose Antonio Agirre Lehendakariak euskal demokrazia Francoren inperio zapaltzailearen kontrakotzat. Historialariak ez luke historiarekin polemikan sartu behar historiaren beraren datuak kontuan hartu gabe. Mitoak elkarren aurka borrokan ulertu behar baitira. Herriek ala kolektiboek beren izanari buruzko auto-irudi bat sortzen dutenean, mito bat eraikitzen ari dira. Eta irudi horiek psikologia, ekintza eta ikusmolde desberdinak jartzen dituzte agerian. Elementu horiek ematen diote mitoari edukia eta historiagileak kontuan hartu beharko ditu baldin eta historia nahi badu idatzi.
Ederra gero egindako zehaztapena.
Historiagileak askotan, postibismoak itsututa, positibismotik kanpo ere geratzen dira euren historia-zientifismoaren osinean itololarrian.
Ezinago ados artikulugileak dioskunarekin:
-Datuak datu, horien berri zehatz eta objektiboa ematean datza historiagile berriek iraganeko historiagileek egindako lanaren gainean gauzatu beharreko eginkizun nagusietariko bat.
-Mitoa, datuekikoaz askoz harago doan bezainbatean, beren izatasuna datuen objektibotasunaz oso bestelakoa den aldetik, oso bestela ere artatua izan zehar da: 1)Antzeman, zedarritua, eta zer-nolokatua izan behar da hasteko eta behin.
2)Haren atzealdean zeutzan ikusmolde, sentipen eta gizarte-ulerkerak argitara eman behar dira hurrena.
3)Azkenik horiek sortzen dituzten gizarte-gertakarien berri eman behar da.
Mito bat deskubritu eta, azkar eta korrika batean, berau amarru edota gezur gisa salatzea, historiagintza mailan, oso geruza inozoan (edota, kontrara, inozotik deus gutxi ez daukana) geratzea litzateke. Etapa horiek aspaldi gaindituak zeudelakoan nengoen, ez bada, justu kontrako motibazioak eraginda egina, alegia, objektibotasunaren izenean, bestelako mito batean sararazteko ahaleginaren ondorena.
Nago, dena den, gure Zaldua, bere eskubide osoz, beste mito batetik ari zaigula.
Libre eta aske horretarako! Ezin baina, guk bazter utzi, bere mito arrastoari jarraitzeko abagune paregabea.
https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2022-09-13/historia-zintzo-eta-kontrastatu-baten-alde.htm
Gremioko profesionalek erakundeei eskatzen diete zerbitzuko lanerako enplegatu ditzatela.