Azala / Portada » Intsumisioa?

Joxan Rekondo

1. Gaur egunean ezin da ezer aztertu edo komentatu krisi pandemikoa aipatu gabe. Ez da soilik garai hauek ezaugarritzeko kontuan hartzekoa den baldintza, baina gugandik apartekoa litzatekeena. Pandemia hori gure artean sartuta dago. Baita gure barruan ere. Birusarekin gaixotu direnak ederki ezagutzen dute egoera hori. Baina, oraindik birusak kutsatu gabe garenak ere ondoez klase eta gradu ezberdinekin bizitzen ari gara gure egunerokoa. Beraz, mehatxuaren larriak guztiongandik eman behar dugunaren neurri zehatza adierazten digu. Ezin izango gara libratu guztioi, bakoizka zein kolektiboki, legozkigukeen erantzukizunez jabetu (eta jokatu) gabe.

Udara erdian berpiztu den birus-aldiaren zanpatekoak, udaleheneko kolpearen aldean, gogogabetuta utzi gaitu. Lehen konfinamendu osoan zehar, distantzia fisikoa gorabehera, elkartasun-adierazpen ugari agertu ziren. Bizilagunen arteko erlazioak jarraitu egin zuten, auzo-harreman molde berrien bitartez. Bigarrenak ahulago harrapatu gaitu. Orain arte egindakoarekin ezin izan ezin dugu izurria gainetik kendu. Ziurgabetasun giro batean murgildu gara. Gizarte gisa konfiantza galtzen ari garenaren zantzu kezkagarriak ageri zaizkigu. Egoera horren aurreko erreakziorik gabe, gure buruari ameti ezin diogun ahuldade sozial batean amiltzera goazke.

2. Soluzioa administrazioaren esku baino ez dagoela uste dutenak, oker daude. Herritar arruntek inolako ardurarik ez dutela esaten dutenak ere bai. Oposizio politikoak erabiltzen duen argudiaketa da hau. Eta ondorio desegokiak ekar diezazkiguke. Alde batetik, gizartekide soil garenoi ezgai eta arduragabe izatearen orbana ezartzen zaigu. Bestetik, erantzukizun osoa zerbitzu publikoen eraginkortasunean neurrigabeki jartzen denean, ez litzateke harritzekoa hortik eratorritako presio sozialak gobernarien irudia ezezik langile publikoen ospea eta lana ere kaltetzea. Estrategia guztiz okerra, atarramentu onik sekula ekarriko ez duena. Dena administrazioaren esku balego, bizi ditugun nahasmena eta segurantziaren falta hari leporatzea besterik ez litzaiguke geratuko. Baina, hori ez da onargarria.

Kontuan hartu kultura modernoetan zentrala bihurtu den dilema larria, libertatea eta seguritatea kontrajartzen dituena. Hiritar modernoek libre izanik ere, nola besteenganako obligaziorik gabeak garela uste dugun, arriskuaren aurrean ezin diogu elkarri babesik eman. Bestela izango balitz, ez ginateke biziko hain zaurgarriak garenaren pertzepzio kezkagarriarekin.

3. Egoera pandemikoaren ‘ukatzaile’ direlako edo larrialdiaren aurrean erakundeen porrota ikusten dutelako, badira intsumisioa aldarrikatzen hasi direnak ere. Ezker abertzalearen komunikabideetan eman ohi zaie oihartzuna. Gaur, desobeditzea proposatzen duenak bere nahierara aritzea bilatzen du. Bere inguruko jendearekiko zordun ere badela ahaztuz. Jarrera bezala, etxekaltea dela esango genuke hizkuntza jatorrean. Hurkoen -senide, auzokide edota lankide direnen- osasuna arriskuan jartzea ekarri lezakeena.

Osasun publikoaren arduradun direnek asmatu ezinik badabiltza ere, amore eman gabe konponbide bila lanean segitzen dutela ikusten dugun bitartean herritarrik gehienak ez dugu erakundeekiko loturak hautsiko, eta arau legalak betetzeko prest agertuko gara. Ez noski zigorraren beldur garelako. Krisi garratzenetan, batez ere erakundeengana jotzen dugulako segurtasun bila.  Oraingoan ere, beste biderik ez dago. Osasun-agintarien zuzentarauei jaramonik egin gabe, segurua da ezin izango garela ziurgabetasun egoera honetatik atera.

Orain behar duguna ez da legeek arautuko dutenari men egite hutsa. Gauzak oinarritik egin behar direla esaten dugunak, gauza komunen inguruan kidetasunez jokatu behar dugula diogunak, elkarrekiko bizilaguntzaren baloreak sustatzearen aldeko garenak, ezin dugu gure erantzukizun propioa alde batera utzi.  Zalantza gabe, erresponsabilitate hau bakarrik norberaren inplikazioarekin gauza daiteke. Baina, ez da bakarrik ekite indibidualekoa. Bakoitzak bere esparru propioa zaintzera mugatzen bada, guztiona inolako babesik gabe gera baitaiteke. Jar dezagun orain bizi dugun krisia, osasun publikoa kinkan jarri duena. Daukagun ondasun komunik preziatuena dela inork ez du eztabaidan jartzen. Ba, guztiona den horren zaintzak ere inplikazio kolektiboa eskatzen digu giza-bakoitzari. Situazioaren arabera, bakarka zein elkarrekin kunplitzea dagokigun betekizuna da, intsumitzeko prest leudekeenak ere ukatu ezin dezaketena orbanik gabe.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *